Hasi aurretik aitortu behar dut gaur idatziko dudan guztia egia dela, egia berdaderoa, ez duela fikziotik ezer ez, eta, horregatik, egiten zait hain beldurgarri. Eta gaurkoan bai, lotsa handia ematen dit egia hori guztia idatzita uztea, baina hausnarketarako guztiz beharrezkoa iruditzen zait.
Jaiki naiz eta
lehen gauza, komunera joatearekin batera, mugikorra hartzea izan da. Mezu bat
neukan ongizate digitalarena, asteroko txostena. Aitortu behar dizuet aurretik
ez dudala inoiz horrelako mezurik irakurri, agian automatikoki borratu ditut erreparatu
gabe, kontziente izan gabe. Gauza da gaur mezuan sartu naizela. Bertan, aurreko
astean, batez beste, zenbat denboran erabili dudan mugikorra agertzen
zitzaidan. Zorabiatu naiz kasik. Egunero
ia hiru ordu pasa ditut telefonoari begira; hiru ordu. Gaixo nagoela pentsatu
dut, desintoxikazio klinika batera joan behar dudala pentsatu dut, gehiegizkoa
da, onartezina.
Egia da
oporretan egoteak hori duela: denbora libre gehiago, aspertzeko tarte gehiago, betetzeko
ordu gehiago. Baina gehiegi iruditu zait. Eskerrak lau kontzertutan egon
naizen, eta zinemara joan naizen, eta mendira, eta hondartzara, eta kasik bi
eleberri irakurri ditudan, eta serie bat ikusten amaitu dudan, bestela, zenbat
ordu izango ziren?
Txostenak
detaile ugari ematen zituen, nik azalekoetan erreparatu dut. Gehien erabili
ditudan aplikazioak honakoak izan dira ordena honetan: telegram, facebook eta
instagram.
Pentsatzen jarri
naiz nola justifika dezakedan gehiegizko erabilera hori, justifikatzerik bada.
Telegramen kanal ugarietara harpidetuta nago (berria, argia, naiz, zinema gomendioak,
lab irakaskuntza…,) eta haietatik eskuratzen dut informazio ugari. Beraz,
neurri batean, justifika dezaket sare horren erabilera. Gainera, orain nire
idazki hauek publiko egiteko kanala sortu dudanez, horrek denbora gehitzen dio
erabilerari.
Facebook ere
informatzeko erabiltzen dut, baina lehen baino gutxiago. Denbora pasa izaten da
gehiago, eta idazki hauek kaleratzeko beste bide bat. Ondorioz, tarteka,
irakurle batzuekin elkar eragiten dut bide honetatik.
Instagram
betidanik erabili izan dut argazkiak partekatzeko. Argazkilaritza izan da nire
afizioetako bat aspaldidanik, azken boladan idazketak lekua kendu dion arren.
Hala ere, denbora ematen dut besteen argazkiak eta nireak ikusten.
Eta neurri
batean erabilera justifikatu dezakedan arren, jarraitzen dut gehiegizkoa dela
pentsatzen, eta nire buruari mugak jartzea besterik ez zaidala geratzen deliberatu
dut. Baina nola? Ordu batzuez mugikorra ezkutatuz? Toki batzuetara eraman gabe?
Itzaliz? Ez dakit, baina zerbait egin behar dut, eta hau jendarte guztira
hedagarria dela iruditzen zait.
Jendarte bezala
arazo handia daukagu. Gure gazteei beste ohitura batzuk erakutsi nahi badizkiegu,
ez al dugu gu eredu izaten hasi beharko?
Eskoletan mugikorrik
ez, baina eta etxeetan zenbat eta nola?
Ni, momentuz, oraintxe lau orduko mendi buelta bat ematera noa, naturarekin kontaktuak mugikorra erabiltzeko beharra kentzen baitit. Eramango dut, bai, emergentzietarako tresna egokia baita, baina erabiltzeko ikastaro batera apuntatu beharko naizela otu zait. Zuek antzeko arazorik ote duzue?
Utzi mugikorra alde batera, eta ondo hasi astea.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina