2024/07/31

UZTAILAK 31 (autobus gorria)

Egun batzuetan gauzak ez dira nahi duzun moduan ateratzen. 

Herenegun hondartzara autoz joateko asmoa neukan eta madarikatuak ez zuen arrankatu.

Atzo kotxerik ez eta bizikletaz joatea erabaki nuen. Ekaitzak harrapatu ninduen bueltan, ez nintzen gehiegi busti, baina zorte txarra behar da gero.

Gaur hondartzara doan bederatziak eta laurdeneko busa hartzera joan eta, jai eguna zela eta, laurden gutxi arte ez zegoen busik.

Jai eguna, San Inazio, Jesusen konpainiaren sortzailea, odoltzale hiltzaile bat, gure herrialdeko patroia, terrorismoaz etengabe hitz egiten duten horiek mezetara errezatzera joateko eguna. Gai horrek luzerako eman dezake, eta ez da hori gaur hona ekarri nauena.

Beraz, ordu erdiz zain egon baino, Loiolan barrena doan bederatziak eta laurdenetako busa hartzea erabaki dut.

Eta konturatu gabe, hiru ordu laurden luzez, nire haurtzarora bidai bat egin dut, bidai ia-ia amnesikoa, noiz eta saninazio egunean, auzo horretako jaia den egunean. Zeren ez dizuet esan, baina nire ama Loiolakoa zen, eta txikitan, igandero eta saninazio egunean, Loiolara joaten ginen eguerdi pasa aiton-amonak bisitatzera autobus gorrian.

Beti gorrotatu izan dut autobus gorria, orain BU 12 deitzen den hori.

Hasteko, geldialdi gehiegi dauzka. Denbora gehiago pasatzen du geldirik mugitzen baino. Guk lehen geltokian hartzen genuen busa eta eserita joaten ginen. Baina ibilbidea aurrera joan ahala, autobusa betetzen zen heinean, giroa kargatzen joaten zen. Zaila zait deskribatzea, baina autobus hartan igotzen ziren gizon eta emakumeak larritasuneraino perfumaturik zihoazen. Perfume sarkor eta gogaikarriak ziren, sudur-hobietan pegaturik geratzen diren horietakoak, buruko mina eragiten dizutenak, berez nahikoa luzea zen bidaia eternala bihurtzen zutenak. Perfume MaƱu deitzen genion anai-arrebok, gure amonaren ahizparen usaina gogoan.

Loiolara heldu, eta zer egiten genuen ez dut oso ondo oroitzen. Anaiek bai edukiko dituztela detaile guztiak, haiek nik jaso ez dudan memoria guztia eskuratu baitute, patuak gauza asko eman baitizkit, baina memoria ez da horietako bat izan.

Beraz, atzera buelta bat izan dut, autobus gorrian saninazio egunean. Jada ez da geratzen antzinako lurrinen arrastorik. Aire girotua topera zegoen jarrita, eta busera igo diren pertsonen tipologia ere zeharo aldatu da.  Baina, geldialdi kopurua ez da aldatu, esango nuke bikoiztu egin dela, eta orduan jabetu naiz zergatik gorroto dudan sekula hartzen ez dudan autobus hori.

2024/07/30

UZTAILAK 30 (lehen hilabetea)

Lehen hilabetea

Bizitzari aurre egiteko

Bizitzeari ekiteko

Neure burua neurtzeko

Negar eta barre egiteko

Bakardadea sentitzeko

Lagunak maitatzeko

Inguratzen gaituenaz gozatzeko

Amets egiteko

 

Lehen hilabetea

zu ikusi gabe

zu ikusteko esperantzarik gabe

zu gabe

zure irudia ametsetan soilik

ia egunero

irudi lauso bat

oroitzapen bat

ilusio txiki bat

 

Lehen hilabetea

Amets berriak sortzeko

Bidegurutzean erabakitzeko

Tren berriak hartzeko

Edo pasatzen uzteko

Esperantza ez galtzeko

Bidean elkartuko garela amesteko

Edo, zein krudela den bizitza,

sekula ez garela elkartuko onartzeko.


2024/07/29

UZTAILAK 29 (zertarako poesia)

 

Eta zertarako poesia? Galdetu du maitaleak


Zuk sentiarazten didazuna adierazteko

Ez zaudenean nola sentitzen naizen ulertzeko

Zaudenean nire zozokeriaz jabetzeko

Itsutu egiten nauzula ikusteko

Nire burua zurearen gainetik maitatu behar dudala ohartzeko

 

Eta maitaleak munduko poema liburu guztiak erre ditu

ohartu gabe poesia norberaren barruan topa daitekeela

non bilatu jakinez gero.

UZTAILAK 28 (berandu nabil)

Ak telegram bat bidali dit esanez ez dudala idatzi. Teknikoki jada astelehena da, baina oraindik oheratu ez naizenez orain doa gaurkoa (edo atzokoa).

Kasik egun guztia etxetik kanpo igaro dut, paseoan, hondartzan, musika entzuten jazzaldian eta, eguna amaitzeko lagun batekin geratua nengoen afaritarako, eta lagunak egunerokoak baino inportanteagoak dira nire uste apalean.

Gauzak horrela, ez dut asti gehiegirik zerbait sakona idazteko orain, beraz, erabakita neukan gaurkoan zerrenda bat zihoala. Eta hala doa. Interesatzen zaizkidan gaien zerrenda, idatzi nahi dudan gaien zerrenda.

Abertzaletasuna, adimen artifiziala, adina, aisialdia, aitatasuna, aldaketa klimatikoa, amatasuna, askatasuna, ausardia, bakardadea, bekaizkeria, beldurra, berdintasuna, bidaiak, bikoteak, bikote-harremanak, biolentzia, borregismoa, edertasuna, ekologismoa, elkartasuna, epeltasuna, erakargarritasuna, erakarpena, errespetua, faltsukeria, familia, familia-ereduak, feminismoa, fobiak, gentrifikazioa, gerra, gizarte-ereduak, gorputza, gorrotoa, hezkuntza eta hizkuntza, hipokresia, hoztasuna, independentzia, (in)justizia, jeloskortasuna, kirola, kultura, laguntasuna, leialtasuna, literatura, lotsa, maitasuna, mendia, natura, naziotasuna, pasioa, politika, sare sozialak, sexua, sozialismoa, zahartzaroa, zaletasunak, zinema, zintzotasuna, zuritasuna.

Ziur gai interesgarri eta -tasun ugari eskapatu zaidala, beraz, irakurle, bidal iezadazu zure ekarpena.

Aldez aurretik milesker eta gabon!

2024/07/27

UZTAILAK 27 (mediterraneo)

 

Eguzkiak itzali du

gaueko iluntasuna

inguruan dena da ur

irla batean baleude

 

Beroa, egarria, gosea

beste ezer kabitzen ez den ontzi mengelean

 

Ozeano zabalaren erdian

lur bila

mundu hobe baten bila

libre izango diren leku baten bila

 

Eta berriz ere gaua heldu da

Mediterraneoaren erdian

 

Eta hondoratu aurretik

inork topatuko dituen esperantzaz

lokartu da umea

ama gaztearen besoetan.

2024/07/26

UZTAILAK 26 (konpontzaile bila)

Atzo bineta bat ikusi nuen feizbukian. Gizon bati bihotzekoak ematen zion, eta beste bat laguntza eske zihoanean, inguruko gazteak denak ziren edo influencerrak, edo youtuberrak, edo eduki-sortzaileak… Grazia handia eragin zidan eta, ondoren, zer pentsatua ere.

Horrelako zintek egoerak esajeratu egiten dituzte, baina egia dena da gure profilak nabarmen aldatzen ari direla, eta gure jendarteak arazo larri bat duela. Ez naiz mediku faltaz ari, langile kualifikatuez baizik.

Astakilo samarra naiz, eta atzo sukaldetik terrazara doan atea literalki blokeatu egin nuen, ez atzera ez aurrera ezin zabalik geratu nintzelarik. Nire amarekin akordatu nintzen. Hark berehala esango zuen halakori deituko diogu konpondu dezan. Bere konpontzaile, edo elektrizista, edo iturgin, edo igeltsero, edo arotz, horiek guztiak aspaldi jubilatu ziren, eta nik, horrelakoetan, ez dakit inoiz nori deitu.

Eta orduan ikusi nuen feizbukeko zinta hura, eta pentsatzen jarri nintzen zein gaizki egiten ari garen gauzak. Denok nahi dugu dirua erraz irabazi lan gutxi eginda, eta, ahal dela, eskuak zikindu gabe. Badirudi lan horiek ez direla duinak, edo ez dutela nahikoa kategoriarik, edo ez dakit nik zein gauza arraro. Familia bati bere seme-alabarentzat ofizio bat ikastea aholkatzen diozunean haserretu egiten dira kasik, batxilergoa ikasi behar dutela eta, ahal dela, unibertsitatera joan. Eta diot nik, zertarako behar ditugu horrenbeste unibertsitario eguneroko kontu txikiak konpontzeko gai ez den gizarte batean?

Denok ez gara berdinak, pertsona batzuk ikasteko balio dute, beste batzuk ez, eta horrek ez du txarretik ezer. Jendarte orekatu bat lortzeko mota guztietako pertsonak, formazioak eta kualifikazioak behar ditugu, eta guztiak dute duintasun berdina, jendartearekiko ardura-maila desberdina izan arren.

Eta hemen nabil, terrazarako atea ezin zabaldu, paginas amarillasen faltan, sarean konpontzaile bat bilatzen nire etxe inguruan. Ea nahi gabe beste zerbait konpontzeko norbait topatzen dudan, ai ama…

Egun ona izan!

2024/07/25

UZTAILAK 25 (dena dago salgai)

Azken garaietan gero eta ugariagoak dira turismoaren aurkako protestak mundu zabalean. 

Garai batean soilik aberatsek bidaiatzen zuten plazerez. Baina, gure gastatzeko ahalmena hobetzen joan den heinean, turismoa edo bidaiatzea demokratizatu egin da, unibertsalizatu egin da, denon eskura dagoen zerbait bihurtu da, bidaiatzeko modu asko egon dauden arren.  Euskal Herrian bizi den klase ertaineko norbanakoei buruz ari naiz, beti ere. Jada ezin dugu bidaiatu gabe bizi. Zenbat eta urrutiago joan, orduan eta hobe.

Gauza bera gertatzen da ekitaldiekin, izan kontzertu bat, izan jaialdi bat, izan pilota edo futbol partida bat, izan bakailao-astea. Ez bazaude, ez baduzu parte hartzen, ez zara ezer.

Txotxolotuta gaude.

Urtebeteko aurrerapenarekin erosten ditugu kontzertu baterako sarrerak, jakin gabe urtebete barru non egongo garen, edo bizirik jarraituko dugun. Antsietatez jartzen gara ordenagailu aurrean goizeko bederatziak bost gutxiagotan gure sarrerak erostera, eta sarea blokeatu egiten dugu, eta amorratu egiten gara ez dugulako guk eta mundu guztiak nahi zituen horiek lortu. Baina, zenbat dauka horrek benetako gogotik, eta zenbat jendarteak eragindako beharretik?

Nire lagun batek esaten duen moduan, eskuetatik joaten ari zaigu, ez bazaigu jada guztiz joan. Gure BPGa turismoan oinarritzen bada dena salgai jartzeko beharrean gaude, eta saltze horrek masiboa behar du, beharra eragin behar du, antsietatea sortarazi behar digu, eta horrela goaz  elikatzen horrenbeste amorratzen digun sistema, antisistema garela saltzen dugun bitartean.

Badakit gaia konplexua dela, baina kezkagarria ere bada. Nondik gatoz eta nora goaz? Zein gizarte-eredu eraikitzen ari gara? Ondo bizi nahi izatea eta aisialdiaz disfrutatzea gauza bat da, baina ez al gara borregismoan jausten ari?

Gaiarekin jarraituko dut besteren batean, luzerako ematen baitu. Bitartean, atzo Izaron kontzertua galdu nuen arren, ea gaur Jazzaldira hurbiltzen naizen, ni ere guzti honen parte naizela sentitzeko, une batez bada ere.

(Oharra: urteetan egin diren Jazzaldia bezalako jaialdiak egitearen aldekoa naiz. Gustuko ez dudana da horiekiko daukagun jarrera. Mundu guztiak entzuten al du jazza bere etxean bakardadean? Horretaz ari naiz.)

2024/07/24

UZTAILAK 24 (transkripzioa)

Etxera bueltarekin batera, ordenagailu aurrean jarri naiz.

Aurreko egunetan idazten jarraitu dut, baina mapa baten atzealdeko alde zurian. Lagunek emandako ideiez eta bidean ateratako kontuez hornitu naiz, egunerokoaren aletxo horiek idazteko.

Badakizu nire helburua gauza xume bat egitea dela, beti ere nire buruari paper zuriaren, edota pantailaren aurrean jartzera behartuz, eta egun hauetan denbora gutxi hartu dut ganorazko zerbait idazteko, beraz atera dena doa, dena jarraian, bost egunekoa egun bakarrean, zuzenketa txiki batzuk eginez soilik.

Honen bidez eskerrak eman nahi dizkiet egun hauetan bidaide izan ditudanei. Haien umorea tristuraren kontrako antidoto bat delako beti, inspirazio bat direlako, barrez leher arazi egiten didatelako.

Zer egingo dut bihartik aurrera? Ba bihar, berriz ere, ordenagailu aurrean jarriko naiz nire erronka honekin aurrera jarraitzeko, eta ametsetan bilatuko dut nire inspirazio iturria, ametsetan edota nire gorputzeko toki ezkuturen batean. 

Bitartean ondoloin. Amets politak izan!

UZTAILAK 23 (oporrak lagunekin)

Gure lau egunetako ibilaldia amaituta herri batera jaitsi gara eguna pasatzera. Eguraldi bikaina zegoenez bertako igerilekura joan gara, eta, hara sorpresa, sauna eta spa txiki bat zeuden bertan. Amaitu dira gure opor prekarioak, bueltatu gara gure bizimodu burgesera. 

Eguneko menu bat jan dugu jatetxe majo batean; igerilekuan luze batzuk egin ditugu uraren presioak gure muskuluak erlaxa ditzan eta, ondoren, ur beroko jacuzzian sartu gara, txorro bat hemendik, txorro bat handik,  kontrakturak ekiditeko; saunan sartu gara toxina batzuk eliminatzeko asmotan; belarretan etzan gara eguzki-izpiak jasoz; hotel batera joan eta dutxa bero bat hartu dugu, kaleko arropa garbiak jantziz, eta, amaitzeko, poteatzera joan gara, gure lau egunetako ekintzaz harro.

Zibilizaziora bueltan, oso gustura ibili garen arren, azkar ahaztu dugu prekarietatea, eta berehala ohitu gara, guretzat oinarrizkoak eta ohikoak diren pribilegio horietara.

Baina bizitza halakoa da. Beste batzuen aldean oso aberatsak izan arren, guretzat ohikoak diren oinarrizko beharrak ez dira pribilegio, minimo baizik, eta haien eskasian gabiltzan egunetan ia-ia heroi sentitzen gara gure baitarako, horren inolako agerpenik egin ez arren. Horrek ongi sentiarazi egiten gaitu, gure bizimodu askotan aspergarriari pizgarri bat ematen dio, egunerokoari beste balio bat emanez, tarte txiki batez bada ere.

Eta udako oporraldiari opor usaina eman diogu estreinakoz, lagunekin partekatutako une eta egun horiei esker. Eta barre egin dugu Jenny, Sindy eta Mari Carmeni esker, eta gustatzen zaigun horretaz elkarrekin disfrutatu dugu, bizitzeari eta bizitzari balioa emanez.

Hurrengoaren zain geratuko gara, baina bitartean bizitzen jarraituko dugu.

UZTAILAK 22 (balora dezagun daukaguna)

Hiru egunez menditik zabiltzala, aterpez aterpe, kamiseta kendu eta jantzi, kuleroak kendu eta jantzi, justu-justu aldatzeko arropak gainean daramatzazula, zerbait hotza kentzeko, beste zerbait euriaz babesteko; edateko ura justua, janaria oinarrizkoa. Egun batzuk horrela zabiltzala, zure helmugara heltzean eskertzen duzu dutxa bero bat, kaƱa bat, ura freskoa, koltxoi bat lo egiteko, epeltasun apur bat hotza kentzeko, freskotasun apur bat beroaz babesteko, afari bero bat, kafe bat… Egunero gure etxean ditugun gauza horiek, baina baliorik ematen ez diegun horiexek eskertzen ditugu.

Gaur lehertuta heldu naiz, erreta literalki, ia-ia intsolazio batek jota, erdi mareatuta. Baina heldu ahala dutxa bat hartzeko aukera izan dut, garagardo bat edatekoa; koltxoi bat nuen atseden hartzeko, lo egiteko beste kontu bat izango da, egun hauetan zurrunkek ez baitidate uzten loa guztiz hartzen, eta hori guztia paraje ezin hobean.

Beraz, ernegatuta heldu arren, gauza horiek baloratzeko tarte bat hartu dut, eta nire aldartea pixkanaka aldatzen joan da.

Orain espero dudan gauza bakarra da afaltzeko dilistak ez izatea, hiru egunetatik bitan izan baititugu.

UZTAILAK 21 (aszensorean?)

Atzo izugarrizko beroa egin zuen. Hemeretzi kilometroko etapa egin genuen, baina gainean generaman ur guztia edan genuen helmugara iritsi aurretik, kasik deshidrataturik bukatuz. Eskerrak aterpean garagardoa eta ur freskoa zegoen, galdutako guztia azkar asko errekuperatu genuen.

Gaur lainotuta esnatu da eguna, halere, ez genuen euria espero. Baina ibiltzen hasi ahala, kapak ipintzen hasi gara. Hasieran behe lainoa zirudiena zirimiria bilakatu da, eta, geroago,  euria, euria, euria, euria. Hotza, haizea, hezetasuna, eguna desatsegin jarri da benetan.

Bidea zoragarria zen, baina ez genuen lau metrotara ezer ikusten, eta eguna errematatzeko galdu egin gara, hogeita bat kilometro izen behar zirenak hogeitasei bilakatuz.

Atzo eta gaur artean eguraldiak askorako eman digu, kexatzeko beroarengatik, kexatzeko giro eskasarengatik. Bazirudien izugarrizko parajeetan barna ibili beharrean, aszensorean gindoazela auzokoarekin berbetan.

Gauza da inoiz ez duela denen gustura botatzen. Eta bihar zer? Hirugarren etapako kronikan kontatuko, ala ez.

UZTAILAK 20 (jesusen bide(t)a)

Gaur lagun talde bat mendira abiatu gara trabesia bat egiteko asmotan. Eguna beroa zen, baina goiz hasi gara oinez, eta ilusio handiz ekin diogu gure urteroko ibilaldiari. Baina Jesusen bideak anitzak dira, eta eguna ez dugu ondo amaitu. Gutako batek ozta-ozta lortu du etapa amaitzea, eta abentura laga beharko du. Belauna xixko eginda dauka, eta koloneko gaitz batek ahuldadea eragin dio azken egunetan, gaurko beroak pott eginarazi dion arte.

Eta bere koloneko gaitzak eragindako komunerako joan-etorriek zer pentsatua eman digute bidean, edo bidetan, edota  garai batean gure komunetan egoten zen, eta ez dakit zer praktikotasun faltagatik kentzeko joera izan dugun osagarri horren inguruan.  Zeren ez didazue esango bideta dela komunean egon den tresnarik ekologikoena. Baina, pisa, edo kaka, edo hilekoaren arrastoak urarekin garbitzeko aukera ematen digun hori, ozeanoak kutsatzen dituzten toallita umelengatik ordezkatzeko joera izan dugu.

Herri musulmanetara bidaiatzean ikus dezakezu bideta edo ur-txorrota erabiltzen dutela euren parte intimoenak garbitzeko, eta guk, modernitatearen izenean, biodegradagarria ez den zelulosazko gauza arraro bat sartu dugu gure bizitzetan, bestea zikinegia edo eskatalitikoegia iruditzen zaigulako.

Zoratuta daude (gaude) lehen munduko zuri kristau mendebaldar hauek. Jarrai dezagun bide(t)a erabiltzen, eta, bide batez, bide(t) on Jesus!

2024/07/19

UZTAILAK 19 (zertarako)

 

Zertarako idatzi ez bazaitu inork irakurtzen?

Zertarako idatzi zure iritzia ez bazaio inori interesatzen?

Zertarako eragin buruari, munduak bere horretan jarraituko badu?

Zertarako protestatu, inork kasurik egingo ez badizu?

Zertarako bozkatu, zure bozkak ez badu gauzen ordena aldatuko?

Zertarako birziklatu, zure zaborra erraustegi kutsakorretan badute erreko?

Zertarako ikasi, mundua lau jauntxo ezjakinen eskuetan egongo dela badakizu?

Zertarako negar egin, zure malkoak itsaso zabalean desagertzeko?

Zertarako maitatu, maitasun hori ez bada bueltan etorriko?

Zertarako?

 

Mundua leku hobea izan daitekeelako

Idatzi

Pentsatu

Protestatu

Ingurumena zaindu

Ikasi

Irakurri

Negar egin

eta maitatu

bereziki maitatu

Maitatu natura, lagunak, familia

maitatu egiten duzuna

maitatu albokoa eta urrutiago dagoena

 

Soilik maitasunetik aldatu ahal izango dugu mundu krudel hau.

2024/07/18

UZTAILAK 18 (adinarekin bueltaka)

Berrogeita hamabost urte ditut. Bai, badakit adinean aurrera noala, baina oraindik gauza asko dauzkat egiteko eta ikusteko, bizirik jarraitzen dudan bitartean behinik behin.

Atzo A-rekin joan nintzen mendira. Berrogeita zazpi urte dauzka. Ondo moldatzen gara. Gauza asko ditugu komunean, eta inportanteena dena da, elkar entzun eta errespetatzeko gaitasuna daukagula, bestea epaitu gabe. San Ferminetan ere elkarrekin izan ginen parrandan eta ederki ibili ginen.

Bihar A, B, C, D eta E-rekin noa lau eguneko trabesia bat egitera. Hiru gizon eta hiru emakume gara. Gazteenaren eta zaharrenaren artean hemezortzi urteko aldea dago, baina ederki pasatzen dugu elkarrekin. Giro ona daukagu, eta lehen esaten nuen antzera, gauzak komunean dauzkagu, zaletasunak, ideiak, ondo pasatzeko gogoa.

Aste santuan F-rekin egon nintzen oporretan. F-k nik baino hamar urte gehiago dauzka, baina oso ondo moldatzen gara elkarrekin. Beti errespetutik eta gauzak partekatzeko txiparekin joaten gara, eta ederki pasatzen dugu.

Adina ez da arazo gustura egotea duzunean helburu. Jendearekin lotzen gaituena ez da adin berdina edukitzea, elkarrekin partekatzen ditugun gauzak baizik.

Lehen aipatu ditudanekin gauza asko lotzen naute. Lehena eta inportanteena, ziur aski, ideiak. Ondoren zaletasunak; izan mendia, izan musika, izan bidaiatzeko grina, izan gauza eta pertsona berriak ezagutzeko nahia.

Baina harreman intimoetara jotzen badugu, arazo larri bat dugu emakume heterosexualek. Berdintasunean aurrera pauso handiak ematen ari diren honetan, emakume eta gizonen arteko adin tartean jarraitzen dugu guztiz atzerakoiak izaten. A-k esaten dit, ligatu nahi badut gezurra esan behar dudala, kontran, ni baino gazteagoak diren tipoek berehala ihes egingo dutela. Are gehiago nahi dudana harreman serio bat izatea bada. Atso zahar bat iruditzen natzaie adina esanda, nahiz eta lehen bistan kontrakoa antzeman. Eta ezin dut ulertu. Partekatzeko gauzak baldin badituzu, zein garrantzia du zein den gazteago eta zein zaharrago?

Ez dut jendea adinarengatik epaitzen, esan bezala, komunean ditugun gauzen arabera konektatzen dut, ala ez. Baina egia dena da, nagoen une bitalean gizon gazteagoek erakartzen nautela oro har, haiekin gauza gehiago partekatzeko ditudala iruditzen zaidalako, baina gizarteak ni baino zaharragoak diren pertsonak bilatzera bultzatzen nau.

Sare sozialen bitartez ligatzeko saiakerak egin ditudanean, aspaldi utzia daukat bide hori, aiton zaharrak agertu izan zaizkit bikote posible bezala, eta amorratu egiten naiz.

Emaztea hamahiru urte gazteagoa duen lagun bati esan nion hamahiru urte gazteago zen tipo bat gustuko nuela. Aurpegi arraro batez begiratu eta zera esan zidan: guri neska gazteagoak gustatzen zaizkigu, eta lasai lasai geratu zen. Gizon guztien izenean hitz egiten ari zela zirudien. Halako adierazpen kategorikoak. Eta normalizatua daukagu gizon zaharragoak neska gazteekin egotea, haien arteko harremanak iraunkorrak izatea, baina alderantziz denean jarraitzen dugu emaztea demonizatzen.

Nazkatuta nago bizi dugun hipokresiaz. Oso aurrerakoiak gara, baina nahi dugun gaietarako soilik.

Nik espero dudana da maitemintzen jarraitzea, bestearen adinean erreparatu gabe, eta beste partetik ere hala gertatzea, inoiz match bat lortu arte.

Amaitzeko aurrekoan IruƱean ezagututako pertsonai batek botatako esaldia ekarri nahi dut gogora:

 “El mar tambiĆ©n es viejo, pero se mueve”

2024/07/17

UZTAILAK 17 (aspertzen ikasi)

Atzokoa egun goibela izan zen. Giroa grisa zegoen eta neu ere halaxe pasa nuen eguna. Ezer berezirik egin gabe. Telebista jarri, baina atentzio handia eman gabe. Mugikorra begiratu uatsapa, telegrama, Xa, instagrama, feizbuka, ea norbaitek idatzi zidan, aleik ez. Berriz ere atentzioa telebistan jartzen saiatu, baina ez zegoen modurik. Sentitzen nuen egun eta ordu zoragarri batzuk eskuetatik ihes egiten ari zitzaizkidala. Eta ordu horiek liburu bat irakurtzen, edota etxeko lanak egiten, edota luzaketa eta arnasketa batzuk egiten, edo besterik aspertzen pasa beharrean, buruari bueltaka pasa nuen arratsaldea, nitaz errukituz, planik ez nuela behin eta berriro nire buruari gogoratuz.

Horrelako zenbat egun bizitzan. Baina lasai egon beharrean, eta daukagun guztia baloratu eta gure barne-bakean zentratu beharrean zer egiten dugu, gure burua torturatu.

Gure gazteekin ere antzera gertatzen da gaur egun. Bizi garen ongizate-estatu honetan, badirudi ahalik eta lan gutxien egin behar dela, eta aisialdia erabat beteta izan behar dugula. Ahal dela planez betetako egunak behar ditugu. Eta bestela berdin da txateatzen pasatzen dugun eguna, edo TikTokerako bideoak egiten edo ikusten, edo apostuak online egiten, baina etxean bakarrik lasai egotea badirudi sakrilegio bat dela. Sare sozialetan ikusten ditugun egoera zoragarri horiek guztiak guretzat nahi ditugu, ohartu gabe, sareetan, normalean, bakarrik une alai eta zoriontsuak partekatzen ditugula.

Beraz, utz ditzagun mugikorrak tarte batzuetan, goza dezagun momentua gauza normalak eginez, eta ikas dezagun aspertzen. Besteak beste, etorkizun hurbil baterako mesedegarri izango zaigu.  

2024/07/16

UZTAILAK 16 (hizkuntzarekin bueltaka)

Atzoko gaiari tiraka, lehengoan Xn (lehengo twitterren) txio bat irakurri nuen. Bertan Yamal izeneko futbolari hori katalanez ageri zen berbetan, eta txiolariak zion Nico euskaraz entzutea ezinezkoa zela, edo ia noizko, edo antzeko zerbait. Bere kontrako ahotsak berehala altxatu ziren. Arrazakeriaz akusatzen zuten. Beltza ez balitz ez lituzkeela horrelakoak esango, eta ez dakit zenbat gauza gehiago.

Nik ez dakit zein zen txiolariaren helburua, txiolaria bera zein den ez baitakit, baina zer pentsatua eragin zidan. Eta bere hitzak nire erara interpretatu nituen, nire iritzira ekarriz.

Hezkuntzan aritzen naiz, nerabeekin. Badakit zein den gure errealitate linguistikoa, eta badakit euskararen egoera, erabileran, ez doala hobera. Egia borobila dena zera da: agian Katalunian gazteek, beltzak ala zuriak, horiak ala gorriak, katalanez ikasten dutela beharra daukatelako, bestela hainbat eremutan komunikatzeko arazoak izango dituztelako. Gurean, zoritxarrez, ez da horrela gertatzen. Gure arnas guneak ez dira oso ugariak, eta egun bizi zaitezke euskara jakin gabe, guk nahi ala ez. Irakaskuntzan saiatzen gara gure hizkuntza bultzatzen, baina ikastetxe asko ere arnas gune izateari utzi diote, eta irakasleok gaztelania hutsean zuzentzen zaizkigun ikasleekin aritu behar gara egunero, gero eta gehiagotan.

Ez da makala aurrean daukagun erronka. Nik ez daukat soluziorik, nahiko nuke ideia magikorik izatea, baina ez daukat. Erreferenteak sortzen ahalegintzen gara, baina emaitza ez da guk espero duguna.

Ez dut pesimista izan nahi, baina beltza dago panorama. Horregatik ulertzen dut txiolari horrek zioena, ez dugula kanpotik etorritako hainbaten seme-alabarik euskara perfektuan entzungo, bertan jaiotakoen seme-alaben kopuru handi batek,  egiten ez badu.

Komunikatzeko ez dute euskararen beharrik. Hori da gure errealitate tristea eta gordina.

2024/07/15

UZTAILAK 15 (itzali telebista)

Egun on!

Gaur aholku batekin natorkizue. Hego Euskal Herriko biztanleok itzali telebista mesedez, edo hobe oraindik ez piztu. Egun hauetan izugarrizko matraka emango digute kate espainolek. 

Alcarazek Wimbledon irabazi du bigarren aldiz hogeitabat urterekin, erraz gainera, dena esan beharra dago.

Espainiako futbol selekzioak eurokopa irabazi du. Gainera, Nico Williamsek eta Oiartzabalek sartu dituzte golak. Hori anekdotikoa litzateke, baina niri gustu txarreko broma bat iruditzen zait.

Eta hemen gaude independentistak zer egin ez dakigula. Ze barkatuko didazue, baina euskaldun naziotasunean sinisten dugunok arazo larri bat daukagu, gero eta larriagoa. Nazioaren ikuspegiak eta proiektuak gero eta jarraitzaile gutxiago dituela iruditzen zait, hauteskundeetako emaitzek kontrakoa esaten diguten arren.

Atzo Hernanin etxaferuak eta oihuak entzun nituen partida amaitu zenean. Hernanin, ez Irunen edo Lasarten. Hondarribin gazte kuadrilla bat zihoan Espainia Espainia oihuka kaletik. Eta horrela, zenbat adibide?

Kirola gauza bat da bai, eta nazioa bestea. Baina bata bestearen ukapenaren adierazlea bihurtzen denean, posizionatu beharra dago, ez dago epeltasunetan ibiltzerik.

Nik oso argi daukat. Neurea Euskal Selekzioa, sei herrialdeetako jokalariak hartzen dituena. 

Bitartean, itzali telebista!

2024/07/14

UZTAILAK 14 (afera)

 

Uztailak 14 (afera)

Hitz bat

begirada bat

keinu bat

agur bat.

 

Pentsamendu bat

desio bat

mezu bat

dei bat.

 

Muxu bat

besarkada bat

isilune  bat

laster arte bat.

 

Hitzik ez

begirada goxo bat

keinu irribarretsu bat

betirako agurra.

2024/07/13

UZTAILAK 13 (trainning, entrenatzen)

Teknologiarekin jaio direnentzat gaur egun ditugun aparatu guztiak normalak dira. Gaztetxoek  ez dute kuestionatzen nola den posible gure antipodetan dagoen norbaitekin bideo-dei bat izatea ia aldi berean, haren aurpegia ikusiz eta bere ahotsa entzunez. Uhinak dira, fisika, baina ez esan ez duela magikotik zerbait.

Denok ohitu gara teknologia berri horiek erabiltzera, eta ni ez naiz gutxiago. Tresna horiei esker antzinako fisikariek sekula imajinatuko ez luketen informazioa eskura dezakegu instantean. Tartean, mendi buelta ematera zoazenean neur daitezkeen magnitude fisiko ia guztiak. Nik nire garmina martxan jartzen dut irteten naizen bakoitzean, eta gaur nire entrenamenduan lortutako datuen berri eman nahi dut, bitxia iruditzen zaidalako, besterik ez, jakinik datuak ez direla guztiz zehatzak.

Aktibitatea: Hernani-Andoain mendiz

Igotako tontorrak:

·        Onddi: 548 m

·        Adarra: 819 m

·        Onddo: 780 m

·        Usobelartza: 673 m

Aktibitate mota: trekkinga
Distantzia: 19,75 km
Batezbesteko erritmoa: 15,59 min/km
Batezbesteko erritmoa mugimenduan: 15,07 min/km
Erritmo onena: 6,31 min/km
Batezbesteko abiadura: 3,8 km/h
Batezbesteko abiadura mugimenduan: 4,0 km/h
Abiadura maximoa: 9,2 km/h
Denbora guztira: 5:15:40
Denbora mugimenduan: 4:58:29
Igoera guztira: 1.161 m
Jaitsiera guztira: 1.114 m
Altuera minimoa: 8 m
Altuera maximoa: 801 m
Gastatutako kaloriak: 1.283 kcal

Datuak, esan bezala, garminak eman dizkit, baina ez du ezer jasotzen norbera nola sentitzen denen inguruan. Buelta ondo egin dut, baina bukaera luze egin zait. Azken malda-beherek adierazi didate azkazalak luzeegiak ditudala, eta hobe dudala lehenbailehen moztea, haietako bat galtzerik nahi ez badut behintzat.

Etxera bueltatu naizenetik ia pausurik ez dut eman. Oinak lehertuta dauzkat, ia bi aste neramatzan ibili gabe eta gorputzak nabari du. Errekuperatzeko ordu batzuk beharko ditut, baina gustura geratu naiz.

Eta eguna amaitzeko garmina kargatzen jarri dut, bihar irtenez gero berriz ere datu guztiak eskuratu ahal izateko.

2024/07/12

UZTAILAK 12 (tximeletak sabelean)

Beti izan naiz oso maitabera. Nerabetan beti nengoen norbaitekin maiteminduta, tximeletak sabelean, gogoa auskalo non, beste planeta batean.

Adinean aurrera goazela maitatzeko gaitasuna ez dakit, baina modua aldatzen doala diote. Nik ere hala pentsatzen nuen, norbait bidean topatzen duzu, eta gustura zaude, eta maite duzu, baina nerabetako zirrara hori ez duzu sentitzen, ez berdin gutxienez. Tximeletak hiltzen joaten dira, beste zerbaiti bide emanez.

Nik ere hala pentsatzen nuen, baina ez. Tximeletak sabelean egon badaude. Kontua da haiek mugi araziko dituen norbait ezagutzea. Hori da zaila. Are zailagoa maitemin hori bi noranzkokoa izatea.  

Berdin dio. Aspaldiko partez tximeletak sabelean sentitu izana, jasotako egurraren ondorioz itzalita uste nuen maitatzeko gaitasuna bizirik dudala ohartzeko balio izan dit. Bizirik nagoela sentitzeko balio izan dit, beste norbaitekin gauzak partekatzeko gai naizela sentitzeko balio izan dit.

Eta bueltan zerbait jaso bitartean, Ruperren kantua ekarriko dut gogora: nor da gogoan daukazuna nor da, lo aurreko zure instanteen jabe nor da…

Eta tximeletak sabelean lokartuko naiz, bizirik nagoela sentituz!

2024/07/11

UZTAILAK 11 (zoriontasunaren bila)

Atzo idatzitakoari tira egin nahi diot, lagun batek egindako komentarioengatik.

Zein da gure helburua bizitzan? Ez naiz jatekorik ez duen pertsonez ari, noski, oinarrizko beharrak asetuta dauzkagun mortalez baizik.

Zein da zure helburua bizitzan irakurle? Nirea zoriontsu izatea da, eta pentsatu nahi dut gutako gehiengoarena ere. Eta zer behar dugu zoriontsuak izateko? Hor dago koxka, hor gakoa, eta horretan parte garen jendarteak eragin handia dauka gugan.

Badirudi zoriontsuak izateko bikote perfektua, seme-alaba perfektuak, finean familia perfektua behar dugula. Behar dugu kuadrilla perfektua zeinakin bazkariak eta afariak egin noizean behin; behar dugu oporretara joan, zenbat eta urrutiago hobe; eta beste hainbat gauza beharrezko bihurtu dizkigute zoriontsu izateko.

Baina nire uste apalean gauza bakarra behar dugu zoriontasunerako: maitatuak sentitzea, desiratuak sentitzea, beharrezko sentitzea, mundu honetan egoteak zentzua duela ikustea. Eta hor sortzen dira gure gabeziak, gure beldurrak, gure minak.

Atzo bikote perfektua ei zuen pertsona bati buruz aritu nintzen. Baina zer gertatzen da harreman batean urteak aurrera joan ahala? Hasierako emozioek, pasioa, desioa, beste batzuei ematen dietela bidea, oreka, egonkortasuna. Emozio berri horiek ez digute bizitzarako grin hori ematen, ohikoak bihurtzen dira, gure bizitza aspergarria edo aspergarriagoa bilakatzen da, eta, tarteka, hortik irtetea behar dugu, bizirik gaudela sentitzeko. Tarteka gaztetako pasioa eta desioa behar ditugu, eta normalean etxean topatzen ez dugun horren bila irteten gara parrandan, jakinik, biharamunean gure familia perfektura itzuliko garela ezer gertatu ez balitz bezala. Baina gertatu da, eta, ziurrenik, berriz ere gertatuko da, jada ez zarelako guztiz zoriontsu.

Zoriontasuna bilatzea ondo dago, baina tarteka triste egotea ere normala da. Gure gabeziak eta tristeziak onartzen eta normalizatzen ikasten dugun unean, zoriontsuago izatea lortuko dugu nire ustetan. Bitartean gozatu une bakoitza eta eman balioa inguruan duzunari, hori baita gure benetako errealitatea, bakarra.

2024/07/10

UZTAILAK 10 (oso gaizki gaude)

Oporraldia ondo hasteko egun batez gure miseriak, tristeziak, arazoak eta penak ahaztu eta parrandan joatea baino gauza hoberik ez da. Halaxe egin genuen atzo lagun batek eta biok, eta non hobe IruƱean baino.

San Ferminetara joan ginen. Gustura ibili ginen, sozializatzen, barre egin genuen, dantza, mozkortu egin ginen eta jende pila batekin hitz egin. Eta konturatu ginen denok dauzkagula miseriak. Jende gehiena haiek ezkutatzen saiatzen da, baina lehenago edo beranduago agerian geratzen zaizkio.

Bizitzatik zoriontasuna gramoka ez kiloka saltzen doan baten batekin egin genuen topo. Bere zorion perfektuaren formula hitzez aireratzen zuen bitartean, kale kantoian nire lagunarekin ligatzen saiatzen zen. Gaixotasunak ekiditeko, alua zelofanarekin jatearen abantailez aritu zitzaion, auskalo zein droga kontsumitu ostean.  Zelofanezko aluak, barkatu? Non geratu da zure hogei urteko harreman, familia, maitasun perfektua?

Oso gaizki gaude. Denok daukagu uneren bat gure bizitza zalantzan jartzen duguna, eta ez du zertan txarra izan, pertsonak gara, hauskorrak gara. Deskonektatzeko, desfasatzeko tarte bat hartzea eta onartzea hori behar dugula sanoa da, terapeutikoa. Horrek ez gaitu pertsona okerragoak egiten. Ezin zara bizitzatik joan perfekzioaren plantak egiten beti, zure miseriak uneren batean azaleratuko direlako, atzo tipo horri azaleratu zitzaizkion moduan.

Nik Oier eta Mikel bezalako futbolariekin hitz egitea nahiago,  haiek ez zuten nire alua jateko inolako asmorik, ezta nik nahi ere. Parrandara irten nintzelako, barre egitera, deskonektatzera, dantzatzera, ez zelofanez estalitako alua jango zidan inoren bila.

2024/07/09

UZTAILAK 9 (sozializatu)


Oporrak hartu ditut. Gaurdanik esan dezaket ez dudala ardurarik epe luze baterako. Ardurak eta betebeharrak nik neuk neure buruari jarriko dizkiodanak izango dira soilik. Eta ni ezagututa ziur jarriko dizkiodala batzuk, besteen artean egunero idazteko zera hau, jada zaila egiten ari zaidana egun batzuetan.

Ez dut utzikeriatan jausi nahi. Diziplina apur bat ezarri nahi diot neure buruari, gogoko ditudan, baina batzuetan behartuta egiten ditudan gauza horietan diziplina. Kirola, bizimodu osasuntsua, irakurtzea, idaztea eta, bereziki, sozializatzea.

Adinean aurrera noala gero eta zailagoa egiten zait sozializatzea. Hori da nire handicapa, gero eta nabarmenago. Euskalduna izan arren ez daukat kuadrillarik. Bizitzak eraman nau modu independentean funtzionatzera, horrek dakartzan alderdi on eta txar guztiekin. Ona, nahi duzuna egiteko gaitasuna daukazula inorekin kontatu gabe; txarra, nahi duzuna egiteko gaitasuna daukazula inorekin kontatu gabe. Hau da, askatasun hori zure kontra bihurtu daiteke, askotan ez duzulako bakarrik egoteko gogorik. Zenbat eta askeagoa izan, besteekin harremantzeko ohitura galtzen joaten da, eta, konturatu zarenerako, ia bakarrik geratu zara, zurekin inork kontatzen ez duelarik.

Hori da guztion erronkarik handiena ziurrenik, axola dizuten harreman horiek zaintzea eta mantentzea, zure askatasuna galdu gabe.

Badut lana urte honetarako. Noizean behin telefonoa hartu eta lagunei deitzeko ohitura hartu behar dut; noizean behin kafetxo bat hartzeko geratu, noizean behin lagunen batekin mozkortu, edo mendira joan, edo zinemara, edo kontzertu batera. Noizean behin sozializatu.

Hori da nire buruari jarriko diodan betebehar baliotsuena.

2024/07/08

UZTAILAK 8 (ametsetan)

 

Gauero ikusten zaitut

ametsetan

esna nagoela.

Nire alboan zautza, nire ohean

bilutsik

ametsetan.

Nire hatz-mamiez

bularraldea laztantzen dizut

ametsetan.

Zure bular zuri leuna

nire hatz mamiez

tarteka musu ematen diogula elkarri

ametsetan.

Ederra zaude nire imajinazioan

nire ondoan, nire ohean,

irribarre goxo bat eskaintzen didazularik

ametsetan.

Baina nahiago zintuzket itsusiago

nire alboan, nire ohean

gauero

benetan

ez ametsetan.

2024/07/07

UZTAILAK 7 (san ferminak)

 

San Ferminetan gaude. Atzo txupinazora joan nintzen aspaldiko partez, eta idazteko tarterik ez nuen izan. Horrelakoak gerta dakizkidala jabetu naiz. Saiatuko naiz denbora errekuperatzen modu batera ez bada, bestera.

Gaur Bridget Jones bat egitea erabaki dut.

Uztailak 7:

Atzo edandako zerbezak: hiru, lau, bost, sei,…zazpi.

Edandako kubatak: bi.

Jandako enbutidoa, patata frijituak eta pastak: urte guztikoak.

Erretako zigarroak ala bestelakoak: zero, aspaldi utzi nion erretzeari.

Ligeak: bat ere ez, aspaldi utzi zioten nirekin ligatzeari.

Pisua: 63,5 kg, azken urteko altuena.

Astuna, puztuta, gizena eta itsusia sentitu naiz jaiki naizenean. Gaurtik aurrera egunerokoan diziplinatua izatea jarri diot neure buruari helburu: garbi jan, kirola egin, alkohola asteburuetan soilik, …Baina astean zehar berriz ere IruƱeara joateko asmotan naiz, beraz, plana hurrengo asterako utzi beharko.

Eta tartean Mark Darcy bat topatzen hasi beharko nuke, besterik ez bada bizkarrean krema eman diezadan, uda honetan erreta amaitu nahi ez badut behintzat.

UZTAILAK 6 (txupinazoa)

 Iruindarrak, Gora San Fermin!

2024/07/05

UZTAILAK 5 (uda giroa)

Gaur izan dut nire uda sasoiko lehenengo hondartza eguna, fundamentuzkoa.  Aurretik ere hondartzan izana naiz, baina gaur bero zegoen, eguzkitsu. Lanetik eguerdian irten eta zuzenean joan naiz Ondarretara. Marea altu zegoen, hondartza lepo. Jendea eguzkitan etzanda, buelta alde batera, buelta bestera.

Nik, hasteko, nire igeriketa saioa egin dut, marmokak oraino agertu ez direla aprobetxatuz. Eta ondoren bai, ondoren eguzkitan etzan naiz, haren izpiak xurgatzera, infragorriak eta ultramoreak, denak, D bitamina dosia errekuperatzeko asmoz, edo ez. Ematen didan plazerarengatik,  besterik ez. Zeren esan beharra daukat ni hondartza zalea naizela. Are gehiago, hondartzako profesionala naizela esan dezaket.

Oihala beti eguzkiaren norabidean ipintzen dut, hondarrarekin burukoa egiten dut. Hondartzako poltsan beti dauzkat igeriketarako betaurrekoak, eta eguzkitako krema, eta esku oihal bat, eta aldatzeko bikinia, eta plastikozko poltsa bat arropa bustiak sartzeko. Oraindik ez daukat goi-mailako masterra. Ez dut esertzeko aulkia eramaten, furgonetan bat dudan arren. Oraindik gorputzak aguantatzen dit hondarretan etzan eta jaikitzeko nahi beste. Gainera, aulkiarekin atzera eta aurrera ibiltzeko ideia ez zait erakargarri egiten, oraingoz. 

Hondartzako profesionala izatea ez da gautik goizera etortzen zaizun zerbait. Nik umetako uda guztiak hondartzan igaro ditut, Kontxan, nire guraso, anai-arreba, lehengusu eta inguruko lagunekin. Astean zehar bazkal ostean joaten ginen, eta iluntze arte izaten ginen bertan. Asteburuetan jardunaldiak maratonianoak izaten ziren. Eguerdi aldera joaten ginen gure otorduekin. Hozkailu laranjan gurasoek urardo freskoa eta fruta eramaten zuten;  tarteka, errusiar ensaladilla. Koloretako Magefesa fianbreran aldiz, patata-tortilla, xerra enpanatuak eta horrelakoak. Postrerako helatu bat erosten ziguten eta, ondoren, derrigorrezko digestiorako bi orduak kartetan eta bestelako jolasetan igarotzen genituen, uretarako ordua ailegatu arte. Horrela eguzkia ezkutatzen zen bitartean igarotzen genuen eguna. Gero Aieteko busean bueltatzen ginen etxera, lehertuta. Eta hurrengo egunean berriz ere antzera.

Nik izugarrizko oroitzapen ona daukat. Ederki pasatzen nuen, eta geroago, nerabetan ere, lagunekin hondartzara joateko plana egiten genuen.

Urteak pasa ahala, lagunak eta konpainiak aldatzen joan dira, baina plana ez. Gaur egun, normalean, bakarrik joaten naiz, ondo hornitutako nire poltsaz lagunduta, liburu batekin. Ez dut inor behar horretarako. Han egote hutsa plazera da niretzat. Eta berdin zait azala gazitu eta lehortzea, hondarra kulero barruan sartzea, ala bular tartea izerditua edukitzea. Uretatik irten eta hondar epeletan etzateak sortzen didan sentsazioak ez du preziorik.

Ba al da uda girorako plan hoberik?

2024/07/04

UZTAILAK 4 (harreman selektiboak)

 

Nire lagun batek dio denok gaudela bakarrik mundu honetan. Nik buruarekin baiezko diodan bitartean, neure golkorako pentsatzen dut batzuk besteak baino bakarrago daudela, baina ez naiz ozen esatera ausartzen, diatriba batean ez sartzeko.

Bada denbora pertsona egokiez inguratzeko erabakia hartu nuela, horrek, sarritan, bakardadera naraman arren. Bizitzan izandako hainbat esperientzien ondoren, harreman batzuk zuzenean baztertzeko hautua aspaldi egina daukat, eta, egunetik egunera, nire joera hori nabarmenagoa da. Nahiago bakarrik egon gaizki inguratua baino. Ezer aportatzen ez didaten harremanak ez zaizkit interesatzen. Halaxe diot, halaxe sentitzen dudalako. Ez ditut pertsona faltsuak nire inguruan nahi, ez eta pertsona interesatuak ere, harreman guztietan nolabaiteko interesa dagoela jakin arren. Baina ez da berdina interes partekatu bat, edota norberaren interes pertsonal soila. Selektiboa naiz, bai, eta ez dut inolako arazorik aitortzeko.

Bada pertsona mota bat ezagutzen dituzun lehen unetik zerbait berezia transmititzen dizutenak. Haien estimua sentitzeak, munduko toxiko guztiek egindako kaltea gailentzen dute ezbairik gabe.  Haientzako beti duzu irribarre bat, hitz polit bat, ala broma bat. Lehen segundotik konfiantza eta kariƱoa transmititzen dizute, eta ezinezkoa zaizu haiekin haserretzea. Nik horrelakoak atsegin ditut eta horrelakoak topatzen saiatzen naiz.

Gaur horietako batengandik despeditzea tokatu zait. Izugarrizko pena eman dit, baina, era berean, izugarri eskertua sentitu naiz, haren hitzak eta besarkadak oso inportante sentiarazi nautelako une batez.

Eta une horretan neure bakardadea gogora ekarri dut, eta otu zait, agian, pentsatzen dudana baino jende gehiago dudala inguruan nitaz arduratzen eta kezkatzen dena. Eta pentsamendu horien eraginez edo, irribarre bat bisaian geratu zait egun guztirako.

2024/07/03

UZTAILAK 3 (reset)

 

Ekaina amaiera garai latza izaten da. Herriko festei ikasturte amaierako eromena batu behar zaio. Horrek tentsioa, lo falta, gorpuzkera txarra dakartza. Horri batzen badiogu trankazo bat,   bihotz apurtu bat eta errematatzeko hilekoa, koktela jasanezina bihurtzen da.

Gure gorputza makina kasik perfektua da, gure garunak zuzendutakoa. Eta gure garunak ordenagailu baten moduan funtzionatzen du. Egoera edo software berri bat instalatzen diogun bakoitzean cookiak onartzen ditu. Eta horrela doa gure burmuina cookiez betetzen, mota guztietakoak, derrigorrezkoak eta aukerazkoak ere deskuiduan. Cookiak gora, cookiak behera. Cookiak han, cookiak hemen. Eta aurrera egiten jarraitzen dugu,  gorputzak stop esaten digun arte.

Gure garunaren kapazitatea ez da infinitua. Ordenagailuaren memoriaren antzera, batzuetan, bete egiten da, eta, halakoetan, ezinbestekoa da tokia egitea, zaborra botatzea, historiala eta datuak garbitzea. Finean, reseteatzea eta berriz ere ia zerotik abiatzea.

Gaur, nire azken egun hauetako egoeraz jabetu naizenean, horixe egin dut: reseteatu, pilatutako alferrikako cookie guztiak pikutara bidali.

Eta eguzki izpien babesean, berriz ere nire gorputza prestatzen hasi naiz cookie berriak onartzeko, hurrena lehertzen naizen arte.

2024/07/02

UZTAILAK 2 (euria barra barra)

 Begia ireki orduko, euri langar batek lainotu du nire ikuspegia. 

Uda sasoian gaudenik sinistea zaila egiten da. Ez da harritzekoa triste egotea. Are gehiago, hala jarraituz gero depresio batean jausteko arriskua dugu Kantauri isurialdeko euskal herritarrok.

Ez naiz drogazalea, baina egoerari aurre egiteko lorazepama, bromazepama, edota zepam amaitzen den beste barbiturikoren bat eskuratzeko erabakia pentsatzen ari naiz serioski. Hori, edota horrenbeste buruhauste ematen dizkigun estatu gabeko herrialde hau betirako abandonatu, eta eguzkia merkeago dagoen toki batera ihes egin.

2024/07/01

UZTAILAK 1 (masokistak gara)

Ez da ondo hasi hilabetea. 

Zerua grisa da, tenperatura ez da hogei gradura heltzen, nire buruan mailu batek jarraitzen du arinki jotzen eta jarraitzen dut burutik zenbait kontu ezin kendu. 

Masokistak gara gero mortalok. Zerbait gaizki egin dugula pentsatzen dugunean, ahaztu beharrean, jarraitzen dugu horri bueltaka, tiraka, geure burua torturatzen: autotortura, autozigorra. Nola gustatzen zaigun. Eta lortzen dugun gauza bakarra okerrago sentitzea da, ez arazoa edo egoera konpontzea. 

Halakoetan mendira joateak laguntzen dit, naturarekin kontaktuak transformatu egiten nau, pertsona askeagoa edo bilakatzen nau, barruko karga guztiak arintzen zaizkit, lurrerako hargune bat banu bezala, energia negatibo guztia deskargatzen duena. 

Baina zerua grisa da, nire gorputza ez dago ehuneko ehun eta izugarrizko galbana daukat. Eta hemen jarraitzen dut nire autozigor prozesuaren gurpilean harrapatuta, irtenbide duin bat atera nahian eta ezinean.