Zuei ez dakit,
baina niri Afrikatik Europara datozen migratzaileen gaia izugarria iruditzen
zait. Gaur entzun dut Hierro ugartera iaz heldu zen migratzaileen kopurua
bertako biztanleen kopurua baino handiagoa dela. Eta aurtengo datuen arabera
kopurua handitzen joango da.
Egia da munduko herrialde
guztiak ez direla berdinak aberastasunari dagokionean, eta batzuetan bizimodua
aurrera ateratzea zailagoa dela beste batzuetan baino. Hala ere, bizitza jokoan
horrela jartzea soilik desesperaziotik egindako ekintza bat izan daiteke, eta
horren errua geuk daukagu. Ez zuk eta ez nik zehazki, baizik eta gu bizi garen
sistemak.
Duela gutxi Mauritanian egoteko aukera izan nuen. Mauritaniako lurraldearen ehuneko laurogei inguru basamortua da, beraz, lau milioi pasako biztanleria eremu txiki batean kontzentraturik bizi da, besteak beste Nuakchot hiriburuan. Arrantza dute euren baliabide natural inportanteenetako bat, baina hara sorpresa, arrantzaren parte handi bat atzerriko enpresek kudeatzen dute. Aberastasun hori esku atzerritarrera doa, eta jaki horiek ere bai.
Eta diot nik, nola ez dute ba alde egingo euren herrialdetik, daukaten apurra kentzen badiegu? Badakit irakurketa hori oso sinplista dela, eta bertako gobernuek ere badutela zer esana, baina Europaren jardunak ez du gehiegi laguntzen.
Hori gutxi ez
eta gure herrialdeetara heltzen ez diegu uzten. Edo heltzen direnen kasuan jarrera
xenofoboekin eta arrazistekin egiten dute topo. Baina errealitate bakarra zera da,
Europako biztanleria zahartzen den neurrian eskulanaren beharra gero eta
handiagoa dela, gazteak behar dira, langileak behar dira, eta bertan jaiotakoak
ez badira, beste herrialdeetatik etorritakoak beharko dute, ezta?
Eta orduan, nola
da posible geure jendartearen arazoak migratzaileei leporatzea? Nola da posible
gutaz aprobetxatzera datozela esatea? Nola uler daiteke ultraeskuinak gora
egitea Europa osoan, baldintza eskasetan bizi diren paperik gabeko pertsonak
aitzakia bezala erabiliz? Mezuari buelta eman behar diogu, eta hori guztion
ardura da.
Eskerrak boluntarioen lanari, migratzaile horiei harrera ahalik eta goxoena egiten saiatzen direlako. Halere, gure erakundeei politika berriak egitea eskatu behar diegu, kuotarik gabe, pertsonez ari garelako, eta mundua guztiona delako, batzuek muga batzuk ondo ezartzeaz arduratzen diren arren.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina