gabonak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
gabonak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2025/12/31

ABENDUAK 31 (urte amaiera erroman)

Erroman nago, hiri eternala dioten horretan. Ez naiz bakarra gabon zaharra hiri zahar honetan igarotzea erabaki duena. Lepo dago hiria, turistez beteta, ni lakoaz lepo. 

Gaur lehen kontaktua egitera irten naiz, besterik ez. Filmetan ikusitako leku mitikoak usaintzera, dastatzen hastera, baina lan nekeza da. Jende andana dabil leku mitiko horietan. Erromatarrak, donostiarren antzera, nazkatuta behar dute turistifikazio kotxino hontaz. 

Kolak ikusi ditut Fontana de Trevira hurbiltzeko, Panteoian edota foroan sartzeko. Baina ez bakarrik hori, luxuzko dendetan sartzeko ere ilarak ikusi ditut. Zenbat diru daukan jendeak. Erromako San Silvestrea ikusi dut, jakin izan banu igual 5 kilometrokoa egitera animatuko nintzen; gaztain erreak erosi ditut eta erdiak ustelak zeuden, babo aurpegia ikusi dit nonbait saltzaileak. Bueltatu naiz halere, gaztain ustelak eskuan, eta eman dizkit pieza goxoak iruzurtiak. Eta keniatar batek baxu harrapatu nau eta euskalduna nintzela esan diodalako hasi zait gure onberatasuna goraipatzen, eta kasik gainean zeuzkan bitxi guztiak erosi arazi dizkit. Dirurik ez nuela esan besterik ez zait geratu, senarra etxean nuela eta nik ez dakit beste zenbat gezur, dena egoera deseroso hartarik irteteko. 

Eta gehiegi agobiatu aurretik hotelera bueltatu naiz, atseden hartzera, hitz hauek idaztera, komunetik pasatzera -gauza zinez nekeza gure hiri zibilizatu hauetan- eta gauean non afalduko dudan erabakitzera, nahiko bainuke ospakizun usaina hartzea urteko azken egunari.

Gabon zahar on eta urte berri on Erromatik!

2025/12/24

ABENDUAK 24 (hipokresiari stop)

Aspaldi ez nintzela hemen esertzen, gosaldu ostean, duela urte ta erdi nire buruari jarri nion egitekoari heltzeko. Gaur egutegietan seinalatzen dugun egun horietako bat da eta balantzea egiteko gogoa izan dut, bereziki, urte amaieran ez naizelako hemen izango.

Lanera buelta oso gogorra izan da, une askotan ezingo nuela jasan pentsatu izan dut. Estres maila handia, gauzei ezin heldu, jende askoren berekoikeriaz jabetu, benetan latza egin zait. Une batzuetan bakarrik sentitu naiz, agian hori nire egoera emozionalaren isla ere izan da, ez dakit, baina oporretara desinflauta heldu naiz. Eta zein da balantzea? Ba bizitza egunero gertatzen ari zaigun hori dela asimilatzea ezin bestekoa dela aurrera egin ahal izateko.

Eduki ditut egun benetan beltzak eta eguna amaitzean nori kontatu ez neukan, eta sentsazio horrek asko pisatu dit halako unetan. Baina denari garrantzia kentzen saiatzen ari naiz, halako batean ezer gabe geratuko naizela sentitu arren. Agian hori da zoriontasunaren klabea, buruko pentsamendu guztien erabateko erauzketa.

Aurten hainbat ikastarotan izena eman dut, baina horietan ere asmatu ez izanaren sentsazioa daukat. Agian ez da hau nire ikasturtea izango, agian espektatiba gehiegi egin dut, egiten dut, gauza guztietatik, eta gero dezepzioa neurri berekoa izaten da. Ez dut sekula ikasiko. Agian ez dut ikasi nahi. Agian itxaropenaren ilusioak mantentzen nau bizirik, ilusio berorren deuseztapenak txikituta uzten nauela jakin arren.

Eta oraindik gogoan zauzkat, zuk nitaz ez duzula ezer jakin nahi jakin arren. Baina gauza da toki guztietan ikusten zaitudala, zu ez konturatu arren. Eta ahalegina egin dut zu ahazteko, baina zer nahi duzu esatea, ezin dut, bide horretan nagoela berrize agertzen baitzara, izkina batean, ezustean, eta akabo bake sentimentala.

Eta amaitzeko gabonak, badatoz familian biltzeko egunak. Baina norekin biltzen gara apenas familiarik ez dugun horiek? Poteoan atera eta oso zoriontsu garela disimulatzen dugu, gero gure lau pareten artean daukagun miseria ezkutatuz. Gaur ez nago umoreko, batetik irten eta mozkortzea nahiko nuke; bestetik, etxean geratu eta edozein asteazkenetan egingo nukeen gauza bera egitea nahiko nuke, edo mendi aldera joan lo egitera, eta hirietako burrunbetatik alde egin. Baina horretarako furgona falta dut, hori ere falta zait azken hilabetean. Arazo guztiak batera heltzen dira.

Eta bihar, anfitrioi lanak egingo ditut, geratzen zaizkidan familia-loturak mantentzeko, baina nazkatuta nago bizi dugun hipokresiaz: urte osoan akordatu ez, eta egun seinalatua delakoan egiten dugun itxurakeria horrek akituta nauka. Baina hori ere bizitzaren parte omen.

Tonua negatiboa izan arren oso lasai nago, gerretan, kartzeletan, kale gorrian dauden guztiak gogoan. Zertaz kexa naiteke, falta dudan maitasun intimoaz ez bada?

Goza itzazue egun hauek. Osasuna, maitasuna eta askatasuna.

2025/01/07

URTARRILAK 7 (jostailuekin jolasteko eguna)

Umea nintzenean oso etxe gutxitara heltzen zen Olentzero opariak ekartzera. Orduan ekialdeko erregeak etortzen ziren gurera, eta jostailuekin jolasteko astirik izateko urtarrilaren zazpian jai izaten genuen, gabonetako oporrak egun bat gehiago luzatuz.

Pentsatzen nuen ohitura hori jada galduta zegoela, baina hara non ikusi dudan bizilaguna baloiarekin kalera irteten. Gaur oraindik jai zuela esan dit, pozik. Beraz, ez ditugu errege magoak Olentzerorekin ordezkatu, orain biak ditugu, kontsumismoaren gailurra inondik ere, umeei opariak bitan eginez. Horretan datzalako gure gizarte moderno hau, kontsumoan, etengabeko kontsumo batean, behar ez eta apenas erabiliko ditugun gauzak erostean.

Eta gaiez aldatuz, etb2ko nire aurkezle kuttunenak, Africak alegia, esan du euskal dantzak ikasteko aukera izango dugula online hemendik aurrera, Arin-erina esaterako. Bai hala esan du, iaz Olentzero eta Mari Dominguín esan zuen modu berean. Zeren euskal katean daramatzan urteak eramanda ere, oraindik ez da gai euskal hitz bat zuzen esateko, ziurrenik, inolako interesik ez duelako.

Eta odola gaiztotu aurretik, hemen utziko zaituztet Gary Cooper guapo bati begiratuz, Frank Capraren filme batean.

Aste on!

2025/01/04

Urtarrilak 4 (badatoz erregeak)

Bai badakit oraindik bi egun falta direla, baina atzo jada telebistan agertu ziren, euskal hainbat hiriburutan zein egunetan egongo diren azalduz. Bitxia izan zen, teleberrin ikusi nituen eguerdian eta, Olentzerok ez bezala (aipatu gabe neukan orain gaztelaniaz egiten duela etb2rentzat, ume guztiek ederki ikus eta entzun dezaten), ekialdetik etorritako errege magoek euskara egiten baitzuten. Agian baten batek informatiboetako arduradunei errieta egin die tamainako zentzugabekeria egiteagatik aurretik, auskalo.

Beno, ba erregeak direla eta, kontua da erregina bati buruzko seriea eransten ari naizela, Mediciko Catalinari buruzkoa hain zuzen ere, The Serpent Queen, asko gustatzen ari zaidana bide batez.
Badakit fikzioa dela, baina egiatik zerbait izango du noski, eta izugarria iruditzen zait gizakiok, boterearen izenean, edota bizirauteko, egiteko prest gauden guztia.
Ba seriean pertsonaia horren bizitza kontatzen da, berea eta bere ingurukoena. Haluzinagarria da zein maltzurkeria arnasten den alde guztietatik kasik. Inbidiak, zeloak, traizioak, konplotak, horretan oinarritu baitzen Europako boterea urte askotan. Hala ere, gizartearen parte handi batek, ez agian Euskal Herrian baina bai beste herrialde askotan, jarraitzen du monarkia bezalako instituzioa defendatzen.

Ta halakoak ikusita, burura hainbat galdera datozkit ezinbestean. Pertsonek berezkoa dugu sen maltzur hori, ala heziketak, inguruneak, jendarteak bultzatzen gaitu beste batzuen kontra bortizki egitera? Noiz ikasi genuen beste pertsona baten bizitzak ez duela baliorik? Noiz ikasi genuen emakumeak gutxiago zirela eta haiekin nahi dena egin daitekeela? Nondik atera genituen halako uste ustelak? Zergatik hogeita batgarren mendean jarraitu behar dugu emakumeen aurkako bortizkeria salatzen?  Zergatik bukatu behar du gazte batek labankadez josita hilotz parranda baten ostean? Noiz galdu zuen burua gizakiak?

Lasai, ez naiz dramatika jarriko, jakin badakit jende gehiena ona dela, baina beste hori ere existitzen da, ta denon ardura da halako portaerak neutralizatzea eta baztertzea. Horra erregeei eskatzeko desio bat.
Eta zuek zer zarete Olentzerokoak ala Errege Magoetakoak?

Asteburu on!

2024/12/31

ABENDUAK 31 (gabon zahar)

Ba heldu da 2024ko azken eguna. Baneukan urteari errepasoa egiteko asmoa hainbat datu bilduz, baina erabaki dut inori ez zaiola interesatzen hamar edo hogei liburu irakurri ditudan, edota zenbat film ikusi dudan zinematan; ez eta zenbat gailur edo trekking egin ditudan urtean; gutxiago zenbat aldiz maitemindu naizen, edota zenbat aldiz ligatu dudan. Egia esateko, ez dakit irakurtzen didazuenei zer interesatzen zaizuen, baina nik nahi dudana idatziko dut, horretarako da nire egunerokoa eta, ez al duzue uste? Hala ere, batetik hamarrerako puntuazioa jarri beharko banio urteari zazpiko bat jarriko nioke. Hau da, oro har, oso ondo egon da, baina gabezia edo tristezia batzuk izan ditut.

Garai batean gaurko afarian eta biharko bazkarian ama eta biok egoten ginen mano-mano. Gaur gaua bakarrik igaroko dut, hala nahi izan dudalako. Halere, ama gogoan edo, gaur bere berokia jantzi dut, seguru nonbaitetik ikusi nauela guapa-guapa. Eta, atzo pentsatu bezala, bazkaldu eta nire toki kuttunetako batera joan naiz urtea despeditzera.

Furgoan joan naiz Pardiolaraino, eta handik Onddira igo naiz lehenik. Bakar bakarrik nago. Kosta egiten zait arnasa hartzea, bularraldea hartuta baitaukat, baina sasoitsu nagoela esan dezaket harrokeriarik gabe, erraz igotzen ditut maldak. Aurreko hileko egurrak zerikusia izango du ziurrenik. Handik Muniskora jaitsi naiz. Hiru lagun daude bertan. Harri batean jartzeko ohitura daukat. Hantxe geratu naiz tarte batez, gure arbasoen eta eguzkiaren energia xurgatuz, negatiboa deskargatuz, liburu bat eskuan, bakean irakurriz. Halere, eguzkiak jo arren, tenperatura ez da oso altua eta ordu erdira martxa egin dut Zahatzain aldera.

Bi hilabete izango dira ez nentorrela hemendik eta harritu naiz, bideak erreka bat dirudielako. Dena da ura eta lokatza. Pentsatzen jarri naiz ea azken astean euririk egin ote duen. Ezetz esango nuke, baina toki hau nahiko ospela da, ez zion lehortzeko astirik emango. Ba ura eta lokatz artean txukuna jarri naiz, nahiz eta ez dudan gauza handirik behar belauneraino zikintzeko.

Furgoneta arteko bidea berriz ere bakar bakarrik egin dut. Zein ederra den mendian bakarrik ibiltzea, txorien kantua, hostoen karraska, edota adarren kulunka entzunez, denbora ez ustean pasatzen zaizu, eta konturatu orduko eguzkia jartzen ari da.

Ba halaxe heldu naiz etxera, iluntzen hasia zelarik eta gorputzean dardarizoa nuelarik. Goizean hobeto sentitu naizen arren, gorputza ez dut ondo. Dutxa beroa hartu ostean paracetamol bat hartu dut, kafe egin berria eta goizean erosi dudan errege-opil zati batez lagunduta.

Afarirako zerbait berezia badut, baina,  ohi bezala, bederatziak aldera afalduko dut, ea zorte apur batekin petardo festa hasi aurretik lokartzen naizen. Eta, bihar goizean, dardarizorik ez badut eta ondo jaikitzen banaiz, mendira joango naiz urte berriari oles egitera.

Gabon zahar on guztioi, eta ondo ekin urte berriari! 

2024/12/30

ABENDUAK 30 (urtea despeditzen)

Gaur, urtea despeditzeko, Aitzgorrira joateko asmoa neukan baina gainean daramadan buruko min puntuak ohean jarraitzera animatu nau. Paracetamola hartuta ia hamaikak arte geratu naiz lo. Oso arraroa niretzat, nahiz eta Garminak dioen nire loaren kalitatea eskasa izan dela. Eta presarik gabe jaiki, gosaldu eta idazten jarri naiz, hurrengo bidaia hasi aurretik amaituta utzi nahi ditudan bi lantxori helduta.

Eta konturatu orduko bazkalordua heldu zait. Eskerrak batch cookingera afizionatua naizen, eta beti, edo ia beti, daukadan zerbait prestaturik.

Bihar beste konpromiso batzuk ditudanez, Aitzgorrikoa urte berrirako utziko dut, nire gorputzak hobera egin badu bederen. Ez dakidana da egun horretan han jende askorekin topatuko naizen, ez bainuke mendira manifestazio batean bezala joaterik nahi.

Urtea hasteko beste modu ederra itsasoan bainu bat hartzea izan daiteke. Bi motibo dauzkat aurten horretara ez animatzeko. Lehena eta inportanteena, nire arnas-apartuarentzat ez dakit egokiena ote den une honetan; eta bigarrena ez dut hona ekarri nahi, merezi ez duten kontuak gogora ekartzea denbora-galtze bat iruditzen zaidalako.
Beraz, ondo banaiz, mendira. Urte berriari agur egitera.

Urte zaharra despeditzera ere mendira joan izan naiz. Agian bihar ere egun egokia dut horretarako, arratsaldez, ilundu aurretik, etxekoetara, azken finean haiek salbatu naute. Mendiei eta naturari esker orokorrean nago gero eta biziago, gero eta aseago nire bizitzarekin. Esango nuke nire meditazio modua direla, bakea ekartzen didatela, gogoa baretzen didatela, zoriontsuago egiten nautela.

Eta zuei zerk ematen dizue bakea? Zerk egiten zaituzte zoriontsuago? Argi badaukazue horretan jarrai, nik behintzat horretan jarraituko dut.

2024/12/26

ABENDUAK 26 (opariak)

Oparirik onenak norberak bere buruari egiten dizkionak izaten dira, ez al duzue uste?
Ni aurten nabil nire buruari, etengabe, opariak egiten. Akaso izango da inork ez dizkidalako egiten, batek daki, baina aspaldi ikasia naiz gozamena ematen diguten gauza horiek egin behar  ditugula, inoren zain egon gabe, edo inorengandik ezer espero gabe.

Eta horrela nabil, aberats baten moduan, beno aberatsa banaiz nolabait, bidaia hemendik, hoteltxoa handik; gorputzerako halako tratamendu, kirolerako halako konplementu, janzteko halako arropa, etxerako halako altzari.
Diru guztia xahutuko dut martxa honetan, baina aizue, zer plazera.

Eta zuei zeinek egiten dizkizue opariak, Olentzerok? Asmatzen al du. Gustagarriak diren planak oparitu al dizkizue?
On egin!

2024/12/25

ABENDUAK 25 (gaindosia)

Atzo eta gaur artean azken asteetako hainbat substantzien dosiak gainditu ditut aldi baterako, espero.

Proteina gaindosia, frijituena, haragiarena, alkoholarena, gozoena, familiarena. Bapo, ederki egon da, baina garai baterako ase naiz. Kito. Gaurtik aurrera gabonak existituko ez balira bezala egingo dut, edo horretan saiatuko naiz.

Beste urte batzuetan kanpora irten izan naiz, eta errazagoa da ospakizun horiek ahaztea. Aurten etxe bueltan ibiliko naizenez, espero dut inolako tentaziotan ez erortzea, eta egun normaletako bizimodua egitea. Bi egun hauetako garbiketa egin, eta berriz ere gorputza sasoi-moduan ipintzea. Ea lortzen dudan.

Eta zuek, ondo? Gaur afalduko al duzue? Ni infusio bat hartuta banoa ohera.

Gabon! 

2024/12/24

ABENDUAK 24 (kontuz poteoarekin)


Ez gara oso kristauak, baina euskaldun ia guztiok ospatzen ditugu gabon gaua eta eguberri eguna. Ohitura, tradizioa, deitu nahi duzuen moduan, baina familiarekin elkartzeko egunak izaten dira. Sortu gintuen familiarekin elkartzekoa, normalean, ez norberak aukeratu ahal izan duenarekin egotekoa, baldin eta kanonetatik irteten den familia bat baldin baduzu bederen.

Afari eta bazkariak bezain inportanteak dira poteoa. Batzuk kafe orduan elkartzen dira mus txapelketari ekiteko eta, ondoren, poteoarekin jarraitzen dute, afarirako alkohol dosiak jada erabat gaindituta dituztelarik, beste drogen kontsumoan sartu gabe. Horiek bihurtzen dira munduko sinpatikoenak, komentarioa hemendik, musua handik, dena da poztasuna eta roilo ona. Halere, giro polita egoten da herrian, etxe guztietan dauden arazoak eta minak une batez desagertuko balira bezala.

Neu ere irteten naiz pote pare bat hartzera, eta baldintza ez oso onetan heldu izan naiz afaltzera behin baino gehiagotan. Halere, okerragoa izaten zen duela urte batzuetako Eguberri eguna. gabon zaharrean baino, gabon gauean irteteko ohitura genuen lagunek, tabernetan lasaiago egoten zenaren aitzakiaz. Eta hala zen, baina gero, gaupasa egin ondoren, etxeko saloian aurpegi ona jartzea eta amari lanetan laguntzea nekeza izaten zen.
Baina gazte garai haiek ere pasatu ziren. Oraingoan espero dudana da nagoen horiekin ordu batzuez gustura egotea, gutxitan egoten bainaiz, ahalik eta betekadarik txikiena izatea, eta hogeitaseian ondo egotea nire gustuko plan bat egin ahal izateko, mendia, paseoa, edo dena delakoa.

Irakurle maitea ondo pasa ezazu pasatu gabe eta disfrutatu benetan maite dituzun horiekin.

Gabon gau on!

2024/12/16

ABENDUAK 16 (badatoz gabonak)

A ze galbana sartzen zaidan gabonetan pentsatzen dudan bakoitzean. Ez zaizkit inoiz gehiegi gustatu, eta adinarekin are eta gutxiago, kalean, poteo egunetan, arnas daitekeen hipokresia ez dudalako jasaten ziurrenik.

Aurten desberdinak zaizkit, opor luzeetan nagoenez ez direlako beharrezko ditudan opor batzuk, baina ohiturazko hainbat kontu berdin-berdin egin behar ditut, eta jada haien arrastoan nabil. Ilobentzako opariak, federazioko txartelaren berritzea, urteko azken eta hasierako egunetan gustura egingo nituzkeen planetan pentsatzea besteak beste. Ez dut burua parrandan, aurreko ostiralekoa ikusita arrazoi gehiagorekin, eta urduritzen hasia naiz, etxeko garbiketa egiteko egunak atzera kontaketan direlako. Eskerrak ez zaidan kozinatzea eta otordurik antolatzea tokatzen, oraintxe bertan etxea dudan modua ikusirik ezinezkoa bailitzake.

Eta ez ditut gabonak gustuko ez, badirudielako egun horietan oso zoriontsua izatearen plantak egin behar dituzula; familia perfektua duzula adierazi behar duzula, zenbat juntatzen zareten eta zein ondo pasatzen duzuen kontatu behar duzula. Zutaz jende pila bat akordatzen dela adierazi behar duzula, baita zu beste pila batez akordatu eta haiek zoriondu ere.

Kaka zaharra, gabonetan nirekin ez da inor akordatzen, urteko gainontzeko egunetan bezala, edota akordatzen direnak urte osoan akordatzen diren berberak dira, esku batekin kontatzekoak. Modu berean ni pertsona jakin batzuekin soilik akordatzen naiz, urteko edozein egunetan akordatuko nintzatekeen horiexek. Eta bai, aitortzen dut Eguberrian etxekoekin bazkaltzeko juntatzea gogoko dudala, agian, urteko beste egunetan elkartzen ez garelako. Eta beti amestu izan nuela gabon zaharra aukeratutako familiarekin, alegia, lagunekin igaroko nuela urteren batean egun hori, baina hori ez da inoiz gertatu, eta, egia esateko, gaur egun jada berdin zait, urteko edozein egun izan daitekeelako egokia horrelakoak egiteko, baina oso aspaldi ez dudala halakorik izan. Eta, hala ere, hemen jarraitzen dut, bizirik, nire gorabehera guztiekin, baina ez gehiegi kexatzeko moduan.

Gabon festetarako, dagozkion afari eta bazkariaz gain, hiru kontzertu dauzkat programatuta. Espero dut mendi irteeraren bat egitea, eta giroak laguntzen badu, eta badirudi baietz, eskiatzera eskapadatxo bat egitea. Ez nauzu poteoan ikusiko, hogeitalau arratsaldez ez bada, ez nauzu ikusiko inor zoriontzen, ohitura faltsu horiek aspaldi galdu bainituen. Halere, zuri irakurle hobena opa dizut, bai gaur, bai bihar, baita hurrengo urtean ere.

Ondo pasa gustatzen zaizun hori egiten!