2024/08/24

ABUZTUAK 24 (heriotzaz)

Herri honetan askotan entzun dut hildako guztiak berdinak direla, baina ez da egia. Pertsona bati bizitza kentzea bortxaz gaizki dago, ados, baina norberaren sentipenak desberdinak dira hilotza zeinena denen arabera. Kontrakoa dioenak gezurra dio.

Egun hauetan efemeride desberdinak bete dira. Gaurkoan bi ekarri nahi ditut gogora.

Lehena: Atzoko egunarekin 1927an, Sacco eta Vanzetti italiar etorkin eta langile anarkistak exekutatu zituzten AEBetan. Nik hauen berri izan nuen musikari esker. Christie Moore irlandarrak badu kantu bat haien omenez, baina bada film italiar bat ere Ennio Morricone handiaren soinu banda duena, eta Joan Baezek ere egin zuen kantu bat haiek oroituz.

Bigarrena: Gaurko egunarekin duela hogeita hamar urte Uruguain poliziak Roberto Facal eta Fernando Morroni hil zituen hiru euskal iheslariren estradizioaren aurkako manifestazioan. Filtroko ospitalean zeuden iheslari euskaldunak, gose greba egiten ari zirelako estradizioaren aurka protestan. Oroitzen naiz elkartasun uholde hura barruraino heldu zitzaidala, eta herrialde hartara joateko determinazioa hartu nuela. Urte batzuk geroago joan nintzen brigada batean, eta Morroniren ama ezagutzeko aukera izan nuen.

Agian langileen alaba naizelako; agian Espainiako gerran galtzaile izan ziren familia horietako batekoa naizelako; agian estaturik ez duen nazio batekoa naizelako; agian bizitzan zehar ikasitakoak eta ikusitakoak alde honetan kokatzera eraman nautelako; agian emakumea naizelako edo agian arrazoi horiek guztiak kontutan izanik, nire gogoa beti botereak zapaldutakoen alde egongo da. Nik argi eta garbi adierazten dut, inolako beldurrik gabe, hemen eta behar den toki guztietan.
Horrek ez du esan nahi besteen heriotzez pozten naizenik, inondik inora, baina niregan sortzen den sentipena ez da inoiz berdina izango.

Egun hauetan, Bayesian izeneko munduko belaontzi seguruena, hogeita hamar milioi euro balio zituenak,  enbata batean hondoratu eta zazpi hildako utzi ditu, tartean Mike Lynch izeneko handiki britaniar bat eta haren alaba. Berria telebistaren bitartez jaso dut, egunero ari baitira istripuaren inguruko zehaztasun desberdinak ematen, tartean, ikerketa zabalduko dela zer gertatu den argitzeko. Ba ikerketa horrek ez dakit zenbat mila euro, milioiak ez badira, kostatuko ditu. Ez dakit zeinen kontura joango den, baina niri zantarra iruditzen zait oso. Zergatik galdetuko duzue, ba ez dago asko pentsatu beharrik.
Zenbat hildako utzi ditu azken urtean Mediterraneoan, Afrikako herrialdeetatik datozen pertsonen migrazioak? Ba al dakizue? Nik ez, hildako horiek guztiak guretzat anonimoak baitira, ez ditugu inoiz haien izenak ezagutuko, baina horrek ez die garrantzia kentzen. Niretzat grabeagoak dira haien heriotzak, britaniar handiki horrena baino, barkatuko didazue, hala sentitzen dut. Batzuen larruan jar naiteke, besteenean ez, eta heriotza guztiak bidegabeak izan arren, ez al ditugu batzuenak guk probokatu, munduan ezarrita daukagun sistema kapitalista desorekatu honekin?

Amaitzeko Joseba Sarrionaindiaren poema bat ekarri nahi nuke gogora:

 

Heriotza

 

Nik badakit abereak zelan hiltzen diren,

batzuk silioka hasten dira

bizitza hatsetik galtzean

eta begiak zabaltzen zaizkie

elezaharretako tristura guzia baino

tristeagoa den begiradarekin.

Badakit zelan nagusitzen den heriotza

lekukoa izan naizelako

eta ez da gero zeremonia ederra.

Nik bertatik bertara ikusia dut

lagun bat hiltzen,

begiak zabal zabalik, mundua

begiratzen jarraitu nahi bailuen,

eta irribarrelako keinuarekin geratzen

baina ez zen irribarre keinua.

Lekuan egotea ere ez zen batere samurra izan,

hilaren izena paper batean

izkiriatzeko eskatu ziguten

eta une haietan ez genuen inon aurkitu

tintadun boligraforik.

Eta hondamendi guzien exenploa bailitzen

beilatu genuen gorpua ordu erdiz.

Heriotza ez da ederra eta ez da

                sekula izango.

 

Gora San Bartolomiak!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina