2024/08/10

ABUZTUAK 10 (pertseidak)

Pertsonen presentzia gure bizitzetan izarren antzekoa da. Batzuk beti hor daude, gure bizitzaren inguruan posizioak aldatuz, baina bertan. Beste batzuk pertseiden antzekoak dira, une konkretu batean agertzen dira, pasa eta betirako desagertu. 

Y lehenengo multzokoa da, betirako zure bizitzan geratzen den horietakoa, nahiz eta urteetan ez ikusi.
Aspaldi bukatu zela gure arteko harremana, eta aspaldi ez garela elkarrekin egon. Bere garaian min handia egin zidan, baina denboraren perspektibak mesede bat egin zidala erakutsi dit. Utzi izan ez banindu, nik nahi ez dudan bizitza batean harrapatuta egongo nintzen, zoriontsu izan gabe, nahi nuena hura zela sinistuz.

Eta hori da askotan gertatzen zaiguna gizakioi. Maitemintzen gara, baina ondoren paperezko gazteluak eraikitzen ditugu, harrizkoak direla pentsatuz. Gure eremu horretatik irtetea beldurra ematen digu, geure burua berrasmatu beharko dugulako, eta ez dakigulako ondoren lortuko duguna hobea izango den. Eta hor geratzen gara, konfort eremu horretan guztiz deseroso.

Eta horrela dabil mundua, atsekabez beteta, norberaren frustrazioak besteengan islatuz eta ordainduz.

Gaur Y-ren urtebetetzea da, eta zorionduko dut, noski, nire bizitzaren zatitxo bat delako; modu batera maite dudalako; behar izanez gero berarekin konta dezakedala dakidalako; finean, lagun bat delako. Eta berari zuzenean esan ez diodan arren, eskerrak eman nahi dizkiot hemendik duela sei urte egin zidan mesedeagatik.

Eta gauean pertseidak ikustera joango naiz, ederrak direlako, eta, bat ikustean, nire bizitzan betirako geratuko den norbait ezagutzea desiratuko dut.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina