Lehengoan idatzi nuen ikasle garaitan ikasi nuela prokrastinatzen. Terminoa duela lau urte soilik ikasi nuen arren, modan jarri zen garaian serendipia eta resilientzia terminoekin batera, egin beharrekoak edozein aitzakiarekin beranduagorako uztea, denok oso ondo, kasik jaiotzetik, ezagutzen dugun zerbait da. Eta ikasle garaian ez ikasteagatik edozer egiten duzu. Ni ez nintzen iritsi futbola ikustera, baina bai tenisa.
Ba
prokrastinazioaz ari nintzela, gaur goizean txio batean irakurri diot idazle
bati, olinpiadak amaituta zer erabiliko ote dugun prokrastinatzeko. Berak beste
gai pare bat aipatzen zituen ere, baina nik kirolaren gaian zentratu nahi dut. Eta
egia da, kirola, telebistan, beste ezer ez egiteko aitzakia perfektua da.
Ondo dago
tarteka zerekin entretenitu edukitzea, baina hortik eta egun santu guztia sofan
eserita egotea ez al da gehiegizko?
Eta orduan etxeko lanen banaketa eta berdintasuna etorri zaizkit gogora; eta akordatu naiz futbola euren bizitzetan instalatuta duten familiez, familia heteronormatiboez zehatzagoak izateko; eta otu zait irailetik hasi eta maiatzera arte ia egunero futbola telebistan egoten dela jakinda, ez ote den hori estrategia bat, familia barruko lan-banaketa orain arte bezala jarraitzeko. Alegia, gizonak sofan eserita partida ikusten eta emakumeak sukaldea jasotzen, labadorak ipintzen, umeak lokartzen, euren etxerako lanetan laguntzen…
Beraz, agian berdintasunaren izenean futbola debekatu beharko genuke telebistan? Edo debekatu ez, baina muga batekin emititu?
Nik hor bota dizuet, agian oso oker nabil, baina ea hausnarketarako balio duen.
Eta horrela eman diot hasiera abuztuko oporren ekuatoreari.
Aste on guztioi!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina