Palestina etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Palestina etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2025/06/16

EKAINAK 16 (poema soziala V: genozidio)

Aurrean

ume baten gorputza jarri dizute

Zer egin?

pultsua hartu

bihotzaren taupadak neurtu

Bizirik da

kalteak aztertu

bizitza salbatzen saiatu

Alferrik da ordea

bonben eragina

suntsitzailea da

Hori da helburua

suntsitzea,

herri oso bat

familia osoak

nire familia

 

Hamar seme-alabetatik

bakarrak biziraun du

senarra ere akabatu didate

 

Aurrean

nire semearen gorputza jarri didate

azken hatsa duela

besteak maindirez estalita daude jada

zer egin txilio ez bada

negar ez bada

bizitza erauzi baitidate

arnasten jarraitu bitartean

  

2025/05/16

MAIATZAK 16 (Gaza)

Atzo bete zen Nakbaren 77. Urteurrena. Nakba hitzak arabieraz hondamendia esan nahi du eta 1948an gertatu zen palestinar exodoa izendatzeko erabiltzen den terminoa da.
1948ko Arabiar-israeldar gerran zehar 700.000 palestinar baino gehiagok bere etxetik egotziak izan edo ihes egin zuten. Orduez geroztik, urtero, maiatzaren 15ean palestinarrek, Israelgo Estatuaren sorreraren egun berean, "Nakba eguna" ospatzen dute exodo hau gogorarazteko.

Atzo Gazan bonbardeoek jarraitzen zuten, 74 hildako kontabilizatu ziren eta han geratzen den populazioa gosez hiltzeko tinka larrian dago, Israelek laguntza guztiak blokeatuta baititu, erasoan jarraitzeaz gain.

Ez dakit nora hel daitekeen gizakia egoera honetara iritsi eta ezer egin gabe geratzeko, esan nahi da estatu boteretsuek, beste kasuren batean, basakeria honekin aspaldi amaituko zutekeela. Baina parean duten estatuak botere handiegia ei du mundu mailan egin duten banaketa horretan. Ez dakit, ni bederen indargabe sentitzen naiz krudelkeria horren aurrean, hori ez baita gerra bat, hori herri oso baten suntsiketa besterik ez baita, genozidio bat.

Eta ezin dut nire txoko honetatik ezer egin, baina duela urte pare bat idatzitako poema bat ekarri nahi nuke gogora, gutxienez, haiekin akordatzen naizela aldarrikatzeko.

 

Gaza

Zure aurpegia irudikatu dut

ilunpetan nengoela

irribarre bat atera didazu

nire aldarte goibelean

 

Imajinatu ditut zure eskuak, hotzak

nire bularren gainean

dar-dar batek zeharkatu dit

gorputz osoa goitik behera

 

Zure mingain hezeak bilatu du

nirea gau ilunean

eztiki dantzan hasi dira

elkar topatu direnean

 

Eztanda bat gertatu da

gure gorputzek bat egitean

esnatu ta ez zen amets goxo bat

lehergailuak ziren gure buruen gainean 

2025/01/28

URTARRILAK 28 (norberaren etxearen bila)

 Telebistari so

negar malkoak irteten zaizkit

milaka pertsona

aita-amak, seme-alabak, aiton-amonak

anai-arrebak, osaba-izebak

lagunak

maitaleak

ezagunak

ezezagunak

denak helburu bakarraz

euren etxeetara bueltatzea

gertukoekin elkartzea

bizitza duin bat berreraikitzea

non eta ezerezean

inoiz eurena izandako lurralde batean

orain obra-hondakinen artean dagoena

 

Gainean maleta soil bat daramate

umeek eskolako motxilatxoa

euren ondasun guztiak

eta halere esperantza

bakean utziko dituztelakoan

bizirik irautekoa

euren etxea topatzekoa.

Baina betikoek mugak itxi dizkiete

eta han daude pilaturik

itxaroten

duinki

inoiz etxe sentitutako hura

berraurkitzeko  itxaropenaz.