2024/08/03

ABUZTUAK 3 (desagertzen diren harremanak)

Gaur X-ren urtebetetzea da. Ez dut zorionduko. Badira urte batzuk zoriontzeari utzi niola, zentzurik ikusten ez niolako agian.

Duela hogei urte baino gehiago elkar ezagutu genuela X eta biok eta, hasieratik, konektatu genuen. Oso lagunak egin ginen eta gauza asko partekatu genituen, oporrak, sekretuak, parrandak. Nire ligeak bere etxera eraman izan ditut, horra hor konplizitate maila ulertzeko adibidea.

Baina denborak, adinak, bizitzak, batzuetan, leku desberdinetan kokatzera eramaten gaitu. Ez dakit guri hala gertatu zitzaigun, hala kontziente ez naizen zerbait egin edo esan nion berari, gure harremana goizetik gauera erabat desagertzeko.

Alde batetik, pena sentitzen duzu; baina, bestetik, zure ongizatea jokoan dagoenean, argi ikusten duzu zein izan behar den zure jarrera.

Elkar ikusteari utzi genionean, hasieran, bere urtebetetzetan zoriontzen nuen mezu baten bidez. Bueltan eskertze xume bat iristen zen, besterik ez. Bere beste seinalerik ez nuen urte guztian. Jarraitu nuen urte batzuetan zoriontzen, niri ere gogoa kendu zitzaidan arte. Argi ikusi nuen bere aldetik ez zegoela harreman hura mantentzeko inolako gogorik, eta niri ere mantentzeko nahia desagertu zitzaidan.

Inoiz kalean egin izan dugu topo. Halakoetan, gelditu eta musu eman diogu elkarri, eta bizitzaren gorabeherez aritu gara bost minutuz edo, baina tentsioa, hoztasuna, zerbait nabaria izan da gure artean. Sekula hitz egingo ez dugun eta pendiente daukagun konbertsazio bat agian, edo elkarri hainbat gauza aurpegiratzea, edo ez dakit nik zer, baina gure artean itxi gabeko zerbait dagoela somatzen da. Eta buruari mila eta bat buelta eman dizkiot zertan huts egin nion asmatu nahian, baina ez dut halakorik topatu.

Halakoa da bizitza, garai batzuetan zeudenak desagertu egiten dira, betirako esango nuke. Batzuetan, arrazoiak ezagutzen dituzu, baina beste askotan ez. Eta pena handia ematen dizun arren, aurrera egin behar duzu, eta X berriak topatzen saiatu, zeinekin bizitzako momentuak partekatu.

Gaur X-ren urtebetetzea da. Oroitu naiz bai, baina ez dut zorionduko.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina