2024/11/30

AZAROAK 30 (errekapitulazioa, taldea II, DHANYABAD)

Atzo, taldeaz aritzerakoan, turistez aritu nintzen soilik, horiek baitira bereziki zurekin uneoro eragiten dutenak. Baina talde osoa deskribatzerakoan ezin utzi aipatu gabe bertan izan genituen ezinbesteko laguntzaileak: gidariak eta porterrak, edo hemen sherpa izenez ezagutzen ditugun horiek.

Hasiera batean hiru gidari izan genituen. Berez bi egokitzen zitzaizkigun, baina hirugarren bat bidea ikasteko asmotan etorri zen, sekula trekking hura egin gabe zeukalako edo. Gure taldekideak martxa egitea erabaki zuenean, hirugarren hori joan zen berarekin, eta bi gidariekin geratu ginen, gidari nagusia eta laguntzailea, porter batek hirugarren horren papera hartu zuelarik, laguntzeko eta ikasteko asmotan. Gazteak ziren, dira, hogeita zortzi, hogeita bederatzi eta hogeita hamahiru urtekoak, oso jatorrak, isilean beti gutako bakoitza nola zihoan zelatatzen, zaintzen; ez zien ezerk ihes egiten. Lodgetara iristean lehen gauza, beti,  guri beharrezko infusio, janari edo dena delakoak zerbitzatzea zelarik, eurak beti bigarren, ondoren, bete beharra egin ostean soilik.

Porterrak sei ziren, bakoitzak gutako biren petateak zeramatzatelarik. Gutako bakoitzak hamaika kilo inguru eman behar genizkien eramateko bidai-agentziakoaren esanetan, gainontzekoa gure motxilan eraman behar genuelarik. Aitortzen dut, behin baino gehiagotan, hamaika kilo horiek sobera pasa nituela. Oroitzen dut nola trekkingeko lehen egunean, motxilatik zerbait ateratzeko geratu nintzelarik, gidari nagusiak esan zidan pisu gehiegi neramala eta petatean sartzeko behar ez nuen guztia, porterrak berrogeita hamar kilo arte eramatera ohituta zeudela, hori zela bere lana. Niri astakeria bat iruditzen zitzaidan, eta saiatzen nintzen hamaika kiloetara ahal nuen hobekien egokitzen, baina komentario hark beste askatasun bat eman zidan. Horrelako unetan esplotatzaile burges bat sentitzen zara, pertsona horiek zure zerbitzura egoteko ordaindu izanaren sentsazio arraroarekin, baina hori da errealitate gordina.

Nepal nahiko herrialde pobrea da, euren aberastasunik handiena natura da, mendiak, mendikate izugarri hori, munduko teilatua, eta hori baliatzen dute bizirauteko. Ez dut azterketa bat egin, baina turismoak behar du derrigor diru-iturri nagusia, eta normala da, baina horrek dakar mutil gazteak txankletetan ikustea berrogeita hamar kilo inguru garraiatzen, euren kopetetan bermatzen duten zinta baten bidezko mekanismo bat erabiliz. Guk ez genuke ordu erdi ere aguantatuko, baina haiek beste kasta bat dute.

Ba harira bueltatuz, sei porter genituen. Pentsatu nahi dut gehienez hogeita hamar bat kilo zeramatzatela, halere hori gehiegi begitantzen zait.  Haiek ez zihoazen gurekin, beti aurretik, gu iristerako zerbait behar izanez gero gure petateak bertan izan zitezen. Bazkaldu ere ez zuten gurekin egiten, ezta gidariek ere, beti aparte, maila sozialak markatuz bezala. Gauza horiek han horrela dira, eta ohitu egiten zara, baina oso gogorra egiten da.

Porterrekin harremana oso azalekoa zen, egun on, eskerrik asko eta hitz gutxi batzuk, baina egon ziren euren musika tradizionalarekin elkarrekin dantzatzeko uneak, oso politak.

Azken egunean, Luklan, denok elkarrekin afaldu genuen, eta gu izan ginen nepali guztiei afaria zerbitzatu genienak. Gure eskerrak emateko modua izan zen. Dantza egin genuen elkarrekin, eta baita negar, zergatik ez esan, une hunkigarriak benetan.

Hemendik eskerrak eman nahi dizkiet, bai gidariei, baita porterrei ere, bidaia arinagoa, errazagoa egin digutelako; egindako lan guztiagatik.

Atzerritik etorritako gu guztioi egiten diguten harrera adeitsuarengatik milesker bihotz bihotzetik, DHANYABAD!

 

2024/11/29

AZAROAK 29 (errekapitulazio unea: taldea)

Egun on guztioi, hemen nator atzo hasitako balorazioarekin jarraitzeko asmotan. Gaurkoan taldea izango dut hizpide.

Trekkinga egitera hamahiru lagun abiatu ginen. Hauek deskribatzerakoan ere taldeak egin ditzaket. Hona hemen sailkapena.

Generoaren arabera bost emakume eta zortzi gizon.

Hizkuntzaren arabera bost euskaldun, bi katalan, espainoldutako ingeles bat eta zazpi espainol.

Jatorriaren arabera bederatzi euskal herritar, bi gipuzkoar eta zazpi nafar, azken haietako lau euskal nazioarekiko eta euskararekiko inolako sentipenik ez zutenak; bi katalan, aragoiko bat eta Andaluzian bizi den ingeles bat.

Taldekatzeen arabera bikote bat lagun batekin, beste bikote bat, bi lagun eta bakarrik joandako sei lagun.

Adinari dagokionean gazteenak hogeitahiru urte zituen, zaharrenak hirurogei eta zortzi, biak emakumeak. Beste guztiak, gehienak, berrogeita hamar eta hirurogei urte arteko tartean genbiltzan.

Izaera, ba oso desberdina imajinatuko duzuen bezala. Bidai honetan, zalantza izpirik geratzen bazitzaidan, espainolak oso builosoak direla frogatzeko aukera izan dut. Eta espainol horiek Nafarroakoak ziren, bai min egiten dit esateak, baina hala zen. Oinez gindoazela buila batean sarri, tontakeria topikoak esaten, behin grazia izan dezaketenak, bigarrenean aspergarri suertatzen direnak; hori izan da nire kalbarioa, haien berbaldia jasatea eta ez entzuteko moduak asmatzea, orain aurrera joanez, orain atzera, ahal zen moduan. Lehen egunetan hala nola aguantatu nuen, baina gehiago ezin nuenean eskatu nien, mesedez ez garrasi egiteko, nik mendian lasaitasuna eta bakea bilatzen dudala, bide batez jende askok egiten duen moduan. Halere, agobio momentu batzuk kenduta, nahiko ondo eraman nuen, baina argi ikusi nuen haietako batzuk ez direla niretzat konpainia ona mendian. Parrandan bai, baina tokiak eta uneak bereizten jakitea oso inportantea da niretzat, beste batzuentzat ez bezala.

Beraz, talde builosoa, trekkingean gurutzatutako guztiekin alderatuta builosoena ezbairik gabe. Europa ekialdeko talde batzuekin topo egin dugu eta sarri desiratzen nuen haiekin egotea, oinez bederen, isilik eta lasai baitzihoazen, gainera mutil katxarro batzuk zeuden tartean… beno, baina gaitik desbideratzen ari naiz.

Builarena kenduta, jendea jatorra zen, beti laguntzeko prest, edozein egoeretan, eta tokietara iristean beti zegoen festarako gogoa, tartea, birra bat partekatzekoa, dantza eta kanta egitekoa.

Taldekide batek bide erdian utzi gintuen. Zalantzaz beteriko berrogeita hamar bat urteko ume handi bat zen. Oraindik galdetzen diot neure buruari zer arraio egiten zuen bidai hartan, ia ezer ez zihoakionean ondo. Baina hantxe egon zen azken eguneraino Kathmandun, etxera lehenago bueltatzeko aukera garestiegia izango zuelako agian.

Beste guztiak mendizaleak, anbiziotsuak gehienak, bai ala bai tontorreraino igo behar duten horietakoak, ni eta beste bi emakume kenduta. Orduan konturatu nintzen ni beste pasta edo kasta batekoa naizela. Gogorik ez badut, ez dut egiten eta kito. Berdin zait zer galduko dudan erabakia irmoa denean. Niretzat 5.370 m-ra heltzea jada nahiko balentria izan zen, ez nuen 5.600 artekoa igotzeko beharrik, sufritzeko gogorik ez nuelako bereziki, bizitzak jada nahikoa sufrimendu ezartzen baitizkigu guk gehiago bilatu gabe. Nahi izan banu igoko nintzen, beste batzuk igo ziren moduan, baina ikusi behar ziren haien aurpegiak lodgera heldu zirenean. Ez zidaten inolako inbidiarik ematen, ez sanoa, ez bestelakoa.

