2025/05/31

MAIATZAK 31 (etxea)

Atea ireki eta nire lehen kezka beti argia piztuko ote den izaten da. Pizten ez bada automatikoak salto egin izanaren seinale, eta orduan izozkailuan dauzkadan janariekin akordatu eta hura ireki eta harrez beteta topatzeko ideia datorkit burura. Baina gaur, atea ireki eta argia piztu da. Dena ondo oraingoz.
Itxi usaina dago, leiho pare bat zabalik utzi nituen arren, eta armiarma sarez betetako abandonatutako etxe zahar batean sartzen ariko banintz legez eman ditut pausuak, gela guztiak zeharkatuz, ezer arrarorik gertatu ez dela ziurtatzeko bezala. Behin hori eginda afaltzeko zer eduki dezakedan miatu eta ondoren komunetik pasa, biluztu eta pijama jantzi aurretik baskularen gainean bermatu naiz. Espero nuena, bi kilo gehiago ia. Astelehenetik aitzina garbiketa, barazkiak, gozo gutxi, alkohol gutxiago eta kirol asko. Ez dut lortutako arintasuna erabat galdu nahi, saiatu behar dut bederen atzera egiten.

Eta jada datorren ikasturteko lanean pentsatzen, hartutako erabakiak asimilatzen eta zu gogoan, nire ohean zu berriz izateko desiratuz.

Maiatzak berea egin du, uda usainean nabil eta odola aztoratuta daukat jaiak datozela eta, nerabe baten antzera. Beraz, geratzen zaidanaz gozatzen ahaleginduko naiz, besteek oporrak hartzean lanean hasi aurretik.

2025/05/25

MAIATZAK 25 (porto empedocle)

Hori da Camilleriren eta Pirandeloren jaioterria eta bertan ibili gara existitzen ez den Montalbanoren itsasargia bilatzen.

Via Roman denak dira bi idazle horien erreferentziak, haien zitak, irudiak, eskulturak. Montalbano komisarioari ere eskaini diote bat, baina ez du Luca Zingaretti aktorearen antzik. Ba han ibili gara gora eta behera, argazkiak eginez bertakoen harriduraz, gu beste turistarik ez baita haraino heldu.

Eta bihar berrize lekuz aldatzera, irlaren hego ekialderuntz, ea italiar guaporik ikusten dugun, orain arte ez baitugu okasiorik izan.

Ondoloin eta ondo ekin maiatzeko azken asteari.

2025/05/19

MAIATZAK 19 (azken aurrena)

Eta ikasturteko azken aurreko abentura hastera noa. Oraingoan akonpainaturik, beste plan batean, trekking gutxiago eta turismo gehiago, bertakoen bizimodua ahalik eta gutxien baldintzatzen saiatuko garelarik.


Siziliara goaz, mafiaren aberrira, Mediterraneoaz gozatzera, antzinako gizarteek utzitako hondarrak ezagutzera, hango jakiak dastatzera, hirietako zalaparta bizitzera, trafikoaren zoramena sufritzera, italiar galaiak ikustera. Eta espero barre asko egitea eta ondo moldatzea erabakiak hartzeko orduan, nahiz eta bidaia ia guztiz diseinaturik izan.

Berriz ere paperera buelta, nekeza izango baitzait hitz batzuk orri hauetan txertatzerik, akaso argazkiren bat zuen gozamenerako merezi badu.

Besterik ez oraingoz. Orain lotara noa, iratzargailuak goizeko lauetan joko baitigu, eta espero dut zurekin ametsetan harrapatzea, edo beste zerbaitekin, baina ametsetan, ordurarte loak hartu nauen seinale izango baita.

Gabon!

2025/05/18

MAIATZAK 18 (euskaraldia)

Euskaraldia hasi denetik egunero joan naiz Donostiara gauza bat dela edo bestea dela. Zonalde eta auzo desberdinetan ibili naiz. Jendearengan erreparatu dut eta belarria jarri, erne, besteen ahotan nagusiki zein hizkuntza entzuten zenez jabetzeko.

Agian ez dut ezer berririk esango, baina hartu dudan desengainua itzela izan da. Nik beti pentsatu izan dudala Donostian, beste hiriburu batzuekin alderatuta, euskara gehiago egiten dela, nire uste hori irentsi behar izan dut errealitatearekin topatu bezain pronto.

Apenas ikusi dut txaparik paparrean, esan beharra dago niri ere zamarraz aldatzean ahaztu egiten zaidala jartzea, baina okerrena da jende euskaldun petoa gaztelania hutsean somatu dudala han eta hemen. Ez, ez ziren turistak gaztelaniaz ari zirenak, bertakoak baizik.

Gaur, hondartzarako bidean, Adegik eta DVk babesturiko enpresen lasterketaren amaierarekin egin dut topo. Gaztelania besterik ez dut entzun. Hondartzan ere belarria zut eduki dut han eta hemen. Euskañol asko, euskaldun perfektu baten azentuaz, español gehiago eta euskara gutxi, oso gutxi izan dira entzun ditudanak.

Eta hori da dugun errealitatea, hori irauli nahi eta behar duguna, eta euskaraldia bezalako kanpainaren barruan aldaketarik somatzen ez bada, zer izango da urteko beste edozein egunetan?

Euskaraldian izena ematen dugunok, daturik izan gabe, esango nuke berez euskaraz bizi garenak edo euskararekin harreman estua dugunak garela ehuneko handi batean. Guk ez dugu txapa  bat behar egunero egiten duguna egiten jarraitzeko, baina zer egin besteekin? Benetan ba al dakite euskaraldia hasi dela? Zer den hori? Zertarako egiten den? Interesatzen al zaie?

Galdera asko eta erantzun gutxi gure hizkuntzaren erabilera nola handitu asmatzeko. 
Egia aitortuko dizuet, nire gurasoen etxean gaztelaniaz egiten zen, hala tokatu zelako, baina ni gero eta selektiboagoa naiz hizkuntza kontu hauetan, eta tarteka gaztelaniaz hitz egin dezakedan arren, ez nago prest nire bizitza gaztelania hutsean egiteko, ezin dut eta ez dut nahi. Eta zu irakurle?

Igande on!

 

2025/05/17

MAIATZAK 17 (zenbat esateko eta zer gutxi)

Larunbata, eguraldiari itxura ona hartu diot jaikitzean eta mendi buelta bat ematera irten naiz, sekula egin gabeko wikiloceko ibilbide horietako bat Tolosaldean.

Madarikatu ditut, beti bezala esan beharra daukat, ibilbideak nahieran igotzen dituzten horiek, zati batzuk bidetik gutxi baitzuten eta markarik ez baitzegoen; gutxira egon naiz ostia batzuk hartzeaz, azken egunetako euriak bideak lokaztuta utzi baititu, eta gertuago ibili naiz patinatzetik mendian ibili edo korrika egitetik baino. Eta bideak arnasladia eman didan tarteetan, buruari eragiten aritu naiz, idazteko kontu asko irten zaizkidalarik. Baina etxera etorri, dutxatu, bazkaldu, ratotxo bat sofan eta paper zuriaren aurrean jarri naizenean, halaxe geratu naiz neu ere, zuri.

Zer zen lehen gogoan izan dudana, zeintzuk ziren hemen hausnartu beharreko kontuak? Joan egin zait, ez bada, bidean topatu dudan tipo batek wikiloca erabiltzen ba ote nekien galdetu didala? 
Bai hori nuen hausnarketarako gaietako bat. Zertara etorri den galdera hori.
Ez dakit emakumea naizelako izan den, edo lelo aurpegia ikusi didalako; akaso -azken aukera hau da gehien konbentzitzen nauena- wikiloceko ibilbidea ikusirik pentsatu du oso bizi ibili behar nuela halako bidean ez galtzeko. Bai hori izango zen. 

-Badakizu…? 

-Bai, ni gezi urdin hau naiz. 

Lasai joan dela iruditu zait.

Eta gero madarikazioak etorri dira, eta ondorengo hausnarketak ahaztu ditut. Agian zetan pentsatzen aritu naiz? Batek daki, litekeena da, baina ez dut oroitzen.

Eta orain hemen naiz, paper zuriaren aurrean, zerbait izkiriatzeko desiratzen, baina orduak aurrera doaz eta eguna kontzertu batekin errematatu nahi dut, beraz ea apaintzen naizen, izan dezakedan lelo aurpegia disimulatuz.  

 

2025/05/16

MAIATZAK 16 (Gaza)

Atzo bete zen Nakbaren 77. Urteurrena. Nakba hitzak arabieraz hondamendia esan nahi du eta 1948an gertatu zen palestinar exodoa izendatzeko erabiltzen den terminoa da.
1948ko Arabiar-israeldar gerran zehar 700.000 palestinar baino gehiagok bere etxetik egotziak izan edo ihes egin zuten. Orduez geroztik, urtero, maiatzaren 15ean palestinarrek, Israelgo Estatuaren sorreraren egun berean, "Nakba eguna" ospatzen dute exodo hau gogorarazteko.

Atzo Gazan bonbardeoek jarraitzen zuten, 74 hildako kontabilizatu ziren eta han geratzen den populazioa gosez hiltzeko tinka larrian dago, Israelek laguntza guztiak blokeatuta baititu, erasoan jarraitzeaz gain.

Ez dakit nora hel daitekeen gizakia egoera honetara iritsi eta ezer egin gabe geratzeko, esan nahi da estatu boteretsuek, beste kasuren batean, basakeria honekin aspaldi amaituko zutekeela. Baina parean duten estatuak botere handiegia ei du mundu mailan egin duten banaketa horretan. Ez dakit, ni bederen indargabe sentitzen naiz krudelkeria horren aurrean, hori ez baita gerra bat, hori herri oso baten suntsiketa besterik ez baita, genozidio bat.

Eta ezin dut nire txoko honetatik ezer egin, baina duela urte pare bat idatzitako poema bat ekarri nahi nuke gogora, gutxienez, haiekin akordatzen naizela aldarrikatzeko.

 

Gaza

Zure aurpegia irudikatu dut

ilunpetan nengoela

irribarre bat atera didazu

nire aldarte goibelean

 

Imajinatu ditut zure eskuak, hotzak

nire bularren gainean

dar-dar batek zeharkatu dit

gorputz osoa goitik behera

 

Zure mingain hezeak bilatu du

nirea gau ilunean

eztiki dantzan hasi dira

elkar topatu direnean

 

Eztanda bat gertatu da

gure gorputzek bat egitean

esnatu ta ez zen amets goxo bat

lehergailuak ziren gure buruen gainean 

2025/05/15

MAIATZAK 15 (denbora aurrera doa)

Eta denbora aurrera doa eta ni berarekin, nire egunak ere aurrera doazelarik.

Emakume izateari uzten ari natzaionetik, perimenopausiaz ari naiz bai, emozionalki gorabehera handiak bizitzen ari naiz, tristezia eta malenkonia nire baitan instalaturik geratu izan balira bezala. Eta kuriosoa da gero, lehen, hileko bezperan, malaletxia jabetzen zen nitaz; orain berriz, tristeziak hartu dio lekua. Agian ikasturte honetan erlaxatuago nagoenez, ez dauzkat lanari dagozkion estresa eta unadura, aldarte horrek motibo gutxiago ditu nigan agertzeko, malenkoniarena beste kontu bat da ordea. Horrekin bizitzen ikasi behar da, eta horretan ere ari naiz. Ikasi behar dugu triste egoten ere, ez da ezer pasatzen, ez da autotorturarako arrazoi bat, ez luke behar bederen. Ikasi behar dugu gorputzari eta gogoari uzten, sentitzen ari dena naturaltasunez onartzen, soilik horrela lortuko baitugu biharamunean beste aldarte bat izaten.

Joño, Paulo Coelhoren liburu bat irentsi berri dudala esango luke baten batek. Ez, ez da hori. Baina atzo, besteak beste suizidioaren gaia jorratzen duen film bat ikusi nuen, eta bezperan bere buruaz beste egin zuen poeta estatubatuar baten poemen literatur solasaldi batean egon nintzen. Agian horregatik jarri naiz terapeutaren paperean.

Baina baina, berriz ere haria galdu dut. Denbora aurrera doala nion, laster nire urte berezi honetako azken aurreko bidaiari ekingo diot eta prestaketa lanetan ari naiz.
Montalbanoren kapituluak arretaz ikusten ari naiz, bertan ageri diren tokiekin geratzeko eta haiek bisitatzen saiatzeko, nahiz eta seriean ageri diren lekuen izenak fikziozkoak izan. Halere, Andrea Camilleriren unibertsoa deskubritzeko irrikitan nago; ea topo egiten dugun Catarella batekin eta ea Salvok hain gustuko dituen Arancini, Scacciata eta bestelako jatekoak dastatzeko eta gozatzeko aukera daukagun.

Amaitzeko, gogoratu gaur euskaraldia hasi dela. Neu despistatua ibili naiz eta ez dut txapa jaso, beste urte batzuetakoa erabili beharko dut. Ea aldia luzatu eta gure hizkuntzaren erabileraren egoera hobera egiten duen denbora aurrera doan heinean.

Ostegun on! 

2025/05/14

MAIATZAK 14 (argazkia)

Argazki batean topatu zaitut

niri begira zaude

edo nire bila

ez duzu kemenik ordea

nigana hurbildu eta

aurpegira begiratzeko

soilik urruntasunetik

zelatatzen nauzu

halere, gertu sentitu izan zaitut,

aldamenean bazina bezala

 

Baina aspaldian non sartu zara,

non zabiltza zeta maitea

jada ez baitut

zure urrutiko begirada somatzen

eta zure argazkia ikusi dut,

niri begira zaudela

edo nire bila

eta egun hartatik  zer aldatu den

ulertzen saiatu naiz

arrakastarik gabe ordea

ez baitut erantzunik

ez baitzaitut ondoan

zure gogoa irakurtzeko

eta otu zait

akaso

argazki hori dela

gure arteko gertutasun bakarra 

2025/05/13

MAIATZAK 13 (nazka eta pena)

Berriak. Bi irudi. Bi gizon heldu.

Lehenak utzi gaitu. Duintasunaren exenplua, justiziaren alde borrokatua, bere herrialdeko lehendakari izatera heldua, beti herritik eta herriarentzat lan egindakoa.

Bigarrena epaitua izan da. Bere garaian Novecento filman langile nekazari antifaszistaren rola egindakoa, oso gustuko izan nuen aktorea. Tribunaletan zigortua bi emazteri sexu abusuak egiteagatik. Ukipenak ez omen dira abusuak dio. Bortxaketagatik beste epai baten zain. Bere herrialdetik alde eginda zergak ez ordaintzeagatik.

Berriak. Bi irudi. Bi agure.

Pepe Mugica bata. Pena. Munduan agintari guztiak zu lakoak balira… Agur eta ohore, lurrak goxo har zaitzala.

Gerard Depardieu bestea. Nazka. Zure azken egunak bakarrik eta preso pasa ditzazula.  

2025/05/12

MAIATZAK 12 (diosalak)

Bere albotik igaro eta besoa ukituz agur esan dio. Hark “hombre” erantzun dio, hamar metro koadroko espazio berean ordu erdiz egon ostean ikusi izan ez balu bezala.

Ze hombre eta ze emazte? Zertara dator disimulatu nahi hori?

Haserretu egin da. Berak horrela jokatuko luke zerbait ezkutatzeko izango balu.
Ez ditu ulertzen keinu horiek, jokabide horiek. Nahastu egiten dute eta haserretu, behar ez diren gauzak pentsatzera eramaten dutelako, batzuetan onak, besteetan ez horrenbeste, baina, bereziki, neurri batean itxaropen faltsuekin lotzen dituelako eta horrek bere mina eta ezinegona areagotzen ditu.

Ze hombre eta ze demontre? Agur esan pertsona normalak bezala.

Etxera nahigabeturik itzuli da, eta egun guztia hala igaro du, loak hartu eta egun berri batez esnatu den arte.

 

2025/05/11

MAIATZAK 11 (igandeak)

Igandeak asteko egunik txarrenak direla esango nuke, edo nik hala bizi izaten ditut gehienetan. Nahiz eta hurrengo egunean lanera joan behar ez izan, aste amaiera eta hurrengoaren bezpera izatearen pisu psikologiko hori daramate gainean, niri beti tristura eta gaizki egon bat eragin izan didatena.

Garai batean, gainera, aje egunak izaten ziren, bezperan egindako gehiegikeria guztiak arintzeko eta orekatzeko egunak, goiz osoa ohean igarotzekoa eta arratsaldea sofan, film kaskar baten konpainian.

Gaur igandea da. Ez dut ajerik, bihar ez dut lanera joan beharrik, goiza polita izan da eta arratsalderako zinema saioa prestatua daukat, baina nire aldartea igandetakoa da, ez dakit bestelako azalpenik ematen, baina hala da. Badakit bihar, gauza berdinak eginda ere, nire gorputza eta aldartea bestelakoak izango direla. Zuri ez zaizu halakorik gertatzen irakurle? 

Nolakoa den gure burua, nolakoa gure psikea. Ez nau harritzen munduko alde honetan gero eta denbora gehiago pasatzea terapiatan gure sentipenak aztertzen, ondo senti araziko gaituzten gauzak egiten baino. Edo hau nire pajeo mentala da, eta gutxi batzuei, soilik, gertatzen zaizkigu halakoak, gehienek ez dutelarik inolako iganderik?

Sofamanta on!

2025/05/10

MAIATZAK 10 (malenkonia)

Atzo berandu oheratu nintzen. Ordurako tristezia batek harrapatua nengoen, tarteka harrapatzen nauen horietako bat. Ez dut oso ondo lo egin, halere ohikoa baino beranduago jaiki naiz, malenkoniatsu, atzoko egoera berean kasik, orduak igaro ez balira bezala.

Kostatu zait ohetik mugitzea, indarrak maindireen artean bilatzen aritu naiz, alferrik ordea, baina jaiki naiz, nire burua behartu dut mugitzera, gosaltzera, ohea egitera, janztera, kalera irtetzera, paseo bat ematera, nire inguruarekin eragitera. Ingurutik jasotako erantzunak ez dira beti gogokoak izaten ordea.

Espero ez nuen mezu bat irakurri dut, hoztasunaz blai beterik zegoena, eta munduan dudan posizioaz, kokapenaz hausnartzera eraman nau. Baina ez dut buruhauste gehiagorik behar, nahiko konplikatua banaiz neu nire alor pertsonalean, beste alor batzuetan ere pentsatzen hasteko bezala.

Eta saiatu naiz hitzak erlatibizatzen, baina iruditzen zait harreman horretan krak bat gertatu dela eta zaila izango dela pitzadura hori ixten.

Gutxienez hezkuntzako akordioa sinatu da eta gure lan baldintzak apur bat hobeak izango direlakoan asteburuari beste betaurreko batzuekin begiratzen ahaleginduko naiz.

Larunbat on! 

2025/05/09

MAIATZAK 9 (estatu laiko batean)

Estatu espainola bere konstituzioaren arabera akonfesionala da, baina Frantzisko aita santua hil zenetik izugarrizko matraka eman digute telebista kate desberdinetan bere ondorengoaren kontura. Atzo ke zuria zeruan agertu zenetik ez da ia beste hizpiderik izan informatiboetan. Eta gauza da ulertzen dudala gaia interesekoa izatea, baina 2024ko apirileko CISeko datuen arabera, espainiar estatuko ehuneko berrogeita hemeretziak soilik du bere burua katolikotzat. Beraz, agian denbora gutxiago eskaini beharko litzaieke halako gaiei telebista publikoetan bederen.

Euskal telebistaren kasuan, hobe lukete, ene ustez, berri hori emateko erabilitako bitartekoen kostuaren zati bat, euskarazko kalitatezko programak, serieak etabarrak ekoizteko erabiltzea. Hamabostean euskaraldia hasiko baita eta Africa berari, hitzarekin trabatzen ez bada, entzungo diogu horren aldeko mezua zabaltzen, bertan lanean ari diren askori euskaraldiak eta euskara bost axola zaien bitartean.

Pantailaldiarekin gaudenez, nik gaurkoan bi gomendio egin nahi nizkizuke irakurle. Bata, gaur bertan zinemetan estreinatu den euskarazko Erreplika dokumentala. Hernaniko Zikuñagako ama birjinaren lapurreta kontatzen omen da bertan, beste gauzen artean. Ezin dizuet gehiago esan neronek ere ez baitut oraindik ikusi.
Bigarren gomendioa jada urte batzuk Zuzeuk ekoiztutako Euskal Gaizkileak podcast seriea da. Hauek, Euskal Herriko hainbat pertsonaien istorioak kontatzen dizkigute, oso modu onean gainera, esan nahi da kalitate handiko ekoizpenak direla eta gure historia hobe ezagutzeko lagungarri zaizkigula, entretenigarri izateaz gain.

Ondo ekin asteburuari, eta gogoratu, biharko planik ez baduzu, EAEko hezkuntza publikoaren aldeko manifestazioak daudela deituta hiru hiriburutan. 

2025/05/08

MAIATZAK 8 (jokoa ala maitasuna?)

Maitasuna 2: norbaitenganako joera edo grina bizia, sexu senean oinarritua, harekin gorputzez eta bihotzez bat egin nahia dakarrena. (Ik. Maitemin)

Horra hor Euskaltzaindiako hiztegian maitasun hitzarentzat ageri den bigarren sarrera.

Behin baino gehiagotan aipatu dut beti izan naizela oso maitabera. Zalantza askorekin akaso, baina esan dezaket maiteminduta egoteko munduratu nindutela, eta, diotenez, harremanak denborarekin epeldu egiten direnez, ba nire amodio bortitzenak inoiz izan gabeko harremanak izan dira, hau da, justuan affair esporadiko batzuk besterik ez.

Eta hori da gertatzen zaidana. Ez dakit zein motiborengatik baten batek txunditzen nau eta, hortik aurrera, pertsona normala izateari uzten diodala, anormala bihurtuz. Lotsa eta beldurra jabetzen dira nitaz, nik neuk ezagutzen ez dudan norbait bilakatuz. Doctor Jekyll eta Mister Hyden antzera beste ni bat azaleratzen da. Urduri jartzen naiz, tontakeriak esaten ditut, blokeatu egiten naiz, eta horrela nekez erakar daiteke inor, are gutxiago harreman bat aurrera eramaten saiatu.

Plazerkide ugari izan dut nire bizitzan, baina transformaziora eraman nauten amodioak, benetakoak, oso gutxi. Perspektibarekin begiratuta, nire bizitza markatu dutenak lau izan direla esango nuke ezbairik gabe eta, egoerak aztertuta, guztietan antzera gertatu zaidala esango nuke.  Arrazoi desberdinak medio antzeko sentipenak, eta denetan denbora luzea, haienganako gogoa nigandik erauzteko.

Azkenekoarekin daramat denbora luzeegia gogotik kendu nahian, baina ezin, hura gogoan mantentzeko inolako motiborik izan ez arren, inoiz ez baitu niganako interesik edo desiorik adierazi. Baina badakizu zer esaten den, amodioa itsua eta gorra dela, eta nik zentzugabea gehituko nioke. Nireak bederen halakoxeak izan dira bizitza osoan eta, tamalez, bizi naizen artean halakoak izango direla iruditzen zait, eta hori seinale ona izango da, bizirik nagoen seinale, sufrimendua besterik ez jasan arren.

Eta zu zertan zara zorioneko?

  

2025/05/07

MAIATZAK 7 (elizan)

Gaur, aspaldiko partez, elizan izan naiz. Lepo zegoen. Urteak ziren ez nintzela batean sartzen, are gutxiago hitzaldi bat entzuteko. Bai, ondo irakurri duzu, hitzaldi bat entzun ez sermoia, elizan egon bainaiz, baina ez mezetan.

Elizak toki paregabeak dira ekintza kulturaletarako, horretarako berreskuratu beharko genituzke, hitzaldiak, erakusketak, kontzertuak antolatzeko. Eta gaur, ez dakit zein santuren izenean, Urumeako Mendiak Bizirik plataformakoek Antonio Turiel fisikari teorikoaren hitzaldia antolatu dute bertan, trantsizio energetikoaren mugak lelopean.

Hitzaldia oso interesgarria eta argigarria izan da zentzu askotan (Naizen jada haren erreportajea aurki dezakezue), baina horretaz gain, niri publikoaren inguruan bi kontuk eman didate atentzioa.

Lehena, han geundenen batez besteko adina. Hirurogei esaten badut ez nabil oso oker. Gazte batzuk bazeuden, noski, baina gaztez lepo egon beharko lukeela pentsatzen dut, kontuan izanik gure mundu eta planetaren etorkizunaz ari garela, eta eurak direla afektatuenak neurri batean.

Bigarrena, generoan zegoen desoreka. Hamarretik bi emakume geundela badiot luze geratzen naizela esango nuke, eta horrek zientzietako irakasle emakume gisa zer pentsatua eragin dit. Uste nuen rolen garaia gainditua geneukala nolabait, baina ezetz konturatu naiz. Eta, berriz ere, historia errepikatzen da eta erabaki eta gai inportanteak gizonen esku delegatzen ditugu. Sinistu behar al dut, behin tertuliana bati entzun nion moduan, emakumeok ez dugula inolako interesik zientzian? Zer ari gara gaizki egiten hezkuntzan, oraindik ere, emakumeek letrekin eta zaintzarekin loturiko ikasketak lehenesteko joera dutela, ikasketa teknikoagoak gizonezkoen esku utziz?

Tristea iruditu zait eta kezkagarria. Mundua irauli nahi dugu, baina ez diogu zezenari adarretatik heltzen. Eta horrela noiz arte?

Dena dela pozik egoteko motiborik ere bada, gaur eliza bat bi orduz okupatzea lortu baitugu mundu hobe bat nahi dugunok eta hori ez da zernahi gauza.

Eta zu zer zara letretakoa ala zientzietakoa?

Gabon!

2025/05/06

MAIATZAK 6 (pantailaldia)

Azken boladan izugarri pozik nenbilen nire blogak gero eta bisita gehiago zituela ikusita, merezi duen zerbait idazten ari naizela sinetsita. Baina halako egun batean, estatistiketan erreparatuta, gauza bitxi batez jabetu nintzen: egun hartako bisitak bederatzi minutuero errepikatzen zirela, periodikoki, mekanismo batek hala izateko programatuta egongo balitz bezala. Horrek errezeloa eman zidan eta sarean arakatzen hasi nintzen. BOT kontzeptua agertu zitzaidan, bilatzaileek, robotek alegia, orrialde desberdinetan egiten dituzten bisitak eta nire blogera ere iritsi dira ditxosozko horiek. Beraz, nire gozamena pikutara, jarraitzen dut hasierako irakurle kopuru berarekin, kasik zero.

Baina zero izan behar ez lukeena da euskararen kontsumoa eta erabilera sareetan eta multimedia guztietan. Horregatik, gaurtik hasita eta hilaren hamabosta bitartean, pantailaldia ekimena jarri da martxan, euskarazko ikus-entzunezko edukien kontsumoa eta ekoizpena sustatzeko eta erakundeak mugi arazteko ariketa kolektiboa.
Nik izena eman dut eta horretan ahaleginduko naiz, lortzea zaila dela onartzen dudan arren.

Eta zuk, nire ez irakurle, euskal ikus-entzunezkoak kontsumitzeko ohiturarik ba al duzu? Edo horretan saiatzen al zara? Eta euskal kultura, oro har?

Animo ba, euskaldunok nahikoa dugu ta epaitegietan ematen diguten egurrarekin. Eta, amaitzeko, zinemara joateko gomendio bat, Faisaien irla. Hau bai euskal zinema, ez galdu!

2025/05/05

MAIATZAK 5 (beldurra)

Beldur naiz


Nire muxuak 

eta ferekak 

oroitzen al dituzu 

inoiz?


Gogoratzen al zara 

nire begiez 

eta nire begiradaz 

inoiz?


Nire ezpainak 

zure ezpainetan 

faltan al dituzu 

inoiz?


Nire ermamiak 

zure bularraldean 

sentitzen al dituzu 

inoiz?


Oroitzen al duzu 

nire ahotsa 

zure belarrietan 

xuxurlatzen 

oroitzen 

nire hatsa 

zure lepoa 

epeltzen? 


Beldur naiz bai 

zure ahanzturaren beldur

2025/05/04

MAIATZAK 4 (enteratzen ez direnak)

Esaten da 

ezertaz jabetu 

ez zirenak 

inozoak zirela


Ez da horrela: 

garai hartan 

oso praktikoa zen 

ezertaz ez jabetzea


Eta apur bat beranduago 

oso zentzuzkoa zen 

ezertaz ez jabetu 

izana


Soilik ergelek 

edo zoroek 

nahi dute 

dena jakitea


Eta askori 

bizitza joan zitzaion 

ezagutzaren 

bilaketa horretan


Horregatik orain 

faltan botatzen ditugu 

mingoskiago 

ergel eta ero horiek


(Eric Frieden poema baten itzulpena)

2025/05/03

MAIATZAK 3 (arrakastaz)

Gaur, aspaldiko partez, idazle eskolako saio batera joan naiz: bi emakume idazle handi euren idazketa prozesuaren eta itzulpengintzaren inguruan.

Txiki txiki sentitu naiz, haien ondoan literatura kontuetan ez jakina naizela jabetuz. Euren jakintza mailara ez naiz inoiz helduko, hiru bizitza izanda ere, haiena hitzekiko, hizkuntzarekiko eta literaturarekiko benetako pasioa baita; bizitza osoa eskaini diote irakurketari eta idazketari, bizi ahal izateko beste lanbide batzuk izan dituzten arren. 

Burura etorri zaizkit beste hainbat idazle edo neure afizio hau ere. Inoiz arrakasta izatera heldu direnak edo helduko direnak, agian gaurko bi protagonistak baino gehiago, baina iruditzen zait inoiz ez direla hauen maila intelektualera helduko, inoiz ez. Eta kontua hori da, arrakastak, maiz, ez duela zerikusirik zure gaitasunaren balioarekin, une horretan dauden tendentziekin edo modekin baizik eta hori ez da oso bidezkoa, baina hala da. 

Gauza da batzuk arrakastaren bila igarotzen dutela bizitza, beste batzuk ordea euren pasioak muturreraino daramatzatela, horrek ordainetan ekarriko diena kontuan izan gabe. 

Eta zu, zein multzotakoa zara? 

Gabon!



2025/05/02

MAIATZAK 2 (zure zain)


Nora begiratzen duzu
inora begiratzen ez duzula
jolastu bitartean?

Nor bilatzen duzu
inoren bila ez zabiltzala
diozun bitartean?

Zer ezkutatzen duzu
ezer ezkutatzen ez duzulako plantak
egin bitartean?

Bila nazazu
begira iezadazu
eta erakuts iezazkidazu
beldurrik gabe
zure nahi, desio eta minak
hemen bainaiz
zure zain

2025/05/01

MAIATZAK 1 (burua galdu)

Zure burua ikusi eta
bihotza azkartu zait

jendartean bilatu zaitut
zure pausuak jarraituz
gure begiradek ez dute
topo egin ordea
eta etxera itzuli naiz
beti bezala bakarrik
baina zuganako gogoz
inoiz baino biziago
inoiz baino bortitzago
elkarrekin egoteko jaioak garela
erabat sinetsita

Zure burua ikusi
eta nirea galdu dut