Nire lankideei
lotsatia naizela esaten diedanean ez didate sinisten. Gauza da zein egoeratan
agertzen zaizkizun lotsak, ziurtasun-faltak, zalantzak, deserosotasunak. Azken finean
autoestimu kontua da. Nik gauza batzuetarako autoestimu handia daukat, beste
batzuetarako, aldiz, bat ere ez.
Pertsona
bakoitzak bere konfort eremuak dauzka. Nirea beti izan da ikasketa eta lan-mundua.
Horretan sentitzen naiz eroso, hanka sartzen dudala dakidan arren. Egoera
horietan beti izan dut determinazio handia, eta ez daukat inolako arazorik
jendearen aurrean hitz egiteko, nire iritzia emateko; lotsak ez du hor inolako
tokirik, nire buruarengan estimu handia daukat.
Baina alor
pertsonalean guztiz kontrakoa gertatzen zait, hor agertu ohi zaizkit ziurtasun-faltak,
irudi txar bat emateko edota barregarri geratzeko beldurrak, finean, baztertua
izatekoa. Eta egia esateko putakeria bat da. Eta ez naiz soilik lige kontuez
ari, baita jende berria ezagutzeaz, edo ezezagunen talde batean integratzekoaz.
Adinarekin
egoera hobetzen ari zela pentsatzen nuen, nire buruan konfiantza gehiago nuela,
baina ez da horrela. Bereziki, alor intimora joz gero, autoestimu eskasa daukat,
eta horrek, askotan, itsuskeriak egitera narama nahigabean.
Alkoholarekin
lortu izan dut nire mamu horiek uxatzea, guztiz irekitzea, beldurrak galtzea,
baina horrelakoetan biharamunak terribleak izan dira.
Behin konfiantza
dudanean oso pertsona irekia izan naiteke, baina puntu horretara heltzea asko
kostatzen zait. Bereziki, autoestimu handia azaltzen duten pertsonen aurrean
gertatzen zait hori, mundua jango dutela transmititzen duten horiekin, eta ez
da genero kontua.
Eta hor nabil,
nire bi aurpegi horien artean oreka bilatu nahian eta ezinean. Egun batean
esandakoaz damu, bestean egin gabekoaz. Neure mamuei aurre egiten ahal dudan
modurik egokienean, neure beldurrekin borrokatzen.
Naturaltasuna
bilatzen dut nire buruan, baita besteengan ere; barrutik irteten zaidana
adieraztea inolako mugarik gabe. Eta horretan jarraituko dut. Beraz, inoiz
itsuskeria bat egin badizut ez gaizki hartu lagun, nire barne katarsiaren
emaitza besterik ez baita izan.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina