Ta hemen nago hamabi ordu beranduago berriz ere ordenagailu aurrean. Zeinek aginduko zidan saltsa honetan sartzea, jakinik hemen idazten ditudanak ez zaizkiola inori interesatzen, edo kasik inori.
Gaur gure denboraren
erabileraz hitz egin nahiko nuke.
Abuztuak bederatzi ditu, ostirala da, oporretan gaude eta udako egun zoragarri horietako batekin esnatu gara. Jaiki, zerura begiratu eta buruari eragiten hasi naiz.
Lehen ideia:
horrelako egunak probestu behar dira, zukua atera, ez alferrik galdu. Lehen oztopoa:
atzo jada mendi buelta luze bat eman nuen eta gaur ez daukat horretarako gogorik.
Orduan,
bizikleta hartu behar dudala pentsatu dut, baina, egia esanda, gurpilak puzteko
dauzkat eta hobe beste batean.
Aitzakia merkeak
dirudite eta hala dira. Egia bakarra da gaur ez daukadala ezertarako gogorik.
Beno bai, hondartzara joatekoa, liburu batekin, eta eguzkitan etzanda egotekoa
buelta eta buelta aspertu arte.
Eta orduan galdetu diot nire buruari hori denbora galtzea ote den. Erantzuna argi daukat: ez.
Aktiboa izatea, kirola
egitea, mugitzea, oso ondo dago, baina gure buruari eta gorputzari atsedena
ematea ere. Gure senari entzuten ikasi behar dugu. Gaur ez dut gogorik, gaur
egonean egon nahi dut, beste behar batzuk asetzen eta lantzen, burua elikatzen,
amesten, deskantsatzen. Ba senak hori badio hori egin, alhadurarik gabe, ez da
ezer pasatzen. Hori egiteagatik ez gara gure bizitza alferrik galtzen ari.
Eta kontua da,
ez dakit zuei, baina niri askotan gertatzen zaidala, dinamikoa den zerbait
egiten ez dudanean, denbora galtzen ari naizela iruditzen zaidala, eta nire
burua torturatzen hasten naizela mentalki, egin nitzakeen eta egin ez ditudan
planak etengabe gogora ekarriz.
Ba gaur ezer ez egitearen balioa aldarrikatu nahi dut hemendik. Beno liburu bat irakurtzea bada zerbait egitea, baina ulertzen didazue zertaz ari naizen ezta?
Entzun gorputzari, gelditu etzanda, sentitu eguzkia, amestu, bidaiatu liburu baten bidez; zure mundua ireki, beste errealitate batzuk literaturaren bitartez ezagutuz, eta lasai egon. Bihar egongo da gorputza astintzeko beste aukera bat, edo ez, baina hori ezin da inoiz jakin.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina