Oporrak ez dira opor zure buruari plazer gustagarri bat ematen ez badiozu. Niretzat termak plazer bat dira, eta oporretan ez nagoenean ere erabiltzeko ohitura izan arren, atzo abuztuari agur esateko termetara joatea erabaki nuen.
Abuztua izanik eta ostirala jende asko espero nuen, baina nire sorpresarako nahiko lasai zegoen. Halere, ume dezente zegoela iruditu zitzaidan, eta hori da gaur hona ekarri nahi nuen gaia, gurasotasunarena alegia.
Animalia arrazionalak garen neurrian, guraso izatea gauza deliberatu bat beharko luke, seme-alabak ez baitira aspertzen zarenean albo batean utz ditzakezun trasteak, heldutasunera ailegatu bitartean zure ardurapean dauden izakiak baizik.
Guraso izatea ardura handiko ekintza da, ziurrenik oso zaila, baina behin erabakia hartuta zentzuz betetzekoa. Eta nik arduragabekeria handia dakusat hortik zehar, gero eta handiagoa.
Umeei beraien
neurriko planak eskaini eta eman behar zaizkie, eta ez gure planetara egokitu.
Eta hemen sartzen da termen gaia, zeren esango didazue zer egiten duen sei
urteko ume batek terma batzuetan: ba gutxi. Hasteko, saunetan ezin dute sartu,
arauek hala diote, eta erlaxatzeko tenperatura altuko pistina horiek ere ez
dakit komeni zaizkien.
Ba han zeuden ez
bat ez bi ume saunaren barruan. Kasu batean emakume batek atentzioa eman zion
ama bati, eta hark umea ohituta zegoela erantzun. Eta horrela zenbat.
Jendea termetara
lasai egotera joaten da, erlaxatzera. Kartel ugaritan isiltasuna eskatzen da,
baina nola esango diozu ume bati bi orduz isilik egoteko? Umeak aquaparka behar
du ez termak. Umeek umeen eremuetan egon behar dute ez helduenetan.
Umeei jendartean
aritzeko arauak irakatsi behar zaizkie, eta neurriak eta mugak jarri,
txikitatik. Umeek albokoa errespetatzen ikasi behar dute, ikusi behar dute
euren askatasuna besteena mugatzen ez den bitartean irauten duela. Eta horren
ardura gurasoek dute, ez eskolak, ez irakasleek.
Iruditzen zait
umeen heziketaren gaia eskuetatik gero eta gehiago joaten ari zaigula, umeei
nahi dutena egiten uzten diegula, eta konturatu garenerako berandu dela mugak
jartzeko. Umeek txikitatik EZ entzuten ikasi behar dute. Nahi duten guztia ez dela
posible ulertu behar dute, eta hori etxetik ikasia ekarri behar dute.
Eskoletan gero eta maizago ikusten ari gara nerabeen frustrazio-maila nulua dela, ez dute ezezkoa jasotzeko gaitasunik, ez dute pazientziarik, dena berehala behar dute, eurak nahi dutenean. Besteok beraien esanetara gaudela pentsatzen dute maiz, eta hori arazo bat da gizarterako.
Zorionez badira gurasoak gauzak aldatzeko ahaleginetan dabiltzana, baina nahikoa al da? Horrenbeste teknologiarekin, horrenbeste estimuluekin, zer mezu ari gara bidaltzen gure gazteei?
Amaitzeko, titulitisen aroan bizi garen honetan nik titulu berri bat proposatzen dut: guraso izatearena. Froga batzuk beharrezkoak beharko lukete pertsona batzuk guraso izateko prest dauden ala ez erabakitzeko. Ez al duzu uste?
Larunbata on!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina