2025/06/30

EKAINAK 30 (amaiera)

Beno, ez nuke hau amaiera bat izaterik nahi, gero arte bat baizik, baina egia da urtebeteko erronka honi bukaera heldu zaiola. Nire helburua egunero idazten jarraitzea den arren, intimoki bederen, eta lantzean behin zerbait publikatzea, ez nuke ez eperik ez datarik ezarri nahi, ez baitut nire burua behartu nahi. Libreago sentitu nahi dut eginkizun horretarako, jakin badakidan arren, idazketa oso prozesu diziplinatua behar duela, zure hitzei forma egokia aurkitzeko, zure manerak lantzeko, zure ideiei bide emateko.

Urtea azkar igaro da, badirudi atzo zela gaixorik nengoela zutaz behar bezala ez agurtzeak eragin zidan ondoezarengatik, baina hemen naiz, urtebete zaharrago, ez dakit zenbat zimur gehiago, bost herrialde aberatsago, eta zurekiko antzeko sentimenduak gogoan.
Kudeatu dut egunerokoa, kudeatu dut bakardadea, kudeatu dut maitasuna eta maitasun eza, eta esan bezala egunero idatzi dut, egunero hartu dut hausnartzeko tartea, buruari bueltak ematea gauza arrotza bailitzaidan.

Balorazioa positiboa izan da, ezin bestela izan, momentu onak txarrei gailendu baitzaizkie ezbairik gabe. Eta orain errealitatera bueltatzea tokatzen da, lanera, egunerokora, iratzargailua jartzekoa, kirol gutxiago egitekoa, denbora libreari beste etekin bat ateratzekoa. Horrela baita bizitza, denak baitu hasiera eta amaiera bat, zerbait bukatzen da beste zerbaiti bidea egiteko. Espero dudan gauza bakarra da datorrena orain artekoaren parekoa izatea gutxienez.

Opor onak igaro ditzazuela irakasle, lagun eta irakurle anonimoak. Ni bihar lanera buelta neure burua errealitatean kokatzen hasteko.

Uda on eta laster arte!

2025/06/29

EKAINAK 29 (azken aurrena)

Bihar izango da urtebete egunero idazten hasi nintzena. Niretzat idazteaz gain, ordenagailu bat eskura izan dudan guztietan publiko egin ditut nire idatziak, sare sozialak erabiliaz; joxeparen kaiera nire bloga, telegram kanala eta hasieran ere facebook. Azken hori ez erabiltzea erabaki nuen estatu batuetako hauteskundeen ondoren. Badakit facebooken banuela hainbat irakurle jarraipena egiten zidana, ez dakit gero beste formatuetan jarraitu ote nauten ala ez.

Ez dut zuengatik idatzi, niregatik baizik, baina zuengan zerbait eragiteko asmoz ia gehienetan, zela pentsaraztea, zela barre egin araztea edo tarte gozo bat igarotzea besterik gabe. Esker mila zuentzat guztiontzat.

Eta ezin eskertza hau amaitu J aipatu gabe. Ez zara oraino azaldu eta garaia baduzula otu zait. Badakit tarteka hor egon zarela, bestetan aldiz guztiz desagertu zara. Hori ulertzea nahiko nuke. Zertan oinarritzen duzun ni jarraitzea ala ez, zergatik sentitu zaitudan batzuetan hain hurbil eta besteetan hain urrun. Zer darabilzu buruan? Zer eragin dizut, zerbait eragin badizut? Zergatik ez zara aurrez aurre azaldu? Ni naiz, ala zu izan zara, nik zu gogoan izan zaitzadan, eragiten aritu dena itzalean etengabe? Noizko aurrez aurreko bat, kafe bat, birra bat edo nahi duzuna honetaz guztiaz hitz egiteko? Prest al zeundeke?
Edozein kasutan zuri ere eskerrak eman behar dizkizut, modu batera ala bestera nire inspirazio iturri izan zarelako, nire gogoan agertzen zinen bakoitzean nire idazketa prozesuaren parte bihurtzen zinelako, batzuetan onerako, besteetan ni hondamendira eramanez. Milesker J eragin dizkidazun sentimendu guztiengatik, emozioa, alaitasuna, tristura, itxaropena, desengainua, maitasuna, gorrotoa, haserrea, bakea, ondoeza. Zu gabe sentimendurik gabeko haragi zati bat nintzateke eta nik beste zerbait eskatzen diot bizitza honi. Milesker bihotzez eta errai guztietatik, eta ea inoiz berriz ere elkartzeko parada dugun.

2025/06/28

EKAINAK 28 (LGTBIQ+…)

Aitortu beharra daukat azken egun hauetan asko kostatzen ari zaidala idaztea, zer idatzi erabakitzea, paperaren aurrean jartzea.
Azken astea fisikoki tortura bat izan denez (etxetik kanpo bazkaldu eta afaldu, alkohola eten gabe, berdura gutxi, ura gutxiago, kirolaz zer esan…) nire burmuinean eragina izan duela iruditzen zait, ideiak lehortuz, eduki dezakedan imajinazio apurra desagerraraziz. Sormena zero eta obsesioak betiko moduan (jajaja), konbinazio txarra ganorazko zerbaiti heltzeko.
Baina gertatu dira gauzak herrian hona ekartzeko modukoak, arrazakeriarekin loturiko oldartzeak, sorgin ehiza bat, ustez balio egokietan hezitako gazteen aldetik. Hirurogei baten kontra eta halakoak, lotsagarria, baina bereziki beldurgarria.
Beldurgarria da zein mezuren eta ideien gainean eraikitzen ari den gure gizartea, zein balio hartzen ari diren indarra, zein ideologiak zabaltzen ari diren gure artean. Aurreko astelehenean bazen giro arraroa herrian ni oso ondo enteratu ez nintzen arren, baina egunak aurrera joan ahala haien berri izan dugu eta, egia esateko, herriaren erantzuna bikaina izan dela esan beharra daukat, bai txosna batzordearen aldetik, baita beste erakunde eta eragileengandik ere.

Uatsap taldeak omen daude amen-omenak zabaltzen dituztenak, kedadak jatorri konkretua duten pertsonen aurka aritzeko eta nik ez dakit zein astakeria gehiago. Zer da hau? Zertan bihurtzen ari gara bake garaiko euskaldunak?

Baliatu nahi dut gaurko eguna, ekainak 28a, LGTBIQ+ eguna, askatasuna, berdintasuna eta justizia aldarrikatzeko. Herri izateko errespetua behar dugu, gure aldamenekoarekiko, edozein dela bere kolorea, bere jatorria, bere sexua, bere generoa, bere orientazio sexuala, bere erlijioa… Desberdinekin aritu behar dugu jendarte justu bat eraikitzeko, epairik gabe, aurreiritzirik gabe. Pertsonak dira euren akats edo delituen erantzule, ez kolektibo osoak. Hori ez badugu ulertzen jai daukagu, eta denon parte hartzea eta erantzuna ezinbestekoa da razzia horiekin amaitzeko.

Txalo bat Hernaniko herriarentzat ekintza horien kontra lehen egunetik agertu delako. Gora pertsona askeak, gora herri libreak eta gora elkarbizitza.

 

2025/06/27

EKAINAK 27 (ajia)

San Joan hauek desberdinak izaten ari dira. Lanera joateko presiorik gabe, egunero egiten ari naiz kale bueltaren bat, lasai antzean,  baina tonto-tonto nahiko nukeena baino atxur gehiago harrapatzen ari naiz.

Atzo zuloa duen batekin juntatu eta botellinak bata bestearen atzean jausi ziren, afaldu gabe noski, etxera nahiko kalteturik heldu naizelarik. Etxera garaiz joateko gaitasuna eduki dut halere, baina orain nire gorputza arraro dago, aspaldian ez bezala, eta nire buruarekin borrokatzen ari naiz zer egin, jokaldia errematatu eta dena ematen bukatu jaiak, ala garbiketa fasean hasi gaurdanik, hondartzara joanez ur gaziak nire ondoeza senda dezan eta gero etxera erretiratuz, bihar asteburu menditsu bati ekiteko.

Eta burua motel doanez, inoiz baino motelago, erabakirik hartu ezinik nabil, pentsamenduak gelditu bezala egiten baitzaizkit. Aspaldi ez nuela halako sentsaziorik, eta ondo pasatzen ari naizen arren, nahiago gorputza bere osotasunean sentitzea.

Astelehenetik aurrera sartuko naiz berriz ere fase berri batean, gogoz baina galbana eta bertigo apur batekin izango da, bitartean, ajea pasatzera.

2025/06/26

EKAINAK 26 (danzad, danzad malditos)

Izen hori eman zioten espainolez 1969an Sydney Pollackek zuzenduriko They Shoot Horses, Don't They? filmari. Izenburu hori etorri zait gogora atzokoa horrelakoa izan zelako, dantza egiteko eguna. Aurreko larunbateko minak ahaztuta, dena izan zen dantza, barre eta izerdi, arratsaldeko seietan hasi eta goizaldeko hirurak arte ia gelditu gabe dantza batean aritu baikinen.

Izerditan blai kopetatik hasi eta oinetako behatz potoloraino ibili ginen señorak, ohiko dugun lotsa eta dotorezia faltaz, gure leku intimoenak haizeztatuz tarteka abanikoez lagundurik. Eta kontua da galtzen uzten ari garen gure hizkuntza maiteak hitz asko dituela gure genitalak izendatzeko, eta gaur atzo bildutako hitz sorta hori ekarri nahi nuke hona, gure leku intimoenak gure hizkuntzan aldarrikatzeko.
Zuek zein erabiltzen duzue? Besterik erabiliz gero adierazi mesedez.

Alua, aluba, potota, pototina, potorra, potxotxa, simona, simoneta, tortolie, motxine.

Ba gora señorak eta gure goiko horiek!

2025/06/25

EKAINAK 25 (M-ak)

M-ak izan zen garai batean nire talde kuttunetako bat, musika desberdina egiten zuten, euskaraz, orduan Euskal Herrian egiten zenaz desberdinduz. Ederra zen Montoia eszenatoki gainean dantzan ikustea, baina ez zuten gehiegi iraun. Dena dela gaur ez nator musikaz hitz egitera eskerrak ematen jarraitzera baizik eta M-ak aipatu behar ditut, irakurle finak, nire periploaren jarraipena egiten aritu direnak, tarteka animoak emanez eta iruzkinak eginez. Mila esker bihotzez.

Eta askotan lagunak espero ez dituzun tokietan topatzen dituzu, edo espero ez duzun pertsonengandik jasotzen duzu babesa, eta ustez babesa emango zizuten horiengandik ez duzu ezer jasotzen, ez onik, ez txarrik, indiferentzia baizik.

Horrelako egoeren aurrean garai batean haserretu egingo nintzen, gaur egun ez. Egunerokoan ikasten zoaz zeinekin konta dezakezun, zeinekin ez; zeinek nahi zaituen bere alboan eta zeinentzat zaren kasik molestia bat. Guztiekin naturala izaten saiatzen naiz, harreman puntualei etekina ateraz, baina inolako espektatibarik gabe, eta gero eta garbiago daukat zeinekin kontatu eta zeinekin ez, baina inolako herrarik gabe.

Adinean aurrera joan ahala, gauzak bere tokian jartzen ikasten noa eta bizitza beste modu batean baloratzen. Esaterako, festen hasieran, nire koadrila izandakoarekin egin nuen topo. Pertsonalki batzuekin oso harreman ona daukat, baina taldean beste kontu bat da. Gauza da ni bakarrik nengoela eta pote bat hartzera zihoazela, ba ez ziren gai izan ea pote bat hartzera joan nahi nuen galdetzeko. Ez zidan minik egin, baina bai ikusi nuela eurak beren barruan badutela nirekiko sentimendu negatiboren bat, ez baita oso egoera normala nire uste apalean.

Bizitza bakarra da, ez daukat potota turutetarako, ez nago umekeriatan ibiltzeko, egongo naiz alboan baloratzen nautenekin, bestela nahiago bakarrik egon.

Horregatik milesker nire emeei, eta munduko M guztiei (ez nahastu beste behin aipatu nuen M-arekin, hizkiak erabiltzearen kontu hau azkenean nire kontra etorriko da) hor egoteagatik, baldintzarik gabe, judiziorik gabe, akonpainatuz. Hori da bizitzan behar duguna edo nik bederen bilatzen dudana. Espero neu ere norbaitentzat M bat izatea. Biba zuek!

 

 

2025/06/24

EKAINAK 24 (gora san A)

Atzokoa herenegunekoa baino egun hobea izan zen. Sutara bota nituen nire desira ezinezkoak, ez dut txarrak esango, eta salto egin nuen, suaren albo batetik. Barre, kantatu, dantzatu, bakarrik maitasun intimoa faltatu zitzaidan gaua perfektua izateko. Egia esateko gaua ez zen perfektua izan, oso ondo ez dakidan zein arrazoiengatik istiluak hasi baitziren eta kasko gorriak festa izorratzera etorri zirelako. Txosnak itxita, orain etxera? Gaur presarik ez dudala? Baina beti geratzen da Goiz, eta hantxe joan ginen eta aspaldiko partez bakarrik amaitu nuen, garai batean bezala, batarekin zein bestearekin berriketan, beno gehiago batekin bestearekin baino.
Handik zebilen S ere, eta gauaren uneren batean hitz batzuk gurutzatu genituen, baina besterik gabe. Eta gaur diana entzutera joan nahi nuen eta bederatzietan iratzargailuak jo dit, baina mozkorregi nengoen ordu erdi eskas lo eginda jaiki eta kalera irteteko. Beste urte batean beharko du, baina parranda egin barik.

Eta ajearekin nagoela eskerrak ematen hasi behar dut, sariak jasotzen dituztenak bezala, baina nirea ez da zerrenda amaigabe bat izango, motza baizik, xumea baina benetakoa.

Eta gaur Arekin hasi nahiko nuke, hor atzean egon delako leial nire jarraipena egiten, aholkuak eta iritziak ematen, gaizki somatu nauenean telefonoz deitzen. Atzo bertan, suaren erdian geundela, nire atzoko idatzian aipatutako G, S, T, Z eta horiekin zerrenda bat egiteko eta erretzeko esan zidan; baina nik aurrea hartua nion jada, ez formatu horretan zehazki, azken garaiko minekin egindako idatzi bat sutara bota bainuen.

Milesker benetan nire idatzi hauek leitzeagatik eta askotan inspirazio iturri izateagatik, hor egoteagatik belarri bat behar izan dudanean, barre egin arazteagatik, planak proposatzeagatik, oporrak antolatzeagatik. 

Mundiala zara, gora san A!

2025/06/23

EKAINAK 23 (fletxazoak)

Atzo egun txarra izan nuen, bihotzeko mina, eta Zetaz aritu nintzen apur bat, barruak eskatzen zidalako, berari inoiz esango ez dizkiodanak kanporatzeko beharra neukalako. Z izan da azken urtean nire gogoan izan dudan pertsona, onerako zein txarrerako, zergatik ez esan. Ilusio bat, amets bat, sentimendu erreala baina era berean egoera fiktizio bat.

Gaur txupinazo ondorengo poteoan S ikusi dut. Gutxitan ikusten dut. Gure artekoa agur soil bat izaten da. Jada ez nau urduri jartzen berarekin gurutzatzeak, baina pozten naiz ikusteaz, gure artean lotura ikusezin bat dagoela iruditzen zaidalako.

Beti esan izan dut oso pertsona maitabera naizela. Akaso horregatik beti izan ditut arazoak, edo gabeziak, esan nahi duzun moduan, maitasun kontuetan, arrazionaltasunetik ihes egiten duen moduan maitemindu izan naizelako. Baina kuriosoa da, nire bizitzako amodioetan pentsatzen hasten banaiz, beti izan dira inoiz gertatu ez diren erlazio ezinezkoak, affair batera gehienez heldu diren harreman puntualak. Ez ditut nire maitemin horietan nire harreman errealak kontabilizatzen, akaso gaixotzeraino eraman nautenak inoiz izango ez ziren horiek izan direlako.

Nire lehen amodio handia san fermin batzuetan ezagutu nuen, txosnetan. Inoiz ez zaizkit ahaztuko G-ren begi urdin haiek, ikusi eta haren begiradari iltzatuta geratu nintzen asteburu guztirako. Hamazazpi urte besterik ez nuen. Bi urte gutxienez iraun zidan harenganako gogoa. Urte betera ikusi nuen berriro, handik aurrera sekula ez, ez dugu inoiz gehiago kointziditu, ez manifa batean, ez kontzertu batean, inon ez, halere, ez ditut inoiz ahaztuko haren begiak, ezta berak errepikatzen zuen esaldia ere.

Hamarkada bat beranduago T etorriko zen. T-kin txoratuta egon nintzen denbora luzez, baina behin baino gehiagotan elkartu ginen arren, beste batzuk aukeratu zituen bikoterako. T burutik kentzea gauza nekeza izan zen. Egun naturaltasunez hitz egin dezaket berarekin, bestelako egoeretan harremana izateko parada izan dugulako ziurrenik, eta ikusten dudanean, gezurra iruditzen zait hain zoratuta egon izanaz berarekin, orain ez baitut inolako erakarpenik sentitzen. 

Beste hamarkada baten ostean S heldu zen nire gogora. Bolada txarra igarotzen ari nintzen garai hartan, eta uste dut ez nuela berarekin oso jokabide egokia izan. Lotsaren eta erridikuluaren artean mugitu nintzen, nire buruari kalte handia eginez. Beti sentitu izan dut, oraindik ere, S-rekin berriketaldi bat pendiente dudala. Horregatik, akaso, elkar ikusten dugunean gure arteko begirada desberdina da. Niri hala iruditzen zait  behintzat.

Eta azken garaian atzo aipatu nuen Z, oraindik ere nire gogoan dagoena, burutik kentzen saiatzen ari naizen arren.

Guztiak ere fletxazoak izan dira, behin ikusi eta txundituta uzten zaituztenak, ez fisikoki, edo ez horregatik soilik, erakutsi jarrerengatik baizik. Eta lauak izan ditut amodio handi, haiekin harreman bat izatera inoiz heldu ez naizen arren. Ez harreman iraunkor bat, nolabaiteko kontaktua izan dudan arren. Amodio platonikoak akaso, erreal izatera heldu ez zirenak, nire gogoan betirako geldituko direnak, bihotzaren zati bat bete didatenak, fletxazoak.

 

 

2025/06/22

EKAINAK 22 (Z)

Ez dut lorik egin. Atzo itxaropenetik  hondamendira bat batean igaro nintzen, nerbioak nire sabelaz jabetu zirelarik eta hemen darrait, ohean etzanda, arrazionalki onartuta daukadan, baina emozionalki suntsitu nauen dolua ahalik eta azkarren igaro nahian.

Diotenez denborak dena sendatzen omen du, baina ni nazkatua nago denbora alferrik pasatzen ikusteaz, gogoa gauza politagoetan jarri ordez.
Gaurko eguna hala joango da, onartua daukat. Ez dut negar malkorik isuri, finean, gertatu behar zen zerbait dela badakidalako, baina gogorra da aurrez aurre ikustea.

Inporta zaizkidan pertsonei onena opa diet, eta zu ez zara gutxiago, baina utz iezadazu min hau sentitzen, tarte batez zu gorrotatzen, hori izango baita nire barrua hustutzeko modu bakarra.

Zu askatzeko unea heldu da, ea nola moldatzen naizen zu gabe, hobeto espero dut, hala ere uste dut zure zati bat beti geratuko dela nire bihotzean. Maite  zaitut Z.

2025/06/21

EKAINAK 21 (solstizioa)

Gaur urteko egunik luzeena omen planetaren alde honetan. Lurrak eguzkiarekiko duen posizioarengatik eguzkiaren argi izpiak denbora luzeagoz iristen dira gurera, urteko egunik luzeenak sortuz. Egunsentia 06:27an izan dugu eta 21:51ean jarriko da.

Maite ditut egun luze horiek, karkabatik zoazela eguzkiak itsutzen zaituen iluntzeko azken ordu horiek magikoak iruditzen zaizkit. Eta horrekin batera ospakizuna, sua, aurreko txar guztia erretzeko eta ahazteko unea, sasoi berriari gogoz eta gogor ekitekoa.

Ez naiz oso tradizio zalea, baina gure kulturak dituen ospakizun eta ohitura batzuk maite ditut. Gure herrian San Joanak deitzen diegu, elizak dena kutsatu duelako gure gizartean, baina udako solstizioaren jaiak dei genitzake, deitu beharko genituzke. Estra ofizialki gaur hasiko dira herrian, baina ofizialki astelehenean, eta ni ere suaren inguruan bilduko naiz hainbat lagunekin, antzinako ohiturari jarraiki, bizirik gaudela ospatzera, sutan txarra erretzera, desio berriak eskatzera, barre egitera, kantatzera.

Beti aldarrikatu dut San Joan eguna, solstizioarekin lotuta dagoelako, Euskal Herri osoan jai ofiziala beharko lukeela, herri eta auzo guztietan egiten baitira suak hilaren hogeitahiruan. Baina horrelako aldarrikapenek gaur egun ez dute inolako indarrik. A ze tontakeria, Euskal Herriko jai ofiziala, hor edukita Pilarika eta Konstituzioa, gure herriaren zapalkuntzaren adierazle mugaz alde honetan.

Baina ez dut negatibo jarri nahi, egun hauek alaitasunerako eta itxaropenerako egokiagoak baitira. Beraz irten kalera, jaso naturaren epela, dantzatu, kantatu, maitatu, ahaztu eta bota minak sutara, errautsetatik zu berri bat irten dadin.

Gora udako solstizioa!

2025/06/20

EKAINAK 20 (lanera buelta)

Egun gutxi barru lanera bueltatuko naiz. Atzo lanaren inguruko dei bat jaso eta urte honi buruzko errepasoa egiteko beharra sentitu nuen.

Egun hauetan oso arraro sentitzen ari naiz, aurrekoan ere aipatu nuen. Urtebete igaro da, eta askotan iruditzen zait ezer ez dela aldatu, esperientzia asko bizitzeko aukera izan dudan arren. Baina finean nire bizitza berdina izaten jarraitzen du, betiko miseriak, betiko hutsuneak, betiko minak, urte guztian zehar haiek oso gutxitan sentitu baditut ere, hor daude eta agertzen hasiak dira jada.
Bizitzaren zentzuaz pentsatzen jarri naiz eta maitasuna etorri zait burura, maitasuna zentzu zabalenean, baina baita zentzu intimoenean ere. Azken hori botatzen dut faltan. Urte oso bat primeran igaro dut, mundu guztiak adierazi dit zein aurpegi ona eta erlaxatua daukadan, guapa hitza ere aipatu dit batek baino gehiagok, baina maitasun ezak barrenak jaten ari zaizkit. Hori baita faltan izan dudan osagai bakarra, maitasuna, maitasun intimoa, norbaitek zurekin egoteko gogoa adieraztekoa, zu laztantzekoa, zu besarkatzekoa. Eta pentsamendu horiek etortzearekin batera negar malkoek busti dute nire bisaia.

Badaramatzat egun batzuk kontzentrazioa mantentzea kostatzen ari zaidana. Mirari bat gertatzeko azken aukera banu bezala denbora guztian mugikorrari begira ari naiz, zerutik etorritako uhinek dei edo mezu bat ekarriko didatelakoan edo, eta arrazionalki badakit ez duela zentzurik nire itxaropenak, baina obsesio moduko bat da, edota autotorturatzeko beste modu bat. Zeinek jakin, inpultsiboa baita, tik moduko bat, kontrolaezina.

Bizitzan dena ezin dela eduki diote batzuk, baina zer da dena? Asko eskatzea al da desiratua sentitzea?
Horrela harrapatu nau egunak, gauean ere halaxe oheratu nintzen, pentsamendu ilun horietan murgilduta. Pasako da, bizitzaren gorabeherak dira, ezer berririk ez, baina gaur esplizitatzeko beharra sentitzen nuen.

Eta datozen egunetan, bidai honetan lagun izan ditudanei eskainiko dizkiet hitz batzuk, hamar egun besterik ez baitzait falta abentura honekin amaitzeko.

Animo ostirala!

 

2025/06/19

EKAINAK 19 (maniak)

Bakoitza gure aita eta gure amarenak gara, denok dauzkagu gure maniak, soilik besteenak ikusten ditugun arren, baina gure ohitura xumeenak ere mania izan daitezke guk hala ez onartuta ere. 

Esaterako, liburu bat erosten dudan bakoitzean data, tokia eta sinadura jartzen dizkiot lehen orrialdean. Liburua irakurtzen dudanean, aldiz, amaitutako data ipintzen diot amaieran. Liburu asko dut azken orrialde horietan inolako datarik ez daukana oraindik eta, ziurrenik, batzuk sekula izango ez dutena ere.
Ez dut inoiz liburu bat bi aldiz irakurri eta ez naiz inoiz zinemara joaten filma bat bigarren aldiz ikustera. Beno, anekdota gisa esan behar dut, behin zinemara joan nintzela oso interesgarria iruditu zitzaidan pelikula bat ikustera, eta hasi zenean oso ezaguna egin zitzaidala. Buruari bueltak ematen jabetu nintzen bi hilabete lehenago Zinemaldian ikusia nuela. Lapsus bat izan zen, besterik ez, barrez lehertzen aritu nintzen hamar bat minutuz.

Atzo liburu baten jabe egin nintzen, eta lehen orrian idatzitakoa, data baino zerbait gehiago, ekarriko dut hona gogoa ematen didalako.

Donostian 2025eko ekainaren 18an

Hau da maiatzaren 23an, Siziliako Santa Flavia herriko apartamentu parean genuen hondartzan, hanka Palermon bihurritu ondoren Mediterraneoko ur gazietan tratatzen ari nintzela, jausi zitzaidan liburua. Ernest Lluchen esan zidaten berria erosi behar nuela, eta hondarrez betetako ale gazi hau nire liburutegiaren parte izatera pasatu da.
Akaso, eskasia garaia etorriko balitz edota gatzen beharra izanez gero, orrialdeak miazkatzeko balioko dit, ez baitut uste orriok berriz ere irakurriko ditudanik. Hori da, tripi baten modukoa izan daiteke, baina efektu psikodelikorik gabe. Ala bai? Batek daki.

 EZL

2025/06/18

EKAINAK 18 (eder)

Gaur adoretsu jaiki naiz. Goizean goiz pilatesera joan naiz, ikasturteko azken saioa, ba azkena izateko lehenean bezala sentitu naiz, baldar, ahul, bai ahul somatzen dut nire gorputza. Hala ere, zezenari adarretatik heldu eta etxerakoan bazkaria ontzen hasi naiz: kalabazin purea eta errusiar ensaladilla.
Ondoren, lokaztuta nituen zapatilak garbitu, gela txukundu, roomba martxan jarri eta konpontzeko neuzkan hainbat asuntori heldu natzaio. Batetik, usteltzen hasia den nire furgonetako sabaia konpontzeko gestioak egin ditut; bestetik, Ernst Luchera joan naiz eros arazi zidaten liburua entregatzera eta niretzat izango den ale gazitua jasotzera. Zigilua jarri diote, lapurreta ez dela justifikatzeko. Gero erosketak egitera joan eta kargaturik etxera igogailuan igotzea deliberatu dut. Gora noala ispiluan begiratu eta eder ikusi naiz, bai ondo irakurri duzu. Ez zait maiz gertatzen, baina gaur hala izan da. Eta otu zait nire gogoko bi poemen nahasketa positiboa izkiriatuko dudala, nire bizitzan une zuriak ere badirela adierazteko. Ea nola geratzen zaidan.

 

Ispiluan begiratu

eta eder ikusi naiz

 

ikusi dut nire begirada

misteriotsua eta bizia

 

nire ahoan irria

ikusi dut

nire aurpegian distira

 

ikusi ditut nire ideiak

nire jarrera erabakiorra

baita sentitzen dudan

maitatzeko gaitasuna ere

 

Eta pentsatzen jarri naiz

ea kalean gurutzatzen garen

eta zortea duzun

eta nitaz enamoratzen zaren

  

2025/06/17

EKAINAK 17 (aberastasunaz)

Gaur goizean mendian izan naiz. Menditik bueltatu naizenean entsalada bat prestatu eta hondartzara joan naiz bazkaltzera.
Bazkaldu eta hondar epelean gorputza erlaxatzen utzi dut lipar batez, ondoren, digestiorako bi orduak errespetatu gabe, igeri egitera joateko.
Igeriketatik bueltan dutxa hotzaz gatza kendu eta hondartzako aulkian jesarri eta irakurtzen aritu naiz, David Uclésen La península de las casas vacías, oso eleberri interesgarria.
Eta horrela eman dut eguna menditik hondartzara eta ondoren etxera, dutxa epela hartu, afari goxoa prestatu eta etxeko hainbat lan eginez amaituz eguna.

Gaur Donostiara Luxuzko kruzero bat heldu da, neure begiez ikusi dut Urgulleko atzealdean. Han barruan zeudenak ni baino aberatsagoak izango dira diruz, baina benetan ni baino aberatsagoak al dira? Kontziente al gara bizi garen lekuaz eta garaiaz? Kontziente ditugun pribilegioez, arazoak ere eduki ditzakegula ahaztu gabe noski?

Pentsamendu horiek etorri zaizkit gogora paper zuriaren aurrean eseritakoan, egunari errepasoa egiten hasi naizenean. Eta ez dizkiot eskerrak jainkoari eman ateoa naizelako, baina unibertsoan lerratu behar izan diren izarrekin akordatu eta asperen eginez, puntua idatzi eta ohera joan naiz, irakurtzen jarraitzera. 

2025/06/16

EKAINAK 16 (poema soziala V: genozidio)

Aurrean

ume baten gorputza jarri dizute

Zer egin?

pultsua hartu

bihotzaren taupadak neurtu

Bizirik da

kalteak aztertu

bizitza salbatzen saiatu

Alferrik da ordea

bonben eragina

suntsitzailea da

Hori da helburua

suntsitzea,

herri oso bat

familia osoak

nire familia

 

Hamar seme-alabetatik

bakarrak biziraun du

senarra ere akabatu didate

 

Aurrean

nire semearen gorputza jarri didate

azken hatsa duela

besteak maindirez estalita daude jada

zer egin txilio ez bada

negar ez bada

bizitza erauzi baitidate

arnasten jarraitu bitartean

  

2025/06/15

EKAINAK 15 (zirimiria, turismoa, memoria eta beste hainbat kontu)

Hitzok idazten ditudan bitartean manifestazioa izaten ari da Donostian eta Europako beste hainbat hiritan turistifikazioaren kontra. Joatekoa nintzen, baina berandu jaiki naiz eta atzotik etengabe jausten ari den zirimiriak atzeraka bota nau mugitzen hasteko. Atzo goitik behera blai heldu bainintzen etxera Anoetatik, pistako ditxosozko sarrerak nahi eta non lortu eta estalperik ez duen estadio batean. Gaur ez nuen berriz ere euripean goiza igaro nahi.
-Zirimiri tonto bat besterik ez da, berehala atertuko du- bai zera, sei ordu zirimiriaren azpian, dena ematen hori bai.

Eta turistifikazioaren aurkako manifa aipatu dut. Gaia konplikatua izan daiteke, nondik begiratzen den, denok baikara turistak uneren batean, ni aurten hilabete batzuetan izan naizen moduan.
Ni ez naiz turismoaren aurkakoa, turistifikazioaren aurkakoa baizik. Hau da, iruditzen zait, pertsona bezala denok daukagula eskubidea beste herrialde batzuk, beste kultura batzuk ezagutzeko, guretik irteteko, deskonektatzeko, beste errealitateak ikusteko. Horrek ez du esan nahi herrialde horiek gu hartzeko moldatu behar direnik, hau da, lehenik bertakoen eskubideak, bizi-baldintzak daude, kanpotarrak izan beharko dugu hartara moldatu behar garenak, ez alderantziz. Ezin ditugu gure kaskoak, gure alde zaharrak parke tematiko bihurtu, turistei bideratutako espazioetan transformatu, bertakoen bizimodua erabat baldintzatuz eta gure kultura desitxuratuz eta desagertaraziz.

Duela ez asko arratsaldeko zazpietan kolak ikusi nituen oraindik zabaltzeke zegoen Donostiako taberna batean pintxoak jateko, kalea ia blokeatuta zutelarik. Ez ziren errazionamendu garaietan janaria lortzeko egin ilarak, ez, pintxo batzuk jatekoa baizik. Bukatzeko beldur ote ziren? Flipatu egin nuen.
Bi kale haratago Basque Cheese Cake erosteko beste ilara batekin egin nuen topo. Ene, nola saltzen dugun Basque hitza, ez euskal,  ingelesez baizik, kalean gero eta euskara gutxiago entzuten dugun bitartean.
Gai polemikoa bai. Beti izan gara anfitrioi onak, adeitsuak kanpotarrekin, baina lehenik bertakoen etxebizitza-eskubidea, lan-eskubidea, garraio-eskubidea, kultur-eskubideak, osasun eta atseden-eskubideak bermatu behar dira. Hori gabe ez baitago herririk, ez baikara ezer, eta horretan agintari politikoek ezarri behar dituzte arau eta neurri egokiak: bertakoa zaindu, kanpotarrak baldintza onenetan jaso ahal izateko. Inoiz ez alderantziz, eta Goiak eta enparauek kontrakoa egiten dute, DVn nahi dutena salduko duten arren.

Eta gehiegi luzatzen ari naizen honetan, ez dut aipatu gabe utzi nahi gaurko egunarekin, mila bederatziehun eta laurogeita lauean, nire lagun baten etxean Galindo eta konpainiak egindako sarraskia. Bi etakide hilda gertatu ziren. Oroitzen ditut etxebizitza osoko bizilagunak kalean oheko arroparekin, “terroristen” aurka soilik aritu zirela justifikatzeko edo?
Ekaineko egun eguzkitsu horietako bat zen, etxean zegoen zalapartarekin esnatu nintzen. Amari galdetu nion ea zer zen zarata hura, ea etxafuegoak ziren. Tiroak dira esan zidan. Jantzi eta kalera irten ginen, auzokide askoren moduan, baina guardia zibilak kaleak ondo moztuta zeuzkan, eta ez zuten Garinetik haratago pasatzen uzten. Gau hartan, askotan bezala, poliziak ezarri zuen terrorea eta biolentzia herrian, baina bertsio hori ematea ez da inoiz politikoki zuzena izan. Ba hala da, eta nik ozen esango dut hemen eta behar den toki eta aldi guztietan, nik bizi izan nuelako, nire azalean, nire lagunen azalean, hildakoen gorpuzkietan.
Ez dezagun gure historia beste batzuk konta dezaten utz. Ez ditzagun Patria, La Infiltrada, eta tankerako kultur-proposamenek saltzen dizkiguten bertsio manikeoak onar.
Egun hartakoa benetan amets gaiztoa izan zen, ez dezagun sekula ahaz.

 


2025/06/14

EKAINAK 14 (urduritasuna)

Gaur urduri nago. Ez dakit zergatik. Ez daukat motiborik, edo agian bai. Kontzertu batera noa, hogeita hamar mila pertsona izango diren kontzertu batera. Oraindik ez dakit ziur norekin joango naizen, aukera desberdinak izan arren, planaren arabera agian bakarrik joango bainaiz. Akaso horregatik nago urduri, hogeita hamar mila pertsonen artean bakarrik egoteak beldurtu egiten nauelako, horrelako egoerek ezinegona sortzen didatelako, munduari bakarrik zaudela eta lagunik ez duzula esatea bezala baita, eta hori beti da gogorra, pertsona batzuentzat bederen. Halakoetan, leku guztietara begira hasten naiz, norbaiten bila bezala, zerbaiten bila bezala, eskuekin zer egin ez dakidala, begirada non finkatu ez dakidala. Urduri, bakarrik, zerbaiten zain bazeunde bezala, baina ez dut ezer espero zu ikustea nahiko nukeen arren. Baina zu ikusita ere zer? Gehienez hitz batzuk gurutzatuko genituzke, besterik ez, eta horretarako, agian, nahiago zu ez ikusterik zutaz betirako ahazteko, zuk ni guztiz ahaztuta naukazun moduan, zuretzako ez bainaiz existitzen, ez zu niretzat existitzen zaren moduan bederen.

Eta urduri nago, sabelean kilimak somatzen ditut, eta mendira joan beharko nuke lasaitzera, baina atzoko ekaitzak bideak blaituta utziko zituelakoan nagiak hartu nau, eta hemen nago zer egin ez dakidala. Agian, gaurko egunerako espektatiba ugari eginda neukan eta eguna ailegatu denean nahigabetuta sentitzen naiz ezjakintasunaren aurrean. Bai, hori izango da urduritasunaren arrazoia. Ezin du besterik izan. Azken orduko erabakietan ez baita urduritasunerako denborarik izaten, urtebeteko aurrerapenarekin egindako plan baterako ordea bai.

Sistema da gustatzen ez zaidana. Hori da, sistemaren erruz nago urduri. Ekitaldi batzuetan derrigor egon beharra; kuadrilla eduki beharra; bikotea eduki beharra; zoriontsua zarela demostratu beharra; eder egon beharra. Sistemak inposatzen dizkigun behar horiek guztiak munduri erakutsi behar horrek jartzen nau urduri, gero, ziurrenik, zugan inork erreparatzen ez duela jakin arren.

Iris dadila jende artean galtzeko ordua, mesedez, dantzan hastekoa, kantatzen hastekoa, oihu egitekoa, barnean pilatuta dauzkadan nerbio hauek guztiak askatzeko.

 

 

2025/06/13

EKAINAK 13 (ekaitza)

Gustuko dut euriaren zarata, gustuko ditut trumoiak eta tximistak. Etxean haiek entzun eta sentitzeak halako ongizate bat sortarazten dit, eta orduan zurekin akordatzen naiz, une gozo hori etxearen babesean zurekin partekatzea desiratuz.

Gaur sargori zen, arratsaldean bereziki. Zinemara joan naiz, pelikula triste eta era berean goxo bat ikusi eta, aretotik irtetean, euria goitik behera ari zuen bortizki. Trenera abiatu eta etxerako bidea lehorrean egin dut, baina afaltzen ari nintzela, tupustean, ekaitza berpiztu da. Leihoak zabaldu ditut, korrontea sortarazi dut, nire gorputz epelak haize freskoa senti dezan, etxean jasanezina bihurtzen ari den tenperatura apur bat jaitsi dadin. Eta hemen naiz, doinu errepikakor horren konpasean, ordenagailu aurrean, nire azken hitzak izkiriatuz. Beno, ez dira azkenak izango, oraindik hilabeteko konpromisoa betetzeko asmoa daukat, tartean herriko jaiak izan arren. Baina jada ez ditut hogei urte, ez dut uste garai bateko bi egun jarraiko parrandak egingo ditudanik. Gorputzak, agian, jarraituko lidake, gogoak ez dut uste.

Egia esanda aspaldi ez dudala gaupasa bat egin. Azkena iazko San Ferminetan izan zen eta zazpietarako furgonetan nengoen, ziurrenik tabernak itxi zituztelako, baina hala zen. Alkohol tasa batetik aurrera galtzeko joera ez dudala galdu ziur naiz, baina ez dut nahi, ez dit onik egiten, ez dut behar, ez zait interesatzen, zurekin egoteko ez bada bederen.

Baina ekaitzaz ari nintzen, gustuko ditudala, gogoa baretzen didatela, naturaren espresatzeko modua direlako agian, pilatu duen gehiegizko beroa, gehiegizko pisua, gehiegizko elektrizitatea galtzeko modua, deskargatzeko modua, denak bere onera bueltatu behar baitu, orekara, nik hainbatetan faltan dudan egoera horretara.

Eta hemen, zerua orekatzen den bitartean, nire orekaren bila jarraituko dut, azken boladan asko kostatzen ari zaidan arren.

Amets ederrak izan!

  

2025/06/12

EKAINAK 12 (jarrera erotikoak)

Ez dakit zu, baina ni prebentzio medikuntzaren aldekoa naiz, hau da, noizean behin errebisioak egitekoa, ager daitekeen edozein gaitza edo arazori aurre egin ahal izateko.

Hezkuntza publikoan nabilenetik, jada bederatzi urte, ez didate sekula azterketarik egin; bai, lotsagarria, hori enpresa pribatu batek egitea ezinezkoa da, Eusko Jaurlaritza bera gainean izango luke zalantzarik gabe. Baina hezkuntza publikoko irakasleok ez ei dugu horrenbeste merezi. Oraingo akordioan hiru urtetik behin egitea sinatu da, ea hori gutxienez betetzen den.

Dena dela, ez naiz gaur hezkuntzan ditugun arazoez mintzatzera etorri, nik beste kontu bat ekarri nahi nuen hona.
Badira azterketa mediku batzuk norberak bere poltsikotik ordaindu behar dituena, ahal baldin badu behinik behin: bata, dentista da, bestea ginekologoa, emakumeen kasuan noski.

Aspaldidanik urtero bi horietara joateko ohitura daukat. Ahoaren kasuan, errebisioa eta garbiketa. Bigarrenean ekografia, zitologia eta halakoak. Aitortu behar dut orain Osakidetzak egiten dizkidala nire genitalen azterketak, arazo batzuk medio jarraipena egiteko, bestela nire poltsikotik ordaindu beharko nuke.
Kontua da bi espezialitate horiek nahiko desatseginak suertatzen direla gehiengo batentzat, nik hala bizi dut bederen, eta joan behar duzun bakoitzean halako deserosotasun bat sentitzen duzula.
Batean ahoa zabaldu, barruan hozkia eragiten dizuten gailuak sartzen dizkizutelarik. Bestean hankak zabaldu, lubrifikatzaile hotzez blaitutako plastikozko zakil moduko bat sartu eta barruan mugitzen dizuten bitartean, edota paretetako ehun apur bat kentzen dizutela, gero aztertzeko.  

Ba ez dakit umetan izandako trauma baten eraginez edo, baina niri dentistek panikoa sortarazten didate, eta gorputza tenkaturik egoten naiz haien besaulki eroso horietan etzanik. Horren aldean, ginekologoa lasaigarria iruditzen zait kasik.

Eta gauza da, gaur dentistarenean izan naizela karie txiki bat nuelako, eta aspaldiko hogei minutu desatseginenak izan direla, ondoren hiru orduz ahoa lo eta oker izatea kontuan izan gabe. Eskerrak anestesiari ez duzula minik sentitzen, baina zulagailuek, xurgagailuek eta nik zer dakidan aparatuek sortu zaratak barruraino sartzen zaizkit tentsio, hozki eta ez dakit zein sentipen desatsegin gehiago sortuz. Eta han neutzala, begiak itxita, ginekologoarekin akordatu naiz, eta pentsatu dut nahiago nukeela hankak zabaldurik egotea ahoa zabalik egotea baino. Biak ere, nondik begiratzen duzun, oso jarrera erotikoak.

Txantxarra kendu didate eta urtebetez, gutxienez, tortura honetatik libre geratu naizela pentsatuz pozik pasa dut kreditu txartela datafonotik.

 

2025/06/11

EKAINAK 11 (piriak)

Atzo berriz ere kale egin nuen nire publikazio hauetan. Hasiera ipini nuen telegramen eta jarraipena niretzat gordeko dut. Ordenagailu gabe nengoen egun pare baterako mendira joana bainintzen.

Aurten munduko paraje ederrenetakoak ikusteko aukera izan dudala esan dezaket ezbairik gabe, baina zer nahi duzue esatea, autoa hartu eta Iruñea pasatuta, Esako urtegira ailegatzean, apurka-apurka azaltzen joaten zaizkidan mendi horiek ikusteak zirrara berezia eragiten dit. Uste dut nire memorian gaztetako uneak sortzen zaizkidala. 

Nire lehen oporrak, ikasle garaitan, beti Piriniotara izaten ziren, zela mendira ibiltzera edo neguan eskiatzera; haranzko joera handia genuen, eta pasio, behar, ohitura horrek nire baitan bizi bizirik jarraitzen du.

Uste dut ez dela urterik piritara joan gabe egon naizenik. Ez naiz astebururo harako joera duen horietakoa, inondik inora, baina noizean behin joatea behar dut, eta hurbildu ahala, nire aldartea aldatzen doa, lasaitzen, erlaxatzen, umorea hobetzen, ez dakit besterik azaltzen, baina hala bizi dut, adrenalinazko txute baten moduan, berpizte bat, pila kargatze bat.

Bi egun igaro ditut bertan eta mendi gogoz bueltatu naiz etxera. Argazkiak atera ditut, lehen ere ateratako toki beretan, baina toki berriak bailiran bizi ditut, hain betetzen dute nire gogoa.

Zuk ba al duzu hala sentiarazten zaituen tokirik? Hala bada, bueltatu, behar eta ahal den guztietan, sufritzeko beti baitago denbora sobera.

2025/06/09

EKAINAK 9 (alferkeria)

Kasik urtebeteko betebehar hau pisutsu suertatzen ari zait eta atzo, lehenengo aldiz urte guztian, idatzi gabe pasa nuen.
Eguna entretenitua igaro nuen. Goizean bizikleta ta hondartza, arratsaldean tenisa. Kasik sei ordu pantailaren aurrean. Jokalariak ez dakit, baina nik akituta amaitu nuen bost seteko partida harekin.

Eta, ondoren, galbana sartu zitzaidan paperaren aurrean jartzeko, eta ohean neutzala, gaur atzoko datarekin idatziko nituen hitzen inguruan hausnartzen aritu nintzen.

Diotenez, hori ere idazteko prozesuaren barne sartzen da, beraz, atzo ere idatzi nuela esan dezaket, atzoko hitzak gaur transkribatu ditudan arren.

Bai, eta bi egun daramatzat barrura begira dela, alferkerian dela, apur bat utzita bezala, amaiera heltzen ari deneko sentsazioarekin, oporrak amaitzen zaizkizunean bezala, erdi triste, erdi depre; halako sentipenak dauzkat, kexatzeko moduan egongo banintz bezala.
Eta kontziente naiz pribilegiatu bat naizela, edonork ezin dezakeela urtebete nik pasa dudan moduan igaro, baina horrek ez dit kentzen nire baitan sortzen zaidan ezinegon hau.

Eta urte osoa igaro dut ere zugan pentsatzen, nire gogoan existitzen zaren Zetan, batzuetan erreal, besteetan nire iruditerian sortu dudan izaki platonikoa. Urtea eta bizitza, zergatik ez esan, batzuetan ederragoa eta besteetan tristeagoa egin didazu, eta askotan nire burutik erauzten saiatu natzaizun arren, ezinezkoa egin zait guztiz ahaztea. Agian horretan datza eskorpioi garenon pasioa, edo setakeria hobe esan.

Ta alferkeria aipatu dut, azken egun hauetan, aspaldiko partez, alferrago sentitzen naizelako, edo tristeago, edo dena lotuta doa. Baina ez dut utzikeriatan jausi nahi, eta buruari gogor egingo diot, orain arteko jarrera erakusten jarraitzeko.
Astelehena da, kirolarekin hasi dut eguna, eta espero bide horretatik jarraitzea.

Animo astearekin!

2025/06/07

EKAINAK 7 (tabu)

Badira gure munduan gai tabuak, hezi gaituzten moral kristauak naturaltasunez hitz egiteko mugatu dizkigunak, geure buruari marra gorriak ezarriz eta hitz egiterakoan pertsona zikin eta amoral senti arazten gaituztenak. Bai sexuaz ari naiz, izaki berriak sortzeko beharrezkoa den ekintza horretaz; beraz, ezer naturalagorik ba al da? Baina niri ez zait sexua erreprodukzioaren aldetik interesatzen, plazererako ekintza ere den aldetik baizik.

Inoiz egin dut sexuarekiko aipamen bat nire idazki hauetan, baina ezer gutxi, ea norbaitek pentsatuko ote duen fresko bat naizenik.

Sexualitatea jaiotzen garen unetik dugun ezaugarri bat da. Beste kontu bat da zein erabilera ematen diogun, zein askatasunarekin, zein helbururekin, zein naturaltasunarekin.

Diotenez, nire garaian jaiotakoak, eskorpioak alegia, oso sutsuak eta pasionalak omen gara sexu kontuetan. Ez dakit. Badakit gustuko dudala, eta asko gozatua naizela, baina sexurik gabeko bolada handiak ere bizi izan ditut. Batzuetan libidoa guztiz itzalita nuelako, emozionalki xixko eginda egon nintzen garaian bezala. Beste batzuetan bikotekiderik edo plazer kiderik edo dena delakorik ez nuelako, eta gogoa izanda ere ligatzera irten ez naizelako.

Diotenez ere, adin batetik aurrera eta menopausiara heltzen zarenean, genitalen lehortasuna ohikoa izaten omen da, eta emakume ugarik sexurako gogoa galtze omen du.

Duela gutxi, ni baino helduagoak diren bi lagunekin berriketan, esaten zidaten aspaldi zela sexurik ez zutela praktikatzen, eta ez zutela inolako beharrik sentitzen.
Ba nik praktikatu gutxi egin dut azken urteetan, eta menopausiara hurbiltzen ari naiz, eta bai izan ditut libido itzalitako garaiak, baina azken boladan sexurako grina bizi bizirik dut.
Eskerrak eskuak ditugun, eta jostailuak, baina ez al da ederragoa beste gorputz baten epeltasuna sentitzea, beste baten leku heze eta intimoak dastatzea, ferekak eta musuak eman eta jasotzea, eta orgasmora helduta bata bestearen besotan lokartzea, esnatzean berriz ere jira eta buelta hasteko?

Azken boladan amets hezeak izaten ditut sarri, gehienetan esna, eta ze plazera aizu. Orain bakarrik falta zait amets horietan konplize izango den bikotea topatzea. Lortuko al dut inoiz?

Orgasmo on!

 

2025/06/06

EKAINAK 6 (esaldia)

Mendian bide zirkularrak nahiago ditut, leku beretik igo eta jaistea baino. Ahal dudan guztietan horretan saiatzen naiz, batzuetan ezinezkoa dela jakin arren.

Hari horri tiraka, esaldi batekin natorkizu gaur, iruditzen zaidalako mendi itzulietatik haratago, bizitzako beste eremuetara zabaldu daitekeela.
To!


Ez dut gustuko leku beretik bi aldiz pasatzea geratzeko ez bada. 

2025/06/05

EKAINAK 5 (horrelakoa da bizitza)

Hanka ikusi ez dudan zulo batean sartu eta bihurritu txiki bat egin.
Hantura hobetze aldera oina itsasoan sartu, olatua etorri eta irakurtzen ari zaren liburuak bainua hartu.
Lehorgailuarekin ordubete igaro ostean, liburua irakurtzeko moduan utzi, baina ur gaziak ematen duen zakartasun horrekin orri bakoitzean.
Liburutegiko arduradunak dio, halako kasuetan, erabiltzaileari liburu berria erosteko eskatzen diotela. Hiritar zintzoa legez hogeita lau euro gastatu ditut jada irakurri dudan liburu batean, beste batzuek ur gaziaren lakartasuna soma ez dezaten. Ni, erosteko asmorik ez nuen ale usatuarekin geratuko naiz.
Ez dakit bidezkoa den ala ez liburu berria erosi araztea. Istripu bat izan da, ez dut nahita egin. Ez daukat arazo ekonomikorik liburu berria erosteko, baina hilabete bukaerara heltzeko arazoak dituenari erosi araztea ondo irudituko al litzaidake?
Zein da zerbitzu publikoen helburua eta nola kudeatu behar dira?

Gogoeta horiek buruan gertuko pertsona baten gaixotasun larriaren berri eman didate. Paralizaturik geratu naiz, ezin dut sinetsi, ez dira hamabost egun ikusi nuela eta San Joanei buruz aritu ginela. Ez dakit nola jokatu, ez dakit mezu bat bidali ala ez. Ez dut harreman hain sakonik. Gogoak idazteko eskatzen dit, baina zer esan bizitza kinka larrian duen bati? Ba al da hitz egokirik horretarako? Agur soil bat ba al da nolabaiteko kontsolamendu edo eskertzeko zerbait?

Eta horretan nabilela gertuko beste pertsona batek zenbat hitz egiten duen eta zein arin aireratzen dituen besteen kontuak etorri zait burura. Eta atentzioa eman diot, baina ez dio inolako arazorik ikusten ezeri. Nitaz inorekin ez hitz egiteko esan nahi diot, baina haserretuko zaidan beldur naiz, eta ez dut nahi.

Eta hala, sekretuez, zintzotasunaz eta bidezkoaz hausnartuz hasi dut eguna. Gaur eguzkia lagun.

2025/06/04

EKAINAK 4 (poema soziala IV: biraoak)

Madarikatua mundua

gerrak permititzen dituena

gerrak bultzatzen dituena

umeak hiltzen uzten dituena

umeak eta helduak

pertsonak jazartzen dituena

 

Madarikatuak gizonak

emazteak jipoitzen dituztenak

emazteak akabatzen dituztenak

emazteak torturatzen dituztenak

seme-alabei tratu txarrak ematen dizkietenak

alabak asasinatzen dituztenak

emazteak torturatzeko

gero bere buruaz beste eginez

 

Madarikatuak gehiengoen kontura

aberasten direnak

besteak zapaltzeko

inolako erreparorik ez dutenak

euren kolkora soilik

begiratzen dutenak

madarikatuak denak 

2025/06/03

EKAINAK 3 (pelukerin)

Gaur ileapaindegian izan naiz. Kolorea eman dut. Gero eta ile zurituagoa dudala konturatzen ari naiz, baina ez dut horregatik tintatzen ilea, edo ez horregatik soilik. Hamazazpi urterekin ere kolore antzekoa ematen nuen eta ia bizitza osoan mantendu dudan errituala izan da, estetika kontuak pentsatzen dut.

Gauza da, koloreak gehiago eragiteko edo, plastikozko lehorgailu psikodeliko horietako baten azpian jesarri nautela, eta nahi gabean txikitako oroitzapenak etorri zaizkidala gogora. Nola larunbatero amarekin M.A.ren ileapaindegira joaten nintzen.
Bere etxeko zonalde batean zuen, eta ni, bitartean, euren etxeko salan jolasten egoten nintzen, haren seme-alabekin imajinatzen dut, hori ez baitut oso argi, baina bai pelukeriaren espazio hura. Oroitzen dut nola, erruloak eta bigudiak jarri ostean, ama egoten zen lehorgailu transparente haien azpian, hola, semana eta antzeko aldizkariei orrialdeak pasatu bitartean. Eta ni sofan hari begira edo agian jolasten, edo aldizkariren bati orriak pasatzen ere.

Erritual bat zen, asteroko kontua, garai bateko emakumeek ez baitzuten ilea etxean garbitzeko ohiturarik, ileapaindegian baizik. Oraindik ere geratzen dira halako espezimen batzuk, baina gero eta urriagoak direla esango nuke, belaunaldiak gora joan ahala gutxitzen doazenak.

Eta pentsamendu horiek buruan ilea gorritua nuela kendu didate tramankulua burutik, eta denbora aurrera doala otu zait, jada ez baitaude garai hartako emakume asko gure artean, ez nire ama, ezta pelukeria hartan egoten ziren emakume asko ere. Barre txiki bat irten dit gora begira nengoela. Gero apain irten naiz nire ileapaindegitik, zita baterako bezala, nirekin geratu nahi al duzu Zeta?

Ea zenbat denbora irauten didan ile honek bere horretan. Aste oso bat seguru ezetz.

2025/06/02

EKAINAK 2 (konpromisoaz)

Kontraesanez beteriko pertsona naiz, jende gehiena bezala. Ideologikoki kontu batzuk oso argi eduki ditzaket, praktikan zer egiten dudan beste hariko ezpala da. Edozein kasutan, argi daukat nik konpromiso bat daukadala nire buruarekin, nire niarekin, nire ideiekin, nire herriarekin.

Gaztetan herriko zineklubean aritu nintzen, geroago zinegotzi.
Irakaskuntzan aritu naiz nire bizitza laboral osoan, lehenik ikastoletan, orain hezkuntza publikoan. Bai batan eta bai bestean nire konpromisoa, nire prestutasuna agertu izan dut euskal hezkuntzaren alde, hau da, euskaraz irakatsiz eta erreferentzia kulturaltzat Euskal Herria (bere osotasunean) hartuz. Horrez gain, sistema mantendu eta hobetze aldera ardurako lanpostuak hartu izan ditut, oso erraza delako sistema kritikatzea hura hobetzearen alde ezer egin gabe.

Eta urte sabatikoa amaitzera doala berriz ere nire konpromisoa betetzeko prest agertu naiz, eta horretan saiatuko naiz datozen urteetan gauzak ondo bidean.
Ez da protagonismo edo aginte kontua, ardura kontu bat baizik. Gauzak hobetzen saiatzeko ezinbestekoa da denon inplikazioa. Erraza da hezkuntza publikoa defendatzea eta dena kritikatzea, soilik zure klaseak ematera mugatzen zaren bitartean, ingurura begiratu gabe, inoiz bestelako ardurarik hartu gabe.

Euskal Herritar sentitzen garenok, naziotasunari dagokionez, EAEn daukagun defizit curricularra izugarria da, eta hori ere, zoritxarrez, guk aldarrikatu eta hobetu beharreko gaia da. Emakume gisa, nire tokia aldarrikatzea ere ezinbestekoa iruditzen zait, eta ezinbestekoa ere, gure gazteei hizkuntzaren, ikasketen, arduren eta konpromisoen garrantzia transmititzea. Horregatik eta beste hainbat konturengatik datorren ikasturtean konpromisoa erakutsi eta ardura hartuko dut.

Bidean oztopoak bainoago laguntzaileak besterik ez topatzea espero dut.

2025/06/01

EKAINAK 1 (ostegun beltza)

Osteguna da, ekaineko lehen eguna. Udara heldu ez den arren udako egun eder horietako bat da, goizean fresko eguerdirako eguzkiak bere osotasunean distira egiten duelarik, giroa berotuz.

Telefonoz deitu dio motel dagoela esanez,  eta lanetik zuzenean berera joango dela adierazi dio. Hori egin dezake, eguerdian amarenera joan, aurreko urtean lana uztea eta lantokiz aldatzea erabaki zuelako. Askotan etorri zaio erabaki hori gogora, eta horri esker bere ondoan egoteko aukera izan duela pentsatu, aldaketa hori probidentziala izan balitz bezala.

Etxera joan eta ama ohean aurkitu du, jaikitzea kostatzen zaiola esanez. Medikua etxera etorri da eta urgentzietara eramateko aholkatu die, han hobe azter dezaten. Ama mugitzea kostatzen zaiela ikusirik, irribarretsu egon arren fisikoki pisu mortu baten modukoa da, anbulantzia batera deitu dute. Lasai ama, ni joango naiz zurekin anbulantzian, esan dio eztiki eskua helduz.

Anbulantziaren aurrealdean doa. Une batean txoferrak soinu bat entzun eta gelditu egin da, Miramon parean, ospitaletik bi minutura. Jaitsi eta atzealdera joan da. Segundo batzuk besterik ez dira izan, oso luze suertatu zaizkionak. Ostera igo denean larriduraz begiratu eta problemas hitza bota dio.

Urgentzietara heldu eta ziztu bizian atera dute ohatila, bertan itxaroteko esan dioten bitartean. Badaki ez duela ama berriro bizirik ikusiko. Anaia heldu denean sarreran topatu du. Burua aldeetara mugituz ezetz esanez bezala dena esan dio. Besarkada batean bildu dira.

Ordu erdi beranduago konfirmatu diete jada bazekitena. Ama ikusteko aukera izan dute beste behin ere, baina jada ez zen bera, aurpegia desitxuraturik zuen, suspertzeko ahaleginetan sartutako medikazio guztiaren ondorioz.

Berriro ez duela ikusi nahi erabaki du, eta eguerdiko irribarrearekin geratu da. Han egon izanarekin, bere ondoan, lasai ama zurekin noa.
Eta probidentziari eskerrak eman dizkio iaz lana utzi zuelako, bestela istorio hau bestelakoa izango baitzen.

Osteguna zen, duela zortzi urte, ekainaren lehenengo eguna, udaberria izan arren udako egun zoragarri horietako bat, goizean fresko, eguerdirako eguzkiak bere osotasunean distira egiten zuelarik, giroa berotuz, gaur ez bezala. Egun hura aukeratu zenuen gure artetik joateko, ostegun eder hura, ostegun madarikatu hura, ostegun beltz hura, nire gogoan betirako iltzatuta geratuko dena, zure presentzia bezala.