Oporretan disfrutatzeko
ez da gauza handirik behar. Nik, urtero, hondartza ondoan lo egiteko plana
egiten dut, etxetik zazpi kilometrora. Huskeria bat irudituko zaizue,
ergelkeria bat, baina niretzat izugarrizko plana da: planazoa.
Atzo gauean kontzertu batera joateko aitzakiarekin halaxe egin nuen. Furgoneta Ondarretan aparkatu eta bertan lo egin. Goizeko bederatziak aldera jaiki, bainadorea jantzi eta zuzenean bainu bat hartzera joan naiz. Igeri apur bat egin, dutxa hotza, jantzi eta handik taberna batera gosaltzera, aberatsak bezala.
Geroago furgoneta tokiz aldatu behar izan dut, isuna jasoko ez banuen, edota dirutza bat TAOan utzi, eta, berriz ere, hondartzara liburu batekin goiza pasatzera. Gaurkoan etxera itzuli naiz bazkaltzera, baina plana luza dezakezu txiringitoan zerbait janez, edo auzoko tabernaren batean pintxo batzuk, edo menua.
Zuei ez dakit, baina niretzat jaiki eta hogeitahamar metrotara itsasoa edukitzea izugarria iruditzen zait. Aberatsa banintz nire diru guztia horretan inbertituko nuke, apartamentu bat Ondarretan erosten. Baina loterian jokatzen ez dudanez zail samarra daukat. Beraz, tarteka, furgonan joango naiz nire ametsa betetzera.
Eta zuk, aberatsa bazina, zer egingo zenuke?
Ondoloin eta segi amesten!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina