2024/12/31

ABENDUAK 31 (gabon zahar)

Ba heldu da 2024ko azken eguna. Baneukan urteari errepasoa egiteko asmoa hainbat datu bilduz, baina erabaki dut inori ez zaiola interesatzen hamar edo hogei liburu irakurri ditudan, edota zenbat film ikusi dudan zinematan; ez eta zenbat gailur edo trekking egin ditudan urtean; gutxiago zenbat aldiz maitemindu naizen, edota zenbat aldiz ligatu dudan. Egia esateko, ez dakit irakurtzen didazuenei zer interesatzen zaizuen, baina nik nahi dudana idatziko dut, horretarako da nire egunerokoa eta, ez al duzue uste? Hala ere, batetik hamarrerako puntuazioa jarri beharko banio urteari zazpiko bat jarriko nioke. Hau da, oro har, oso ondo egon da, baina gabezia edo tristezia batzuk izan ditut.

Garai batean gaurko afarian eta biharko bazkarian ama eta biok egoten ginen mano-mano. Gaur gaua bakarrik igaroko dut, hala nahi izan dudalako. Halere, ama gogoan edo, gaur bere berokia jantzi dut, seguru nonbaitetik ikusi nauela guapa-guapa. Eta, atzo pentsatu bezala, bazkaldu eta nire toki kuttunetako batera joan naiz urtea despeditzera.

Furgoan joan naiz Pardiolaraino, eta handik Onddira igo naiz lehenik. Bakar bakarrik nago. Kosta egiten zait arnasa hartzea, bularraldea hartuta baitaukat, baina sasoitsu nagoela esan dezaket harrokeriarik gabe, erraz igotzen ditut maldak. Aurreko hileko egurrak zerikusia izango du ziurrenik. Handik Muniskora jaitsi naiz. Hiru lagun daude bertan. Harri batean jartzeko ohitura daukat. Hantxe geratu naiz tarte batez, gure arbasoen eta eguzkiaren energia xurgatuz, negatiboa deskargatuz, liburu bat eskuan, bakean irakurriz. Halere, eguzkiak jo arren, tenperatura ez da oso altua eta ordu erdira martxa egin dut Zahatzain aldera.

Bi hilabete izango dira ez nentorrela hemendik eta harritu naiz, bideak erreka bat dirudielako. Dena da ura eta lokatza. Pentsatzen jarri naiz ea azken astean euririk egin ote duen. Ezetz esango nuke, baina toki hau nahiko ospela da, ez zion lehortzeko astirik emango. Ba ura eta lokatz artean txukuna jarri naiz, nahiz eta ez dudan gauza handirik behar belauneraino zikintzeko.

Furgoneta arteko bidea berriz ere bakar bakarrik egin dut. Zein ederra den mendian bakarrik ibiltzea, txorien kantua, hostoen karraska, edota adarren kulunka entzunez, denbora ez ustean pasatzen zaizu, eta konturatu orduko eguzkia jartzen ari da.

Ba halaxe heldu naiz etxera, iluntzen hasia zelarik eta gorputzean dardarizoa nuelarik. Goizean hobeto sentitu naizen arren, gorputza ez dut ondo. Dutxa beroa hartu ostean paracetamol bat hartu dut, kafe egin berria eta goizean erosi dudan errege-opil zati batez lagunduta.

Afarirako zerbait berezia badut, baina,  ohi bezala, bederatziak aldera afalduko dut, ea zorte apur batekin petardo festa hasi aurretik lokartzen naizen. Eta, bihar goizean, dardarizorik ez badut eta ondo jaikitzen banaiz, mendira joango naiz urte berriari oles egitera.

Gabon zahar on guztioi, eta ondo ekin urte berriari! 

2024/12/30

ABENDUAK 30 (urtea despeditzen)

Gaur, urtea despeditzeko, Aitzgorrira joateko asmoa neukan baina gainean daramadan buruko min puntuak ohean jarraitzera animatu nau. Paracetamola hartuta ia hamaikak arte geratu naiz lo. Oso arraroa niretzat, nahiz eta Garminak dioen nire loaren kalitatea eskasa izan dela. Eta presarik gabe jaiki, gosaldu eta idazten jarri naiz, hurrengo bidaia hasi aurretik amaituta utzi nahi ditudan bi lantxori helduta.

Eta konturatu orduko bazkalordua heldu zait. Eskerrak batch cookingera afizionatua naizen, eta beti, edo ia beti, daukadan zerbait prestaturik.

Bihar beste konpromiso batzuk ditudanez, Aitzgorrikoa urte berrirako utziko dut, nire gorputzak hobera egin badu bederen. Ez dakidana da egun horretan han jende askorekin topatuko naizen, ez bainuke mendira manifestazio batean bezala joaterik nahi.

Urtea hasteko beste modu ederra itsasoan bainu bat hartzea izan daiteke. Bi motibo dauzkat aurten horretara ez animatzeko. Lehena eta inportanteena, nire arnas-apartuarentzat ez dakit egokiena ote den une honetan; eta bigarrena ez dut hona ekarri nahi, merezi ez duten kontuak gogora ekartzea denbora-galtze bat iruditzen zaidalako.
Beraz, ondo banaiz, mendira. Urte berriari agur egitera.

Urte zaharra despeditzera ere mendira joan izan naiz. Agian bihar ere egun egokia dut horretarako, arratsaldez, ilundu aurretik, etxekoetara, azken finean haiek salbatu naute. Mendiei eta naturari esker orokorrean nago gero eta biziago, gero eta aseago nire bizitzarekin. Esango nuke nire meditazio modua direla, bakea ekartzen didatela, gogoa baretzen didatela, zoriontsuago egiten nautela.

Eta zuei zerk ematen dizue bakea? Zerk egiten zaituzte zoriontsuago? Argi badaukazue horretan jarrai, nik behintzat horretan jarraituko dut.

2024/12/29

ABENDUAK 29 (ametsetan)

Atzo oheratu nintzen gaur goizean itsasora joateko erabakiarekin, baina, garai hauetan ohikoa denez, trankazo erdi bat gainean dudala esnatu naiz, eta ur hotza, agian, ez dela planik egokiena erabaki dut. Eta ohean geratu naiz, apur bat gehiago, azken garaian faltan dudan lo guztia berreskuratu nahian.

Baina eguna argia da, niri gustatzen zaidan neguko egun fresko eguzkitsu horietako bat, eta etxean egonez galtzea sakrilegioa iruditu zait kasik.

Ordulariari erreparatu eta mendira joateko berandu dela pentsatu dut. Itsasoarena baztertuta, liburu batekin eguzkitara joatea izan daiteke plan on bat, edota hondartzara baina paseatzera, ez uretara. Eta horretan nabilela jabetu naiz, urteko balantzea egiteko bi egun besterik ez dudala, eta agian zerrendak egiten hasi beharko nukeela. Eta orduan otu zait, askotan diodan moduan, gizakiok oso txotxolotuta bizi garela munduaren alde honetan, eta akaso, zerrenda eta balantze gutxiago egin eta bizitzari gertatzen utzi behar diogula, baina dena delakoa gertatzeko, mundura, kalera, herrira irten behar dela eta ingurukoarekin harremanetan jarri, elkar-eragin, hitz egin, entzun, ukitu, musukatu, besarkatu, partekatu.

Eta horrela esnatu naiz, bigarren aldiz gaurko goizean, erabat estresatua, eguna hasi orduko buruak jada aste guztiko jira eta buelta guztiak emanda nengoela.
Orain deskantsua behar dut, mentala, egunari indarrez aurre egin ahal izateko.

Igande on guztioi!

2024/12/28

ABENDUAK 28 (inuzentekeriak)

Lotsatiak garenok barregarri geratzearen ataria oso baxua daukagu, nik behintzat hala bizi izan dut beti. Oroitzen ditut ume-nerabetako gaurko egunak beldur puntu batekin, kalera irten eta norbaitek zerbait pegatu edo bizkarrean jarri eta mundu guztiak nitaz barre egiteko beldurrez egoten nintzela. Oso ohikoak ziren garai hartan ezusteko petardoak, bonba kirasdunak, eta halako objektu ustez barregarriak. Nik ez dut nire burua seriotzat, baina egia esateko bromak ez ditut oso gustuko, bereziki talde baten barruan beste guztiek barre egiteko direnean, eta objektu ustez barregarri horiek ez zaizkit sekula gustatu.
Halere, helduago egin nintzen heinean, egun honetako helburua izaten zen egunkari eta informatibo desberdinetan sartzen ziguten ziria asmatzea. Onartu beharra daukat askotan erantsi nituela ezinezkoak ziren hainbat kontu.

Gaur egun ez dakit ohitura mantentzen den, berri faltsu bat ematearena alegia. Jada egun honek ez du niretzat ezer berezitik. Ez dakit ni naizen, edo duela urte batzuk zuen arrakasta galdu duela. Halere, data ikusi bezain pronto beti akordatzen naiz, -gaur inuzente eguna.

Ta gaiez aldatuz, Irutxuloko Hitzak esan duenez, Eneko Goiak adierazi du hurrengo San Sebastianetan, Trinitate plazan Sarri-sarri joko dutela danborradan.

Ahhh eta ahaztuta nengoen, Z-k mezu bat bidali dit hurrengo astebururako plan baterako gonbidatuz. Interesantearena egiteko oraingoz ez diot erantzunik eman.

Eta, amaitzeko, Euskal Selekzioaren ofizialtasunaren alde bozkatu du Nazioarteko Pilota Federazioak. Neri gai honek zalantza ugari sortzen dizkit, baina beste baterako utziko ditut. Halere, hausnarketarako bat: selekzioari Euskadi deitzen badiote, zer eta zein errepresentatuko du, eta zeintzuk parte hartu ahal izango dute selekzio horretan?

Eta zalantza horiekin, horietatik zeintzuk dira benetakoak eta zeintzuk inuzentekeriak?

Disfrutau egun zoragarri hau! 

2024/12/27

ABENDUAK 27 (neoliberalismoari stop!)

Atzo, Argian, zur eta lur utzi ninduen albiste bat irakurri nuen. Dirudienez, azken urteetako tendentzia omen da goi mendietan musika festibal erraldoi eta garestiak antolatzea. Alpe d´Huezen egiten den Tomorrowland Winter jaialdiak marka guztiak hautsiko omen ditu 3.300 m-tara 22.000 lagun bilduz.

Ez ei da bakarra. Eta gauza da, zenbat eta gauza gehiago eduki, orduan eta zentzugabekeria gehiago asmatzen dituela gizakiak egunerokoari aurre egiteko. Baina, non da muga?
Kasu honetan, oso aberatsak direnei zuzendutako jaialdiez ari gara, baina ez al duzue inpresioa gero eta gehiago joaten ari zaigula burua aisialdiaren izenean? Non geratu dira liburu bat irakurtzea, paseatzea, edota arratsaldea banku batean eserita egitea, pipak jaten, pasatzen denari begiratuz?

Gero eta argiago ikusten dut gizakia desagerrarazteko espeziea dela. Mundu erdia gosez hiltzen den bitartean, ehuneko txiki batek musika jaialdiak antolatzen ditu 3.000 metrotara. Eta ez dut aipatu horrek ingurumenari egiten dion kalteaz: ez bakarrik kutsadura aldetik, baita ekosistema horretan bizi diren beste espezie guztientzako suposatzen duenaz ere.

Bai, ni ere kexatzen naiz sarri, egun libreetan zer egin ez dakidanean, eta emozioa sorrarazten didaten planak gustuko ditut. Baina gizakiona gero eta grabeagoa da, pintza joaten ari zaigu eta ez gara konturatzen ari. Nork jarri behar dizkio mugak erokeria honi? Ez al da garaia errebelatzeko serioski? Edo benetan jarraituko dugu permititzen ez dakit zer gaizki ulertutako askatasunaren izenean gutxi batzuk munduarekin nahi dutena egiten jarrai dezaten? Benetan pentsatzen al dugu bizi gaituen neoliberalismo honek onik ekarriko digula inoiz?

Has gaitezen gure golkoari gutxiago eta inguruan gertatzen denari gehiago begiratzen. Egun on!

2024/12/26

ABENDUAK 26 (opariak)

Oparirik onenak norberak bere buruari egiten dizkionak izaten dira, ez al duzue uste?
Ni aurten nabil nire buruari, etengabe, opariak egiten. Akaso izango da inork ez dizkidalako egiten, batek daki, baina aspaldi ikasia naiz gozamena ematen diguten gauza horiek egin behar  ditugula, inoren zain egon gabe, edo inorengandik ezer espero gabe.

Eta horrela nabil, aberats baten moduan, beno aberatsa banaiz nolabait, bidaia hemendik, hoteltxoa handik; gorputzerako halako tratamendu, kirolerako halako konplementu, janzteko halako arropa, etxerako halako altzari.
Diru guztia xahutuko dut martxa honetan, baina aizue, zer plazera.

Eta zuei zeinek egiten dizkizue opariak, Olentzerok? Asmatzen al du. Gustagarriak diren planak oparitu al dizkizue?
On egin!

2024/12/25

ABENDUAK 25 (gaindosia)

Atzo eta gaur artean azken asteetako hainbat substantzien dosiak gainditu ditut aldi baterako, espero.

Proteina gaindosia, frijituena, haragiarena, alkoholarena, gozoena, familiarena. Bapo, ederki egon da, baina garai baterako ase naiz. Kito. Gaurtik aurrera gabonak existituko ez balira bezala egingo dut, edo horretan saiatuko naiz.

Beste urte batzuetan kanpora irten izan naiz, eta errazagoa da ospakizun horiek ahaztea. Aurten etxe bueltan ibiliko naizenez, espero dut inolako tentaziotan ez erortzea, eta egun normaletako bizimodua egitea. Bi egun hauetako garbiketa egin, eta berriz ere gorputza sasoi-moduan ipintzea. Ea lortzen dudan.

Eta zuek, ondo? Gaur afalduko al duzue? Ni infusio bat hartuta banoa ohera.

Gabon! 

2024/12/24

ABENDUAK 24 (kontuz poteoarekin)


Ez gara oso kristauak, baina euskaldun ia guztiok ospatzen ditugu gabon gaua eta eguberri eguna. Ohitura, tradizioa, deitu nahi duzuen moduan, baina familiarekin elkartzeko egunak izaten dira. Sortu gintuen familiarekin elkartzekoa, normalean, ez norberak aukeratu ahal izan duenarekin egotekoa, baldin eta kanonetatik irteten den familia bat baldin baduzu bederen.

Afari eta bazkariak bezain inportanteak dira poteoa. Batzuk kafe orduan elkartzen dira mus txapelketari ekiteko eta, ondoren, poteoarekin jarraitzen dute, afarirako alkohol dosiak jada erabat gaindituta dituztelarik, beste drogen kontsumoan sartu gabe. Horiek bihurtzen dira munduko sinpatikoenak, komentarioa hemendik, musua handik, dena da poztasuna eta roilo ona. Halere, giro polita egoten da herrian, etxe guztietan dauden arazoak eta minak une batez desagertuko balira bezala.

Neu ere irteten naiz pote pare bat hartzera, eta baldintza ez oso onetan heldu izan naiz afaltzera behin baino gehiagotan. Halere, okerragoa izaten zen duela urte batzuetako Eguberri eguna. gabon zaharrean baino, gabon gauean irteteko ohitura genuen lagunek, tabernetan lasaiago egoten zenaren aitzakiaz. Eta hala zen, baina gero, gaupasa egin ondoren, etxeko saloian aurpegi ona jartzea eta amari lanetan laguntzea nekeza izaten zen.
Baina gazte garai haiek ere pasatu ziren. Oraingoan espero dudana da nagoen horiekin ordu batzuez gustura egotea, gutxitan egoten bainaiz, ahalik eta betekadarik txikiena izatea, eta hogeitaseian ondo egotea nire gustuko plan bat egin ahal izateko, mendia, paseoa, edo dena delakoa.

Irakurle maitea ondo pasa ezazu pasatu gabe eta disfrutatu benetan maite dituzun horiekin.

Gabon gau on!

2024/12/23

ABENDUAK 23 (maitasunaz)

Gaur inspirazio gabe nabil, baten batek pentsatuko du -beti bezala alegia, baina nik gaur somatzen dut ez dakidala zer idatzi. Hiru kontu desberdinekin hasi naiz, eta guztiak ezabatu ditut. Barrutik irteten ez dena fuera, ezabatu, soberan dagoena ezabatu, ez badu informazio interesgarririk aportatzen ezabatu. Hala erakutsi ziguten idazle eskolan, eta hala egitea komeni da. Betegarriak zertarako, ez bada zerbait ederra sortzeko, erritmo bat eta doinu bat transmititzeko, irakurlea nolabait hunkitzeko?

Musen bila nabil, baina nire kaosean ez ditut topatzen; aitzitik, neuzkanak desagertzen ari zaizkidala esango nuke. Bihotzean arakatu dut, erraietan, gogoan. Ezer ez. Guztiak hutsik daude, martxan jarriko dituen zerbaiten zain.
Hori da behar dudana, mugiaraziko nauen zera hori, azken boladan itzali samar dudana. Zuek ez dakit, baina nik horri maitasuna esaten diot. Maitasuna da mundua mugitzen eta eraldatzen duena, bizirik gaudela gogoratzen diguna, eta bizirik irauteko motiborik inportanteena.

Baina ezabatu, ezabatu eta ezabatu, besterik ezin dut egin maitasunik gabeko hitzak josten saiatzen ari naizen bitartean. Maitasuna barru barruan dudalako, makina bat maitasun azalarazteko desiratzen, baina haren helburua izango den objekturik ez da agertzen. Halere, ez dut etsiko. Bilatzen jarraituko dut, inspirazioa eta pasioa bueltatuko dizkidan maitasun horren atzetik segituko dut, azken hatsa heldu aurretik aurkitzeko esperantzaz.

Arratsalde on!

2024/12/22

ABENDUAK 22 (neguan sartu gara)

Gaur (edo atzo) neguko solstizioa dugu, urteko egunik motzena zientziaren arabera, esaerak egun hori santa Luzia eguna dela esan arren: -Santa Lucía acorta la noche y alarga el día, errepikatzen zuen gure amak urtero.
Gaur ere Espainiako loteria nazionalaren gabonetako zozketa egiten da. Ez naiz joko zalea, are gutxiago Espainiako diru-kutxara doan diruaz ari bagara, baina beti erosten dut lanean ari naizen tokiko txartela, tokatuz gero tonto aurpegiarekin ez geratzeko, bereziki.
Jada, sari potoloenak atera omen dira, eta probidentziari esker (bigarren aipamena aste bakarrean) tanta-hotza jasan duten Valentziako hainbat herritan tokatu dira sari batzuk. Ba eurengatik pozten naiz. Egia esan, Valentziakoak asko hitz egin eta idazteko ematen du, baina gertatu zenean kanpoan nintzen eta ez nuen jarraipen zehatzik egiteko aukerarik izan. Halere, hainbat gako oso ondo adierazi zituen Mikel Peruarenak Berrian  azaroaren hamarrean argitaratu artikulu batean. Beraz ez naiz gai horrekin hasiko.

Ba, nioenez, neguan sartu gara eta horrekin batera urte amaiera dator. Balorazioa egiteko unea, eta hurrengorako zerbait hobea edo gutxienez antzekoa desiratzeko garaia, jakinik, beti ere, desioak hori besterik ez direla, desio, nahiko genukeen eta ia inoiz betetzen ez den horixe alegia, eta  errealitateak beti ustekabean harrapa gaitzakeela, onerako zein txarrerako.

Ba horretan jarriko naiz, izan dudan positibo eta negatibo guztia aztertzen. Zintzoa izateko, nire gabezia guztiekin, uste dut gehiago izan dudala lehenengotik bigarrenetik baino, zure errealitatea onartzen duzun momentutik, gauza txikiez gozatzeko jarrera izugarri biderkatzen baita.

Ba pentsamendu horiekin utziko zaituztet igande honi etekina ateratzeko jarrera positiboarekin.

Gozatu neguak eskaintzen dizkigun aukera guztiez, eta loteria tokatu bazaizue zoriontsuago egingo zaituzteten horretan gastatu. 

Igande on!


2024/12/21

ABENDUAK 21 (bizitza da handiena)

Ba atzokoa ederra izan zen bai. Ni kexu nintzen eseritako sarrera neukalako, baina egia esan ez zen hain gaizki egon. Eszenatoki pare parean, urruti, baina zutik denbora guztian, bultzatuko ninduen inor gabe inguruan. Lagunak pistan egon ziren, bolloan esan zidaten, saltoka eta bultzaka, haiek ere primeran, baina inbidia gutxi. Horren aukera izango dut hurrengo batean.

Aldamenean ni baino zaharragoa zen tipo bat zegoen. Ez zuen euskaraz egiten, Euskal Herrian dauzkagun garai bateko abertzale  erdaldun horietako bat. Ni bezain emozionatua zegoen, gehiago igual. “Esto es lo que necesitaba desde hace tiempo” bota zidan literalki, eta ez zen parrandaz ari, edo kontzertu soil batez. Bera han arnasten ari ginen aldaketarako, errebeldiarako, (iraultzarako esatea gehiegi iruditzen zait), salaketarako eta inkonformismoarekiko giroaz ari zen, azken urteetan hori guztia lotan balego bezala, beno hein handi batean badagoela esango nuke. Nik han bizitzen ari ginena ilusio bat besterik ez zela adierazi nion, biharamunean denak berdin jarraituko zuela, baina berak ezetz, kontzertu hura zerbaiten mugarria balitz bezala. Ilusiorik gabe ezin aurrera egin, beraz berarentzat hobe hala pentsatzea. Ni negatiboagoa naiz.

Edozein kasutan ederra izan zen, gure gaztetako soinu banda zuzenean kolektiboan partekatzea, mundu justu baten alde borrokatzeak merezi duela gogora ekartzea, eta horretarako injustizia desberdinak kantuen bidez aldarrikatuz.

Milesker Fermin herri oso bat bibrarazteagatik!

2024/12/20

ABENDUAK 20 (arteaz)

Beti gustatu izan zait museoetara joatea. Arte modernoa eta garaikidea bereziki ditut maite. Ez dut gehiegi ulertzen, zerbait ulertu behar bada, emozioen bila joaten naiz, ea zirrara sortzen didan obrarik ikusten dudan, besterik ez. Bereziki pintura dut gustuko, beno pintura eta argazkilaritza. Azken garaian hain ohikoak diren instalazioak, oro har, gutxiago esaten didate.
Egun hauetan Bilbon nabil eta bertako bi museo bisitatzeko probestu dut denbora, eguraldia ikusirik plan ezin hobea bide batez. Ba ez batean ez bestean ez dut hunkitu nauen ezer topatu. 
Arte ederretako museoan Juan Luis Goenagaren erakusketa ikusten aritu naiz. Hiru koadro kenduta beste guztiek ez didate ezer adierazi. 
Guggenheimen, aldiz, Hilma af Klint suediarraren eta Paul Pfeiffer estatubatuarraren obrak. Lehenaren margolanak, orohar, roilo bat iruditu zaizkit. Bigarrenaren lan eklektikoa ez zait heldu, eta zerbait adierazi dit azalpenak irakurri eta entzun ostean. 
Eta hori da artea, bakoitzak adierazteko erabiltzen duen lengoaia, baina gutxitan guztiok  gustuko duguna.
Eguna musikarekin errematatuko dudanez, espero dut artistarekin asmatzea, zapore gazi-gozo hau kentzeko. Beno, artistarekin baino, prestatu duen kontzertuarekin. Zeta ba al zatoz? 
Ostiral on!

2024/12/19

ABENDUAK 19 (bero bakartia)


Azken boladan

gauero esnatzen naiz

lau edo bost bider

izerditan

lumadun edredoia

soberan dudala

Hanka luzatzen dut

zurearen bila

ondoren besoa

ohearen bestaldera

zure bizkar leuna

topatu nahian

baina hutsik da

soilik maindire hotza

topatzen dut

Aldez mugitzen naiz

bero bakarti hau

jasanezina baita

Berriz ere lokartzen naiz

eta handik ordu batera

ostera esnatu

izerditan

lumadun edredoia

soberan dudala

eta hanka eta besoa

luzatzen ditut

baina esnatu orduko

alde eginda zaude

beti 

2024/12/18

ABENDUAK 18 (Probidentziaren gauzak)

Atzo eskiatzera joan nintzen Aralarrera. Esan dezaket eskiatzen dakidana han ikasi nuela, duela urte asko, elur gehiago botatzen zuen garaian hara joateko ohitura baikenuen.
Oso gustuko dut elurra, bakea ematen dit, ondo sentiarazten nau, energia positiboz betetzen nau.

Aralar ez da ene iritziz tokirik egokiena iraupen eskia egiteko, elurra jauzi berri ez bada behintzat. Mundu guztia doa umeekin, edo umerik gabe, elurraz gozatzera, eta bideak oso zapalduta egoten dira.
Atzo kamioi bat pasa omen zen pistatik gora. Ikusi behar zen han zeuden zuloak eta irregulartasunak. Bestalde, hotzarekin elurra izoztuta zegoen lehen orduetan.
Bada pertsona bat crowfunding bitartez bidea egiten duena. Baina niretzat ez zen nahikoa. Monoa kendu nuen, baina ez nuen guztiz disfrutatu, tarte batzuetan gozatua hartu nuen arren. Halere beldurrarekin ibili nintzen, nire burua ez bainuen oso seguru ikusten. Eta oso eskiatzaile  ona ez naizenez, aspaldiko partez erorketa batzuk izan nituen, batzuk nahi gabe, beste batzuk nahita, nire burua elurretara botata.

Gauza da etxera bueltatu eta lasai egon nintzela, baina orduak aurrera joan ahala, eskubiko oina gero eta okerrago sentitzen nuela, lurrean ezin jarri iritsi arte. Erorketaren batean egindako bihurrituren bat bere hortzak erakusten ari zitzaidan.
Jarri nituen izotza eta arnikadun ukendua, hartu nuen antiinflamatorioa, eta gaur goizean hobeto jaiki naiz, baina panikoa sentitu dut. Oinik gabe ez bainaiz ezer. Ezin badut ibili, paseatu, mendira ala hondartzara joan, zer geratzen zait? Ezin badut dantzatu, zer egingo dut gustuko ditudan festa eta kontzertuetan?

Eta pentsamendu horiek buruan jaiki naiz zeruari begira, gaur egin behar nuen mendi itzulian pentsatuz, besterako utzi beharko dudala, hobe dela egun batzuetan atseden hartzea, hilabeteak hankarik gabe egotea baino. Eta otu zait, akaso, Probidentziaren gauza izan zela duela hilabete batzuk ostiraleko Ferminen kontzerturako soilik eseritako sarrera eskuratu ahal izatea; bestela, zer egingo nuke hanka honekin pistaren erdian bi ordu eta erdi zutik? Eboluzioa kontatuko! 

2024/12/17

ABENDUAK 17 (gauza soilak ditut maite)

Gauza eta pertsona soilak ditut maite. Bai hala da, apaingarriak soberan ditut, gero eta gehiago. Soiltasuna diodanean naturaltasuna ere adierazi nahi dut, artifiziorik gabeko hori, berezkoa dena, besterik ez. Pertsonak halakoak maite ditut, gero eta gehiago, itzulingururik gabe dabiltzanak, bere aurpegia, izena eta izana lehenengotik adierazten dizutenak. Horren bila nabil, beti, eta halakorik ezagutuz gero horretan tematzen naiz, zaila baita landugabeko diamante bat bitan topatzea.
Baina ez zen hori gaur hona ekarri nauena, soiltasunez ari nintzen bai, baina bi gomendioekin natorkizue, bata musikala, bestea zinematografikoa.

Lehena aurrekoan ere aipatu nuen, Biznaga talde madrildarra da. Azken asteetan Euskal Herrian aritu dira biran eta euren azken diskoa erosi diet. Furgoan daramat ordu erdiko CDa buelta eta buelta, ozen, oso ozen, haien letrak entzunez behin eta berriz. Gaurkotasuna dute, salaketa dago, baina errealitatea islatzen dute, pertsona arrunten egunerokoak, arazoak, minak, gabeziak eta bizitzeko arrazoiak eta grina.

Beste estilo batean, besteak beste Rodrigo Sorogoyenek sinatutako “los años nuevos” serie espainiarra daukagu. Hamar kapitulu dira, istorioan garatzen den urte bakoitzeko bat. Bi pertsonen arteko hamar urteetako harremana kontatzen da, beti egun berdinean, urteko azken egunean hain zuzen ere. Artifiziorik gabe berriz ere, dialogo naturalak dauzka, zuk eta nik izan ditzakegun horiexek. Esan gabeko desioak daude, eta minak, eta pasioa, sufrimendua eta zoriontasuna, eta norberaren gabeziak; baina guztiaren gainetik maitasun asko, baina benetakoa, erraietatik ateratzen den hori, zuk sentitzea nahiko zenukeen hori.

Ba batzuen diskoa entzuten eta bestearen seriea ikusten otu zait biek ere gauza asko dutela komunean ni horrenbeste harrapatzeko, eta naturaltasuna da, detaile txiki bakoitzean ageri dena. Ez naiz ezeren kritikari eta ez dizuet bestelako baloraziorik egingo. Entzun eta ikusi, eta zuek baloratu. 

2024/12/16

ABENDUAK 16 (badatoz gabonak)

A ze galbana sartzen zaidan gabonetan pentsatzen dudan bakoitzean. Ez zaizkit inoiz gehiegi gustatu, eta adinarekin are eta gutxiago, kalean, poteo egunetan, arnas daitekeen hipokresia ez dudalako jasaten ziurrenik.

Aurten desberdinak zaizkit, opor luzeetan nagoenez ez direlako beharrezko ditudan opor batzuk, baina ohiturazko hainbat kontu berdin-berdin egin behar ditut, eta jada haien arrastoan nabil. Ilobentzako opariak, federazioko txartelaren berritzea, urteko azken eta hasierako egunetan gustura egingo nituzkeen planetan pentsatzea besteak beste. Ez dut burua parrandan, aurreko ostiralekoa ikusita arrazoi gehiagorekin, eta urduritzen hasia naiz, etxeko garbiketa egiteko egunak atzera kontaketan direlako. Eskerrak ez zaidan kozinatzea eta otordurik antolatzea tokatzen, oraintxe bertan etxea dudan modua ikusirik ezinezkoa bailitzake.

Eta ez ditut gabonak gustuko ez, badirudielako egun horietan oso zoriontsua izatearen plantak egin behar dituzula; familia perfektua duzula adierazi behar duzula, zenbat juntatzen zareten eta zein ondo pasatzen duzuen kontatu behar duzula. Zutaz jende pila bat akordatzen dela adierazi behar duzula, baita zu beste pila batez akordatu eta haiek zoriondu ere.

Kaka zaharra, gabonetan nirekin ez da inor akordatzen, urteko gainontzeko egunetan bezala, edota akordatzen direnak urte osoan akordatzen diren berberak dira, esku batekin kontatzekoak. Modu berean ni pertsona jakin batzuekin soilik akordatzen naiz, urteko edozein egunetan akordatuko nintzatekeen horiexek. Eta bai, aitortzen dut Eguberrian etxekoekin bazkaltzeko juntatzea gogoko dudala, agian, urteko beste egunetan elkartzen ez garelako. Eta beti amestu izan nuela gabon zaharra aukeratutako familiarekin, alegia, lagunekin igaroko nuela urteren batean egun hori, baina hori ez da inoiz gertatu, eta, egia esateko, gaur egun jada berdin zait, urteko edozein egun izan daitekeelako egokia horrelakoak egiteko, baina oso aspaldi ez dudala halakorik izan. Eta, hala ere, hemen jarraitzen dut, bizirik, nire gorabehera guztiekin, baina ez gehiegi kexatzeko moduan.

Gabon festetarako, dagozkion afari eta bazkariaz gain, hiru kontzertu dauzkat programatuta. Espero dut mendi irteeraren bat egitea, eta giroak laguntzen badu, eta badirudi baietz, eskiatzera eskapadatxo bat egitea. Ez nauzu poteoan ikusiko, hogeitalau arratsaldez ez bada, ez nauzu ikusiko inor zoriontzen, ohitura faltsu horiek aspaldi galdu bainituen. Halere, zuri irakurle hobena opa dizut, bai gaur, bai bihar, baita hurrengo urtean ere.

Ondo pasa gustatzen zaizun hori egiten!

2024/12/15

ABENDUAK 15 (deskontrol)

Ez da berdina dena ez kontrolatzea eta deskontrolatzea. Lehenaren aldekoa naiz, ni nahiko kontrolatorra izan bainaiz bizitza osoan, ez dakit nahita edo nahi gabe, eta gauzak gertatzen uztea eta guztiari adi ez egotea niretzat positiboa da. Baina hortik deskontrolatzera alde handia dago.

Aurrekoan hori gertatu zitzaidan, bazkari baten ostean kontzertu batera joan, gero pote pare bat gehiago hartu eta biharamunean etxean esnatu, hara nola heldu ote nintzen jakin gabe.
Kontuak egiten hasi nintzen, horrenbeste edan al nuen halako amnesia izateko? Ezetz esango nuke, baina egia da gorputza beti ez dagoela berdin, eta alkoholaren eragina beti ez dela berdina. Gainera, gero eta gutxiago edaten dut, azken boladan kirol asko egiten ari naiz, pisu gutxiago daukat, ez dakit horiek guztiak juntatuta arrazoi nahikoak diren harrapatu nuen mozkorra justifikatzeko, baina egia dena da beldurtu egin nintzela.  Ez dut gustuko horrela sentitzea. Gazteagoa nintzenean izan nituen halako episodio batzuk, baina beti ziren gaupasa baten ondoren, ordu pila bat edaten eta erretzen egon ostean, jaien bueltan, ez ostiral tonto batean.

Eskerrak ez nengoen ene herrian, zerbait desegokia egin banuen inork ez ninduen ezagutzen, hemen azaltzen da besteek gutaz zer pentsatuko dutenaren beldurra; halere, etxean ala beste nonbait, ezagunekin edo ezezagunekin, ez naiz oso harro hori gertatu izanaz. Halako biharamunetan damua da edukitzen dudan sentipena, hori gehiago ez mesedez, atzera bueltarik ez dagoela jakin arren. Eta nire hurrengo pentsamendua da, zer egin behar dut edateari erabat utzi, ze behin hasita azken tragoa hartzeko inoiz ez baitut presa handiegirik.

Eta zuek, kontrolatzen duzue, ala deskontrola nahiago? Igande on!

2024/12/14

ABENDUAK 14 (eta gaur zer)


Buruko min batek esnatu nau

ez dakit non nagoen

nire ohea da

baina ez dut oroitzen

nola heldu naizen bertara

Beldurra sentitu dut

kontrol galtze hori ez dut gustuko

ohean jarraitu dut

lotan jarraitzeko itxaropenaz

dena amets bat izan dela desiratuz 

2024/12/13

ABENDUAK 13 (santa luzia eguna)

 

Ez naiz jostuna, baina josten ikasi nuen, nire amaren tradizioari jarraitu nahian edo, halere, ez naiz inoiz bere parekoa izango horretan. Ez naiz jostuna, baina gaur bazkari eguna dut, gaur jostunen eguna baita, baita urteko egunik motzena ere, esaeraren arabera.

Gaur, eguna motza denez, denbora gutxi daukat idazteko, beraz doala hemendik omenaldi txiki bat ama jostun horiei guztiei, txikitan soinekoak eta denetarik egiten ziguten horiei. Beraiekin batera joan da emakume belaunaldi mota bat. Ez hobea, ez okerragoa, soilik desberdina.

Santa Luzia egun on! 

2024/12/12

ABENDUAK 12 (ehun kilo zabor)

Ehun kilo zabor eraman dut garbigunera

neure bizitzako garai bat ezabatu

berriei toki egiteko.

Berez ez da zaborra

jakintza da,

jada inork erabiltzen ez duen jakintza mota

eta horrela lekua egin dut nirean

gauza berrietarako,

bizitza berri bat eraikitzeko.

Baina otu zait, akaso,

duela urte betetik nire gogoa bete duen hori dela

garbigunera eraman beharrekoa,

eta nahita ere ezin;

zabor psikologikoa

zaborra baino bitxi bat dela pentsatu arren.

Gaur izan da garbiketako eguna

apropos agian 

gauzekin batera

inora ez naramaten sentipenak ezabatzeko esperantzaz,

urtebete nahikoa delako

izango ez den maitasuna

etxean gordetzeko. 

2024/12/11

ABENDUAK 11 (agur Lazkano)

Bizi garen jendarte hetero-patriarkalean ohikoa izan da familia liburuan lehen abizena gizonarena izatea, eta bigarrena emaztearena. Horrekin hazi ginen, horrela hezi gintuzten. Gaur egun, zorionez, gauza batzuk aldatu dira, bikote bakoitzak erabaki dezake zein abizen eman euren umeei, eta bikote hetero batzuetan, askotan ez dakit, emaztearena izan da familiaren lehen abizena. Nire lagun batzuk hala egin zuten bere garaian, halere, ez dut daturik hori zein proportziotan gertatzen den jakiteko.

Nire kasuan, nire gurasoek erabakitzeko aukerarik ez zutela izan jakin arren, nik ez dut inoiz arazorik izan nire lehen abizena aitarena izatearekin. Aitzitik, nire abizenaz harro nagoela esan dezaket, agian nafarra delako eta horrekin bestelako aldarrikapenak egiten ari naizelako nahigabean; baina, nire izena idazterakoan, bi abizenak jartzeko ohitura hartu nuen aspaldi, nire amaren izenari duen garrantzia emateko.

Gaur pilateseko klasean gizon batek Lazkano deitu dit. Ez da lehen aldia hori gertatzen zaidana. Beste batek ere hala deitzen dit ikusten nauenean. Lehen aldian arraro egin zitzaidan, nirekin ez balihoa bezala, izen hartara ez bainengoen ohituta. Oroitzen dut belarria zut jarri nuela, ondo entzuten ari ote nintzen galdezka moduan, baina egun errekonozitua sentitzen naiz amaren abizenarekin. Ez dakit emakumea naizelako egiten ote duten, nire amaren alaba naizelako, emakumea izaki amaren abizena erabili, baina gustuko dut, identifikatua sentitzen naiz, nire aitaren abizenarekin bezain beste, bien alaba bainaiz.

Ez dakit zuei, emakumeak, halakorik gertatu ote zaizuen, agian nire inguruan sentsibilitate handiko gizonak daude, agian kasualitate hutsa da, ez dakit, baina hausnarketa eragin dit. Eta gaur Lazkano moduan agurtu ditut nire gelakideak, eta amarekin akordatu naiz, eta Lazkano ere izateaz harro sentitu naiz. 

2024/12/10

ABENDUAK 10 (besteen sufrimendua gure zaborra)

Izenburu krudela dirudi hor idatzi dudana, baina hori da teknologia berriek ekarri dutena, gure aurrekoek euren sakrifizioarekin faszikuluka plazotan erositako entziklopediak gure etxeko zaborra bilakatzea. Agian zuei ez zaizue gertatuko, baina ni orain bizitzen ari naiz nire gurasoek nekez guretzako erositako liburutzar pila botatzeko trantzean egotea. Eta kosta egiten zait. Ez da Diogenes sindromea dudala, gehiago du zerbait gaizki egiten aritzearen sentipenetik, badakidalako zenbat kostatu zitzaien haiei horiek denak eskuratzea. Eta dena beraiek izan ez zuten ikasketekiko aukera guri ematearren.

Gogorra egiten zait Larousse hura edota euskarazko hainbat hiztegi tekniko botatzea, baita literaturaren historiako obra nabarmenenez desegitea ere. Beno, izan nadin zintzoa, soilik ene bizitza osoan kontsultatu ez ditudan pisuak altxatzeko balio duten totxo horiek kenduko ditut. Txikiagoei, oraingoz, tokia egingo diet, edo tokia egiten saiatuko naiz, eta lortzen ez badut bigarren pasada bat egin beharko dut, edo nire lagun A-ri deitu. Hark berehala eramango du gaur egun sarean edo liburutegietan topa dezakegun edozein obra.

Eta horrela nabil, etxean ordena jartzen saiatzen, horretarako besteen lan guztia alferrikakoa izan zenaren sentsazioarekin. Badakit ez dela horrela, manipulatzaile bat naiz, nire ez botatzeko joera justifikatzeko. Baina zer pentsatuko luke nire amak nik eskatutako liburuak botatzen ari naizela ikustean?

Jarraituko dut garbiketarekin, liburuak ordenatzea eta sailkatzea argazkiak aukeratzea bezain lan nekeza baita.

Arratsalde on guztioi eta entziklopedia beharrean bazaudete jarri nirekin harremanetan.

 

2024/12/09

ABENDUAK 9 (teknologia berriez)

Kasik hiru aste pasa direnean jarri naiz Nepalerako bidaian ateratako argazkiak antolatzen. A ze lana. Kamera analogikoekin ez zen hau gertatzen. Bi hiru karrete zenituen, nahi baduzu hamar ere, baina argazkia ondo pentsatuta ateratzen zenuen, bigarren aukerarik ez zegoelako. Gaur egun, memoria daukazun bitartean, hor hasten zara argazkia bota eta bota, gero on bat aukeratzen izugarrizko lana daukazularik, eta askotan ez diezu argazkiei jaramon gehiago egiten bizitza osoan, instagramen jarri dituzun argazki pareari kenduta.

Eta horretan bihurtu da gure gizartea, gure bizitza, berehalakotasuna bilatzen dugu, unea jaso, publiko egin, zertan ari zaren adierazi, gero zure bakardadean, akaso, egoera horri ez diozunean inolako garrantzirik ematen. Publikora begira bizi gara, ikusgarritasuna bilatzen dugu, inportante sentitu nahi dugu, zerbait egiten dugula adierazi eta ingurukoek jakin dezaten.

Gure bizitza “The Truman show” moduko bat da, ez hain esajeratua, guk neurtzen dugu zer egin eta zer ez, baina inguruneak baldintzatuta bizi gara, eta inguruneari jarraitzen diogula adierazi behar dugu. Horra hor, esaterako, Durangon asteburu honetan izan diren kolak. Pentsaezina.

Beno, orokortzen ari naiz, badakit jende askok ez dituela sare sozialak erabiltzen bere bizitza publiko egiteko, baina agian modu tradizionalean zabaltzen du bere berri. Apenas lagunik ez dugunok, aldiz, sare sozialen bitartez adierazten gara, hori dugu munduari bizirik gaudela adierazteko modua. Aukera bat da, eta norberak erabakitzen du erabili ala ez. Ligatzeko ere sare sozialak erabiltzen dira gaur egun eta batzuei ederki dihoakie, beraz, non da arazoa?

Ba harira bueltatuz. Argazkiak. Zoratzen ari naiz haiek ordenatzen, zeintzuk gorde beharko nituzkeen, zeintzuk bota. Argazki antzekoaren hogei bertsio dituzunean zaila egiten da bat aukeratzea eta hogeiak gordetzen dituzu. Zertarako ordea? Diogenes sindrome digitala, badaezpada gorde. Zabor zibernetikoa, hor ere kaosa, desordena, nola demontre izango naiz gai tinderrerako argazki on bat aukeratzen? Ezinezkoa da, hobe naturalean, parez pare, bat bateko maitemina ala bat ere ez.

Eta karpetak sortu ditut, eta pentsatu dut album bat egin beharko nukeela, paperezkoa, argazki ederrenekin, baina horrek orduak eramango lizkidake, eta horretan pasa nahi al dut denbora, edo uatsapeko estadoetan jarri zein nekeza den argazkiak antolatzea eta haietaz ahaztu?

Beno saiakera txiki bat egiten ahaleginduko naiz, baina etxeko lanak egin ostean. Jarriko al naiz zerbait egiten, etxean beti baita zerbait atontzeko.

Aste on!

2024/12/08

ABENDUAK 8 (irten ala ez irten, horra hor kuestioa)

Eta uste dut déjà vu bat izaten ari naizela, esaldi hori behin baino gehiagotan idatzi dudala, egoera horretan lehen ere izan naizela. Baina hori dut gaurko dilema, gorputza ondo estali, -zertarako daukat armairuan hirurehun euro baino gehiagoko goretex bat, gaur bezalako egunetan ez badut jantziko,- eta kalera irten paseatzera, euririk, haizerik eta hotzik ez balego bezala; edota etxeko epelean geratu Z-k ea deituko zain itxaroten. Bigarren kasuan bizitza joan dakidake, beraz, agian aukera hobea pulmonia bat hartzeko arriskuan jartzea, akaso bidean zerbait interesgarria topa dezaket, etxean, gehienez, armairuen gaineko hautsa besterik ez baitut ikusiko.

Eta egia da, etxerako moduko giroa dago, bai, baina nire sasoia mantentzeko nahi horrek, eta azken boladan daukadan kirolerako edo ibiltzeko ohiturak, besterik ez bada lauean ibiltzera deitzen nau. Busti eta gero hor izango dut dutxa beroa.  Hori baitu gure ongizateko gizarte honek, etxean berogailua eta dutxa beroa izateko aukera, beno ez bazara kalean bizi, edota ez bazara hilabete amaierara heltzen ez den ehuneko altu horren barruko familia batekoa bederen.  

Eta zeruari begira ari naiz, leiho batetik urdina antzematen dut, bestetik gris iluna, ortzadarra paretak estaltzen didan zatian egongo da akaso. Eta bai, irtengo naiz, airea hartzera, haizeak astindu nazan, aurpegian hotza nabaritzera, giharrak esnatzera, bihotzen taupadak azkartzera, odola berotzera, burua ernatzera, kanpotik bustitzera, bizirik nagoela sentitzera, hemen barruan kikilduta gelditzeko beldurrez bainaiz.

2024/12/07

ABENDUAK 7 (Z bat alboan)

Oraindik ofizialki neguan sartu ez garen arren, gaur neguko giro petral horietako batekin esnatu gara, bestalde, atzo aipatzen nuenez, ditxosozko konstituzioko zubian gertatu ohi den moduan. Etxean goxo geratzeko moduko giroa, hobe konpainian beti ere. (Z nahi baduzu hemen nago, pelimanta bat egin dezakegu elkarrekin, edo beste edozer ere). Baina Z-rik ezean barrura begiratzeko egunak izaten dira hauek, tristeziak harrapatzen zaituen horietakoak, malenkoniaz beterikoak, izan zitekeenaren eta ez denaren inguruan hausnartzekoa, autotorturatzekoa, bizitzaren zentzuaz pentsatzekoa, hondoraino jaistekoa, biharamunean ostera ere indarrez azaleratzeko.

Gaur uste dut halako egun bat izango dela, konpainia faltan botako dudana, zoriontsu ez den familia bat osatu ez izanaz damu izango naizena, nire gauza on guztietan pentsatu beharrean txarrak soilik gogoan izango ditudana. Halakoa baita bizitza, nirea bederen, gorabeherez betetakoa, bestela, zein emozio izango luke?

Gaur nire bizitzako Z guztiak izango ditut gogoan, beno guztiak ez, horietako batzuk, eta bizitza mierda bat dela pentsatuko dut; eta zertarako idazten ari naizen otuko zait, nire idatzi hauek ez bazaizkio inori interesatzen. Eta une batzuetan ahaztuko zait nire bizitzan inportanteena ez direla besteak, ni baizik; eta ahaztuko zait nirekin harremanik nahi ez dutenek eurak galtzen dutela; eta ahaztuko dut bizitzan naizena neure ahaleginarekin lortu dudala, inoren bedeinkaziorik gabe.

Baina hala da, gaurko egunez, bereziki, Z bat nahiko nuke alboan, kanpoan dagoen umeltasuna niregana heldu ez dadin, egurats gorritik babesten nauten lau horma hauek zeharka ez ditzan.

Egun on guztioi!

2024/12/06

ABENDUAK 6 (jai egun behartua)

Atzo Biznagan kontzertuan izan nintzen Dabadaban. Z han aurkitzeko itxaropena nuen, eta kontzertu gehienetan topatzen dudan tipo bat ikusteko beldurra. Zorionez bigarrena ez zegoen. Oso deseroso senti arazten nauen tipoa da, nahiz ez didan ezer egin, baina bera hurbiltzean gaizki sentitzen naiz, agian nik nahi ez dudan zerbait nahi duela pentsatzen dudalako? Izan daiteke, ez dakit. Alde batetik, beraz, lasaitu ederra. Zoritxarrez Z ezta ez zen han. Ez dakit zergatik pentsatu nuen han topatzea aukera bat zela, bere gustuko musika izan zitekeela, baina ez gertatu. Hura ikusteko izan ditzakedan aukera horietako bat pikutara.
Ba horrelaxe, inolako interferentziarik gabe kontzertuaz gozatzeko aukera izan nuen. Ez zen oso luzea izan, baina oso ondo egon zen. Gustuko ditut madrildarrak, letra zorrotzak dituzte, gizarte honi kritika, eta beti eskerrik asko bat euren ahotan.

Ba halaxe hasi nuen horrenbeste gorrotatzen dudan konstituzioaren zubi hau. Atzo aipatzen nuen Durango, bertara joateko garaia delako, baina joateari utzi nionetik zubi hau beti gertatu izan zait gogorra. Askotan giro eskasa egin izan du, edo hotz handia. Mendirako plana egiteko nagia, etxean geratzeko aproposa. Baina hiru edo lau egun etxean irten gabe, ez da gustuko platera.  Iaz, esaterako, euria barra-barra ari zuela oroitzen dut, eta eserialdi batean Karmele Jaioren Maitasun Kapitala irakurri nuen. Irakurraldia terapeutikoa izan zenez asteburua arintzen lagundu zidan.

Gaur ere euria ari du, etxean geratzeko moduko giroa, baina aspaldiko partez Durangorako hitzordua egin dut lagun batzuekin. Ez dut ezer erosteko asmorik, Ezpalaken azken diskoa ez bada. Aurreko astean erosi nuen Beñat Sarasolaren Coca-Cola bat zurekin eta gabonetarako eskuratuko ditut jada fitxatuta dauzkadan beste hainbat, Karmele Mitxelenaren azkena esaterako.

Oraintxe etxetik irtetzeak galbana handia eragiten dit, baina, besterik ez bada, hemen gaur ospatzeko ezer ez dugula aldarrikatzeko irten beharko, ez da hala? Eta zeinek daki, agian Z ibiliko da stand artean galduta?

Asteburu on guztioi!

2024/12/05

ABENDUAK 5 (durango)

Gaur irekiko ditu ateak Durangoko Azokak. Euskararentzat eta euskal kulturarentzat ezinbesteko hitzordua omen da, joaten den jende kopuruarengatik, salmentengatik, baina akaso, arrazoi inportanteena, ikusgarritasuna izango da. Sortzaileek, ekoizleek, han dute euren lana zuzenean aurkezteko parada, publikoarekin elkar eragitekoa, horrek, pentsatu nahi dut, garrantzia izango duela euren egitekoan.

Egia esateko urteetan joan izan naiz azokaren aitzakian Durangaldera, batzuetan eguna, besteetan gaua eta besteetan asteburua pasatzera. Joaten nintzenetan beti erosten nuen libururik eta diskorik. Egun haiek baliatzen nituen gabonetarako kultura dosia eskuratzeko, baina helburu nagusia parranda egitea izaten zen beti. Egin ditugu batzuk euskararen aitzakian, parranda egiteko aitzakiarik beharko bagenu bezala.

Urteak dira ez naizela bertaratu, bizitza soziala gutxitzen hastearekin batera utzi nion hara joateari, batzuetan gogoa izan dudan arren, onartu beharra baitaukat ederki pasa izan dudala. Ikusi dut nola batere irakurtzen ez duen jendea bertaratzen den, euskaldun gisa ekitaldi horretan egotea ezinbestekoa bailitza, umeentzako ipuinen bat edota urteroko egutegia erosteko aitzakian, baina hori ere gure kulturaren parte da, ala ez?

Esan dezaket, harrokeriarik gabe, euskal kulturaren kontsumitzaile banaizela, eta, horretarako, ez dut Durango behar. Nik euskal kultura urte guztian zehar kontsumitzen dut. Liburutegia erabili arren, interesatzen zaizkidan autoreen obrak erosi egiten ditut, etxean jada haiek gordetzeko toki gutxi izan arren, militantziagatik soilik. Berdin musikarekin, euskal musikarekin, interesatzen zaidanarekin noski, erosi egiten dut, ahal dela CDtan, autoan topera entzuten joateko; eta ahal dudan zuzeneko guztietara joaten naiz, horrek eragiten baitu benetan euren jarraipenean, ez urtean behin ospatzen den azoka batek.

Euskaldunok euskal kultura beharrezko dugu, gure hizkuntzan sortutako lanak behar ditugu gureak aurrera egingo badu. Horretarako ez dakit Durango behar dugun. Durango, ziurrenik, erakusleiho ezin aproposagoa izango da sortzaile horiek publikoaren aurrean agertzeko, baina gure kulturak, benetan behar duena urte guztian zehar kontsumitzea da, egunerokoan gure bizitzaren parte izatea. Kalitatezko produktuak behar ditu, idatzizkoak zein ikus-entzunezkoak; irrati eta telebista egokiak eta duinak; euskaraz sortutako filmak, euskaraz sortutako idatzizkoak, prentsa zein literatura; eta horiek guztiak mantentzeko ikus-entzuleak behar ditugu, irakurleak behar ditugu, publikoa behar dugu, publikorik ez badago beste guztia sobrean egongo baita.

Beraz, lagun, Durangora joan bai, baina kontsumitu euskal kultura urte guztian, hori baita gure herriari egingo diogun mesederik handiena.

2024/12/04

ABENDUAK 4 (bihotza zer moduz?)

 

Bihotza zer moduz

galdetu dio lagunak

Mutu geratu da

ez daki zer erantzun

hutsik duela, edo txoriz beteta akaso.

 

Taupadak normalak direla dio

zauriek ez diotela horretan eragiten

baina preso duela oraindik

azken hatsa eskaini zion haren preso

amets batetan harrapatuta bezala.

 

Bihotzik ez duela esan nahiko lioke

bihotzik gabe dena errazago izango zelakoan

Baina zer sentituko luke hura gabe

zerk eragingo zion bere pasioa

zerk bere desioak, bere nahiak?

 

Bihotza lo dago esan du azkenik

esnatuko duen eztandaren zain.

2024/12/03

ABENDUAK 3 (euskaraz bizi behar dut)

Beti sentitu izan dut elebiduna naizela. Gaztelania eta euskara, biak ere, nire bizitzaren parte izan dira jaio nintzenetik. Askotan ez naiz kontziente zein hizkuntzatan ari naizen edo zein hizkuntzatan pentsatzen dudan, biak ere hizkuntza naturalak baitira niretzat. Badakit euskaraz ari naizenean gaztelaniazko esamoldeak erabiltzen ditudala sarri, hori inkonzientzia horren parte da baita ere.

Dena dela, bada denbora gauza bitxi bat gertatu zitzaidala. Garai hartan Ameskoa bailarara joaten nintzen maiz, nire bikotea han bizi zelako. Ameskoa bailaran dago Urederrako iturburua. Toki zoragarria da, natura bere osotasunean, deskonektatzeko toki aproposa. Ba han, zoritxarrez, euskaldun gutxi dago. Bailara eremu ez euskaldunean kokatuta dago, eta bertakoek ez zuten euskaraz hitzik egiten, Gipuzkoatik edo beste nonbaitetik joandakoak ez baziren bederen. Ba han nengoen guztietan zerbait falta nuela somatzen nuen, eta, halako batean, falta nuen hori hizkuntza zela konturatu nintzen, euskara falta nuela alegia.

Azken bidaian, geunden bost euskaldunok geneuzkan aukera guztiak baliatzen genituen gure hizkuntzan komunikatzeko, eta beste batzuk ere euskal hitz batzuk erabiltzea lortu genuen.

Gaur abenduak hiru ditu, euskararen nazioarteko eguna dugu, eta hemendik aldarrikatu nahi dut gure hizkuntzaren beharra. Nik, sarritan gaztelaniaz hitz egin arren, euskara behar dut. Komunikatzeko behar dut, pentsatzeko eta sentitzeko; kantatzeko behar dut, irakurtzeko eta idazteko; izateko behar dut, euskararik gabe ez bainaiz, nire niaren parte baita, eta hori ez dit inork kenduko, asko saiatu arren.

Espero zuei ere antzeko gauza gertatzea, soilik euskaldunok lortuko baitugu gure hizkuntza hurrengo belaunaldien niaren parte izatea.

Sentitu, pentsatu eta ekin euskaraz! Egun on!

2024/12/02

ABENDUAK 2 (hematokritoak)

Astelehena berriz ere. Egia esanda, une honetan niretzat egun guztiak igualak dira, edo kasik. Ez da gauza handirik aldatzen egun batean zein bestean egiten dudanaren artean. Igandeak somatzen ditut desberdin, dena itxita baitago eta kalean mugimendu handiagoa somatzen delako, besterik ez.

Eta Nepaletik etorri naizenetik bi kontu dauzkat buruan, bereziki, beste batzuk beti hor baitaude. Bat, argaldu ditudan bi kiloak ez errekuperatzea, horretarako bizimodu osasuntsu bati eutsi behar diot; banabil.

Bi, altueran ibili izanaren onurak, globulu gorrien gain-ekoizpena alegia. Hori frogatzea eta ahalik eta gehien probestea da buruan daukadan zera. Eta horregatik joan nintzen lehengoan Adarrara, eta frogatu nuen bide zuzenetik igo nuela, beti bezala motel, baina arnas esturik gabe. Dida gora, dida behera, gora puztuta heldu nintzela esango nuke. Atzo, aldiz, Herniora egin nuen buelta, Alkizatik, azken boladan oso gustuko dudan bide erdi zirkular bat eginez. Abuztuan egin nuen azken aldiz itzuli hori, eta atzokoan berrogeita bost minutu gutxiago erabili nituen. Berrogeita bost. Niri izugarri iruditu zitzaidan. Nekatu nintzen? Ba bai, etxera heldu eta bazkal ostean sofan etzan nintzen lasai atseden hartzera, baina erraz eta arin ibili nintzela aitor dezaket, eta orain, sasoi hau mantendu egin nahi nuke, ahalik eta gehien. Zer eta nola egin behar dut forma ez galtzeko?

Agian Z-ri eskatu beharko nioke laguntza, entrenamendu egoki bat diseina diezadan, nire erresistentzia mantentzeko. Baina hori ez da izango, hirugarren gauza bat ere baitut buruan: nahi ez nauten tokietan ez naizela tematuko. Gai horri ere buelta ugari eman diot azken boladan, eta konturatu naiz pertsona batzuekin harremana mantentzen saiatu naizela, baina bueltan ez dudala espero nuen erantzunik jaso, eta nekatu naiz. Nitaz zerbait nahi badute etor daitezela eurak. Jada bakarrik egoten ikasia naiz, ez dut konpromisoagatik inor behar, bueltatzen ez diren deiak egiteaz eta mezuak idazteaz nazkatu naiz. Horrek isolamendura eraman nazake momentu batzuetan, agian, baina nahiago bakarrik zoriontsu egon, konpainian bakardadea sentitu baino.

Beraz, Z-ren laguntzarik gabe, nire entrenamendu propioak egiten jarraituko dut, eta hematokritoak topera mantentzen saiatuko naiz.

Aste on guztioi! 

2024/12/01

ABENDUAK 1 (errekapitulazioa: bizipenak)

Jada abenduak bat ditu, beste hilabete bat joan zait esku artetik, nire hilabetea, nire urtebetetzearena, nire azken urteetako urtebetetze bereziarena ziurrenik, bizi izan dudan esperientziagatik. Eta gaurkoarekin Nepalerako bidaiaren balorazioarekin amaituko dut, oraingoan sentsazio, sentipen, emozio eta bizi izandako esperientzian zentratuko naizelarik.

Ez da lehen aldia taldean bidaiatu dudana, ezezagun talde batean esan nahi dut. Ez da lehen aldia trekking bat egitera joan naizena taldean. Ez da lehen aldia garapen bidean dagoen herrialde pobre batera joan naizela; alde horietatik badut nolabaiteko esperientzia. Baina lehen aldia izan da azaroan bidaiatu dudana; lehen aldia izan da urtebetetzea oporretan ospatu dudana; lehen aldia izan da nire egoera fisikoak kezkatu nauena, beldur izan naizena, gorputzak nola erantzungo ote zidan beldur, horrek ekar lezakeen guztiarekin, eta esan dezaket pozik eta harro sentitzen naizela.

Nepaleko herrietatik gindoazela, nik ezagutu ez dudan hogeigarren mendeko Euskal Herria imajina nezakeen: landa-eremuak, etxe xumeak, teknologiarik gabeko lur-lanketak, lau oilo, bost ahuntz, astoren bat, behiren bat. Pobrezia ikusi dugu, bai, baina oro har, jendeak bizitzeko lain zuelako sentsazioarekin geratu naiz. Alde horretatik ez da esperientzia gogorra izan, nahiz eta kasu gogorren bat ikusi dugun, bereziki Kathmandun, non milioi bat pertsona bizi diren gutxi gora behera.

Egia da nepaldarren bizimodua ezin dugula gurearekin alderatu. Haientzat gu aberatsak gara, bai materialki eta, bereziki, baita erosotasun aldetik ere, horretan beste liga batean jokatzen baitugu. Baina poztasuna somatu dut hango jendearengan, eta horrek sentsazio ona utzi dit. Igaro ditugun herrixka guztietako jatetxe eta lodgetan gu mendebaldeko giri aberatsak izango ginen, ziurrenik, eta hala da, beraz, gauzengatik kobratzen ziguten guztia ondo kobratua zegoela pentsatzen dut, baldin eta horrekin herrialdearen eta familien ekonomian positiboki eragiten badu.

Aurrekoan esan bezala, euren aberastasun handiena naturan datza, eta hori baliatzea bizitzeko guztiz normala da. Egia esan mendi altu horiek han ikustea, begia zabaldu bezain pronto, horrek ez du preziorik, eta esperientzia hori bizitzea izugarria izan da. Hor izan dugu Ama Dablam askotan parez pare, baita Lhotse, Pumori eta Everest ere, neurri txikiagoan, eta akordatzen ez naizen izen arraroko beste hainbat sei milako eta zazpi milako batzuk.

Nire urtebetetze egunean ikusi genuen lehen aldiz munduko sabaia. Egun eguzkitsua zen, pozik nengoen, kurba bat hartu eta han agertu zen, mendikatea, zuria, guri begira. Oihuka hasi nintzen, eta negarrez. Negarrez han egotea nire lorpen bat izan delako, aspaldi ikasia bainaiz bizitza honetan gauzak ez direla zerutik jausten, norberaren ahaleginarekin soilik lortzen direla. Denbora asko igaro baitut heldu ez den ez dakit zeren zain, eta jada nahikoa dela erabaki bainuen ez dela oso aspaldi. Orain nahi eta ahal dudana egiten dut, inoren baimenik gabe, inoren oniritzirik eskatu gabe, inori azalpenik eman gabe, eta, tarteka gogorra den arren, askatasun sentsazioa izugarria da, deskriba ezina.

Ba horrela hasi nuen urtebetetzea, nire udazkena, mendi handi horiez inguraturik, eta hortik aurrera denak izan ziren tontor zuriak eta zeru urdinak. Eguraldia lagun, pausoak motelak, baina sendoak ziren. Altuera irabazi ahala motelago joatea komeni zen, gorputzak hala eskatuta, trekking osoan bizirik iraungo bazenuen. Heldu ziren buruko minak eta sabeleko ondoezak, paracetamolarekin ala atseden tarte batez gainditzeko modukoak; heldu ziren sufritzeko uneak, gorputzak ezin duela esaten dizun tarte horiek, baina badakizu ezin zarela bertan geratu eta aurrera egin behar duzula. Oroitzen dut Chola Passera (5.370 m) heldu nintzenean, negarrez hasi nintzela, igoera madarikatu hura gainditu izanaren poza, ezintasun, emozio, edo dena delakoagatik. Han atera nuen denbora guztian motxilan neraman zapi palestinoa, eta argazkia atera genuen hiru emakume euskaldunek. Gero kranpoi txikiak jantzi eta elurretan behera jaitsi ginen. Egun hartan, sufritu ondoren, inoiz ez bezala gozatu nuen elur tartean ibiltzen. Halere, igoera hark geratzen zen trekking osorako markatu ninduen, eta Kala Pattharera ez igotzea erabaki nuen, besterik gabe gehiegi sufritzeko gogorik ez nuelako. Ez nintzen saiatu ere egin, egun hartan beste batzuk baino sasoi hobean izanagatik ere.

Mendian bakarrik ibiltzera oso ohituta nagoenez, une batzuetan konpainiak ez didala ondo egiten ikasi dut, ez behintzat zurekin doazenak ur azpian ere isiltzen ez diren horietakoak badira bederen. Tarteka asko akitu naiz, taldekideak etengabeko komentario, garraixi, tontakeriekin aritzen zirelako. Bidea egokia denean berriketan egitea normala iruditzen zait, baina maldan gora gindoazenean edota malda behera malkartsuetan ezin nuen jasan. Konturatu naiz mendia niretzat terapia dela, meditatzeko modu bat akaso, eta kontzentratua behar dut joan, nire arnasketan, nire pentsamenduetan, nire gogoan. Eta nire taldea ez zen egokia horretarako. Horregatik saiatzen nintzen edo aurrean edo atzean joaten, berritsuengandik ahalik eta urrutien. Alde horretatik une txar batzuk igaro ditut, baina gero pasatzen zitzaidan. Agian pentsatuko zuten borde samarra nintzela, eta agian banaiz, baina bakoitza garen modukoak gara, ez dago besterik. Halere, jende guztiarekin moldatu naiz ondo. Esaten nien zaratak agobiatu egiten ninduela, ulertu nahi zuenarentzat nahiko.

Eta horrela, ttirriki-ttarraka heldu zen gure helmugaren eguna: Everest Base Camp. Ez zen punturik altuena, baina bai, adierazten duenagatik edo, bidaiaren izena eta helburua. Berriz ere bueltatuko banintz, agian Kala Patharrera igoko nintzateke eta Base Campera ez. Baina hori orain diot, han egon eta gero. Harritza bat besterik ez da, gehiago du sinbolikotik, politetik gutxi baitauka, ez bada han ikusten den glaziar izugarria, azpian dena baita izotza, harriek estaldura egokia osatu arren.

Derrigorrezko argazkien ostean, palestinako zapiarekin berriz ere, jaitsiera hasi zen. Hiru egun jaisten. Hamabost egunetan gora eta behera egindako guztia hiru egunetan kitatuta. Luklan hegaldi ahaztezina geneukan zain, ikusi behar da hango aireportuko aireratzeko pista; eta, amaitzeko, bi egun Kathmandun lasai egon eta opariak ala oroitzapenak erosteko.

Hiru aste horietan nire errealitatetik erabat deskonektatuta egon naiz. Aitortu beharra daukat hainbat pertsona izan ditudala gogoan, beraz deskonexioa ez da erabatekoa izan, baina oso ondo sentitu naiz. Barre egin dut, negar egin dut, dantza egin dut eta kantatu egin dut. Lasai egon naiz, eta inportanteena agian, ni izan naiz, nire on eta txar guztiarekin. Kilira joateko nire planetan zalantzak sortu zaizkit, bost mila metrotan ibiltzea oso gogorra dela ikusi dudalako, eta ez dakit sufrimendu hori jasateko prest ote nagoen oraintxe bertan.

Espero, aurrerantzean ere, horrelako esperientziak bizitzeko aukera izatea, eta zuri irakurle, aukera badaukazu, bidaiatu ahal duzun guztia, irten etxetik, ezagutu beste munduak. Hala  gurean dauzkagun tontakeria guztiak errotik joango zaizkigu.