Ez dut oraindik Zelanda Berritik
ekarritako sentsazioen baloraziorik egin hemen, baina aurreko egunetako testuen
tonuan antzemango zenuen zoratzen etorri naizela, guztiz erlaxatua, pozik, ZEN
moduan. Ba hori han da posible, hemen bukatu da lasaitasuna.
Gaur euskal taldeek, Athleticek eta
Errealak zehazkiago, Europa Leagueko konpetizioko partidak dituzte. Errealak
Manchesterren aurka Old Trafforden, Athleticek San Mames Barrian Roman aurka,
eta hori da hona ekarri nahi nuen gaia, beste behin ere?, ez naiz akordatzen,
baina bai futbola. Ez futbola kirol bezala, futbolaren inguruan sortzen den giroa
baizik. Forofismoa, borregismoa, doako biolentzia, arriskua, ehuneko handi
batean, eta ez da kasualitatea, gizonek eragiten dutena.
Gauza da gaurko eguerdiko berrietan
adierazi dutela jada Bilboko ez dakit zein kale moztuta zeudela, polizia piloa
zebilela kaleetan arriskuko partida zelako, Erromatik sarrerarik gabeko ez
dakit zenbat jarraitzaile ultra zetozelako, baita haien adiskide diren
Athleticoko beste hainbat ultra ere.
Duela hilabete batzuk, errealak
Anoetan horrelako beste partida bat jokatzen zuen batean, Ernest Lluch kultur
etxea itxi egin zuten, eta egun hartako ikastaroak bertan behera utzi arrazoi
antzekoengatik.
Eta hor nire kezka, zertan bihurtu
ditugu gure gizarte ustez demokratiko hauek, futbol partida baten aurrean
populazioaren zati handienari bere askatasuna mugatzen zaiola bere
segurtasunaren izenean? Kaleak mozten direla, toki batzuetatik igarotzea
debekatzen dela, tabernetako terrazak kendu arazten direla, kultur etxeak ixten
direla, eta abar luze bat, beste batzuk libreki kasik nahi dutena egin dezaten?
Hemen ere emakumeen aurkako
biolentziarekin gertatzen den bezala gertatzen da: neurriak gizonen aurka eta
haiek hezitzeko hartu behar dira, eta ez alderantziz. Ba futbolean ere, arazoak
aurreikusten badira, agian partidak publikorik gabe jokatu beharko lirateke,
populazioaren gehiengoak bere askatasunaz gozatzen jarraitu ahal izateko, ez al
duzu uste?
Ez dut ulertzen doako biolentzia hori,
futbol partida batengatik inguruan daukazuna txikitzeko beharra, besteen kontra
oldartzekoa, hiltzeko balio duten tresnekin ibiltzekoa, beste pertsona bati
arrazoirik gabe kalte egiteko erraztasuna munduko gauzarik normalena balitz
bezala.
Eta hori eraiki ditugun gizarte
ereduen ondorioa besterik ez da, non bereizketak egiten ditugun klasearen,
generoaren, arrazaren arabera. Arkitektonikoki hiriak eraiki ditugu bereizketa
horiek nabarmentze aldera, eta goazen bidetik zaila daukagu hori iraultzeko.
Gutxienez kontziente izan gaitezen gauza horiek ez direla ausaz gertatzen, gure
sistema kapitalistak dituen ondorioetako bat besterik ez dela, eta hala ikusi
nahi ez duenak, betaurrekoak jantzi beharko lituzke.
Gabon eta ea zuen taldeak irabazten
duen!