ruper etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
ruper etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2011/12/30

hementxe pajarue!

Atzo Ruper Ordorikaren kontzertuan izan nintzen Victoria Eugenia antzokian. n-garren aldia da bere kontzertu batera joaten naizela, eta egia esateko asko disfrutatu nuen. 
Eszenatokia soila, soinua ezin hobea, hori bai han goikaldetik oso urrun sentitzen nituen musikoak, baina sarrerak azken unean erosteak hori dauka.
Baina azkenekotan gertatu zaidan moduan, zapore gazi gozo batekin atera nintzen handik, gustura egon nintzen, bai, baina ez dakit donostiarrak edo gipuzkoarrak oro har estu xamarrak ez ote garen, zeren han dena zen ixiltasuna, eta nik ez dut Ruper horrela guztiz gozatzen.
Ruper ez da operako kantantea, ez goaz harea bere ahotsaz gozatzera, bere musikarekin bizitzera baizik, nik hala pentsatzen dut, zeren bere hitzek hori egiten baitute, bizitzari buruzko hausnarketak bota, bizitako une tristeak zein alaiak zabaldu, eta niri behintzat kantatzeko grina pizten dit. Egia da ia bere letra gehienak buruz dakizkidala, eta ez dut uste han zeuden asko dakizkitenik, baina kantatzeko gogoa neukan eta ezin. Ezin ingurukoaren arnasa soilik senti zitekeelako, hitz bat altuagoa kantatuz gero begiratu egiten zidatelako, ufffff, ze lotsa. Une batean batzuk txaloka hasi ziren kanta baten hasieran, eta xxxxiiiiiiiiiii batzuk entzun ziren, ixiltzeko. Mala hostian jarri nintzen, baina disfrutatzea erabaki nuen.
Formatua izango da agian, soilegia, serioegia. Ziur naiz Bilboko Kafe Antzokian bestela izango zela, konpartituagoa, hartu eman handiagoa publikoa eta musikarien artean, baina ez dakit, zoritxarrez sekula ez dudalako han ikusi.
Edozein kasutan merezi izan zuen bere kantuak ederrak direlako.
Ea hurrengo batean beste formatu interaktiboago batean ikusteko aukera dudan.

2011/12/24

banekien

Ruper Ordorikaren "Hodeien azpian" diskoko beste letra zoragarri bat. Ez al zaizue horrelakorik inoiz gertatu?

Banekien

Banekien betiko ez zela, 
mila aldiz entzun izan dut hori.
Banekien inon ere ez zela
arantzarik gabeko arrosarik.

Sargori zen, orain goxo da, 
lanbroa zen, orain argi.
Min eman badizut, ez hartu gogoan, 
ez dut inoren kalte izan nahi, 
orain ondo nabil, zatoz nirekin.

Galdu nuen hegoa, galdu iparra,
nola itzuli nintzen ere ez dakit.
Han non agertu zen ene izarra
bestela ez nintzen helduko onik.

Sargori zen, orain goxo da...

                                  (Ruper ordorika)

2011/11/15

EZBAIEKO GOGOAN

Aurreko sarrera batean zera nion: musiko gutxiengatik esan dezakegu poetak direla. Hartan Neil Young handia nuen hizpide. Oraingoan gure herrian dugun musiko handienetakoa ekarri nahi dut nire txoko honetara: Ruper Ordorika. 
Badira hogeitazazpi urte deskubritu nuenetik. Ordu ezkero beti jarraitu izan dut berak egindako dena: ruperzale amorratua naizela esan liteke, eta, nola ez, bere azken lana eskuratu dut jada.
Bere kantuak plazerra dira nire gogorako, haiek entzutea gozamen bat da nire entzumenerako, eta, gainera, letra askorekin izugarri identifikatua sentitzen naiz. 
Hona hemen azken disko horretatik ateratako kantu horietako baten hitzak, zoragarria, poeta batek soilik idatz ditzakeen horietakoak!

EZBAIEKO GOGOAN

Bihotz egoskor honek ez du nahi
gauzak diren bezala onartzerik.
Ezentzunarena egiten du askotan
baita ezetza borobil denean.
Ez didazu batere lagunketan, 
bihotz egoskorra, benetan!
Ezbaieko gogo hau argitzen
ez didazu laguntzen.

Bihotz itsuak ez didala uzten
inolaz ere bakean izaten,
zorionaren bila joateko esaten dit
nahiz eta ezetza hartu dudan aspaldi.
Ez didazu batere lagunketan, 
bihotz itsua, benetan!
Ezbaieko gogo hau argitzen
ez didazu laguntzen, 
gogoa argitzen.