Lehengoan M
ikusi nuen. Egia esan azken urtean ikusten dudan hirugarren aldia da, baina,
aurretik, gutxienez hamabost urte dira ikusten ez nuela.
Parranda batean ezagutu nuen, gaueko ordu txikitan, edo goizeko lehen argitan. Bere etxean amaitu nuen. Askotan diodanez memoria laburrekoa naiz, eta ez naiz gauza askorekin akordatzen, baina Mren goxotasunak eta sentsibilitateak harritu nindutelako akaso, detaile batekin oroitzen naiz beti: Ben Harperren disko bat jarri zuela etxera heldu bezain pronto, giroa gozatzeko. Artean nik ez nuen musikari hura ezagutzen, baina, ondoren, ni izan nintzen bere diskoak erosi zituena, baita bere kontzertuetara joan ere.
Beste behin elkartu ginen M eta biok. Bigarren aldi hartan nire etxean amaitu genuen. Garai hartan oraindik ez genituen mugikorrak erabiltzen egun bezala, eta ez genituen kontaktuak elkarbanatu, beraz, hor amaitu zen gure harreman guztia.
Horrenbeste urteren ondoren, berriro ikusi nuenean, moztuta geratu nintzen, blokeatuta bezala, hasieran bere izena zein zen ez nuelako gogoratzen ziurrenik. Lotsa ematen zidan hori aitortzeak, eta ez nion ezer esan. Berak ere ez zidan ezer esan.
Lehengoan ikusi nuenean, gogoa eman zidan berarengana joan eta bizitza zer moduz doakion galdetzeko. Baina, begira geratu ginen lipar batez biok, serio, eta justu-justu buruarekin keinu bat egiteko gai izan ginen, nintzen.
Amorratzen dut nire gaitasun-falta hori. Beste bat hurbildu eta izugarrizko berbaldia edukiko zuen, baina nik ezin. Lotsatu egiten naiz, blokeatu, nire beldurrak dira egoera horietan txiki egiten nautenak, eta ondoren damutzen banaiz ere, momentuan ezin dut ezer egin. Oso drogatuta beharko nuke kasu egitera, hitzegitera joateko, baina ez zen kasua.
Eta egun hauetan M-kin pentsatu eta hurrena ikusten dudanean, agian beste hamabost urte igaroko dira, hitz egiteko determinazioa hartu dut, lotsak alde batera utzita. Ea lortzen dudan.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina