Zertaz ari gara maitasunaz ari
garenean? Halako zerbait zioen Carverren errelatoen liburu batek. Ni ez noa gaur
maitasunaz hitz egitera, emateko maitasun asko eduki daukaten arren. Nire
helburua bestelakoa da, pertsonek ditugun eta egunero adierazten ditugun
kontraesan jasanezinak agerian jartzea besterik ez dut nahi. Horretarako hainbat
galdera botako ditut, hausnarketa bultzatu nahian. Nirea, beste batean etorriko
da.
Pozik bizi al zara soilik zure zilborrari
begira?
Zure ingurua zilborrez beteta dagoela
konturatu al zara inoiz?
Zuk egin nahi ez duzun lana, beste batek
egiten duenean, bitan pentsatu gabe etengabe kritikatzea zilegia iruditzen al
zaizu?
Ondorioak atera aurretik azterketa
orokor bat egiten al duzu inoiz?
Zerbait eskatzen duzunean, besteak ere
eskatzen ari direla, eta denentzat ez dagoenez, partekatzen ikasi beharra
dagoela bururatu al zaizu inoiz?
Zurekin denbora inbertitzen ari naizen
bitartean beste bati denbora kentzen ari naizela pentsatu al duzu inoiz?
Zuk zure ordutegia eta bizitza daukazun
modu berean, beste batzuk gure bizitza eta ordutegiak baditugula kontutan hartu
al duzu inoiz?
Horrela jarrai dezaket, luze.
Hilabete
bat besterik ez da pasa, eta dagoeneko muturrak, liskarrak eta norberekoikeriak
han eta hemen somatu ditut. Lanera ez noa lagunak egitera, proiektu batek
funtziona dezan ahalegintzera baizik, eta horretarako zilbor guztiei begiratzea
ezinbestekoa da, batzuetan batzuk nabarmenagoak izan arren.
Ez ditut ulertzen lankideen arteko errespetu-faltak, kasu ez egitea, beste alde batera begiratzea.
Hezkuntzako lehen mailako lezioa da, eta geu ez bagara gai hori egiteko, zer
erakutsi ahal diegu gure ikasleei?
Ostirala iritsi da, ordenagailua
itzaltzera noa. Espero astelehena bestelakoa izatea.
Asteburu on!
Oharra: hau idatzi ostean, mendi buelta bat ematera joan naiz musika entzunez eta Puntu Takoma taldearen kantu batean esaldi hau:
"Azken finean, gizaki putak besterik ez gara, gure zilborren munduan"