2026/08/27

ABUZTUAK 27 (this is the end)

Eta konturatu gabe lanera bueltatzeko unea heldu da. Badirudi atzo izan zela hemen jezarri nintzen azken eguna, baina hilabete pasatxo igaro da. Egia esateko, pentsatzeko eta idazteko uneak urrun dakusat, aurtengo oporretara kaierak eta pisu estrak eramateko aukera erabat bazterturik bainuen.
Mendian igaro ditut, Piriniotan lau eguneko trekkinga, Alpeetan bederatzi egunekoa. Nahikoa lan nire gorputza garraiatzen, bestelakoetan pentsatzen ibiltzeko bezala.
Ederra izan da, eta gogorra, bide batez esateko. Oraindik nabil errekuperatzen, nire gorputzak txikituta amaitu baitzuen. Zaila egiten zait barneratzea nik bederatzi egunetan egindakoa, batzuk egun bakarrean egiten dutenik, egun hauetan ospatu baita UTMB; zoratuta gaude lurtarrok, ze nezesidade.

Laburpen txiki bat egiteko Piriniotan 76,82 km ibili genituen, 5.436 m gora, 5.018 m behera.
Alpeetan aldiz, 164,79 km, 11.255 m gora, 10.708 m behera.
Ez dakit asko den edo ez, segun nondik begiratzen den. Baina handik bueltan Santa Barbarako ermitara igotzeko pisurik gabe nahiko lan. Gorputzak atsedena besterik ez zidan eskatzen, eta ustez entzuten jakin dut, egun hauetan nahiko lasai ibili bainaiz, sofa ordu kopuru estrak sartuz, aurretik egin gabekoak berreskuratzen. Beharko nuen ziurrenik. Baina nolakoak garen batzuk, etxean lasai egoteko ere arazoak, atseden hartzea denbora galtzea balitz bezala, burua torturatuz, irten, ibili, bizikleta hartu,… Inoiz ikasiko ote dugun, ezer ez egitea zerbait egitea ere badela.

Eta gaiez aldatuz, pare bat, edo agian bakarra. Mundua zertan bihurtzen ari garen. Aldaketa klimatikoari muzin egiten diotenek justifika ditzatela gero eta ugariagoak diren fenomeno atmosferiko bortitzak, lehorteak, etabarrak; eta horrek, herrialde batzuetan bereziki dakartzan miseria, eta horren ondorioz sortzen diren migrazioak, eta Europak egiten duen harrera. Egia ez balitz guztiak distopia bat lirudike, baina errealitatea baino gauza krudelagorik ez dago. Eta bitartean, gure Donostian kalean dabiltzanei bazkari epel bat ematea debekatzen du gure alkate gazteak, ene, ene, ene, orgekin dabiltzan emakumeak miatu omen dituzte… erridikulua, parte zaharreko tabernen inguruan sortzen diren ilaren modukoa. Tentel samarrak ginela bagenekien, baina giza-ergelkeria urrutiegi heltzen ari delakoan nago.

Ilara horietako jendeak ez du kaleetan molestatzen, bai ordea taperra Anoeta inguran jaten ari direnak.

Ta horrela joan zaigu kasik abuztua. Bihar lanera, irakasle guztiek euren ordutegiak behar bezala prest eduki ditzaten, euren bizitza kalitatea gehiegi aztoratu gabe ahal dela. Ea asteartean zein mutur ikusi eta kexa entzun behar ditugun.

Aurretik, eta udako oporrei behar bezalako itxiera emateko, eta bizitza sano honekin pittin bat apurtzeko, bihar Bilbora joango naiz, aurten entzun dudan moduan, “de vez en cuando, hay que ser un poco cucaracha”

Ba hoixe, asteburu on eta lanera buelta ederra izan dezazuela.