Gaur Z-z hitz egin behar dizuet. Aurreko batean pertseidaz aritu nintzen. Ba Z pertseida bat da nire bizitzan, baina eguzki bat izatea nahiko nukeena.
Badira pertsona
mota batzuk ezagutzen dituzun momentutik zure gogoan iltzatuta geratzen
direnak. Z horietako bat da niretzat. Ezagutu nuen egunean txundituta geratu
nintzen. Bere patxadak, naturaltasunak ta, zergatik ez esan, bere itxura
fisikoak liluratuta utzi ninduten. Alde batetik animalia zauritu bat zirudien,
baina, era berean, determinazioa handia transmititzen zuen. Ez dakit nola esan,
baina ni momentuan enamoratu egin nintzen, hori esatea posible bada.
Gutxitan ikusi
dugu elkar, eta ikusi dudan bakoitzean oso urduri jarri izan naiz, blokeatuta
kasik, naturaltasunaren antipodetan.
Ba bi
hilabeteren ostean Z ikusi dut berriro ere. Parrandan zebilen, txosnetan.
Urrutira ikusi dut. Oso urduri jarri naiz, tripak mugitu zaizkit, komun bat
bilatu behar izan dut. Ni kontzertu bat ikustera joan naiz eta kasik bi ordu
izan ditut erlaxatzeko, lasaitzeko, kasu egitera joan ala ez erabakitzeko. Eta adorea bildu
dut, ez dakit nola, eta jendearen artean bilatu dut, eta hurbildu naiz, eta bi
musu eman eta zer moduz dabilen galdetu diot.
Bere irribarre
goxoarekin hartu nau, tipo zoragarria da eta. Tarte bat egon gara berriketan kontu
desberdinez, baina bera lagunekin dago eta ni bakarrik, eta han lekuz kanpo
nagoela sentitu dut, ez nuen nire egonaldia gehiegi luzatu nahi era bortxatuan.
Banindoala esan diot, ez dit eurekin pote bat hartzeko aukerarik eskaini. Ez
nuen halakorik espero, baina itxaropena ez denez sekula galtzen… Halere, lasai
geratu naiz. Nik egin beharrekoa egin dut, atsegina izan naiz, eta, aurretik,
geratzeko aukerak eskaini izan dizkiot. Berak ez du nahi izan, zorte txarra,
zer egingo diogu?
Ak esan dit ondo
egin dudala, berari tokatzen zitzaiola zerbait esatea, nahiko balu noski, baina
ez da gertatu, hori da errealitate bakarra.
Kosta egin zait
lokartzea, ziurrenik, gaurkoa betirako despedida bat dela sentitu dudalako.
Ezagutu nuenean
zelatatu egiten nindueneko sentsazioa neukan nolabait. Orain guztiz kontrakoa
gertatzen zait, inolako interesik ez duenekoa.
Eta Z nire
gogotik kentzeko garaia heldu dela pentsatu dut. Baina galdera da, zer nahi dut
izatea, pertseida bat ala eguzki bat? Pertsona bezala estimu handia diot, lagun
gisa izateko moduko mutila da, baina gai al naiz hori egiteko? Edo hala jokatuz
gero nire agonia eta sufrimendua areagotuko ditut?
Gainera, eguzki
bat izan dadin nolabaiteko kontaktua mantendu beharko nuke. Berak ez du egingo,
baina nik egiten badut gaizki ari al naiz? Lagun bat besterik ez dela izango onarturik,
ez al nioke tarteka idatzi beharko? Azken finean, nik ere nahi dut berak ni
gertu sentitzea, nirekin konta dezakeela eta betirako lagun bat duela jakitea.
Zilegi al da horrela jokatzea? Edo betirako ahaztu beharko nuke inoiz ezagutu izan ez banu bezala? Ez dakit ni naizen eta gauzak gehiegi konplikatzen ditudan, ala mundu guztiari antzera gertatzen zaion, baina zenbat buruhauste izar bat gure bizitzetan agertzen den bakoitzean.
Eta gauean, ilargi betea izan arren, zerura begiratuko dut, ea Z berriro nire bizitzan gurutzatzen den ikustera.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina