2025/07/30

UZTAILAK 30 (malenkonia)

Hostoak astun

zerua ilun

porlana heze

 

Nire gotorlekuan ezkutaturik

kanpoan jazotzen denari so

pentsamenduei hegan utzi

eta zure irudi lausoa

bueltatzen zait

etengabe

 

gau hartan ere

porlana heze

zerua ilun

hostoak astun ziren

 

eta ni zure gorputzarekin

horditurik

amaierarik gabeko

amets batean

gaurdaino heltzen dena 

2025/07/29

UZTAILAK 29 (udara aurrera doa)

Udara aurrera doa. Sabatikoa amaituta, baita nire azken bidai handia ere, euro askoko urrutira egindako bidaiak hala izendatu badaitezke. Egun batzuk barru Pirinioetara joango naiz lagunekin trekking txiki bat egitera, baina hori ohiko udaren barruan sartzen den plana izan ohi da. Amaitu dira abentura handiak, urduri jartzen ninduten horiek, amaitu dira ezjakintasunak, amaitu zer eta nor topatuko dudan jakiteko ezinegona.

Azken bidaiara desmotibaturik heldu nintzen nolabait, bidaikideen perfilak atzera egiten ninduelako. Egia esateko, nire izaerara egokitu zitekeen pertsona bakarra topatu dut, baina izan nadin zintzoa, oro har, jende ona zen eta ez dut gaizki pasa.

Kyrgyzstan zoragarria da natura eta mendia gustatzen zaigunontzat. Esplotatu gabeko lurraldea gure zorionerako eta, fisikoki oso ondo sentitu ez naizen arren, gripe batek eta altuerak eraginda, gozatzeko parada ere izan dut. Halere, adinduez kokoteraino amaitu dut. Taldean bidaiatze horren inguruan pentsaraztea eragin dit. Ez dut ezer adineko pertsonen aurka, ni ere adinean aurrera noa, baina gauza batzuetarako beste galaxia batean bizi garela iruditzen zait, eta ez nau batere asetzen.

Eta etxean buelta, euriak, udazkeneko giroak eta portugaleko karabelen notiziak hartu naute. Ba a ze abuztuko aurreikuspena. Espero eguraldiak hobera egitea, eta eguzki izpitan txigortzeko aukera izatea oraindik, uretan zurekin gurutzatzen naizela amesten dudan bitartean. 


 

 


2025/07/27

UZTAILAK 27 (dulce hogar, a veces)

Bi ordu eskas lo eginda eguna bidaiatzen eman dut: hegazkin bat, bost ordu aireportuan, bigarren hegazkina, busa Donostiara, taxia etxera... Atera heldu naizenean betiko beldurrak harrapatu nau, hotzgailua arrez beterik topatzea. Eta diotenez, asko pentsatzen diren gauzak gertatu egiten omen direnez, ba atea ireki eta argirik ez da piztu. Usain mingots batek harrapatu ditu nire sudur zuloak, frigoa ireki eta, arrarik topatu ez arren, usteldutako janariak jabetu dira giroaz. Halaxe, nengoen bezala, justu justu kaleko atea itxirik zabor poltsak betetzen hasi naiz. Organiko ustela batetik, plastikoa bestetik, guztia kirats berdinak jabetuta, ia bi ordu luze igaro ditut elektrizitate faltaren ondorioak konpontzen. Berrogeita hamar euro janari, gehiago ez bada, joan dira pikutara, eta sukaldea bapo lurrindu arren, kiratsak hor jarraitu du, nire sudur zulotan itsatsirik. Bihar goizean garbiketa sakona egitea tokatuko da, baina orain dutxa hartuta banoa ohera. 

2025/07/10

UZTAILAK 10 (poema soziala VI: hutsa)


Zuloa

harriz bete

harrien arteko tarteak hareaz

hare-aleen arteko hutsuneak uraz

 

zuloa estali

desagerrarazi

 

Zuloa zure gogoan da

harriak dira zure planak

harea natura

hutsuneak kultura

eta ura…

 

lehortea darabil azken garaian

2025/07/07

UZTAILAK 7 (aupa Mikel)

Gaurko eguna efemeride bat da Euskal Herriko historian, baita nirean ere. Gaur berrogei urte dira Sarri eta Pitik Martuteneko kartzelatik ihes egin zutela, bafle batzuetan sarturik Imanolen kontzertu bat baliatuz.

Kortatu talde hasi berriak oso ideia ona izan zuen historia haren inguruan kanta bat sortzean, giro zehatz bateko gazteon soinu bandaren parte bihurtu baitzen, himno bat kasik, eta egun, etxeko musika aparatuan ez jarri arren, kanta entzun eta dantza batean hasten baikara, gure parte ere badelako, nirea bederen bada.

Berrogei urte gure aro modernoko intelektual handienetako baten misterioa hasi zela, bere idazketa oparoaren esperoan geratzen ginelarik urtez urte.

Berrogei urte herri xehearentzat ekintza gogoangarria gertatu zela, zure kontsideratzen dituzunak kartzelatik ihes egitea ospatzeko moduko kontua baita.

Eta atzo egin zuten kantuarekin dantza Arrasaten, ekainaren hamalauan Donostian egin bezala, edota urriaren lauan Euskal Herriko hiriburuan egitea espero dugun moduan.

Historia garaileek idazten dutela diote, baina historia egin herriak egiten du. Aupa Mikel!

 

2025/07/02

UZTAILAK 2 (esker aunitz)

Badakit nire buruari askatasuna eman diodala nahi dudanean idazteko, baina urduri sentitzen naiz, barruan dudan korapiloa askatu beharra, eta idaztea horretarako terapia ezin hobea zait. Ez dut idatziko korapiloa eragin didan egoeraz, hori niretzat gorde nahi dut, nire gogoeten ondorioa besterik ez baita. Beste zerbaitez arituko naiz.

Gaur mezu zoragarri bat jaso dut irakurle batengandik, emozionatu naiz kasik. Soilik horrelakoak irakurtzeko merezi izan du esfortzuak, plazeretik idatzi arren esfortzu bat ere suposatu didalako. Milesker benetan.

Mezuan, besteak beste, maitasunaz edo maitasun faltaz asko hitz egiten nuela zioen, ederra dela maitatua izatea eta bikotean bizitzea, baina trukean askatasuna ere galtzen dela, eta nigan askatasun handia somatu duela. Eta horrek zer pentsatua eragin dit, indarra eman dit bizitzari sarritan faltan dudan positibotasunetik begiratzeko. Eta beti diogunez, bizitzan dena ezin da eduki, beti nahi dugu ez daukagun hori, eta nik beste batzuk dutena desiratzen dudan modu berean, beste batzuk nik dudana nahiko lukete. Espezialistak gara gero mortalok besteena desiratu eta gurea infrabaloratzeko, atsekabe konstante batean egoteko.

Gaur MLri esker nire askatasuna aldarrikatu nahi dut. Munduan nahi dudana izateko askatasuna, inor kaltetu gabe noski, nahi dudana egitekoa, errespetutik eta berdintasunetik besteei begiratzekoa. Besteak libre maite nahi ditudan modu berean nik ere libre izan nahi baitut, bidean asko sufritu arren.
Gora maitasuna eta gora askatasuna!