denbora etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
denbora etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2025/08/25

ABUZTUAK 25 (carpe diem)

Ai eguneroko, eguneroko, guztiz abandonatuta zaitut; ez paperean ez ordenagailuan badira egun batzuk ez dizudala kasurik egin, baina fase horretan nago, aldaketaren garaian, metamorfosi bete betean, aurrekoa ahazteko eta berrian zentratzeko tenorean, eta zenbat kostatzen ari zaidan aizu.
Eta hemen nabil nire gotorlekuan ezkutaturik, inorekin, ezerekin harremanik izan gabe, neure baitara bilduta, ahaztu beharrekoak ahaztu nahian berriari toki egiteko.
Urteroko kontua da kasik, baina aurtengoa gogorragoa, bost udako opor akumulaturik baititut gainean. Eta ahalegin izugarria egiten ari naiz borratu beharrekoa nire gogotik erauzteko, baina gauza batzuk ezinezkoak dira, ezinezkoak zaizkit; pertsona batzuk gogotik erauztea ezinezkoa zait barru barruraino iltzatuta baitauzkat.

Kantuak dioen moduan denborak sendatzen du dena. Fede gutxiko hau hori sinisten saiatuko da. Bitartean, carpe diem.

2025/06/22

EKAINAK 22 (Z)

Ez dut lorik egin. Atzo itxaropenetik  hondamendira bat batean igaro nintzen, nerbioak nire sabelaz jabetu zirelarik eta hemen darrait, ohean etzanda, arrazionalki onartuta daukadan, baina emozionalki suntsitu nauen dolua ahalik eta azkarren igaro nahian.

Diotenez denborak dena sendatzen omen du, baina ni nazkatua nago denbora alferrik pasatzen ikusteaz, gogoa gauza politagoetan jarri ordez.
Gaurko eguna hala joango da, onartua daukat. Ez dut negar malkorik isuri, finean, gertatu behar zen zerbait dela badakidalako, baina gogorra da aurrez aurre ikustea.

Inporta zaizkidan pertsonei onena opa diet, eta zu ez zara gutxiago, baina utz iezadazu min hau sentitzen, tarte batez zu gorrotatzen, hori izango baita nire barrua hustutzeko modu bakarra.

Zu askatzeko unea heldu da, ea nola moldatzen naizen zu gabe, hobeto espero dut, hala ere uste dut zure zati bat beti geratuko dela nire bihotzean. Maite  zaitut Z.

2025/06/09

EKAINAK 9 (alferkeria)

Kasik urtebeteko betebehar hau pisutsu suertatzen ari zait eta atzo, lehenengo aldiz urte guztian, idatzi gabe pasa nuen.
Eguna entretenitua igaro nuen. Goizean bizikleta ta hondartza, arratsaldean tenisa. Kasik sei ordu pantailaren aurrean. Jokalariak ez dakit, baina nik akituta amaitu nuen bost seteko partida harekin.

Eta, ondoren, galbana sartu zitzaidan paperaren aurrean jartzeko, eta ohean neutzala, gaur atzoko datarekin idatziko nituen hitzen inguruan hausnartzen aritu nintzen.

Diotenez, hori ere idazteko prozesuaren barne sartzen da, beraz, atzo ere idatzi nuela esan dezaket, atzoko hitzak gaur transkribatu ditudan arren.

Bai, eta bi egun daramatzat barrura begira dela, alferkerian dela, apur bat utzita bezala, amaiera heltzen ari deneko sentsazioarekin, oporrak amaitzen zaizkizunean bezala, erdi triste, erdi depre; halako sentipenak dauzkat, kexatzeko moduan egongo banintz bezala.
Eta kontziente naiz pribilegiatu bat naizela, edonork ezin dezakeela urtebete nik pasa dudan moduan igaro, baina horrek ez dit kentzen nire baitan sortzen zaidan ezinegon hau.

Eta urte osoa igaro dut ere zugan pentsatzen, nire gogoan existitzen zaren Zetan, batzuetan erreal, besteetan nire iruditerian sortu dudan izaki platonikoa. Urtea eta bizitza, zergatik ez esan, batzuetan ederragoa eta besteetan tristeagoa egin didazu, eta askotan nire burutik erauzten saiatu natzaizun arren, ezinezkoa egin zait guztiz ahaztea. Agian horretan datza eskorpioi garenon pasioa, edo setakeria hobe esan.

Ta alferkeria aipatu dut, azken egun hauetan, aspaldiko partez, alferrago sentitzen naizelako, edo tristeago, edo dena lotuta doa. Baina ez dut utzikeriatan jausi nahi, eta buruari gogor egingo diot, orain arteko jarrera erakusten jarraitzeko.
Astelehena da, kirolarekin hasi dut eguna, eta espero bide horretatik jarraitzea.

Animo astearekin!

2025/05/15

MAIATZAK 15 (denbora aurrera doa)

Eta denbora aurrera doa eta ni berarekin, nire egunak ere aurrera doazelarik.

Emakume izateari uzten ari natzaionetik, perimenopausiaz ari naiz bai, emozionalki gorabehera handiak bizitzen ari naiz, tristezia eta malenkonia nire baitan instalaturik geratu izan balira bezala. Eta kuriosoa da gero, lehen, hileko bezperan, malaletxia jabetzen zen nitaz; orain berriz, tristeziak hartu dio lekua. Agian ikasturte honetan erlaxatuago nagoenez, ez dauzkat lanari dagozkion estresa eta unadura, aldarte horrek motibo gutxiago ditu nigan agertzeko, malenkoniarena beste kontu bat da ordea. Horrekin bizitzen ikasi behar da, eta horretan ere ari naiz. Ikasi behar dugu triste egoten ere, ez da ezer pasatzen, ez da autotorturarako arrazoi bat, ez luke behar bederen. Ikasi behar dugu gorputzari eta gogoari uzten, sentitzen ari dena naturaltasunez onartzen, soilik horrela lortuko baitugu biharamunean beste aldarte bat izaten.

Joño, Paulo Coelhoren liburu bat irentsi berri dudala esango luke baten batek. Ez, ez da hori. Baina atzo, besteak beste suizidioaren gaia jorratzen duen film bat ikusi nuen, eta bezperan bere buruaz beste egin zuen poeta estatubatuar baten poemen literatur solasaldi batean egon nintzen. Agian horregatik jarri naiz terapeutaren paperean.

Baina baina, berriz ere haria galdu dut. Denbora aurrera doala nion, laster nire urte berezi honetako azken aurreko bidaiari ekingo diot eta prestaketa lanetan ari naiz.
Montalbanoren kapituluak arretaz ikusten ari naiz, bertan ageri diren tokiekin geratzeko eta haiek bisitatzen saiatzeko, nahiz eta seriean ageri diren lekuen izenak fikziozkoak izan. Halere, Andrea Camilleriren unibertsoa deskubritzeko irrikitan nago; ea topo egiten dugun Catarella batekin eta ea Salvok hain gustuko dituen Arancini, Scacciata eta bestelako jatekoak dastatzeko eta gozatzeko aukera daukagun.

Amaitzeko, gogoratu gaur euskaraldia hasi dela. Neu despistatua ibili naiz eta ez dut txapa jaso, beste urte batzuetakoa erabili beharko dut. Ea aldia luzatu eta gure hizkuntzaren erabileraren egoera hobera egiten duen denbora aurrera doan heinean.

Ostegun on! 

2025/03/23

Martxoak 23 (denbora)

Denbora magnitude fisiko bat da, astroen mugimenduen iraupenen arabera neurtzen dena.  Hala, eguna Lurrak bere ardatzaren inguruan bira bat egiten irauten duen tartea da; urtea, ordea, Eguzkiaren inguruan bira bat egiteko behar duena. Ilargiak Lurraren inguruan bira bat egiteko behar duen tartea hilabetea litzateke, gutxi gorabehera.
Fisika erlatibistan denbora laugarren dimentsioa kontsideratzen da, espazioaren hiru dimentsioekin batera.
Denbora Nazioarteko Unitate-Sisteman segundotan neurtzen da, baina, egunerokoan, unitate desberdinak darabiltzagu neurriaren arabera. Hala, lanaldiak ordutan neurtzen ditugu; izakien adina urteetan; oporraldiak egunetan; orgasmoen iraupena segundoetan.

Denbora da gure bizitzako gauzarik preziatuena, mugatua delako, inork ez dakielako zein izango den bere iraupena, atzera bueltarik ez duelako. Beraz, norekin eta zertan erabiltzen edo galtzen dugun garrantzizkoa da.

Gaizki gaudenean denbora dilatatu egiten dela dirudi, motel igarotzen baita, egunak amaitezinak bilakatuz. Gustura gaudenean, aldiz, azkarregi doa, uzkurtuko balitz bezala.

Diotenez, denborak sendatzen ditu minak eta zauriak, eta denborak bakoitza bere tokian ipintzen omen du. Denborak, konturatu orduko, eskuetatik ihes egiten digu, eta gauza bakoitzak bere denbora edo garaia omen du.

Gazteari nahi duen hori egiteko munduko denbora guztia duela esaten diogu, gezurra izan arren; adinean aurrera egin ahala, ordea, bizitza bizitzeko denbora agortzen ari zaigula sentitzen dugu.

Egia da inoiz ez dela berandu nahi dugun hori egiteko, baina ezin gara izarrei begira gera, gure denbora mugatua baita, finitua, erlojua noiz geldituko zaigun ez jakin arren; denbora atzeraka ez doan zera hori baita, berreskuraezina, eta atzo egin gabekoa egin ahalko dugu, baina bihar izango da jada.

Beraz ez geratu orratzei begira, haiek beti abiadura berean baitoaz aurrera, gu konturatu ala ez. Probestu dezagun gure denbora, mundu honetan izango dugun doako gauza bakarrenetakoa, eta erabil dezagun benetan merezi duten kontu horietan, edo ez, hori norberaren esku.


2025/01/27

URTARRILAK 27 (astebete besterik ez)

Data hurbiltzen ari da, eta pixkanaka hasi naiz lotzeko geratzen zaizkidan hainbat kontu bideratzen. Izugarri urduri nago. Batzuentzat tontakeria bat izango da; niretzat orain arteko bizitzako abenturarik handiena, eta horretan pentsatzea ekidin dut, jada beste erremediorik izan ez dudan arte.

Hasi naiz nire apunteak, gidak, koadernoak ateratzen. Programa moduko bat egin dut, moldagarria noski, nondik norakoak jakiteko, jarraitu beharreko bidea erdi kontrolatuta izateko. Eraman beharreko gauzen zerrenda egiten hasi naiz, arropak, lo egitekoak, botikina, nezeserra, koadernoak, kamerak, kargagailuak, liburuak, janaria?
Motxila batekin noa, beraz ezin naiteke gehiegi kargatu, halere ez nuke han ezer erosten ibili nahi, nahikoa gastatuko baitut bestela ere.

Eta bitartean astea pasa behar, egunerokoari normal aurre eginez. Posible izango al zait? Ez dakit ba, saiatuko naiz halere.

Eta nire telefonoak dio euria espero dela nire auzoan hemendik gutxira, baina nik eguzkia eta zeru urdina besterik ez dut ikusten ene leihotik. Mendira joango al naiz erlaxatzera, ala hemen geratu oraintxe bertan urdailean nabaritzen ari naizen korapiloarekin borrokan?

Ai nolakoak garen arazo handirik gabe bizi garen pertsonak. Mundu guztiaren kezka larrienak nireen parekoak balira, mundu hobe baten bizi gareneko seinale zatekeen. Baina bizitzen jarraitu behar dugu, tarteka ez ikusiarena egin, edo ahaztu, zoriontasun deitzen dugun horren printzak tarteka sentitu ahal izateko.

Aste on denei!

2025/01/25

URTARRILAK 25 (azken egunetako planak)

Aurki denboraldi baterako ostera ere kanpora noanez, egun hauetan ondoren egingo ez ditudan gauzak egiteko behar moduko bat sentitzen dut.

Bata izan da etxea antolatzea, ordenatzea eta garbitzearena (nire burua antolatzea, ordenatzea, garbitzearekin batera, baina azken hau ez dakit guztiz lortu dudan). Azken aste hau horretan igaro dut ia denbora guztia. Etxearekin oso pozik geratu naiz, nire burua, ordea, beste gauza bat da: gauza berrietarako tokia egin nahi eta ezin. Zer egingo diogu, lanak gutxienez erdizka eginda.

Bestea da estreinatu dituzten eta interesatzen zaizkidan filmak ikustea. Uste dut aste guztia zineman igaroko dudala, gainera euria omen dator, beraz plan hoberik?

Atzo hasi nintzen Itoitz Udako Sesioak dokumentalarekin. Nire lagun batek esan didan moduan dokumentala baino dokumentu bat, hau da, taldea nola sortu zen jasotzeko modu bat. Ondo, besterik gabe, irudi batzuk oso onak iruditu zitzaizkidan arren.

Film euskaldun horretaz gain, honakoak dauzkat apuntatuta ikusteko:

Las vidas de Sing Sing, geroago noa; The Brutalist hiru ordu baino gehiagokoa, deskantsuarekin ematen dutena, astelehenean joango naiz ikustera; Babygirl, honekin zalantza daukat; La semilla de la higuera sagrada iraniarra, Alemaniatik Oscarretarako izendatua dagoena; Como hacerse millonario antes de que muera la abuela, tituluagatik  erakarri nauen film tailandiarra; La fiebre de los ricos, Desmontando un elefante eta Miocardio espainolak; El profesor de esgrima frantsesa.

Horien artean aukeratu beharko dut, ez baititut egunak guztiak ikusteko. Iraniarra eta tailandiarra ziur ikusiko ditudala, besteen artean agian aukeraketa bat egingo dut, egunek ematen badidate.
Beraz, uste dut gaurtik hasita aste guztiko arratsaldeak beteta izango ditudala.

Eta zuek datozen ordu eta egunetarako ze plan? Aspertuta bazaudete etxea garbitzea gomendatzen dizuet, niretzat terapeutikoa izan da. Hala nabil egun hauetan poz-pozik, bakarrik ligatzea falta zait.

Arratsalde on!


2025/01/24

URTARRILAK 24 (antzekoak)

Eta esandako moduan atzo mendira joan nintzen arratsalde partean, Santa Barbarara joatea mendira joatea kontsidera badaiteke. Bueltan nentorrela H-kin gurutzatu nintzen. H betidanik herritik ezagutzen dudan tipo bat da, nahiz eta oso gutxitan hitz egin dudan berarekin. Beti iruditu zait oso tipo interesgarria, baina beti bikotearekin ezagutu izan dudanez ez naiz inoiz gehiago beragan fijatu edo tematu, edo esan nahi duzun bezala. Gauza asko dauzkagu komunean, askotan topatu izan baikara bai zineman, bai kontzertuetan; antzeko zaletasunak ditugula esan dezaket ezbairik gabe. Eta atzokoan mendian ikusi genuen elkar, beste zaletasun bat gehiago.

Eta, beheraka nindoala, ohartu nintzen Z H-ren estilokoa dela, fisikoki esan nahi dut. Are gehiago, Y ere antzekoa dela, hirurak traza berdinekoak, kasualitatea? Haien ezaugarri horiek ez ditut hemen esplizitatuko, baina hirurek ere, beste ezaugarri bat dute: kasu egiterakoan beti irribarre bat ahoan dutela, liluratu egiten zaituena, niri bederen.

Eta horretan pentsatzen nindoala, JDL izeneko ikastolako tipo batekin gurutzatu nintzen. Ezin dezaket esan bullyinga egiten ziotenik, genionik, termino hori nahiko modernoa baita, baina ez zen urruti ibiliko, orain deskriba ezin ditudan hainbat ezaugarri baitzituen. Hamalau urte genituenetik ez nuen ikusi, ez baitzen gurekin institutura etorri. Ez dakit zer ikasi zuen, zerbait ikasi bazuen. Garai batean droga kontuetan ibilia zela entzun nuen, konpainia txarretan. Ez dakit zenbat egongo den egia hortik, baina atzo ikusi nuen tipoak ikastolako hura oroitarazi zidan. Baserritar itxurarekin, (ez diezadala inork termino hori gaizkitzat hartu, hiritar eta baserritarren artean nik alde handiak ikusten baititut jarreran), mozolo eta gixajo samarra, askotan kanpoko zera horrek engainatu egin diezagukeen arren. Kasu egin genion elkarri, mendian kasu egiten den  moduan. Ez dakit berak ezagutu ote ninduen, baina ez genuen ahaleginik egin ez berak ez nik hitz batzuk gurutzatzeko.

Eta aurrera jarraiturik hurrengo pentsatu nuena izan zen ea denok antzera zahartzen garen, edo batzuetatik besteetara alde handia dagoen, neuk nire burua beti besteena baino gazteago ikusten baitut. Nahi eta ezin bat izango da? Errealitateari bizkar eman nahi bat? Ez dakit, baina berriz ere H, Z eta Y etorri zitzaizkidan gogora, pentsamendu horiek irribarre bat ahoan sortarazi zidatelarik.

Asteburu on!

2025/01/05

URTARRILAK 5 (ospitalean)

Gaur eguna ospitalean pasatzea egokitu zait. Ez, ni ez naiz ingresaturik dagoena, senitarteko batekin egon naiz.

Tristeak dira ospitaleak. Bero handia egiten du, konpainia egitera joaten zara, baina konpainia arraroa da, gaixoaren arabera ez baituzu ia hitz egiten; irakurri nahi duzu, baina gaixoari begira pasatzen duzu denbora, zerbait behar ote duen. Lasaitzen zarenerako aldamenekoak eztula egiten du, edota erizaina sartzen da medikazioa ekartzera, edo tentsioa neurtzera etortzen dira laguntzaileak, edota merienda ekartzen diete gaixoei. Eta horrela liburua poltsatik atera ere ez duzu egiten.

Horrelakoetan orduak oso luzeak egiten zaizkizu, baina, era berean, eguna joaten zaizu, besterik egin gabe azkar, zein aspertuta egon zaren konturatu gabe, norbait zaintzen ari zarenean asperdurarako tartea bigarren plano batera pasatzen delako, garrantzia duena bestea ahalik eta ondoen egotea delako.

Ba horrela joan zait igandea, garai batean bezala parranda gustura egingo nukeela, baina norekin egin ez daukadala pentsatu gabe. Ospitaletik irtetean pena eman dit gaixoa han ohean uztea, bakarrik. Nire burua imajinatu dut urte batzuen buruan bere tokian, eta pentsatu dut zorionekoa izango naizela norbait joaten bazait ospitalera nire loarina zaintzera.

 

2024/12/06

ABENDUAK 6 (jai egun behartua)

Atzo Biznagan kontzertuan izan nintzen Dabadaban. Z han aurkitzeko itxaropena nuen, eta kontzertu gehienetan topatzen dudan tipo bat ikusteko beldurra. Zorionez bigarrena ez zegoen. Oso deseroso senti arazten nauen tipoa da, nahiz ez didan ezer egin, baina bera hurbiltzean gaizki sentitzen naiz, agian nik nahi ez dudan zerbait nahi duela pentsatzen dudalako? Izan daiteke, ez dakit. Alde batetik, beraz, lasaitu ederra. Zoritxarrez Z ezta ez zen han. Ez dakit zergatik pentsatu nuen han topatzea aukera bat zela, bere gustuko musika izan zitekeela, baina ez gertatu. Hura ikusteko izan ditzakedan aukera horietako bat pikutara.
Ba horrelaxe, inolako interferentziarik gabe kontzertuaz gozatzeko aukera izan nuen. Ez zen oso luzea izan, baina oso ondo egon zen. Gustuko ditut madrildarrak, letra zorrotzak dituzte, gizarte honi kritika, eta beti eskerrik asko bat euren ahotan.

Ba halaxe hasi nuen horrenbeste gorrotatzen dudan konstituzioaren zubi hau. Atzo aipatzen nuen Durango, bertara joateko garaia delako, baina joateari utzi nionetik zubi hau beti gertatu izan zait gogorra. Askotan giro eskasa egin izan du, edo hotz handia. Mendirako plana egiteko nagia, etxean geratzeko aproposa. Baina hiru edo lau egun etxean irten gabe, ez da gustuko platera.  Iaz, esaterako, euria barra-barra ari zuela oroitzen dut, eta eserialdi batean Karmele Jaioren Maitasun Kapitala irakurri nuen. Irakurraldia terapeutikoa izan zenez asteburua arintzen lagundu zidan.

Gaur ere euria ari du, etxean geratzeko moduko giroa, baina aspaldiko partez Durangorako hitzordua egin dut lagun batzuekin. Ez dut ezer erosteko asmorik, Ezpalaken azken diskoa ez bada. Aurreko astean erosi nuen Beñat Sarasolaren Coca-Cola bat zurekin eta gabonetarako eskuratuko ditut jada fitxatuta dauzkadan beste hainbat, Karmele Mitxelenaren azkena esaterako.

Oraintxe etxetik irtetzeak galbana handia eragiten dit, baina, besterik ez bada, hemen gaur ospatzeko ezer ez dugula aldarrikatzeko irten beharko, ez da hala? Eta zeinek daki, agian Z ibiliko da stand artean galduta?

Asteburu on guztioi!

2024/10/30

URRIAK 30 (grisak)

Eta maleta batean ni definitzen nauten objektuak sartu beharko banitu zer aukeratuko nukeen pentsatzen jarri naiz.
Ez da erraza, adinarekin aldatzen goazelako, ginen hori izateari utzi eta beste ni batean bilakatzen baikara, denboraren eta esperientziaren poderioz. Hala ere, beti geratzen da esentzia bat.
Nik uste dut, azken bi urteetan bereziki, eboluzioa bainoago inboluzio bat bizi izan dudala, nire gaztetako esentziara buelta moduko bat. Uste dut urte horietan agertzen garela benetan garen modukoak, behin nerabezaroko lasta gainetik kenduta. Ondoren, bizitzaren konbentzionalismoek  bultzatuta edo, benetan ez garen zerbaitetan bihurtzen garela, edo geure ni hori ezkutatu egiten dugula, besteek eta gizarteak oro har, gugandik espero dutena egiteko, gure benetako esentzia albo batera utziz.

Denboraren perspektibarekin konturatu naiz, tarteka oso zoriontsua izan naizen arren, askotan besteei atsegin emateko gauzak egin izan ditudala, gogoz kontra, ez dakit zeren izenean. Baina kateak eta loturak apurtzen joan ahala, askeagoa izan ahala, nire nia berragertzen hasi da, beste antzeztutako ni horien artean gailentzen. Horrek, noski, prezio garestia dakar, askotan bakarrik geratzen zarela, baina orain, benetan, nahi dudan hori egiten ikasten hasi naiz. Eta argi daukat hori dela jarraitu behar dudan bidea.
Horrekin guztiarekin ez dut esan nahi bizitzan, soilik, gure golkoari begiratu behar diogunik, partekatzea ere gauza ederra baita, eta, tarteka, amore ematen jakin behar da. Baina hortik beste batzuen bizitza itsu itsuan jarraitzera alde itzela dago.

Berriz ere oreka, bizitzako kontu guztietan bezala, ez asko ez gutxi, ez txuri ez beltz. Bizitza grisez beteta baitago, eta norberak bere tonalitatea aurkitzen saiatu behar du. Ni behintzat horretan ari naiz.


2024/10/26

URRIAK 26 (ordu bat gehiago ez mesedez)

Zer da denbora zu gabe?

aspergarria da, eternala da

agonikoa bihurtzen da

zu ez bazaude

 

Eten egiten da

zure falta areagotuz

hutsunea azpimarratuz

zurekiko maitasunak

erraietaraino mintzen du

denbora aurrera joan ahala

zu ez bazaude

 

Eta hemen naiz

denbora ihes egiteko desiratzen

baina ez,

ordubete gehiago oparitu didate

gauean

eta zertarako zu ez bazaude? 

2024/10/13

URRIAK 13 (dilemak)

  

Irten ala ez irten

horra dilema

 

Eta gauza da eguzkiak lurra berotzen duela

bere izpiak zuzen heltzen zaizkizula

egun argitsuak naturara deitzen dizula, kalera

eta zu, zalantzati

ea egun orduak probestu

gau orduak ez gero alferrik galtzeko

ala loa berreskuratu

gorputzak atsedena eskatzen baitizu

 

Eta tartean gogoak ez dizu bakerik ematen

bilatzeko, falta duzun horren bila joateko

Baina, zer da faltan duzun hori?

Hori bai dilema

2024/10/02

URRIAK 2 (denborak ihes egiten digu)

Ba erlojuari begiratu eta paper zuriaren aurrean eseri behar dudala  ikusi dut, deskuiduan egunak agur esan aurretik. Batzuetan hala izaten baita, konturatu orduko denborak esku artean ihes egin dizu, eta ez dituzu egin beharrekoak hasi ere egin.

