Hilabete pasatxo da ez naizela hemendik igaro. Idatzi dut, zerbait, poemaren bat, esaldiren bat, baina ez naiz nire barrua hustutzera paratu, zentzurik onenean, ez dut astirik hartu azken garaietan nire bizitzan, nire inguruan, munduan gertatzen ari denaz hausnarketarik egiteko tarterik hartu. Eta bai, gauzak gertatu dira, gertatzen ari dira, gertatuko dira, munduko oinarriak dardarka jartzen dituztenak, baita nire barne-oreka kolokan jartzen dituztenak ere.
Azken garaitan, kanpora begira jartzen naizenean, harridura, sumindura eta haserrea dira nagusi nire baitan, eta haiekin batera izugarrizko inpotentzia. Munduan gertatzen ari dena, lehen ere gertatzen zena, baina orain agerian eta inolako inpunitaterik gabe egiten dutena ikusteak asaldatu egiten nau. Nire egunerokoan berdina egiten jarraitzen dudan arren, politikoki gero eta arrazoi gehiago sentitzen ditut borrokarako, sistemari aurre egiteko, beti izan ditudan ideietan sakontzeko.
Pertsonalean esan dezagun nire gogoa
itzalita dagoela nolabait. Lanean murgildurik, ez diot gogoari aukera
gehiegirik eskaintzen bere sentimenduetan arakatzeko, horren inguruko
hausnarketa egiteko, erabakiak hartzeko. Baina onartu beharra daukat dolu
batean daramadala ikasturtea, ametsetatik askatzeko premia izugarriaz, indar
ikusezin batek galarazten didana.
Eta hor nabil, noraezean bezala, nahi
eta ezin batek harrapatuta, ametsetan ametsetatik ihesi. Hori besterik ez baita
izan azken garaian harrapatu nauen sentimendua, nire gogorako sortu dudan
ametsa. Eta nazkatu naiz, nola errepikatzen naizen, bestelako beharrak
baititut.
Beharra daukat sentitzeko zerbait
erreala, sentitzeko beste baten azala, sentitzeko beste baten desioa eta
beharra.
Beharra daukat gozatzeko, nire niari
uzteko, konplexuak galtzeko, daukadan maitasuna emateko. Beharra daukat norbait
faltan botatzeko, norbaiten ahotsa entzuteko, norbaiten ferekak jasotzeko.
Beharra daukat kaletik irribarretsu
joateko, besarkatu eta besarkatua izateko, zaindu eta zaindua izateko, maitatu
eta maitatua izateko.
Ez dut uste gehiegi eskatzen dudanik, ala agian bai. Baina behar horiek guztiak itzalita dauzkat denbora zugan pentsatzen ematen dudan bitartean, amets ezinezko batean.