Lehengoan gauza
bitxi bat gertatu zitzaidan.
Kontzertu batera
joan nintzen eta kontzertu hasi berri zegoela tipo bat hurbildu, nire musuaren
aurrean jarri zitzaidan, bost zentimetrora gehienez, begira-begira, erdi
barrezka eta ezer esan gabe. Nik ez nekien zer egin, paralizatua geratu
nintzen, eta erreakzionatu nuenean buruarekin keinu bat egin nion zer galdetuz
bezala. Orduan tipoak bota zidan:
-
Zu Hernanikoa zara-, eta nik - bai!
-
San Joanetan egon ginen.
-
Gu San Joanetan? Eta nire aurpegiaz
oker zebilela adierazi nahi izan nion.
Alde egin zuen,
eta pentsatzen jarri nintzen ea tipo hori sekula ikusi dudan. Badakit San Joan
hauetan ez naizela berarekin egon, oso ondo gogoratzen baitut non, noiz eta
norekin egon naizen. Baina, beste San Joan batzuez arituko ote zen? Noizkoez?
Kontzertu guztia
buruari bueltak ematen aritu ondoren, tipo hura ez nuela ezagutzen argi ikusi
nuen, baina eta memoriak ziria sartu badit?
Eta burura etorri zitzaizkidan gaztetan egindako parranda eta gaupasak eta desfasak, eta nola batzuetan inkontzienteki gauza pila bat egiten ditugun biharamunean pentsatu gabe.
Tipo hori izan
zitekeen agian nire biharamun bat? Argi neukan ezetz, baina zer pentsatua utzi
zidan gau guztirako. Eta otu zitzaidan zein gaitasun daukadan halako zoroak
erakartzeko, ni naizen bordea izanda.
Kontzertua
amaitu zenean handik alde egin nuen, kasik korrika, tipo haren ero irribarre hura
berriro ez ikusteko.
Espero dut nire herrian kaletik inoiz ez gurutzatzea.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina