2025/04/28

APIRILAK 28 (paperera buelta)

Atzo esan nizuen ordenagailua apurtu zitzaidala, eta hura konpontzera eraman behar dudanez, ziurrenik berriz ere paperera bueltatuko naiz. Beraz, ez dakit idatziak publiko egingo ditudan ala ez, akaso zati batzuk, edo laburpen batzuk, edo bat ere ez, baina idazten jarraituko dut, hori ziur.

Artikulu bat irakurri berri dut non adierazten den paperean irakurri eta idazteak burmuinaren aktibitatea areagotzea dakarrela eta aprendizaia esanguratsuagoa dela.
Nik ez dakit hala izango den ala ez, baina egia esan paperean idaztea faltan botatzen dut. Gustuko dut nire egunerokoa hartzea eta nitaz beteta dagoela sentitzea, goitik behera izkiriatua, eta ez orri batzuk bai eta beste batzuk ez, orain dagoen moduan, baina nahiko lana bada egunero orri zuriaren aurrean jartzea bitan egiten hasteko bezala, edo eskuz idatzi eta garbira pasatu, egunero-egunero. Egia da, hala eginez gero, testuei bi buelta ematen dizkiozula, ziurrenik borobilagoak irtengo zaizkizula, akats gutxiago egingo dituzula, sakonagoak eta osoagoak irten ahal zaizkizula, baina poema motz batzuren kasuan izan ezik ez dut inoiz horrela egiten. Eseri eta tupustean burura datorkidana botatzen hasten naiz, orain bezala, eta gero publikatu aurretik pare bat aldiz irakurri eta aurrera.

Askok pentsatuko duzue nire hitzek ez dutela piperrik balio, baina nik neure buruaren alde egingo dut, nartzisista izatera iritsi gabe, eta iruditzen zait badela meritua egunero zerbait idaztea horrela, a lo loko, bi aldiz pentsatu gabe kasik, musek aspaldi ihes egin zidatela jakinda, zeta gero eta urrutiago dudala sentituta. Bai, nire buruari meritua onartu nahi diot, ez da dena autotortura eta autozigortzea izango, ez da dena zaborretara botatzeko modukoa izango, ez da dena beltz izango. Nire bizitzan argi asko dago, askotan kontrakoa pentsa dezakezun arren irakurle, bai horixe, argi asko nigandik sortzen dena batzuetan, besteen isla besteetan, baina argitasuna finean, bestela ez nintzateke hemen egongo eta horregatik jarraitu behar dut paper zuriaren aurrean esertzen eta neure hitzak izkiriatzen, nik sortutakoak edo zuk eragindakoak, baina hitzak finean, nire izatearen eta sentimenduen isla, zuri ala beltz, edo gehienetan gris bizitza bera bezala.

Aste on! 

2025/04/27

APIRILAK 27 (aholkuak)

Helduok joera handia izaten dugu besteei aholkuak emateko. Jarrera paternalistak hartzen ditugu gazteekin bereziki, irakasleon kasuan jarrera hori egun guztian jantzita daramagularik gure ikasleekin.
Ez egin hori, kontuz beste horrekin, egin ezazu hau horrela… Gure ahotan gordeta ditugun hitzak dira, edozein unetan erabiltzeko prest. Baina gure bizitzari dagokionean, nola jokatzen dugu?

Gaur portatila sukaldetik gelara eramateko itxi eta behar bezala eraman beharrean, irekita pantailatik helduta eta beste eskua okupatuta nuela hartu dut. Eta zer gertatuko, ba jausi egin zaidala eta pantaila pikutara. Orain erdia besterik ez dut ikusten eta akordatu naiz ikasleei ordenagailua horrela ez heltzeko esan diedan hamaika mila aldiez.

Horrelakoak gara gizakiak, besteei aholkuak ematen onak, baina norberarentzat…

Ta hemen nabil zu burutik kentzeko jarraitu beharreko kontuetan pentsatzen, baina etengabe kontrakoa egiten.

Noiz ikasiko dugu aholkuak geure buruari aplikatzen?

Igande on!

2025/04/26

APIRILAK 26 (poema soziala III: kapitalismoa)

Progreak garela aldarrikatzen dugu

kontserbadore berekoi batzuk

besterik ez gara ordea

eta burua solidariotzat dugun bitartean

ezkutuan jaten ditugu

kapitalak uzten dizkigun apurrak 

2025/04/25

APIRILAK 25 (egun zoragarria)

Iragarpenak zioen gaur goiza ederra izango zela eta mendirako plana prestatu nuen atzo. Wikilocetik ateratako ibilbide bat, Leitza aldean, Urepel eta Mandoegi tontorrak igoz. Ba joan eta egin.

Asmakizun ona da wikiloc. Tokia ezagutu ez arren, zaila da galtzea adierazitako ibilbideari jarraituz, beno lainoarekin ez dakit nik, gaurko egunez ezinezkoa. Gehienez ere despistatu zaitezke metro batzuk gora behera, baina hots batek adierazten dizu beste batek egindako ibilbide hura abandonatzen ari ote zaren.

Eta gaur hor ibili naiz Gipuzkoa eta Nafarroa artean dantzan, neure odolaren antzera, nire sustraiak topatu nahiko banitu bezala.

Bazter zoragarriak ditugu gure herrian, baina beti toki berdinetara jotzeko ohitura daukagu. Gaur kontzienteki inoiz egon gabeko tokiak deskubritu ditut. Apenas zebilen jenderik, aita seme batzuk eta hiru jubilatu bizkaitar, besterik ez. Txori pila bat eta kukua basoan, etengabe bere kantua errepikatuz. Hori zen soinu banda. Eguzkiak gogor jotzen zuen arren, ingurura begiratzearekin freskura senti zenezakeen. Ahaztu zait ordu batzuetarako belauneko zauria. Ez dit gerrarik eman, ondo ibili naiz, badoa sendatzen apurka-apurka.

Askotan diot nire lema natura eta kultura dela. Bi gauza horiek salbatu naute sarri zulo beltz batean erortzetik. Ba goiza mendian igaro eta gero, arratsalde iluntzerako ze plan hobe kontzertu batera joatea baino.
Esan eta egin, ea mendi buelta bezain gozagarria den. Eta gogoratu astelehenean ziurrenik lanera bueltatu beharko duzula, jada bueltatu ez bazara. Beraz, probestu asteburua eta baliatu egun zoragarriak.

2025/04/24

APIRILAK 24 (trakestasuna)

Azken garaian, badirudi, oso trakets nabilela, bai emozionalki, baita fisikoki ere. Ez ei dut ezertan asmatzen, dena gaizki egiten dudalako sentsazioa transmititzen didate alde desberdinetatik, eta hori gutxi balitz, fisikoki ere trakets.

Aurrekoan Beriainera igotzen erori egin nintzen tonto-tonto, zauri bat ezkerreko belaunean, Zelanda Berrian egin nuen zauriaren leku berean berriz ere. Herenegun Santa Barbarako bueltan izan zen, zuzen batean, ez dakit nora begira nindoan edo zertan pentsatzen baina krixtona hartu nuen, oraingoan eskuineko belauna izan zelarik kaltetua, mugimendua egiten duen tokian, eta hemen nago, oraindik, belauna tolesteko beldurrez, ixten ari den zauria ostera ere ireki ez dadin eta pikatu egiten du, umeek dioten moduan, ederki pikatu gainera.

Nire baldarkeriaz hausnartzen hasi naiz, kasualitate hutsak izan ote diren, zorigaiztoko uneak hanka behar ez nuen tokira bideratu dudalako, hala nire gorputza huts egiten hasi deneko seinale ote den. Azken aukera hori burutik pasa zait, nire lagun batek dioen moduan pentsatzeko eta aspertzeko denbora gehiegi izaten ari naizelako, baina ez nuke benetan aukera bezala ikusi nahiko. Halere, hanka sartze ugari, erorketa gehiegi denbora gutxian, ummm zerbaiten seinale ote?

Atzo, eguraldi tristea lagun, eguna lasai hartzea erabaki nuen, nire gogo eta gorputzari deskantsua ematea eta serie bat irentsi nuen pentsatzeari denbora gutxi emanez.
Gaur, aldiz, nahiko nuke eguna aktiboagoa izatea, nire belauna apur bat behartzea, erortzeko gaitasuna berriz ere martxan jartzea eta neurtzea noraino heltzen den nire dohain edo akats hori.

Eguna gaur ere triste esnatu da, baina nik alaitasunerako motiboak bilatuko ditut han-hemenka, nire buruari  erakutsiz behin eta berriz erori arren, jaikitzeko gaitasuna oraindik bizirik daukadala.

Ostegun on!

2025/04/23

APIRILAK 23 (larrosa gorri bat)

Larrosa gorri bat

eskainiko dizut

gaurko egunean

eta poema bat idatzi

zure izenenean

eta bitartean

zure opariaren zain

geratuko naiz

liburu bat eskuetan

amaierarik gabeko pasarteak leituz

mundu berriak esploratuz

errealitatea ametsekin ordezkatuz

inoiz izango ez den

gure istorioa

betirako ahaztuz

edonola ere

zure izena daraman poema

idatziko dut

eta zuri eskaini

larrosa gorri batekin batera 

2025/04/22

APIRILAK 22 (conclave)


Atzo, kasualitatez edo probidentziaren eraginez, Arantzazuko kriptan dagoen San agustinen esaldi bat ekarri nuen nire eguneroko honetara. Gero jakin nuen Francisco aita santua hil egin zela.

Azken garaian ikusi ditudan pelikula baten gomendioarekin natorkizue gaurkoan, Conclave. Orain hori tokatzen baitzaio eliza katolikoari, euren buru berri bat aukeratzea. Baina zein da benetan eliza horren buru, ze interes politiko eta ekonomikok mugitzen dituzte hariak?

Ikus ezazue filma, benetan interesgarria baita. Oraindik zinema aretoetan topa dezakezue, Donostiakoetan bederen.

Ondo ekin asteari!




2025/04/21

APIRILAK 21 (kriptan)

Gaur pazkoko astelehena dela probestuz, lehengoan Arantzazuko kriptan irakurritako esaldi bat ekarri nahi dut hona, asko gustatu zitzaidalako, besterik ez. Han Jainkoarekiko maitasunaz ari dela pentsatu nahi dut, nik leku santutik aterata, lurreko maitasunaren kontestura ekarri dut. San Agustinen aipu bat omen da, nik han dagoen moduan kopiatu dut, sarean ingelesez beste modu batean aurkitu dudan arren.

 

Berandu maitatu zaitut, edertasun

antzinako eta berria, berandu!

 

I loved you late… so old and yet new beauty, I loved you late!

 

Egun on!

2025/04/20

Apirilak 20 (ikurrina jarri dut balkoian)

Ez naiz oso folklorika. Ez zait inoiz gustatu mugaz beste aldeko euskal herrietan zuri, berde, gorria erabiltzeko duten erraztasun hori, gero akaso Le Peni botoa ematen amaitzeko.

Oroitzen dut nola duela urte batzuk, nire lagun bat Parisko euskal etxeko zuzendaria zela, lokala aldatu eta berria auzo lanean garbitzen eta pintatzen ari zirela, han egokitu nintzela eta lan haietan laguntzen aritu nintzaiela. Lokala atontzeko erabilitako kolore konbinazioak, gureak, horterada bat ziren ezbairik gabe. Anje Dualden musika edukitzen zuten musika aparatuan Paristutako euskaldunek, eta, nire lagunak esana, haietako asko fatxa batzuk besterik ez ziren, euskalduntasuna folklore hutsarekin lotzen zuten horietakoak.  

Gorroto ditut espainiako bandera paparrean edo beste nonbait zintzilik daramaten horiek, baina ikurrinak doan leku guztietan eramatea ere ez dut gustuko.
Nago euskalduntasuna eta naziotasuna egunero beste modu batean erakutsi eta landu behar dela, ez bandera bat edo kolore batzuk soinean eramanda begi bistan. Baina gaur, 2025eko aberri egunean, ikurrina jarri dut balkoian, nire gurasoengandik jasotako hura, nire amak kale nagusiko balkoian jartzen zuen huraxe, eta gogoz eta konbentzimenduz jarri dut, iruditzen zaidalako independentziarako deiadarrak itzalita daudela egun, ez dakit lozorroan edo desagertuta, baina aldarrikapena berpiztu beharra daukagula jendartean.

Gure auzo guztian bi besterik ez daude, lortuko al dugu datorren urtean gehiago egotea? Eta hala ez bada independenteak garenaren seinale izango ote? Barka, amesten ari nintzen.

Gora Euskal Herria askatuta!

2025/04/19

APIRILAK 19 (gaur euria egin du)

Gris esnatu da eguna, tristeziarako eszenografia perfektua.

Gazte bat, urrutira gaztea dirudi, Kursaaleko zubiko petril batean igota dago, norbait aldamenean berari berriketan, akaso paretik pasa den oinezko bat besterik ez da psikologo lanak egitea erabaki duena, poliziak moztu du zubiaren alde hori, beste aldera pasatzera behartuz. Begira geratu naiz. Zergatik gazte batek pentsa dezake bere buruaz beste egitean, ze mundu klase eraikitzen ari gara gure bizitzak merezi ez duela sentitzeko? Hausnarketa azkar horren ostean aurrera egin dut, hori ez da espektakulu bat, drama bat baizik, eta horretan nagoela hainbat turista ikusi dut Ertameriketako etorkinek zerbitzaturiko basque cheese cake jaten, handik ehun metrora gertatzen ari denaz jabetu gabe. Hala bizi baikara, gure golkoari begira, inguruan gertatzen ari denari itsu, gazte bat bere buruaz beste egiten saiatzen den bitartean.

Gaur euria egin du.

2025/04/18

APIRILAK 18 (zaindu zure zurea den hori)

Gaur nire salewa berriak estreinatu ditut, ondo estreinatu ere, ibilbide bat egitera joan eta lehen kilometroa egiteko, kasik laua zena, ordu erdi igaro baitut han zegoen basatza igarotzeko. Lokatzez ia belaunetaraino zikindu naiz.
Niri zikinkeria bost, baina jausi edota bihurtu bat egiteko arriskuak, horrek bai kezkatzen nau. Eta oroitu naiz aurten ezagutu ditudan herrialdeetan mendietan topatu dudanaz, eta ikasteko eta hobetzeko zenbat daukagun etorri zait burura.

Sekula ez zaie garrantzia eman gure baso eta mendiei. Jainkoaren esku utzi dituzte politikari guztiek, eta mendira doan edonork erraz ikus dezake. Sasiak nonahi, bideak lokaztuta, haizeak botatako zuhaitzak bide erditan, inork haiek kentzeko asmorik gabe. Luze jarrai dezaket, lotsagarria da.

Gure mendiak eta gure basoak zaindu egin behar ditugu. Jendea dabilen guneetan, markatuta dauden ibilbideetan bideak egokitu, lokatz guneetan harriak bota edota egurrezko pasarelak egin (haizeak botatako zuhaitzen egurra erabil daiteke), mendizaleen segurtasuna bermatu ahal den neurrian. Ez dut eskatuko Zelanda Berrian bezala komunak jartzea ibilbide guztietan, baina bai hain ondo seinalatuta dauden bideetan ibiltzeko baldintzak betetzen direla ziurtatzea.
Horretarako, agian, basozainak eta basolanak egiteko pertsonak kontratatu behar dira horrenbeste polizien ordez, eta makroinfraestrukturetan inbertitu beharrean, maila lokaleko azpiegituretan, horrek ere turismoan eragiten baitu, bertakoan bereziki, ingurukoan, etxekoan. 

Ba hasierako malaletxiaren ondoren, buelta ematekotan izan naiz, kilometro bertikala igo dut eta haserrealdi guztia pasatu zait.

Etxerakoan, salewa berriak bataiatu egin behar izan ditut, ur garbiaz, aurrekoa sakrilegio bat besterik ez baita izan. Ordu erdi luze kostatu zait zikinkeria guztia erauztea, bestela, dena ondo.

Gabon denori!

2025/04/17

APIRILAK 17 (garai likidoak)

Hitz egin al dizuet Argiaren Beranduegi podcastaz inoiz? Agian jada aipatu dut, hamabostean behin izaten da. Nik atzerapenarekin entzuten dut beti, telegramen duten kanaletik sartzen naiz. Santa Barbarako buelta baliatzen dut lau zoro horiei entzuteko, barrez lehertzen naiz sarri, irreberenteak dira askotan, euskaraz lotsagabe esan beharko nuke, baina beste zentzu bat ematen diola iruditzen zait.
Honetaz eta hartaz aritzen dira, askotan batetik bestera saltoka, baina gaiak harilkatuz, dibertigarria zait. Ba gaur haien azkena entzun dut eta bertan garai likidoak terminoa erabili du esatarietako batek. Entzunda nuen lehenago ere, baina izan dezakeen zentzuaz ez nuen gaurdaino pentsatu. Politikaz ari zen, zehazkiago Euskal Herriko politikaz eta garai likidoak bizitzen ari garela esatera etorri da.

Horrekin geratu naiz, zer esan nahi duen, berarekin ados ote nagoen, solidoen eta likidoen arteko desberdintasunekin pentsatzen jarri naiz eta fisika ikasi izanak ematen didan abantaila baliatu nahi izan dut hausnarketa sakon bat egiteko.
Eta ez dakit hausnarketa sakonik egin dudan, baina egia da bi solido nahasten ditugunean elementu desberdinak bereizi egiten direla, bi likido nahasten direnean, aldiz, antzeko dentsitatea baldin badute haiek bereizterik ez dagoela begi bistaz, eta bai, uste dut, egun, hartzen diren hainbat erabakietan zaila dela bereiztea bata bestearengandik, zurea uste duzuna kontrarioarengandik.

Garaiak aldatu dira, tenperatura epeldu da eta solido batzuk guztiz urtu ez arren esan dezagun bigundu egin direla, euren kontrarioen ezaugarrietara gehiago hurbilduz.
Bai garai likidoak bizi ditugu eta solido gogorrenek tinko eutsi behar diotelakoan nago, jendarte osoa zaporerik gabeko nahasketa urtsu bat bihur ez dadin.

Aste santu on!

 

2025/04/16

APIRILAK 16 (mikroipuina)

Autoan doa Goizuetara daraman errepidean barna. Bidea estua da eta, laneguna izan arren, tarteka topatu ditu txirrindulari batzuk. Haien atzetik doa, aurreratzeko aukera garbi ikusten duen bitartean.  

Bidea estuagoa egiten den zati batean txirrindulari bat doa. Hasieran ez dio arretarik eman, baina metroak aurrera egin ahala barizedun bikietan fijatu da. Gero arropan erreparatu du, oinetako eta kasko zuriak, duela hogei urteko maillot zuri-urdina, ipurtalde zabala, bera da, ia ziur.
Txirrindulariak bidea libre dagoela ikusi duenean keinu bat egin dio, aurreratzeko. Oso berea da keinu hori, kanpoan uso etxean otso, etorri zaio burura. Aurreratzen hasi zaio eta parean izan duenean begiratu egin dio. Ez dago zalantzarik, bera da, izena aipatzerik merezi ez duen hori. Ziur berehala errekonozitu duela bere autoa, sentsibilitatean ez, baina horretan ona da. Hori pentsatzeak urduritu egin du eta azeleratu egin du errepideak utzi dion guztia. Gaurkoan ez du besteetan bezala errepide ondoan utzi autoa. Bidexka batetik sartu da, mendirako bidean dagoen txoko batean aparkatu du eta auto barruan geratu da geldirik, zauria aspaldi itxirik izan arren, bere erraietatik zornea jariatzen sentitu baitu une batez. Ahazturik zituen galderak etorri zaizkio tupustean gogora: zer egin dut nik halako tratua jasotzeko, zergatik niri…bere garaian ulergaitza zitzaion egoera berriz ere etorri zaio gogora, eta mina aspaldi gainditu zuen arren, ezinegona sortu zaio duela hiru urtetik ikusten ez zuen hura berriro ikustean.

Trantzean bezala egon da tarte batez, inora begira, ezer merezi ez duen pertsona batek nola eragin diezaiokeen horrenbeste ezinegon ulertu nahian. Minutu batzuk besterik ez dira izan bere gogoarekin berriketan, eta lasaitu denean autotik irten eta bidean gora abiatu da ezer gertatu izan ez balitz bezala, Ans ikusi izan ez balu bezala, bere bizitzako kapitulu motz hura inoiz gertatu izan ez bailitzan.

2025/04/15

APIRILAK 15 (meteorologiak)

Munduaren alde honetan bizimodu erosoa daukagunon kezkak hutsalak izaten dira maiz. Esaterako, nire azken egunetakoa datozen egunetan izango dugun eguraldia izaten ari da. Eta telebista guztietako esatarien arabera, meteorologo deitzera ez naiz ausartzen, ezegonkortasuna izango omen da nagusi. Fronte bat lehenik, beste bat ondoren; hotza eta mila metrotik gora elurra akaso. Eta hor nabil, etxetik atera nahi baina duda-mudatan, denbora guztian zeruari begira, haren seinale baten zain egongo banintz bezala.

Eta euri arriskuek mendira ez joatera bultzatu naute, baina ditxosozko euria ez da oraino heldu. Fresko dago bai, ez dago hondartzarako, baina bai mendirako. Akaso izango da ez dudala etxetik irten nahi, ez dudala herritik irten nahi, nire gurutze bidea edo kalbarioa nire gotorlekuan igaro nahi dudala, autotorturan behin eta berriro jausiz berpizkunde eguna heldu artean. Eta guztiaren errua meteorologiei bota, kontzientzia arintze aldera.

Eta orain eguzki izpiak sartzen ari dira etxeko leihotik. Arranopola, zergatik begiratu behar izan diot horrenbeste eguraldiaren mapari? Zuri ere tarteka halakorik gertatzen al zaizu? Egun ona izan!

2025/04/14

APIRILAK 14 (gora errepublika, baina nongoa?)

Ta hurrengo egunetan joan ala ez joan pentsatu beharrean, eguna joan zait inolako erabakirik hartu gabe denbora beste kontuetan igaro dudalako, eta konturatzerako gaua da eta ez dut astirik hartu nire egunerokoan idazteko, baina gaur apirilak hamalau dituenez, errepublikaz hitz egitea inportantea zela iruditu zait.

Ni errepublikazalea naiz, kontuz ez errepublikanoa Trump bezala. Errepublika monarkiaren aurkako sistema gisa defendatzen dut, eta horretan sinisten dut monarkiak definizioz berdintasunaren eta justiziaren antitesia direlako. Nola onar daiteke boterea belaunaldiz belaunaldi igarotzea horretarako inolako meriturik egin gabe, etxe zehatz batean eta abizen zehatz batekin jaio zarelako, edozein direla ere zure dohainak, inolako dohainik baldin baduzu?
Beraz errepublika defendatuko dut bai Timbuktun, bai Frantzian, baita Espainian ere.

Halere, nire galdera da, gaurko egunean independentistok badugu zerbait ospatzeko? Errepublika espainiarraren banderarik jarri behar al dugu hego Euskal Herriko herrietan hura aldarrikatzeko? Nazionalen altxamendua gertatu izan ez balitz euskaldunok gaur egun independentziarako bidea errazagoa izango al genuke? Edo, akaso, jada independenteak izango al ginateke?

Senitartekoak espainiar errepublikaren aldeko gerran galdu genituenok apirilaren hamalauan haren aldeko keinu bat egiteko joera izaten dugu, baina benetan ba al dugu zerbait ospatzeko?

Horra hor gaurko nire hausnarketarako gaia eta gogoratu, Duten kantuak dioen moduan, bandera trapu bat besterik ez dela haizerik ez dabilenean. Ondoloin!  

2025/04/13

APIRILAK 13 (erantzunik gabeko galderak)

Zein da bizitzaren helburua?

Zertarako gaude hemen? Eta hemen gaudelarik zer eskatzen diogu bizitzari, edota zer gaude prest bizitza honi, mundu honi eskaintzeko, zerbait eskaintzeko prest bagaude? Edota gure aurrekoek eraman bizitzak errepikatuko ditugu hori delako gutaz espero dena?

Zergatik daukagu pertsona batzuk dohakabetasunerako joera?

Zergatik bilatzen dugu beste zerbait, benetan gehienek egiten dutena egitea nahiko genukeenean, indar ikusezin batek bide horretatik aldentzera eramaten gaituen bitartean?

Zerk egiten gaitu desberdin?

Ze zirkuitu laburrek egin digute eztanda burmuinean?

Zergatik ni eta ez zu?

Ez al dut inoiz naizen bezala maitatuko nauen inoiz bidean topatuko?

Noiz arte jarraituko dut galdera berdinak egiten neure buruari?

Noiz arte pentsamendu berdinak?

Akituta nago erantzunik ez duen horrenbeste galderekin.

Aurrekoan idazle batekin aritu nintzen honetaz eta hartaz hondartzan. Interesgarria izan zen. Talde berekoak bagina bezala hitz egiten zuen, biok ere komunean antzeko kontuak bagenitu bezala, eta une batez konprenituta eta onartuta sentitu nintzen, gero eta gehiagotan pertsona bitxia naizela pentsatzen dudan garai hauetan. Eta bakarra ez naizelako sentipena buruan etxeratu nintzen, baina horrek ez zuen arindu sarritan gainean sentitzen dudan lauza, astuna eta jasanezina zaidana, nire buruari horrelako galderak egiten hasten naizen bakoitzean.

2025/04/12

APIRILAK 12 (poema soziala II: hipokresia)

 

Aske garela uste dugu

preso bizi gara ordea

gizarteak inposaturiko

anitz kateek lotuta

Eta konbentzionalismoz beteriko

bizimodua daroagu

katerik gabe bizi diren horiek

etengabe kritikatuz

eta ero deitzera ausartzen gara

guk nahi eta ezin dugun hori

egiten ahalegintzeagatik

 

Hipokrita batzuk besterik ez gara

aske garela uste dugun bitartean

2025/04/11

APIRILAK 11 (aste santua)

Aste santu bezperan gaude. Lanean banintz gaur hartuko nituzke oporrak, baina urte guztia oporretan nabilenez, gaur ez zait, bereziki, egun berezia.
Dena dela, beste urte batzuetan plana izaten nuen aldez aurretik lotuta eta aurten ez. Aste santuko plana maiatzerako atzeratu dudanez, aste santurako plana osatzeko horrekin nabil bueltaka.

Haluzinagarria da, antipodetan ibili naiz batetik bestera kotxea hartu eta ia pentsatu gabe, eta hemen furgoa hartu eta hirurehun kilometro egiteko dudatan. Edo agian zortziehun egin behar ditut? Zein eguraldi izango da penintsulan? Kosta ala mendia aukeratu? Eta Landetara bizikletarekin banoa? Eta etxean geratu eta Euskal Herria deskubritzen jarraitu eta aberri egunera joan?
Oraintxe bertan zalantza jarrai bat naiz. Asteburua gutxienez etxean igaroko dut, eta gero ikusiko martxa egitera animatzen naizen ala ez.

Zuk irakurle ze plan? Benidormera zoaz eguzkitara, ala Europako hiri bat bisitatzera? Akaso Kanarietara edo Pirinioetara? Edo Salouera mozkortzera edota seme alabekin futbol txapelketara?

Dena delakoa egiten duzula ondo ibili, eta gogoratu deklarazioa egiteaz, niri kobratzera atera zait.

Asteburu on! 

2025/04/10

APIRILAK 10 (deja vu)

Mendi buelta egitera irten naiz. Baso baten ondotik noa. Udaberriko egun epel bat da eta estreinakoz kukua entzun dut, bere kantua errepikatuz behin eta berriro. Diru-zorroan izan dezakedan diruan pentsatu dut, eta otu zait deja vu moduko bat bizitzen ari naizela, iaz gauza bera egin bainuen kukua udaberrian estreinakoz entzun nuenean.

Era berean, egin dudan buelta aspaldiko ikasleekin neukan zor moduko bat kitatzeko zen. L eta biok irteerak mendira antolatzeko irakasle roilo horietakoak ginen. Arritxulora joan ginen hiru egun pasatzera. Jarduera batzuk antolatuta, besteak gure kabuz, a lo loko! Mendi buelta zirkularra egitera irten ginen egun pasa. Imajinatu nerabeekin maldan gora, irakasle bat aurretik, bestea atzetik artaldea biltzen, estaldurarik gabe. Nirekin zihoan taldetxoarekin bidea gaizki hartu eta galduta ibili ginen, beno galduta edo, despistaturik edo. Kilometro estrak egin ostean bidera bueltatu ginen. Gurasoei ez genien hartaz ezer esan. Nik uneren batean estualdirik izan nuen disimulatzen saiatu arren. Ba gaur, kasik akats berdina egitekotan izan naiz, eskerrak galdetu egin dudan. Berehala konturatu naiz nondik sartu ginen egun hartan. Ia-ia deja vu moduko bat izan da.
Egia esateko bueltaren azken zatia astuna egin zait, orain ulertu ditut ikasle askoren orduko protestak.

Hurrengo batean bidea lehenengoan asmatuko nukeela esango nuke, baina ez dut eskua sutan jarriko badaezpada…

Amaitzeko, kukuarekin izandako deja vu moduko horretara bueltatuz, iaz atondutako testutxoa berreskuratu dut, jasota gera dakidan.
Ondo amaitu eguna!

  

Mendia.

Hego haizea.

Kukua entzun dut estreinakoz udaberri honetan.

Mentalki nire diru-zorroaren egoera errepasatu dut eta

berrogeita hamarrekoa gainean eramateak irribarre bat atera dit ustekabean.

Eta orduan otu zait mundu honek

dirua baino ez ote duen

maitasuna gehiago faltan…

 

2025/04/09

APIRILAK 9 (estatistikak)

Nahiz eta blog honen helburua nire barrua adieraztea izan (ez dut bilatzen ez dakit zenbat jarraitzaile izatea, ezta hortik publizitatea lortzea aberasteko), irakurleak ditudala pentsatzeak ilusioa egiten dit, agian egoa elikatzeko modu bat delako. Edozein kasutan, blogean estatistikak kontsulta ditzakezu, egunean zenbatek irakurri edo ikusi zaituzten jakin alegia.

Ez dakit datuak oso fidagarriak diren, horien arabera Singapurren eta Hong Kongen irakurle asko izango bainituzke, eta zeinek irakurriko du han euskaraz, hemen apenas inork irakurtzen badu? Baliteke zerbitzarien gauza izatea eta inolako irakurlerik ez izatea, ez dakit.
Edonola dela ere, 2009an bloga zabaldu nuenetik atzo izan nuen ikustaldi kopuru handiena egun baterako: berrogeita hemezortzi. Zuei gutxi irudituko zaizue agian, niri barbaridade bat iruditu zitzaidan, berrogeita hemezortzi, txapliguak botatzekotan egon nintzen, bereziki kontutan harturik askotan bisita kopurua zerokoa izaten dela. 

Zer gertatu zen atzo? Zer dela eta derrepentean bisita kopuru hori? Nor sartu da? Nork begiratu nau ekialde urrun horretatik, ekialde urrun horretan norbait niri begira ari bada? Nor da? Nor zara? Jarraituko al duzu ni bisitatzen? Jakin dezazula nik bisitak gustura hartzen ditudala, baita interpelazioak ere.

Eta zuk Z, bisitatu al nauzu inoiz? Eta horretarako asmorik bai?

Pantailaren beste aldetik egun ona opa dizut irakurle maitea!

2025/04/08

APIRILAK 8 (poema soziala I: drogak)

Zoriontasunera jolastu nahi dugu

zorigabeko besterik ez garenean

eta horri aurre egiteko

drogak kontsumitzen ditugu

gure errealitatea mozorrotuz

euforiaz eta roilo onaz

une batez pozik bizi garela sentituz

biharamunak ostera ere

gure tokian jarri bitartean

 

Eta horrela eguna joan

eta eguna etorri

bizitzari minutuak lapurtuz

segundoen prezioan 

2025/04/07

APIRILAK 7 (galdetegia)

Fikzioa, autofikzioa, errealitatea. Askotan aipatu dut gaia eguneroko honetan, ziurrenik niretik asko dagoelako hemen, gauza asko asmatuta izan arren.
Egia dena da barru barrutik idazten dudala, eta nire aldarteak isla duela egunero publikatzen ditudan txatal hauetan.

Azken egunetan, arrazoi desberdinek eraginda, haserre eta triste sentitu naiz. Izenik aipatu ez arren, nire gertukoek edo afektatu direnek idazki hauek irakurriko balituzte zertaz eta nortaz ari naizen jabetuko lirateke ziurrenik, edo ez? Horra oraintxe sortu zaidan zalantza, baita kezka ere zintzoa izan nahi badut, eta horrek aurrerantzean nire harremanetan izan dezakeen eragina etorri zait gogora.

Nire galaxia osatzen duzuen izar maiteok, galdetegi bat prestatu dut kontu hauetaz guztietaz hausnartzeko eta hobekuntzak egiteko asmotan. Arren eskatzen dizuet ahalik eta zintzoen erantzun dezazuen, hurrengoan zuetaz hitz egin ala ez, eta zein gai jorratu erabakitzeko. Aldez aurretik milesker!

Irakurtzen al dituzue nire testuok?

Irakurtzen badituzue identifikatuta sentitu al zarete inoiz?

Bertan esandako zerbaitek eragin al dizue inolako sentipenik?

Nik esandakorik haserretu arazi al zaituzte, edota gaizki senti arazi?

Testuren bat irakurri ostean gehiago ez irakurtzerik erabaki al duzue?

Maitasunez ari naizenean zutaz ari naizela pentsatzen al duzu?

Zu esaten dudanean zutaz ari naizela sentitzen al duzu, eta, hala ez bada, zu izatea nahi al zenuke?

Ikusten irakurle, nahi gabe hasi naiz pertsonalizatzen, zuka hasi natzaizu, baina nor da zu? Zu zu, nire zeta, lo aurretik gogoan dudan hori? Edo zu zu zara irakurle, edonor, zu generiko bat, paretari ariko banintzaion moduan?

Ba egunaren arabera zu zu zara, eta besteetan ez, baina identifikaturik sentitu bazara ba igual zerbaitegatik da, eta hala ez bada izan, berdin dio ezta? Joko honek dibertitzen bazaitu niretzat pozgarria litzateke, eta bestela berdin dio, ez kezkatu, ez dut gauza handirik espero. 

Baina, baina, berriz ere galdu egin naiz, bidean. Lo gutxi eginagatik ere gaur aurreko egunetakoa baino aldarte hobea dut. Tonuan nabaritzen al duzu? Hala bada zerbaitetan asmatzeko gai naizen seinale.

Ondo hasi astea zu eta baita zu ere!

 

2025/04/06

APIRILAK 6 (kartak mahai gainean)

Begira atzo urduri nengoela apirilak beharrean martxoak jarri nuela nire egunerokoan. Eta urduri hasi, baina oso triste amaitu nuen, atzo azaletik aipatutako afera hor dagoela jabetuta. Baina ez dago errealitatezko bainu krudel bat baino gauza hoberik zeri egin behar diozun aurre jakiteko.

Dezepzionatua sentitu nintzen? Ez dakit. Agian jada nekiena baieztatu besterik ez nuen egin.

Une askotan sentitu nuen negargura, baina eutsi egin nion ahal izan nuen moduan. Etxerakoan ezin izan nuen ekidin, negar egin nuen eta amarekin akordatu nintzen, egun baten izan genuen haserrealdia gogoan, eta guk gehiago balio dugula konstatatu besterik ez nuen egin;  handi uste hauek baino klase gehiago dugula, beti arrazoi eta beti zuk baino gehiago dakiten horiek baino, kalekoekiko gertuagoko jarrerak erakutsi eta hitz gozoagoak erabiltzen dituzten horiek baino.

Kartak mahai gainean dira, lehendik ez bazeuden, orain jokoa nire da.

Igande on!

 

2025/04/05

APIRILAK 5 (konfliktorik ez mesedez)

Ez dakit zuri, baina niri ez zait gustatzen haserretzea, are gutxiago gertuko jendearekin, eta ez zait gustatzen zerbait gaizki egin izanaz akusatzea. Ezinegon handia sortzen dit, kulparen mamua pizten zait gogoan eta kosta egiten zait gainetik kentzea. Bart halako zerbait gertatu zait ezezagun batekin telefono bidez, nik gaizki ulertutako konpromiso baten harira. Lotsagabe deitu dit, agian arrazoiarekin, baina nire aburuz modu oso desegokian, eta oso gaizki sentiarazi nau.

Bestea familiartekoekin izandako haserrealdia da. Ez naiz azalpenetan luzatuko, baina ustezko pasotismo aldebakarrekoaz akusatzen ninduten, eta oso gaizki sentitu nintzen.

Lehen afera konpondu dut, baina halako tonua darabilen jendearekin ahalik eta harreman gutxien nahi dudala argi daukat.

Bigarrena espero dut gaur konpontzea, jada konponduta ez badago, baina oso urduri nago. Zerbait gaizki egin izanaren sentsazioa daukat, besteek egin dutenaren berdina egin dudanean, ezer ez alegia. Baina nondik begiratzen duzun gauzak desberdin ikusten dira. Eta izaeraren arabera garrantzia kentzen diozu, edo nik bezala bueltaka eduki gaiztotu arte.

Banoa dutxara eta kalera, ea udaberriko giro epel honek aldartea alaitzen didan.

Asteburu on!

 

2025/04/04

APIRILAK 4 (asexual)

Izaki asexuala dirudi

Libidoa itzalita du aspaldi

Ez du lortzen eszitatzerik

Ez du sexurako gogorik

Aspaldi kendu zioten

Desiorako gaitasuna erauzi

 

Ez du sinisten inorentzat

erakargarri izan daitekeenik

Kaletik doala ikusezina sentitzen da

Arrunta, grisa, ohargabekoa

Pelikulako estra

Betelana egiteko munduratutakoa

 

Gaur titiburuak gogor esnatu da

Alua heze, klitoria hanpatua

Ukitu egin da hasperen eginez

Plazera sentitu aspaldiko partez

Eta orgasmora heltzean

Negar egin du

Bizirik dela ospatuz

Gozatzeko ahalmena

Hautsezina dela ohartuz

  

2025/04/03

APIRILAK 3 (burua galdu dugu)

Gizakion bilakaerak hondamendira garamatzala ez dago zalantzarik, hori da nire ustea bederen. Gero eta gauza ulergaitzagoak eta zentzugabeagoak egiten ditugula iruditzen zait, horretarako ziurrenik arrazoi desberdinak ditugularik, baina izugarria da.

Demagun gure hezkuntza sistema publikoa kolokan dagoela, gauza asko daudela hobetzeko eta bertako irakaslegoak greba egiten duela, bederatzi egunez, kontzentrazioak eta manifestazioak eginez euren aldarrikapenak adierazteko.

Demagun emakume batek beste herrialde eta ekosistema bateko loro bat duela etxe-animalia gisa. Demagun loroa sare-sozialetan bideoak egiteko erabiltzen duela. Demagun txoria, ziurrenik nazka eginda, etxetik eskapu egiten diola.

Lehenak jendartean kezka sortzen duen gaia beharko luke, guztion interesekoa, gure ondorengoen heziketa eta formazio-maila jokoan daudelako. Gurasoek nahiko lukete jakin zer gertatzen ari den, zergatik, irakasleen eskakizunak entzun beharko lituzkete, afera ez baita berekoikeriatik egindako zerbait, eta konponbidearen aldeko aldarrikapena egin beharko litzateke. Eta horretarako, berriak zabaltzeko, medioak ditugu batzuk pribatuak, besteak publikoak, denon zerbitzura beharko luketenak.

Euskal telebistako informatiboetan azken egunetan denbora gehiago eskaini diote Loiolako loroari hezkuntza sistema publikoaren aferari baino. Ez dut kronometratu, baina hala ez bada, antzeko denborak eskaini zaizkio.

Burutik eginda al gaude? Ez noa besterik esatera, bakoitzak egin dezala bere hausnarketa.

 

Egun ona izan! 

2025/04/02

APIRILAK 2 (ezabatu)

Beste behin ere gaizki egin dut lo, atzo sortu pilota bueltaka aritu zait erraietan, deskantsua eragotziz. Ezinegon honi buelta eman behar diot jasangaitza baita. Nire terapeutak zerrenda bat osatzeko aholkatu dit, ezabatu beharreko kontu eta sentimendu guztiak adieraziz, haiek kanporatzeko lehen urratsa omen da. Eta zer da nire gogotik ezabatu behar dudana?

Akaso nire ametsak eta zure begiradak

Behar bada nire zurekiko Desioa

baita zure nirekiko ustezko desio faltsua ere

Ezabatu behar dut gure arteko ustezko feelinga

eta zurekiko dudan gogoa

Itxaropena edota mina eragiten duten hitzak eta ekintzak ezabatu

Ezabatu zure irribarrea

baita nire iruditerian sortu dudan ustezko joko hau

Eragin didazun lilura nire barrutik erauzi behar dut

eta ezabatu mezuak eta muxuak

Gaizki ulertuak ahaztu beharko nituzke

eta nire begiratzeko modua aldatu

Gauza gehiago izango dira ezabatu beharrekoak, horiekin hasiko naiz besterik ez bada, ea formulak funtzionatzen duen.
Eta zuk ba al duzu ezer ezabatzeko? 

2025/04/01

APIRILAK 1 (kulpak)

Ez dut aldarte onez hasi hilabetea. Egunaren hasierak itxura ona zuen, udaberriko egun sano horietako bat, itzaletan fresko eguzkitan epel, zerua urdina, bizikleta hartuz Donostiarako bidea gustura egiteko modukoa. Hala hasi naiz, baina arrazoi desberdinak medio lau sentimendu desberdin, ez oso positibo, sortu zaizkit erraietan: amorrua, haserrea, tristura eta mina.
Oraintxe bertan izugarrizko korapiloa daukat, eta pertsona batzuei hainbat kontu aurpegiratu nahiko nizkieke, baina ezin dut, batetik ez naizelako ausartzen, bestetik ez dudalako konfrontaziorik nahi.

Bakoitzak bere zaborra jan dezala dio nire gustuko kanta batek, jan baino, ni dagoena digeritzen ahaleginduko naiz, eta sortutako hondarrak ahalik eta azkarren kanporatzen, haserre, amorru, tristura eta min honekin ezinezkoa baita aurrera egitea.

Egun on guztioi!