ipuintxoak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
ipuintxoak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2025/12/11

ABENDUAK 11 (zarata)

Zarata dauka buruan, zarata asko, zarata gehiegi. Horrelakoetan deskonektatzea behar du; hobe esanda konektatzea, naturarekin, ur izan elementuekin nahasteko, ikusezin bihurtzeko, desagertzeko.

Gaurkoan gorputzaren erlaxazioa aukeratu eta termetara joan da. Ur txorrotak gustuko ditu gorputzeko atal guztietan, baita hotza eta beroaren arteko kontrasteak, eta sauna; sauna maite du, lehorra zein hezea, bietan egiten ditu saioak, barruko zikina lurrunduko bailitzaion.
Itsasora irtetea erritualaren parte da ere, eta gaur ez da gutxiago izango. Beraz, eta jada gaua izan arren, hondartzara irten da bainu azkarra hartzekotan, sartuirten bat egitekotan. Hiriko, ugarteko, Igeldoko eta Urgulleko argiek ukitu majiko bat ematen diote inguruneari.

Epel egon arren negua gainean da eta zazpietan hondartzan bainujantzian egoteko ez da giro. Marea behean da eta korrika egin du uretarainoko bidea. Ura ukitu bezain pronto seko frenatu du. Hotza dago, ez kolpez sartzeko tenperaturan bederen. Minutu pare bat egon da uretan murgildu arte eta irteterakoan Mirakontxa geratu zaio parean. Orduan, zetak behin esandakoa etorri zaio gogora, bertatik igarotzen den bakoitzean etortzen zaion modu berean; hura ez dela hain toki ona bizitzeko, ipar orientazioa duela. Barrez hasi da termetara bueltan doala. Eta pentsatu du hobe izan lukeela egun hartan baieztapen hura egia ote zen frogatzera gonbidatu izan balu, orain dagoen tokian berarekin etzan eta iparrak nola eragiten zien aztertzea.
Baina hori beste ipuin baterako kontua da. Gaurkoan zarata amatatzea zuen helburu, besterik ez. Eta tarte batez lortu du, tarte labur batez.

Bihar beste egun bat izango da.

2025/10/30

URRIAK 30 (Edurne zuri berritua)

Bart gauean berarekin egin du amets. Denbora asko da ez duela ikusi. Hura ahazteko bidean da, edo ahaleginean bederen, baina patuak berarengana bultzatzen du, etengabe.
Herriko aldizkariko argazkietan topatu du behin baino gehiagotan, eta bart, beste behin ere ametsetan.

Ez da amets sexuala izan, ezta sentsuala ere, baina berarekiko beharra eta nolabaiteko menpekotasuna azaldu dizkio, eta hain zen bere irudia garbia, ezen jaiki bezain pronto telefonoa begiratu duela, haren deia edo mezua topatzeko esperantzaz.

Bilatu du uatsapean, bilatu du telegramen, baita facebook eta instagramen ere. Miatu du bere korreo elektronikoa. Baina alferrik izan da, ez dago haren seinalerik inon.

Eta Edurne zuriren antzera, sagar bati kosk egin, eta somnifero eskukada ahoratu ostean,  oheratu egin da, betirako loaren bila, haren musuek esnatuko duten itxaropenaz. 

2025/09/23

IRAILAK 23 (ero gaixoa)

Galdu ninduzunetik arima alderrai baten antzera zabiltzala kontatu didate, alde batetik bestera, noraezean, bizitzeko arrazoiak faltan bazenitu bezala.
Egunez moilaren inguruan ikusi zaituzte, itsasoari begira, arrantzara irtendako itsasontziaren zain bazeunde lez, begirada galdua, ortzi-mugan iltzatuta.
Gauez kale ilun estuetako tabernetara sartzen ikusi zaituzte. Barran bermaturik egoten zarela diote, whiski botila alboan, bakarrizketan, tabernariak kaleratzen zaituen artean.
Gorputzak permititzen dizkizun pausuen baitan, eguna argitu aurretik  etxeratzen zara tarteka. Gehienetan, ordea, bidean geratzen den edozein bebarrutan esnatzen zara.

Norbaitek ostikoa eman didala esnatu naiz. Albora begiratu eta etxe pareko ezkaratzean nagoela konturatu naiz. Herriko aguazila da. Baduzu etxeratzeko garaia, bota dit gupidaz.
Orduan zure irudia etorri zait gogora, nigandik urrundu zinen unea. Ordu ezkeroztik ni naiz alderrai dabilena, whiskiak eta Orfidalek errealitatea desitxuratzen didaten bitartean.

Galdu zintudanetik alde batetik bestera nabilela kontatu dizute, noraezean, ortzi-mugatik hurbiltzen ari den itsasontzi batean agertuko zaren esperantzaz. 

2024/09/27

IRAILAK 27 (kontzientzia politikoaz)

Sei urte besterik ez zuen. Larunbata zen eta, artean, jaunartzea egin gabe zeukan, baina egun hartan mezetara joan zen amarekin.

Herriko parrokia nagusira joan ziren. Herrian bi eliza zeuden, baina beraiek beti parrokia nagusira joaten ziren, gertutasunagatik. Beste eliza langile auzo batean zegoen, langileentzako propio Francok eraikitako auzo batean, auzo eta eliza, dena bat, San Jose Obrero, erdigunean aintzinako alokairuan bizi ziren herritar gehienak jauntxoak balira bezala. Haiek ere obrero, erdiguneko alokairu merkeko frankisten etxebizitza zaharretan bizi ziren langileak.

Parrokia nagusian zegoen beraz amarekin. Apaizak emandako sermoiaren nondik norakoak ez ditu oroitzen, arreta jarriko zienik ere ez daki, baina oroitzen du, amaieran, ez daki zein otoiren ondoren, aita gurea izango zen akaso, apaizak kontuz eta lasai irtetzeko esan ziela, guardia zibilak beheko plazan zeudela.

Parrokian zeuden gehienak emakumeak ziren. Emakumeak eta euren ume gazteenak. Gizonezkoak ere bazeuden, baina bere aita behintzat ez zen han. Aita ez zen sekula izan oso elizkoia, tokatzen zitzaionean joaten bazen ere.

Parrokiatik irten ziren emakumeak, eta gizonak, eta umeak. Bera amaren eskutik helduta, isilik, oihurik gabeko manifestazio batean, kalean behera, beheko plazarantz. Isiltasuna erabatekoa zen, heriozkoa, oraindik oroitzen du, grabatuta geratu zaio, azalean iltzatuta, berak ulertzen ez zuen tentsio une hura, beldurrezkoa. Eta guardia zibilak beheko plazan, goraka bidean, eurak  zeuden aldera, bere etxe aldera.

Euren atalondotik igaro arren beherantz jarraitu zuten, isilik, eta tiroak hasi ziren, baita oihuak ere. Orduan  korrika hasi ziren, ahal zuten aldera. Euren atalondorantz tiratzen zuen amak, kostata, jendearen korrikaldien eta sortu zen kaosaren barnean. Kostatu zitzaien atarira heltzea, baina sartu ziren azkenean, beraiek eta beste hainbat pertsona, eskailerak gora, urduri. Euren etxean sartu ziren, atzetik zetozen hamaika pertsonekin batera, hamaika gazte. Aita etxean zen. Azkar prestatu zuten mahaia eta janaria, eta edariak atera, ospakizun batean egongo balira bezala, nabaria izan arren han ospatzeko gutxi zegoela. Guardia zibilak eskaileratan ibili ziren, baina ez ziren euren etxeraino heldu. Etxe barruan isiltasuna mantentzen saiatu ziren, han ere tentsioa, beldurra.

Gauerdi aldera, giroa lasaitu zenean, alde egin zuten euren etxetik gazte arrotz haiek, geroago betirako gogoratuko zituenak. Irailaren 27a zen, mila bederatziehun eta hirurogeita hamabostekoa.

Hura izan zen politikarekin izan zuen lehen harremana. Agian hor sortu zitzaion kontzientzia politikoa, artean sei urteko neskatila lotsati bat besterik ez zenean. Ume izanagatik ere, azkar ikasi zituen egun hartan apaizak ahotan izan zuen Txiki izeneko afusilatutako gazte batek hil aurretik idatzitako hitzak.

Mañana cuando yo muera

no me vengáis a llorar

nunca estaré bajo tierra

soy viento de libertad

2024/08/20

ABUZTUAK 20 (izarrekin bueltaka)

Gaur Z-z hitz egin behar dizuet. Aurreko batean pertseidaz aritu nintzen. Ba Z pertseida bat da nire bizitzan, baina eguzki bat izatea nahiko nukeena.

Badira pertsona mota batzuk ezagutzen dituzun momentutik zure gogoan iltzatuta geratzen direnak. Z horietako bat da niretzat. Ezagutu nuen egunean txundituta geratu nintzen. Bere patxadak, naturaltasunak ta, zergatik ez esan, bere itxura fisikoak liluratuta utzi ninduten. Alde batetik animalia zauritu bat zirudien, baina, era berean, determinazioa handia transmititzen zuen. Ez dakit nola esan, baina ni momentuan enamoratu egin nintzen, hori esatea posible bada.
Gutxitan ikusi dugu elkar, eta ikusi dudan bakoitzean oso urduri jarri izan naiz, blokeatuta kasik, naturaltasunaren antipodetan.

Ba bi hilabeteren ostean Z ikusi dut berriro ere. Parrandan zebilen, txosnetan. Urrutira ikusi dut. Oso urduri jarri naiz, tripak mugitu zaizkit, komun bat bilatu behar izan dut. Ni kontzertu bat ikustera joan naiz eta kasik bi ordu izan ditut erlaxatzeko, lasaitzeko, kasu egitera joan ala ez erabakitzeko. Eta adorea bildu dut, ez dakit nola, eta jendearen artean bilatu dut, eta hurbildu naiz, eta bi musu eman eta zer moduz dabilen galdetu diot.
Bere irribarre goxoarekin hartu nau, tipo zoragarria da eta. Tarte bat egon gara berriketan kontu desberdinez, baina bera lagunekin dago eta ni bakarrik, eta han lekuz kanpo nagoela sentitu dut, ez nuen nire egonaldia gehiegi luzatu nahi era bortxatuan. Banindoala esan diot, ez dit eurekin pote bat hartzeko aukerarik eskaini. Ez nuen halakorik espero, baina itxaropena ez denez sekula galtzen… Halere, lasai geratu naiz. Nik egin beharrekoa egin dut, atsegina izan naiz, eta, aurretik, geratzeko aukerak eskaini izan dizkiot. Berak ez du nahi izan, zorte txarra, zer egingo diogu?
Ak esan dit ondo egin dudala, berari tokatzen zitzaiola zerbait esatea, nahiko balu noski, baina ez da gertatu, hori da errealitate bakarra.
Kosta egin zait lokartzea, ziurrenik, gaurkoa betirako despedida bat dela sentitu dudalako.

Ezagutu nuenean zelatatu egiten nindueneko sentsazioa neukan nolabait. Orain guztiz kontrakoa gertatzen zait, inolako interesik ez duenekoa.
Eta Z nire gogotik kentzeko garaia heldu dela pentsatu dut. Baina galdera da, zer nahi dut izatea, pertseida bat ala eguzki bat? Pertsona bezala estimu handia diot, lagun gisa izateko moduko mutila da, baina gai al naiz hori egiteko? Edo hala jokatuz gero nire agonia eta sufrimendua areagotuko ditut?
Gainera, eguzki bat izan dadin nolabaiteko kontaktua mantendu beharko nuke. Berak ez du egingo, baina nik egiten badut gaizki ari al naiz? Lagun bat besterik ez dela izango onarturik, ez al nioke tarteka idatzi beharko? Azken finean, nik ere nahi dut berak ni gertu sentitzea, nirekin konta dezakeela eta betirako lagun bat duela jakitea.

Zilegi al da horrela jokatzea? Edo betirako ahaztu beharko nuke inoiz ezagutu izan ez banu bezala? Ez dakit ni naizen eta gauzak gehiegi konplikatzen ditudan, ala mundu guztiari antzera gertatzen zaion, baina zenbat buruhauste izar bat gure bizitzetan agertzen den bakoitzean.

Eta gauean, ilargi betea izan arren, zerura begiratuko dut, ea Z berriro nire bizitzan gurutzatzen den ikustera. 

2011/08/19

museoan

Moman gaude, eskutik helduta zeharkatzen ditugu hango galeriak zuk arte garaikidearen nondik norakoak azaltzen dizkidazun bitartean. Nik arreta handiz jarraitzen ditut zure hitzak, esaten duzun oro interesgarri baitzait; tarteka elkar besarkatzen dugu, eta elkar muxukatu, gu biok soilik mundu guztia, unibertso osoa osatuko bagenu bezala, ingurukoen begiradak somatu gabe, ikusi ere ez baititugu egiten. Museotik San Franciscoko kale maldatsuetara jo dugu, tranbian ibili gara, zoriontsu sentitzen gara elkarren ondoan, gure arteko maitasuna hain da sakona... 
"Miss! the museum is closing" hitzek atera naute nire gogoetatik, nire ametsetatik,... ingurura begiratu eta ez zeundela ohartu naiz, arteaz disfrutatzen bai, baina bakarrik...
Tristuraz beterik alde egin dut eta ez dut tranbiarik hartu, metroan sartu naiz bertakoen artean nahasteko, ezkutatzeko, nire bakardadea kamuflatu nahian edo, kamaleoi bat bezala.