Sabatikoa amaitu nuenetik gutxi izan dira idazten jarri naizen egunak. Lagun batek esan zidan noizean behin jarraitu behar nuela, baina egia esan egunerokoak irentsi nau, asko kostatzen zait tarte lasai bat hartzea pantailaren aurrean, edo orri zuriaren aurrean esertzeko, eta denbora daukadanean burua beste zerbaitera bideratzen dut, nekatua egoten naizelako mentalki, lanak eragiten didan desgaste neuronalak eraginda edo.
Eta hori guztia esanda, aitortu
beharra daukat faltan botatzen dudala idaztea, jartzea kostatu arren on egiten
didala, oraintxe bertan puztuta sentitzen bainaiz. Puztuta ez soilik fisikoki -nire
haragian frogatzen ari naiz menopausiak emakumeon metabolismoa moteldu egiten
duela, gantzak gerrialdean pilatzen direla, inflamazioa eguneroko kontua dela, inoiz
izan gabeko zelulitisa zure izterrez jabetzen dela…- puztuta nire burmuinean
egosten diren ideia, iritzi, sentsazio, uste, kritika, aurreiritzi, maitasun,
gorroto eta sentimendu anitzen eraginez. Eta horiek guztiak, orain
psikologikoez ari naiz, erauzteko behar izugarria daukat, edozein momentutan eztanda
egiteko berebiziko beldurra baitatorkit tarteka. Oraintxe halaxe sentitzen
naiz, itota kasik, edozein unetan ahotik behazuna botatzen hasteko
puntu-puntuan, gainezka barruan pilatuta ditudan sentsazio eta
sentimenduengatik.
Eta esango didazue erraza dudala, eseri
eta idatzi besterik ez dudala behar, baina kontua ez da hain sinplea. Goizeko
sei ta erdietan martxan jartzen naizenetik etxera heltzen naizen arte, denbora
guztian buruarekin eta pantailaren aurrean aritzen bainaiz lanean, eta
etxerakoan daukadan gogo bakarra da burua itzaltzea, off egitea, neuronak
lokartzea. Halere, nire neuronak anarkista samarrak dira, eta nahi duten uneetan nahi
duten kontuetan jartzen dute arreta, eta hantura areagotu besterik ez da
egiten. Lehertzear dagoen puxika baten antzera sentitzen hasten naiz eta
orduan, nire minak, nire beldurrak, nire beharrak eta nire desioak geratzen
dira agerian, etxera heltzerakoan eguneko kaka guztia zeini kontatu ez dudala
nabarmentzen zaidanean.
Iaz ez nuen halakorik sentitu, ez orain sentitzen ari naizen moduan bederen, egunak ez zirelako hain gogorrak, hain estresagarriak. Denbora nire buruari eskaintzen nion, eta ez zitzaizkidan horrenbesteko kontu pilatzen nire buru txiki honetan. Eta beraz bai, idatzi beharra daukat, nitaz, zutaz, nire hutsuneez, nire beharrez, nire ilusioez, nire ametsez. Nire buruari gogor egin behar diot paper zuriaren aurrean esertzeko, tarte batez bada ere, nire obsesioak ahazteko, gogoa askatzeko, etxean ez dudan kideari ordez orriari kontatzeko kezkatzen nauena, haserretzen nauena, pozten nauena, dosi txikitan kanporatzen ez badut edozein unetan lehertu egingo bainaiz, eta orduan, agian, beranduegi izango da.
Aste on irakurle agurgarria, aste on paper zuria, aste on zeta maitea!