2025/11/28
AZAROAK 28 (blue weekend)
norekin partekatu ez duzunean?
Zulo beltz batek harrapatua nago
Ez da inondik argi izpirik sartzen
Akaso iluntasun hau da nire patua
Eta ez dut gustuko
Txiki sentitzen naiz, ikusezin
Nire boza ez da inon entzuten
Inork ez du nire irria agerrarazi
Nire alaitasuna desagertu egin da
Nire gorputza zimeltzen ari da
Nire gogoa hiltzen
Gaur black friday baino
Blue monday da nire baitan
2025/11/17
AZAROAK 17 (heriotzaz)
Ekainak hogeitahiruko egunerokoan nire amodio handiez aritu nintzen. G, T, S eta Z izan nituen hizpide.
G-ren inguruan honakoa idatzi nuen:
Nire lehen amodio handia san fermin
batzuetan ezagutu nuen, txosnetan. Inoiz ez zaizkit ahaztuko G-ren begi urdin
haiek, ikusi eta haren begiradari iltzatuta geratu nintzen asteburu guztirako.
Hamazazpi urte besterik ez nuen. Bi urte gutxienez iraun zidan harenganako
gogoa. Urte betera ikusi nuen berriro, handik aurrera sekula ez, ez dugu inoiz
gehiago kointziditu, ez manifa batean, ez kontzertu batean, inon ez, halere, ez
ditut inoiz ahaztuko haren begiak, ezta berak errepikatzen zuen esaldia ere.
Esaldia honakoa zen “ Lo malo no es
vivir en las nubes, lo malo es bajar”.
Ez galdetu zergatik edo zergatik ez, kontua da aurreko astean G etorri zitzaidala gogora eta haren izena googleatu nuela, bere berri sareetan topatu asmoz. Eta agertu zen haren argazki bat. Eskela bat zen, duela bi urtekoa. Zerbaitek egin zidan bihotzean krak.
Argazkia zuribeltza zen, ez zen haren
begien urdina antzematen, ile ugaria erabat zuritua zeukala ikusten zen, eta
gaztetako liraintasuna galdua nonbait, aurpegia eta lepoaldea beteta ikusten
baitzitzaizkion.
Espekulatzen hasi nintzen, eta
jasotako informazioagatik ospitalean hil zela zirudien, beraz, ziurrenik, gaixotasun
larri baten ondorioz. Akaso minbizia, batek daki. Berrogeita hemezortzi urte
zituen, gazte gure mundurako, gazte nire baitarako.
Nire barruari begira jarri nintzen,
nire minetara, nire beldurretara, nire gabezietara, eta otu zitzaidan haiek
baztertzeko tenorea badudala, bizitzak ihes egiten baitigu gurera bilduta
gauden bitartean.
Espero dut G orain bai lainoetan egotea,
lasai, zure maiteen bihotzetara egunero jaitsiko zaren arren.
Muxu bat zure san ferminetako
maitearen partetik!
2025/11/09
AZAROAK 9 (urtebetetzeak)
Urteak betetzea gauza ederra da,
bizitza eta bizitzea gustuko baduzu bederen. Nik maite dut urteak betetzea,
horrek adinean gora noala adierazten didan arren, baina heldutasun gozo batean
sentitzen naizen honetan atsegin dut.
Ederra da ere zure adin hori
ingurukoekin konpartitzea, baina zeintzuk dira ingurukoak, zein da une honetan
nire ingurunea? Ba hori ez dut hain argi, edo agian bai, baina ez dut publikoki
adierazi nahi, nire barruan oso garbi izan arren.
Lehengo urtean nire buruari opari eder bat egin nion, eta urtebetetzea Nepalen ospatu nuen, besteak beste Everest ikusiz, astebete lehenago arte ezezagunak zitzaizkidan lagunez inguratuta.
Aurten ostiralarekin tokatu da nire eguna eta asteburu osoa bakarrik igaro dut. Gaizki ez, esan beharra daukat, baina norbaitekin topa egiteko gogoz geratu naizela ez dut ukatuko.
Baina horrelakoa da bizitza, eta
pixkanaka daukaguna onartzen ikasi behar dugu. Nik gero eta konpainia gutxiago,
baina bake handiagoa sentitzen dut ariman eta, alde horretatik, pozik sentitzen
naiz, nirekin bizitzen ikasten ari naizelako. Pena handia ere badut, bake hau
norbaitekin partekatzea nahiko nukeelako, izan zitekeen zeta, baita ondo
sentiarazten nauen edozein ere. Baina hala gertatu da, kitto.
Y-k ere ahaztu du nire eguna, agian
gertatu behar zen zerbait zen hori ere. Ez naiz haserretuko, bizitzak aurrera
darrai, eta datorren bezala onartzen ikasten dugunean soilik lortuko dugu
zoriontasunera hurbiltzea.
Eta hurbiltasunaz ari naizela, zeta, egun hauetan inoiz baino gertuago sentitu zaitut urruntasunean. Noizko gure arteko hitzordu bat?
Igande on!
2025/11/03
AZAROAK 3 (ez dago azarorik, laster gabonak)
Esaldi hori zerabilen nire lankide ohi
batek udazkeneko garai honetan, hitz jokoa eginez, eta gustatzen zait, esanahia
oso ondo inoiz ulertu ez dudan arren.
Dena dela, arazoekin edo gabe, asteburuan
sartu ginen azaroan, nire hilabete begikoenean, eta gabonak laster datozen
arren, hilabete osoa dugu udazkenaz gozatzeko.
Azaroan izaten zen gure baserrietan txerri-hilketa, San Martin egunaren bueltan; garai horretan izaten dira hego haize zakarreko egunak, horiek urte guztira hedatu diren arren; hilabete horretan jazten dituzte geure basoek kolore beroetako jantzi dotoreak; hilabete horretan erditu zen nire ama nitaz: horregatik, akaso, eta soilik horregatik, da nire hilabete faboritoetan faboritoena.
Asteburuan azaroari oda bat idatzi nahi nion, baina azaroko egun horietakoak bizi izan nituen, malenkoniatsuak, barrura begiratzekoak, eta ez nuen une egokirik topatu hartaz aritzeko eta orain jarri naiz, gabonak heldu aurretik azaroa badenaren konstantzia utzi nahi baitut hemen, inork auzitan jarri aurretik hilabete horren balioa.
Arimen gauarekin batera heldu zaigu azaroa gurera. Probes ditzagun hilabeteak aurrera egin ahala, mozten doazen egun horiek. Goza ditzagun gure basoek eskaintzen dizkiguten zentzu guztietarako plazerak: izan koloreak, izan hostoak zapaltzean sortzen diren doinuak, izan fruituak, izan bertan murgilduta lortzen dugun energia eta bakea. Gure hirietako gaztain postuak ere baliatu ditzakegu azaroaz gozatzeko. Dena da mesedegarri, azarorik gabe ez bailitzake gabonik egongo.
Gozatu!