Eguna goibel
esnatu da gaur, eta oso gustuko ez dudan ekintza bati lotu natzaio giroa
probestuz: garbiketari.
Ez dakit norbaitek
gustuko izango ote duen etxea garbitzea, neuk behintzat ez, baina amaitzerakoan
geratzen zaidan sentipena gogobetetasunarena da. Nahiko desordenatua naiz eta
traste gehiegi dauzkat, baina desordena hori garbi egoteak ongi sentiarazten
nau.
Hori bai, nire garbiketa saioetarako musika jartzen dut, ozen, oso ozen, eta fregonarekin dantzan ala kantatzen aritzen naiz, eszenatoki batean banengo bezala. Horrek garbiketa saioa dibertigarriagoa eta atsegingarriagoa bihurtzen du, eta bi ordu aise pasatzen zaizkizu ia ohartu gabe. Diskoei buelta eman edo aldatzean soilik ohartzen zara denbora aurrera doala.
Eta musikaren gaiari heldu nahi nion gaurkoan. Bizio bat dudala aitortu behar dizuet. Gero eta gehiago gustatzen zait musika zuzenean, kontzertuetara joatea alegia. Gustuko izan, ala izan daitezkeen ahal dudan guztietara joaten naiz. Gazte denboretara itzulera egiten ariko banintz bezala da, nire benetako esentziara itzulera. Bigarren bizioa, talde euskaldunen kasuan, haien diskoak erostea da. Eta bai asmatu duzu, garbiketarako bereziki horiek jartzen ditut.
Asko hitz egiten da gaur egun gazteek entzuten duten musikari buruz, dena berdina dela, kaka bat. Egia esan, estilo batzuk gorroto ditut, baina azken boladan talde euskaldun ugari ezagutu dut zuzenean, eta izugarrizko potentziala eta kalitatea dutela iruditzen zait.
Gaur Bananasekin
egin dut nire saioa, baina izan zitezkeen Anari edo Belako bezalako beteranoak,
ala Sua, Ezpalak, Ithaka, Rudiger, Pinpilinpussies… Guztiak ikaragarri onak!
Beraz, aspertuta bazaude badakizu: Igo bolumena eta astindu baieta.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina