Bai, nik ere
lortu dut Fermin ikusteko sarrera. Bilboko lehen kontzerturako eserita. Hori ez
nahiko eta Anoetarako pistan, jakin gabe joaterik izango dudan. Eta urriko
azken kontzerturako sarrera eskuratzeko asmoa ere badaukat.
Horrelako aurrerapenak ere kritikatu ditut aurreko egunen batean, baina ni ere sistemaren parte naiz, gustuko izan ala ez. Hala ere, kasu honetan, nire bizitzako musika-bandaren parte da. Negu Gorriak izan da nire gazte denborako talde kuttunena, oraindik ere haien kantuak entzun eta saltoka hasten naiz, garai baten isla, ideologia baten puskak, nire bizitza osatzen duen puzzlearen pieza bat.
Beraz, ulertzen dut adin bateko jendeak han egon nahi izanaren behar eta nahi hori. Baina lehengoan aipatzen nuen borregismoa ekarri nahi nuen gaur hona.
Badakit koloreak
gustuetarako daudela, baina izugarrizko pena ematen du kalitatezko bandak
ikustea ia publikorik gabe. Zertan egiten ari gara huts? Gauza desberdinak
antolatzen dituztenek emaitzarik gabe azkenean bere jarduna etengo dute, eta
kulturaz gose gaudenok umezurtz geratuko gara. Eta gure alternatiba bakarra
kolak egitea izango da, fisikoki zein birtualki, azkenean denok nahi
dugun hori on stream ikusteko.
Doa hemendik sala txikien eta kontzertu txikien aldeko nire aldarrikapena. Gaztetxeak eta bertako ekoizpena duten jaialdiak behar ditugu, eta mantentzeko gure parte hartzea ezinbestekoa da.
Beraz, agendak begiratu eta ANIMA ZAITEZ!!!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina