Larunbatean amaitu zen zinemaldia. Zinemazale amorratua naiz, astero joaten naiz zinemaz gozatzera saletara, filmak, pantaila handian, inolako distrakziorik gabe ikustea bezalakorik ez dagoela iruditzen baitzait.
Hogei bat urterekin hasi nintzen
zinemaldira joaten. Programa erosi, aztertu, interesgarri begitantzen
zitzaizkidan filmak aukeratu, sarrerak erosteko ilarak egin, aretoetan sartzeko
ilarak egin, zuzendarien aurkezpenak eta tertuliak entzun tarteka… erritual bat
zen niretzat, gozamenerako errituala.
Urteak aurrera joan ahala, eta eventitisak
esponentzialki hazten joan diren heinean, nire zinemaldirako gogoa eta interesa
esponentzialki ere txikitzen joan da. Iaz, esaterako, ez nuen filma bakarra ere
ikusi zinemaldi osoan, eta egunak erabat libre izan nituen.
Aurten, Lillian Hellmanen atzera
begirakoa interesgarri iruditu zitzaidan, eta sail horretako zazpi film
ikusteko aprobetxatu dut, bestela pantaila handian sekula ikusiko ez nituenak.
Egia esan merezi izan du, baita
gidoilariaren inguruan egin dituzten aurkezpenak entzutea ere, askotan ikusezin
izan diren emakume zinegileen garrantzia balioan jartzeko, eta pertsonaia
horren ibilbidea ulertzeko. Niretzat deskubrimendu bat izan da, filmetako
batzuk telebistan ikusiak izanda ere.
Halere, nire gaurkoaren izenburuak ez
du zerikusirik nire zaletasunarekin, hizkuntzarekin baizik.
Aurten komunikabide eta sare askotan
azpimarratu da inoizko zinemaldirik emankorrena izan dela euskal zinemaren
ikuspegitik. Urrezko maskorra, esaterako, euskal film batentzat joan dela,
horrek izan dezakeen garrantzi guztiarekin. Eta hemen dator irekitzera noan meloia
nolabait esatearren. Los Domingos filma EAEn ekoitzita egongo da
ziurrenik, baina euskaletik gutxi duela esango nuke, vascotik izango du
izan beharrekoa. Bere zuzendaria saria jasotzera igo zenean, bizkaitarra izanagatik
ere, ez zuen hitz bat bera ere euskaraz esan; alta, eskerrak eman zizkion San
Sebastianeko festivalari filma saritzeagatik.
Bitxia da gero, ekialde urrunetik eta
beste atzerrietatik datozen zinegileak gure hizkuntzan hitz batzuk esaten
saiatzen diren bitartean, bertako batzuk ez dute gure kulturarekiko inolako
begirunerik azaltzen. Zer dute horiek euskaletik, ekoiztetxea erkidegoan egon eta
EITBko dirua jasotzeaz gain?
Berdina gertatzen da estatuko zinema
munduko jende gehienarekin. Grazia egin zidan Guerinek, apatrida zela esan,
baina diskurtso osoa bere patriako hizkuntza nazionalean egin zuenean. Ez luke
ba apatrida batek hizkuntza eta kultura gutxituen aldeko bestelako jarrera bat
agertu beharko?
Haserretu egiten naiz gauzei bere izena ematen ez zaielako. Maspalomas eta Karmele, aipatuenak izendatze aldera, euskal zinema dira. Los Domingos bezelako produkzioak, ordea, beste zerbait. Horregatik ez diet balio zinematografikorik kendu nahi, besterik gabe adierazi nahi dut euskaletik gutxi dutela, erderetatik eta erderetarako eginak baitaude.
Noiz hasiko gara gauzak behar bezala izendatzen?
Bide batez, aprobetxatu nahi dut jada ikusi dudan Maspalomas filma gomendatzeko. Gogorra eta aldi berean goxoa, sentsibilitate handiz eginda, euskal gizartean ezkutuan mantendu den gaia azaleratzen du. Filma elebiduna izanagatik, hizkuntzaren trataera bikaina du, nire uste apalean, gure diglosiaren isla. Etzazue galdu!