2025/08/31

ABUZTUAK 31 (alferkeria)

Goizeko zazpietan esnatu naiz, baina apur bat gehiago geratu naiz ohean. Halere, gosaldu eta nire asmoa mendira joatea zen, iragan dudan urtean egindako kirola eta lortutako sasoiari eutsi asmoz. Baina alferkeria nitaz jabetu da. Badirudi indar ikusezin batek, indar asko dira ikusezinak, nire sofan bermatuta mantendu nahi nauela, eta irteteko saiakera egin arren, sofan amaitzen dut nik hala ez erabaki arren.

Aurten lorturiko sasoia nion, jada hiru astez lasaiago ibili ostean galdu dudana. Egun batetik bestera bi kilo irabazi ditut eta izugarri puztua nago. Horri bueltaka ari nintzela irten naiz azkenean kalera, ahalegin handia eginez.
Mendira joan naizenik ezin esan, buelta bat ematera esango dugu. Eta nabaria zen ekaitza zetorrela, baina ni iragarpenei itsu eta sorgor hor abiatu naiz ez aterki, ez kapusai, ez deus. Hamar minutu oinez neramatzala hasi du euria. Fin hasieran, bortitz berehala; halere, aurrera egitea erabaki dut. Imajina dezakezue nola heldu naizen etxera ordu ta erdi beranduago, mela-mela eginda. Baina, zorionez, dutxa beroa daukat eta arropa lehorrak eta sofa eroso bat, aurreko umeltasuna gainetik kendu eta goxo-goxo egoteko.
Eta zinemarako asmoa ere banuen, baina udazken beteko eguraldi honek etxean geratzera bultzatu nau, inkontzienteki biharko prestaketa saioa egitera, horretan gogoa jartzeko inolako jarrerarik ez dudanean. Akaso irakurtzen igaro beharko nuke arratsaldea, baina hasi berri dudan eleberriak ez dit inolako atxikimendurik eragin eta beste bat bilatzen hasi beharko nuke eta horretarako ere alfer nago.

Orduan ohartu naiz igandea dela. Gaur sentitzen ari naizen hau ez dela soilik etapa baten amaieraren seinale. Gaur eguraldi tristeko igande bat da, bihar lanera joan behar dut eta ez daukat zetarik alboan zeinekin mantaren azpian film batez gozatu.

Orain bai sartu naizela bete betean egunerokoan. Animo bihar lanera bueltatzen zareten guztioi, ez zaitzatela alferkeriak sofan itsatsirik harrapatu, hortik irtetea zaila izango baitzaizue ziurrenik.

 

2025/08/29

ABUZTUAK 29 (hasiera berri bat)

Duela hamahiru ordu irten naizela etxetik.

Badator buelta, badator burua nekatzeko garaia, badator kirol gutxi egitekoa.

Ordu trinkoak izan dira. Halere, gauzak amaituko ez dituzunaren sentsazioa.

Ondoren bazkaria, bestelako kontaktua izateko, bestelako harremana.

Ondo sentitu naiz, galdu sentsazioa izan arren une batzuetan.

Etxeratzean ordea hutsa. Egunekoa norbaitekin partekatzeko ezina. Betiko katramila.

Eta hau hasiera besterik ez da.

Astelehenean hasiko da benetako erronka eta urduri nago.

Ez dakit sekula horrela sentitu naizen, eta sentitu banaiz ahaztu dut dagoeneko.

Bitxia da gure burua gero.

Erraz ahazten ditu gogoratu beharrekoak, nekez gogotik kendu ahaztu beharrekoak.

Eta zurekin ez, baina aspaldian toki guztietan ikusten dudan pertsona batekin egin dut topo.

Kuriosoa da, argazki batean biak agertzen baitzarete.

Argazkia gordea dut album batean.

Eta ez dakit zugatik den edo beragatik.

Denborak esango du beragatik ala zugatik ezabatzen dudan. 

2025/08/25

ABUZTUAK 25 (carpe diem)

Ai eguneroko, eguneroko, guztiz abandonatuta zaitut; ez paperean ez ordenagailuan badira egun batzuk ez dizudala kasurik egin, baina fase horretan nago, aldaketaren garaian, metamorfosi bete betean, aurrekoa ahazteko eta berrian zentratzeko tenorean, eta zenbat kostatzen ari zaidan aizu.
Eta hemen nabil nire gotorlekuan ezkutaturik, inorekin, ezerekin harremanik izan gabe, neure baitara bilduta, ahaztu beharrekoak ahaztu nahian berriari toki egiteko.
Urteroko kontua da kasik, baina aurtengoa gogorragoa, bost udako opor akumulaturik baititut gainean. Eta ahalegin izugarria egiten ari naiz borratu beharrekoa nire gogotik erauzteko, baina gauza batzuk ezinezkoak dira, ezinezkoak zaizkit; pertsona batzuk gogotik erauztea ezinezkoa zait barru barruraino iltzatuta baitauzkat.

Kantuak dioen moduan denborak sendatzen du dena. Fede gutxiko hau hori sinisten saiatuko da. Bitartean, carpe diem.

2025/08/20

ABUZTUAK 20 (eklektizismo)

Hau ez da eguneroko bat

barrenak hustutzeko tokia baizik

hustu nerbioez

hustu minez eta roilo txarrez

 

Negar egiteko tokia da

batzuetan  barre egitekoa

sentimenduak adieraztekoa

garrasi egitekoa

 

Isilik egoteko lekua ere bada

isiltasuna hitzez ere adieraz baitaiteke

soinurik gabe baina

hizki guztiekin

 

Toki hau maitasuna adierazteko da

baita gorrotoa ere

maitasuna eta gorrotoa

txanpon beraren bi alde

 

Mundua sutan da

eta ni triste nago

gure aurrekoak badoaz

gu gara hurrengoak

 

Eta zurekin egin dut amets

baina ez zait kontsolamendu

esnatu orduko

itzuli bainaiz egunerokora 

2025/08/18

ABUZTUAK 18 (txalo bat miurarentzat)

Etxe ondoan dudan supermerkatu batera joateko ohitura daukat. Bai, badakit herriak bizirik nahi baditugu komertzio txikiaren alde egin behar dugula, eta hori ere egiten dut, baina supermerkatura ere joaten naiz. Onartzen dut.

Lanbide batzuk oso feminizatuak egon ohi dira, beste batzuk izugarri maskulinizatuta dauden modu berean. Askotan akordatzen naiz nola kontatzen zuen lagun batek erriberako ikastetxe batean gurasoek el andereño esaten ziotela.

Beno harira, supermerkatu honetako kutxetan ohikoena da emakumeak egotea, baina gizonak ere izaten dira. Lehengoan, begi ondoan bere azalaren koloreko baino tonu argiagoan MIURA tatuaturik zuen kutxazaina tokatu zitzaidan. Tipoa nahiko lasaia zen, ez nion zezen entzutetsu horien trazarik hartu, eta hori tatuatzeko arrazoietan pentsatzen jarri nintzen.
Horretan ari nintzela, beste tipo bat supermerkatuan sartzen saiatu zen, baina ez zuen sarrerako barrarekin asmatzen. Orduan gure miura hasi zitzaion eskumara mugitzeko, ezkerretara ez, eskumara. Argi zegoen ergel aurpegia zuen tipoak ez zituela erosketak maiz egiten, barruan zegoen emaztearen bila zihoan eta… komentarioak niretzat gordeko ditut iraingarri ez suertatzeko.
Kontua da kutxazaina ez zela oso ondo sentitu tipoari hitz egin zion moduarengatik, ia Cocorena egiten, ezker eta eskuin zer diren azaltzen kasik, eta orduan han geundenoi bota zigun ez zitzaiola gustatzen bezeroei horrelako azalpenak ematea, tontotzat tratatzen zituela pentsa zezaketelako, eta zein ote zen bera inori azalpenak emateko, bera ez zela munduko tiporik azkarrena, begiratzeko zertan egiten zuen lana, supermerkatu bateko kutxan.

Flipatu egin nuen, aspaldi ez nuen halako predikurik entzuten, txaloka hasteko gogoa eman zidan. Eta orduan otu zitzaidan Miura baino tipoak Einstein tatuatua beharko lukeela bere begi ondoan.

2025/08/14

ABUZTUAK 14 (hirugarren revivala)

Ferminek bere despedida kontzertua iragarri zuenetik kontzertu asko izan dira, hau da, bakarra izango zena espektatibak sortuz, bira bihurtu zen, eta bere musikarekin heldu garenok, hori inoiz lortzen bada, han egon nahi genuen, gure gaztetako revivala egiten, bueltatuko ez denari behar bezalako agurra ematen.

Lortu nuen Bilboko lehen kontzertu hartarako sarrera, geroago lehena ez zena izango, nola engainatzen gaituzten; gero Donostiarako ezin sarrera eskuratu gabe geratu; Arrasatera ez nintzen joan biharamunean lana nuelako, eta Gasteizko jaietan mendian harrapatu ninduen. Iruñeako azkenerako, azkena bada, erosi nuen sarrera ere, aspaldi, oso aspaldi, eta gaur, doan izanik, Moskura joango naiz, hirugarren aldiz ikasturte honetan, deja vu bat bizitzen saiatzera, gustuko ditudan kantuekin gozatzera, kantatzera eta dantzatzera; finean, bizitza honek eskaintzen dizkigun plazer txiki horietaz disfrutatzera.

Hirugarren revivala izango da, ez azkena, eta inork pentsa dezake batzuk iraganean ainguratuta bizi garela. Ezta gutxiago ere. Gaur eguneko musika talde piloa gustuko dut (mordor). Onartzen dut nerabeen gehiengoek entzuten dituzten reggetoia eta antzeko doinuak gorroto ditudala, baina talde euskaldun berrien CD ugari eskuratzen dut autoan noanean entzuteko. Ez noa inoiz radio rahim entzuten, agian nire hamar kantu gogokoenen artean egon arren. Ez naiz iraganean bizi, oraina bizitzen saiatzen naiz, hori baita gure errealitate bakarra, baina noizean behin nondik gatozen oroitzea ez dago gaizki, perspektiba ez galtzeko, zer garen gogoan izateko eta etsaiak non dauzkagun ondo kokatzeko.

Gora herria!

 

 

 

 

 

 

2025/08/13

ABUZTUAK 13 (inspiratzerik ez)

Etxetik kanpoko oporrak amaituta, galbana moduko bat jabetu da nitaz, eta bi aukera besterik ez dut begiesten: edo Donostiara joan eta festaz gozatu, bi egunetan egin dut, edo etxean geratu literalki ezer egin gabe.

Beroak ez du laguntzen, dena esan beharra dago, baina lehor sentitzen naiz ezertarako, irakurtzen ari naizen liburuak bere baitan harrapatu eta sofatik mugitzea eragotziko balit bezala. Halere, bitxia da gero, liburua bera irekitzea kosta egiten zait eta, kontatzen didan errealitatea gogorregia bailitzan hura neure gogoan prozesatzeko.
Eta zer esan mendi buelta bat egitera joateari buruz; hamabost eguneko trekkingen ostean mendiarekiko atsedena behar dudala onartzen dut, laster erritmoa berreskuratzea espero dudan arren. Orain gogoak parrandara deitzen nau, kantatzera eta dantzatzera, baina horietara bakarrik joatea ez dut atsegin, eta horretarako musika ere gogokoa behar dut. Eskaera gehiegi abuztu bero baterako.

Eta notiziak ikustea drama bat da, suteak hemen eta han, genozidioa han, Palestinan, mundu osoak ikusle papera hartu duen bitartean. Noiz arte? Ze mundu mierdatan bizi gara?
Eta batzuk maitasuna zabaltzeko desiratzen, gure horren hartzailerik topatzen ez dugun garaian.
Eta ni inspiraziorik gabe nire egunerokoaren orrialde hutsak izkiriatzeko; hori ere abandonaturik daukat, beroaren eraginez izango da. Eta gauean nire gorputz biluzia blaituta esnatzen da, eta une batez nire ondoan zaudela imajinatzen dut, baina hori ere beroak eragindako haluzinazio haluzinagarri bat da.

Baina funtsean, atzean dagoena da badatorkidala errutina, badatorrela eguneroko bizitza normala, nire ezin eta gabeziei egunero normaltasunez aurre egiteko garaia, eta horretarako ere, bereziki horretarako, izugarrizko galbana daukat. Horregatik nahiago ez pentsatu, nahiago sofan izozturik geratu irakurtzen ari naizen eleberriaren bi pertsonaien antzera, eta une batez edo tenporada batez desagertu mundu krudel honetatik, denborak aurrera egin dezala, ni nire gotorlekuan goxo nagoen bitartean, inspirazioak berriz kasu egin arte.

2025/08/11

SU ARTIFIZIALAK

 Turista baten moduan 

portuan eseri

suak gustuko banitu bezala

tabernetan denbora gehiegi

ez egitearren

Ez dut mozkortu nahi

ez paperak galdu moduan

bederen

Jendearen ohhhh

eta txalo zaparradaren artean

galdu

zein sinpleak garen ohartuz

edo onartuz

Eta bitartean 

non egongo ote zaren asmatzen saiatuz

badakidalako hor nonbait zarela

ez nire zain edo nire bila

baina patuak elkartuko bagintu

Orduan bai suziriak

eta trakak nire baitan

bederen

2025/08/09

ABUZTUAK 9 (ogia ez da turistikoa)

Beti nire gorputzaz kexatu arren, dietari buruzko aholkuak ematen dizkidatenean ez dut kasurik egiten. Askotan entzun ditut ogia kendu, glutenik gabeko dieta egin, bai zera, bizitza honetan gehien gustatzen zaizkidanak ez ditut ba kenduko, garagardoa eta ogia. Lehena ez dut egunero kontsumitzen, bigarrena bai, nire otordu guztietan, ez dakit ogirik gabe jaten, baina horretan, garagardoan bezala, adinarekin sibarita bihurtu naiz. Ahal denean garagardo artisaua hartzen saiatzen naiz, oso lupulatua, ahalik eta kimiko gutxiekin; ogiarekin ere herrian dagoen ama oreko ogi ekologikoa hartzen ohitu naiz. Eta okindegiari ederki doakio, pozten naiz, eta hilabete osoa oporretan igaroko dutenez, gaur, hondartzarako bidean, Zurriolatik pasatzea erabaki dut, The Loafen espelta ogi integrala erosteko asmoz. Erakusleihotik ogirik ez dut ikusi, halere sartu naiz galdetzera. Ba lekua jada ez da The Loaf deitzen. Euskaraz ez zekien saltzaileak jada ogirik saltzen ez dutela adierazi dit. Hura egoten zen apaletan Basque Cheese cake inprimaturik zuten kartoizko bilgarriak zeuden. Nire harridurarako, edo ez, denda guztia Donostiarretik ezer ez duen ditxosozko tarta horretaz beterik zegoen.

Ogia bertakoek erosiko zuten, opilak, aldiz, kanpotarrek erosten dituzte, kola eginez, jabeen diru kutxak betez, bertakoen ohitura osasuntsuak erabat alboratuz.

Eta orduan otu zait Donostian ogi ekologikoa saltzea ez dela negozioa ez baita turistikoa. Ogi mota hori beste bizimodu motelagoa bilatzen dugun klase ertaineko zoro batzuk soilik erosten baitugu, nahiko garestia baita, baina horrekin ez da nahiko Donostia mailako negozioa egiteko.

Eta izugarrizko pena sentitu dut, turismoa eragiten ari den kalteaz kexu. Eta bizikleta hartu eta hiru kilometro estra eginez hondartzara joan naiz, motxila hutsik, ogirik gabe, iraila arte ogi industriala jaten egon beharko naizela pentsatuz.

2025/08/08

ABUZTUAK 8 (plazer txikiak)

Gustuko dut marea behean denean, goizaldean, Donostiako hondartzetan barrena pasiatzen ibiltzea. Ondarretan hasi eta Nautikoraino heldu, pareta edo arrokak oinez ukitu* eta buelta hasera aldera, edo alderantziz.  Maite dudan gauza bat da, lasaitu egiten nau, berdin dio negua ala uda izan. Udaran bainujantzian, neguan estaliago, baina itsasertzetik ibiltzea eguzki izpiak jasoz plazer izugarria ematen dit.
*Bai, pareta ikutzen dut, ez dakit zergatik, norbaiti ikasia diodan edo txikitatik ikusi dudan zerbait den, baina ez da sineskeria bat.

Hondartzako umea izan naiz ni, udara guztiak pasatzen genituen izeba baten koinataren Kontxako toldoan, eta bai maite dut hondartza, harea, ur gazia, dutxa hotza, pikoloroko haitzak, han egiten den umeen txisek epelduriko piszina naturala, denak dira txikitako oroitzapenak eta denak gaur eguneko plazer txikiak.

Eta pasiatzen noala aurretik doazenen edo gurutzatzen ditudanen gorputzetan erreparatzen dut. Terapia ona da konplexuz beteriko gizarte honetan tontakeriak alde batera uzteko. Denetariko gorputzak ikus ditzakezu. Batzuk oso argalak, beste batzuk oso potoloak. Ez dira bi berdin. Adin batetik aurrera tripatxoa edo emakumeok zelulitisa edukitzea naturala dela ikusten duzu. Emakume batzuk nik baino tripa gutxiago dute, baina ipurtaldea askoz zabalagoa eta zelulitis gehiago. Eta orduan neure buruari esaten diot, berrogeita hamaseirako ez nagoela hain gaizki, eta bikoterik ez badut ez dela nire itxura fisikoarengatik, beste arrazoi batzuengatik baizik.
Eta zeintzuk diren beste arrazoiak, ba zaila da bat zehatza ematea. Izaera akaso, ez naiz edozerekin konformatzekoa, exijenteegia naizela diote ezagutzen nautenek; gainera, lotsak eta beldurrak pausoak ematea galarazi izan didate, eta askotan geratu naiz nik egin nahi nuena besteek nola egiten duten ikusten.
Baina ez zen hori ekarri nahi nuen gaia, bikoteak pasiatzen ikusteak nahastu egin nau. Nion, hondartzak toki zoragarriak direla konplexuak galtzeko. Han denetarik ikus dezakezu, eta konturatzen zara zu bat gehiago zarela zure inperfekzio guztiekin, beste guztiak bezala, baina ura hanketan sentitzeak, brisa aurpegian eta eguzkiaren epela bizkarrean arazo guztiak ahaztarazten dizkizu une batez, plazerari tarte bat utziz. 

Ba bihar ere marea behean tokatzen da goizez eta eguraldi ona dator. Plazer une baten bila joango naiz Kontxara, nire konplexu eta beldur guztiak ahazturik. Ea elkar ikusten dugun.

 

 

2025/08/07

ABUZTUAK 7 (marmotaren urtea)

1993an Bill Murrayk antzezturiko filma El día de la marmota izenez zaigu ezaguna, estatu espainolean Atrapado en el tiempo izenburupean pantailaratu zuten arren. Ba nire aurtengo urtea, ez eguna, marmotarena dela esan dezaket, ezbairik gabe, arrazoi desberdinak medio.

Lehen aldia da marmota edo muxarra ikusi dudana. Baina kuriosoa da gero, Piriniotan mordo omen dago, baina nik sekula ikusi ez. Lehena Kyrgyzstanen ikusi nuen, goizean goiz, neure behar fisiologikoak egiten ari nintzela. Ume txiki bat bezala sentitu nintzen, aurkikuntza bat egin izan banu bezala. Eta hara non, azken egun hauetan Sarrioen ibilbidea egiten aritu naiz eta sarrioak ez, baina marmota mordoa ikusi dut, eta ni Kyrgyzstanez harrokeriaz mintzatzen… Nola diren gauzak.

Baina marmotaren urtea diot ez soilik marmotak ikusi ditudalako, hori ere bai, noski, laurogeita hamarreko hamarkadako filmean bezala, bizitza edo egoerak errepikatzen ditudala iruditzen zaidalako baizik. Alde bakarra niretzat urtea igaro dela izan da.

Urte bete zaharragoa naiz, baina duela urte beteko antzeko egoeran nagoela esan dezaket. Antzeko gauzak egin ditut udaran, antzeko sentimenduak dauzkat, antzeko nahiak, antzeko ezinak eta antzeko beharrak. Etorkizunak antzeko bizitza ekarriko didala iruditzen zait eta hemen nago, ordenagailu aurrean eserita, denbora pasatu izan ez balitz bezala, bihar ere marmota ikusteko itxaropenaz jaikitzera banindoa bezala. Baina benetan marmota ez da marmota, nire gogoan gorderik dudan ametsa baizik, eta ez zaizkit nahiko nituzkeen egunak errepikatzen, hainbat kontu modu desberdinean egiteko aukera izanez, baina sentsazioa etengabeko deja vu bat bizitzen ariko banintz bezala da.

Marmotaren urtea, bai horixe, iratzargailuak goizeko seietan jo eta dena errepikatzen dela ikusi, denborak aurrera egiten jarraitzen duen bitartean.