negua etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
negua etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2025/12/30

ABENDUAK 30 (nire arimaren bila)

 

Basoan barna noa

pagadi, harizti

ez dakit zer diren

askoren nahasketa bat

akaso

ez ditut ezagutzen

biluzik geratu dira

hotzik ez balute bezala

 

Alde batetik errekaren marmarra

bestetik txorien kantua

erditik nire urratsek orbelean sortu

krix-kraxak

hori dut soinu banda

 

Eguzkia goian da, edo,

enbor soilen artean

bere izpiak heltzen zaizkit

tarteka, itzalak sortuz,

eta animali ikusezinez gain

ni besterik ez naiz hemen

bakarrik edo.

 

Enborrek lotsatuta dirudite

elkarrengana biltzen baitira

euren buruak ezkutatu nahian bezala

eta tarteka gorostiren baten azpitik igaro

eta zu faltan izan zaitut

muxu emateko

hori omen eta

garai honetako tradizio

 

Imajinatu ditut mendi entzutetsuak

jendez mukuru

lasaitasuna baino

estresa eragiten dutenak

eta poztu nau

mendi itsusiaren aldeko

apostua egiteak

horrelakoetan soilik

aurkitzen baitut bakea

 

Basoan barna noa

bakarrik

nire arimaren bila

2025/12/11

ABENDUAK 11 (zarata)

Zarata dauka buruan, zarata asko, zarata gehiegi. Horrelakoetan deskonektatzea behar du; hobe esanda konektatzea, naturarekin, ur izan elementuekin nahasteko, ikusezin bihurtzeko, desagertzeko.

Gaurkoan gorputzaren erlaxazioa aukeratu eta termetara joan da. Ur txorrotak gustuko ditu gorputzeko atal guztietan, baita hotza eta beroaren arteko kontrasteak, eta sauna; sauna maite du, lehorra zein hezea, bietan egiten ditu saioak, barruko zikina lurrunduko bailitzaion.
Itsasora irtetea erritualaren parte da ere, eta gaur ez da gutxiago izango. Beraz, eta jada gaua izan arren, hondartzara irten da bainu azkarra hartzekotan, sartuirten bat egitekotan. Hiriko, ugarteko, Igeldoko eta Urgulleko argiek ukitu majiko bat ematen diote inguruneari.

Epel egon arren negua gainean da eta zazpietan hondartzan bainujantzian egoteko ez da giro. Marea behean da eta korrika egin du uretarainoko bidea. Ura ukitu bezain pronto seko frenatu du. Hotza dago, ez kolpez sartzeko tenperaturan bederen. Minutu pare bat egon da uretan murgildu arte eta irteterakoan Mirakontxa geratu zaio parean. Orduan, zetak behin esandakoa etorri zaio gogora, bertatik igarotzen den bakoitzean etortzen zaion modu berean; hura ez dela hain toki ona bizitzeko, ipar orientazioa duela. Barrez hasi da termetara bueltan doala. Eta pentsatu du hobe izan lukeela egun hartan baieztapen hura egia ote zen frogatzera gonbidatu izan balu, orain dagoen tokian berarekin etzan eta iparrak nola eragiten zien aztertzea.
Baina hori beste ipuin baterako kontua da. Gaurkoan zarata amatatzea zuen helburu, besterik ez. Eta tarte batez lortu du, tarte labur batez.

Bihar beste egun bat izango da.

2024/12/31

ABENDUAK 31 (gabon zahar)

Ba heldu da 2024ko azken eguna. Baneukan urteari errepasoa egiteko asmoa hainbat datu bilduz, baina erabaki dut inori ez zaiola interesatzen hamar edo hogei liburu irakurri ditudan, edota zenbat film ikusi dudan zinematan; ez eta zenbat gailur edo trekking egin ditudan urtean; gutxiago zenbat aldiz maitemindu naizen, edota zenbat aldiz ligatu dudan. Egia esateko, ez dakit irakurtzen didazuenei zer interesatzen zaizuen, baina nik nahi dudana idatziko dut, horretarako da nire egunerokoa eta, ez al duzue uste? Hala ere, batetik hamarrerako puntuazioa jarri beharko banio urteari zazpiko bat jarriko nioke. Hau da, oro har, oso ondo egon da, baina gabezia edo tristezia batzuk izan ditut.

Garai batean gaurko afarian eta biharko bazkarian ama eta biok egoten ginen mano-mano. Gaur gaua bakarrik igaroko dut, hala nahi izan dudalako. Halere, ama gogoan edo, gaur bere berokia jantzi dut, seguru nonbaitetik ikusi nauela guapa-guapa. Eta, atzo pentsatu bezala, bazkaldu eta nire toki kuttunetako batera joan naiz urtea despeditzera.

Furgoan joan naiz Pardiolaraino, eta handik Onddira igo naiz lehenik. Bakar bakarrik nago. Kosta egiten zait arnasa hartzea, bularraldea hartuta baitaukat, baina sasoitsu nagoela esan dezaket harrokeriarik gabe, erraz igotzen ditut maldak. Aurreko hileko egurrak zerikusia izango du ziurrenik. Handik Muniskora jaitsi naiz. Hiru lagun daude bertan. Harri batean jartzeko ohitura daukat. Hantxe geratu naiz tarte batez, gure arbasoen eta eguzkiaren energia xurgatuz, negatiboa deskargatuz, liburu bat eskuan, bakean irakurriz. Halere, eguzkiak jo arren, tenperatura ez da oso altua eta ordu erdira martxa egin dut Zahatzain aldera.

Bi hilabete izango dira ez nentorrela hemendik eta harritu naiz, bideak erreka bat dirudielako. Dena da ura eta lokatza. Pentsatzen jarri naiz ea azken astean euririk egin ote duen. Ezetz esango nuke, baina toki hau nahiko ospela da, ez zion lehortzeko astirik emango. Ba ura eta lokatz artean txukuna jarri naiz, nahiz eta ez dudan gauza handirik behar belauneraino zikintzeko.

Furgoneta arteko bidea berriz ere bakar bakarrik egin dut. Zein ederra den mendian bakarrik ibiltzea, txorien kantua, hostoen karraska, edota adarren kulunka entzunez, denbora ez ustean pasatzen zaizu, eta konturatu orduko eguzkia jartzen ari da.

Ba halaxe heldu naiz etxera, iluntzen hasia zelarik eta gorputzean dardarizoa nuelarik. Goizean hobeto sentitu naizen arren, gorputza ez dut ondo. Dutxa beroa hartu ostean paracetamol bat hartu dut, kafe egin berria eta goizean erosi dudan errege-opil zati batez lagunduta.

Afarirako zerbait berezia badut, baina,  ohi bezala, bederatziak aldera afalduko dut, ea zorte apur batekin petardo festa hasi aurretik lokartzen naizen. Eta, bihar goizean, dardarizorik ez badut eta ondo jaikitzen banaiz, mendira joango naiz urte berriari oles egitera.

Gabon zahar on guztioi, eta ondo ekin urte berriari! 

2024/12/22

ABENDUAK 22 (neguan sartu gara)

Gaur (edo atzo) neguko solstizioa dugu, urteko egunik motzena zientziaren arabera, esaerak egun hori santa Luzia eguna dela esan arren: -Santa Lucía acorta la noche y alarga el día, errepikatzen zuen gure amak urtero.
Gaur ere Espainiako loteria nazionalaren gabonetako zozketa egiten da. Ez naiz joko zalea, are gutxiago Espainiako diru-kutxara doan diruaz ari bagara, baina beti erosten dut lanean ari naizen tokiko txartela, tokatuz gero tonto aurpegiarekin ez geratzeko, bereziki.
Jada, sari potoloenak atera omen dira, eta probidentziari esker (bigarren aipamena aste bakarrean) tanta-hotza jasan duten Valentziako hainbat herritan tokatu dira sari batzuk. Ba eurengatik pozten naiz. Egia esan, Valentziakoak asko hitz egin eta idazteko ematen du, baina gertatu zenean kanpoan nintzen eta ez nuen jarraipen zehatzik egiteko aukerarik izan. Halere, hainbat gako oso ondo adierazi zituen Mikel Peruarenak Berrian  azaroaren hamarrean argitaratu artikulu batean. Beraz ez naiz gai horrekin hasiko.

Ba, nioenez, neguan sartu gara eta horrekin batera urte amaiera dator. Balorazioa egiteko unea, eta hurrengorako zerbait hobea edo gutxienez antzekoa desiratzeko garaia, jakinik, beti ere, desioak hori besterik ez direla, desio, nahiko genukeen eta ia inoiz betetzen ez den horixe alegia, eta  errealitateak beti ustekabean harrapa gaitzakeela, onerako zein txarrerako.

Ba horretan jarriko naiz, izan dudan positibo eta negatibo guztia aztertzen. Zintzoa izateko, nire gabezia guztiekin, uste dut gehiago izan dudala lehenengotik bigarrenetik baino, zure errealitatea onartzen duzun momentutik, gauza txikiez gozatzeko jarrera izugarri biderkatzen baita.

Ba pentsamendu horiekin utziko zaituztet igande honi etekina ateratzeko jarrera positiboarekin.

Gozatu neguak eskaintzen dizkigun aukera guztiez, eta loteria tokatu bazaizue zoriontsuago egingo zaituzteten horretan gastatu. 

Igande on!


2024/12/08

ABENDUAK 8 (irten ala ez irten, horra hor kuestioa)

Eta uste dut déjà vu bat izaten ari naizela, esaldi hori behin baino gehiagotan idatzi dudala, egoera horretan lehen ere izan naizela. Baina hori dut gaurko dilema, gorputza ondo estali, -zertarako daukat armairuan hirurehun euro baino gehiagoko goretex bat, gaur bezalako egunetan ez badut jantziko,- eta kalera irten paseatzera, euririk, haizerik eta hotzik ez balego bezala; edota etxeko epelean geratu Z-k ea deituko zain itxaroten. Bigarren kasuan bizitza joan dakidake, beraz, agian aukera hobea pulmonia bat hartzeko arriskuan jartzea, akaso bidean zerbait interesgarria topa dezaket, etxean, gehienez, armairuen gaineko hautsa besterik ez baitut ikusiko.

Eta egia da, etxerako moduko giroa dago, bai, baina nire sasoia mantentzeko nahi horrek, eta azken boladan daukadan kirolerako edo ibiltzeko ohiturak, besterik ez bada lauean ibiltzera deitzen nau. Busti eta gero hor izango dut dutxa beroa.  Hori baitu gure ongizateko gizarte honek, etxean berogailua eta dutxa beroa izateko aukera, beno ez bazara kalean bizi, edota ez bazara hilabete amaierara heltzen ez den ehuneko altu horren barruko familia batekoa bederen.  

Eta zeruari begira ari naiz, leiho batetik urdina antzematen dut, bestetik gris iluna, ortzadarra paretak estaltzen didan zatian egongo da akaso. Eta bai, irtengo naiz, airea hartzera, haizeak astindu nazan, aurpegian hotza nabaritzera, giharrak esnatzera, bihotzen taupadak azkartzera, odola berotzera, burua ernatzera, kanpotik bustitzera, bizirik nagoela sentitzera, hemen barruan kikilduta gelditzeko beldurrez bainaiz.

2024/12/07

ABENDUAK 7 (Z bat alboan)

Oraindik ofizialki neguan sartu ez garen arren, gaur neguko giro petral horietako batekin esnatu gara, bestalde, atzo aipatzen nuenez, ditxosozko konstituzioko zubian gertatu ohi den moduan. Etxean goxo geratzeko moduko giroa, hobe konpainian beti ere. (Z nahi baduzu hemen nago, pelimanta bat egin dezakegu elkarrekin, edo beste edozer ere). Baina Z-rik ezean barrura begiratzeko egunak izaten dira hauek, tristeziak harrapatzen zaituen horietakoak, malenkoniaz beterikoak, izan zitekeenaren eta ez denaren inguruan hausnartzekoa, autotorturatzekoa, bizitzaren zentzuaz pentsatzekoa, hondoraino jaistekoa, biharamunean ostera ere indarrez azaleratzeko.

Gaur uste dut halako egun bat izango dela, konpainia faltan botako dudana, zoriontsu ez den familia bat osatu ez izanaz damu izango naizena, nire gauza on guztietan pentsatu beharrean txarrak soilik gogoan izango ditudana. Halakoa baita bizitza, nirea bederen, gorabeherez betetakoa, bestela, zein emozio izango luke?

Gaur nire bizitzako Z guztiak izango ditut gogoan, beno guztiak ez, horietako batzuk, eta bizitza mierda bat dela pentsatuko dut; eta zertarako idazten ari naizen otuko zait, nire idatzi hauek ez bazaizkio inori interesatzen. Eta une batzuetan ahaztuko zait nire bizitzan inportanteena ez direla besteak, ni baizik; eta ahaztuko zait nirekin harremanik nahi ez dutenek eurak galtzen dutela; eta ahaztuko dut bizitzan naizena neure ahaleginarekin lortu dudala, inoren bedeinkaziorik gabe.

Baina hala da, gaurko egunez, bereziki, Z bat nahiko nuke alboan, kanpoan dagoen umeltasuna niregana heldu ez dadin, egurats gorritik babesten nauten lau horma hauek zeharka ez ditzan.

Egun on guztioi!