Eta gauza da oso goiz jaiki naizela, ikasturteko pilateseko lehen klasera joateko, eta hortik aurrera plazer txikiak bata bestearen atzetik kateatuz joan naizela, orain arte. Hamabi ordu igaro dira jaiki naizenetik, eta eleberri bat irakurtzeaz bukatu berri, idazteko txanda zela otu zait, baldin eta nire buruari jarritako lana beteko badut.

Ta hemen naiz, beste egun batez, leihotik begira, kanpoan ari dun euritea ea nire etorria elikatzeko baliagarri izan daitekeen deliberatzen. Zeren, nola elikatzen da baten diskurtsoa, egunero kontatzeko zerbait izateko moduan?

Ez da gauza erraza, errepikakorra suertatu nahi ez bada behintzat. Eta askotan ez dugu historia bat kontatu beharrik. Batzuetan, nahikoa da soinu bat bilatzea, erritmo bat, sonoritatea duen testu bat osatzea, zerbait ederra, poetek egiten duten tankeran.

Eta ez dakit antzematen den, baina bukatu berri dudan eleberriaren gai nagusia musika da, eta horren eraginez edo, erritmo bat, kadentzia bat, bilatzen saiatzen ari naiz. Nire asmoa hanpurutsua begitanduko zaizu agian, baina anbiziorik gabe ezin lortu ezer bizitza honetan. Eta kontuz, zeren ez baitira gauza bera anbizioa eta harropuzkeria.  

Nik umiltasun osoz aitortzen dut idazterakoan anbiziotsua naizela, zerbait esateko beharrak mugitzen nau; edo zerbait ederra sortzeko beharrak, nahiz eta gutxi adierazi. Finean, irakurleari zerbait eragitea bilatzen dut, zerbait transmititzea, irakasle bezala ikasleengan bilatzen dudan berbera. Eta beti esaten dudan moduan, batengan lortuz gero, nire helburua beteta egongo da. Hori ez da anbizio handia izatea, baina tira.

Baina, zertaz ari nintzen? Jada galdu dut haria. Ah bai, denbora, konturatu orduko eskuetatik ihes egiten dizun gauza, magnitude, izate, dimentsio edo kontzeptu baliotsu hori. Eta kuriosoa da nola batzuetan orduak oso luze egiten zaizkigun, eta besteetan ohartu gabe nola joan zaigun eguna, zertan aritu garen oso ondo jakin gabe. Baina bai, denbora gauza baliotsua da, doanik dugun bakarrenetakoa, ta zein inportantea da zertan inbertitzen ditugun gure bizitzako segundoak, jakinik mugatuak direla, eta egunetik egunera gutxitzen doazela.

Beraz, hori da nire gaurko mezua, denbora zertan erabiltzen dugun ondo erabakitzea, konturatu orduko eskuetatik ihes egiten baitigu. 

2024/09/19

IRAILAK 19 (eginbeharrak vs betebeharrak)

Elhuyar hiztegian sinonimotzat agertzen diren arren, nik bi kontzeptuak bereiztu nahi nituzke.
Gaur eginbehar ugarirekin baina betebeharrik gabe jaiki naiz. Egin dudan lehen gauza labadora ipintzea izan da. Gero gosaltzeko zerbait erostera jaitsi naiz, gosaldu, bazkaria prestatu eta enkargutara joan naiz. Bi urtetan lehen aldia izan da perira joan naizena, bakailaoa  erostera. Eguna eguzkitsua da, eta oso  arraro sentitzen naiz eguerdian erosketak egiten edota liburutegira joaten, soilik jubilatuak eta ama gazteak euren haurrekin ikusi ditut kalean.

Ondoren, marea behean dela probestuz, hondartzara joan naiz bainutxo bat hartu eta eguzki epeletan etzatera. Kirol apur bat ere egin nahi nuen, baina berandutu egin zait eta dena ezin da, aukeratzen ere jakin behar da. Gainera, hamabost egun etxetik kanpo egon ostean, hura atontzea ere tokatzen da. Beraz, mendiko planak biharko utziko ditudala deliberatu eta idazketa kontuetan jarri naiz bazkal ostean, sofing apur bat egin eta gero.

Atzo Stockholmon nengoen arren, jada hura guztia urruti ikusten dut. Bizitza halakoa da. Berehala jartzen gara gauden egoeran, tartean sentimenduei eragiten dien auzirik ez bada behintzat.

Egia esan, egun hauetan asko akordatu naiz nire bihotzeko kuttunarekin, modu oso atseginean gainera. Orain, etxean naizela, aurreko egunetako amets horiek ilunago ikusten ditut, etxean errealitatetik gertuago bainago nolabait. Ispilua aurrean dut, ez milaka kilometrotara.

Bitxia da nola funtzionatzen duen gure buruak, nola gauza batzuk urrutira atsegin zaizkigun eta bertan mingarri. Dena perspektiba kontua da, baita esna ditugun ametsetan ere.

Eta bihar zinemaldia hasiko den honetan, aurten, inoiz baino libreago egonik, ez dut, oraingoz, inolako saiakerarik egin sarrerak erosteko. Ez dakit erosiko ditudan ere, gero eta gehiago gorroto baititut ekitaldi derrigorrezko hauek. Agian nota batzuk hartu behar ditut, ondoren zineman zein film ikusi ondo aukeratzeko. Baina hori ere egunetik egunera erabakitzen joango naiz, inolako betebeharrik ez baitut.

Eta besterik ez gaurkoz, hamasei egunetako zirriborroak transkribatzen hasi behar baitut. Ez da betebehar bat, neure buruari jarri diodan egiteko bat baizik.


2024/08/09

ABUZTUAK 9 (ez egin ezer)

Ta hemen nago hamabi ordu beranduago  berriz ere ordenagailu aurrean. Zeinek aginduko zidan saltsa honetan sartzea, jakinik hemen idazten ditudanak ez zaizkiola inori interesatzen, edo kasik inori.

Gaur gure denboraren erabileraz hitz egin nahiko nuke.

Abuztuak bederatzi ditu, ostirala da, oporretan gaude eta udako egun zoragarri horietako batekin esnatu gara. Jaiki, zerura begiratu eta buruari eragiten hasi naiz.

Lehen ideia: horrelako egunak probestu behar dira, zukua atera, ez alferrik galdu. Lehen oztopoa: atzo jada mendi buelta luze bat eman nuen eta gaur ez daukat horretarako gogorik.
Orduan, bizikleta hartu behar dudala pentsatu dut, baina, egia esanda, gurpilak puzteko dauzkat eta hobe beste batean.
Aitzakia merkeak dirudite eta hala dira. Egia bakarra da gaur ez daukadala ezertarako gogorik. Beno bai, hondartzara joatekoa, liburu batekin, eta eguzkitan etzanda egotekoa buelta eta buelta aspertu arte.

Eta orduan galdetu diot nire buruari hori denbora galtzea ote den. Erantzuna argi daukat: ez.

Aktiboa izatea, kirola egitea, mugitzea, oso ondo dago, baina gure buruari eta gorputzari atsedena ematea ere. Gure senari entzuten ikasi behar dugu. Gaur ez dut gogorik, gaur egonean egon nahi dut, beste behar batzuk asetzen eta lantzen, burua elikatzen, amesten, deskantsatzen. Ba senak hori badio hori egin, alhadurarik gabe, ez da ezer pasatzen. Hori egiteagatik ez gara gure bizitza alferrik galtzen ari.
Eta kontua da, ez dakit zuei, baina niri askotan gertatzen zaidala, dinamikoa den zerbait egiten ez dudanean, denbora galtzen ari naizela iruditzen zaidala, eta nire burua torturatzen hasten naizela mentalki, egin nitzakeen eta egin ez ditudan planak etengabe gogora ekarriz.

Ba gaur ezer ez egitearen balioa aldarrikatu nahi dut hemendik. Beno liburu bat irakurtzea bada zerbait egitea, baina ulertzen didazue zertaz ari naizen ezta?

Entzun gorputzari, gelditu etzanda, sentitu eguzkia, amestu, bidaiatu liburu baten bidez; zure mundua ireki, beste errealitate batzuk literaturaren bitartez ezagutuz, eta lasai egon. Bihar egongo da gorputza astintzeko beste aukera bat, edo ez, baina hori ezin da inoiz jakin.

 Ostiral on!