Eta honarte taldekideei buruzkoak, bihar jarraituko dut balorazio gehiagorekin, edo ez. Ostiral on!

2024/11/28

AZAROAK 28 (errekapitulazio unea: datuak)

Irakurle maitea, faltan bota al nauzu? Berdin zait nitaz oroitu zaren ala ez, halere hemen naiz bueltan, zure egun aspergarri horiek xaxatzeko asmotan, ea lortzen dudan.

Hogeitazortzi egun igaro ditut etxetik kanpo, urruti, oso urruti, beste mundu batean, nire egunerokotasunetik urrun, oso urrun, hemengoa erabat ahazteraino.
Gaur, jada etxean, hangoa zait urrun, ia ahazteraino, eta hori gertatu aurretik laburbilketa egiteko unea heldu zait, datuak biltzekoa, balorazioa egitekoa, ziurrenik berriro biziko ez dudan esperientziaren oroitzapena idaztekoa.

Ez da erraza horrelako esperientzia bat hitz gutxitan laburbiltzea, beti dago onetik eta txarretik, baina gogoak une gozoak oroitzeko ohitura izaten du. Saiatuko naiz sentipen guztiak zintzoki adierazten, errealista izaten, gazitik eta gozotik, guztietatik uneak ateratzen.

Hasteko datuak. Batzuentzat tontakeria bat izango da, baina niretzat inportanteak dira datuak, finean, bidai honen helburua trekking bat burutzea baitzen, eta zer egin dudan eta gorputzak nola erantzun duen baloratzea inportantea izan daiteke etor daitezkeen esperientziei begira.

 Ba honako hauek dira zenbakiak:

Trekking egunak hemeretzi izan dira. Egun horietan gutxi gorabehera 235 km ibili ditugu, eta horietan egindako desnibel positiboa 14.782 m-koa izan da, eta desnibel negatiboa 13.347 m-koa.

Jiritik abiatu ginen oinez, 1.955 m-ra dagoen herritik, eta Luklan amaitu genuen, 2.860 m-ra dagoen herrian, lorturiko garaierarik handiena 5.370 m izan delarik. Trekkingeko zazpigarren egunetik aurrera hiru milatik gora ibili ginen Luklara heldu arte, horrek gorputzean eta, bereziki, buruan eragiten duen guztiarekin.

Fisikoki, oro har, ondo sentitu naiz, sasoian, baina oso gogorra izan da. Hiru milatik, eta, batez ere, lau milatik gora maldan gora joatea asko kostatzen da, oxigenoaren gutxitzeari, tenperatura hotzak gehitu behar zaizkio, eta horrek ez du asko laguntzen arnasa hartzerako orduan. Erraza izan dela esango banu gezurretan ariko nintzateke, zaila ere ez da izan, baina tarteka oso gogorra. Egun batzuetan izan dut gorpuzkera txarra eta egun batean gidariak atseden hartzeko esan zidan. Horri esker edo, etapa polit baina gogor bat galdu nuen. Beste bat, aldiz, ez egitea erabaki nuen, sufritzeko gogorik ez nuelako, zeren beste gauza batzuen artean esan dezaket ez naizela batere anbiziotsua kontu horietan. Egon nintekeen gaur esaten 5.600 m-ra heldu nintzela eta Everesteko izugarrizko argazkia ateratzeko parada izan nuela handik, baina erabaki nuen urrutiagotik ikusita nuela jada, eta ez nuela hiru orduz sufritzeko gogorik. Hala, lasai-lasai geratu nintzen lodgean irakurtzen, inolako kontzientzia-harrik gabe.

Gustura ibili naiz, disfrutatu dut, goizero porterrei emateko petatea prestatzeaz nazkatu naiz, baina oinez hasi eta arazo guztiak desagertu egiten ziren, hori baitu naturak, konektatzeko edota errekonektatzeko parada ematen dizula.  

Eta gaurkoz hemen utziko dut. Datozen egunetan jarraituko dut bidaiari buruzko iruzkin eta kontu gehiago adierazten. Bitartean, ondo lo egin!