2024/08/18

ABUZTUAK 18 (hausnartzen)

Gaur goibel argitu du, euri-langarra ari du, etxean lasai geratzeko egun perfektua. Eta ni hemen, buruari eragiten, egunero moduan, kaiera honetan zerbait moldatzeko ahaleginetan.

Ez da ariketa erraza. Badakit amateur ziztrin bat besterik ez naizela. Egunero irakurtzen ditut aurreko egunetako sarrera batzuk, eta akats pilo bat topatzen ditut, edota aldaketak bururatzen zaizkit, baina helburua ez denez liburu bat argitaratzea, bere horretan uzten ditut nire idazkiak, bestela, ez bainuke inoiz amaituko. Hala ere, denbora tarte luze bat eskaintzen diet txatal hauei, eta, ez dizuet gezurrik esango, batzuetan idatzitakoaz harro sentitzen naiz, besteetan lurrazpian sartzeko moduko sentipena dudan modu berean. Hor ere autoestimuarekin bueltaka: lotsak, beldurrak eta galdera ugari.

Zeinek irakurriko ditu nire sarrera hauek?
Batzuk ezagutzen ditut noski, baina anonimoak, benetan anonimoak al dira, edota nik pentsatzen dudana baino gertuago daude nigandik?
Zein irudi proiektatzen ari naiz?
Kontatzen dudan guztia benetakoa dela pentsatuko dute, eta nire irudi zehatz bat ateratzen ari dira hemendik, ala dena asmakizun bat besterik ez dela sentituko dute?
Zein punturaino ari naiz nire burua agerian uzten, munduaren aurrean biluzten, ala dena engainu bat besterik ez da?
Zenbat dago egiatik eta zenbat imajinaziotik?

Autofikzioa nahiko modan dago azken boladan idazleen artean, eta beti da polemikoa. Batzuen aburuz idazleak hartzen duen autua bere bizitza kontatzerakoan gehiegizkoa da. Idazlea ezagutzen duten irakurleen kasuan lotsa sentitzen dute. Zertaz edo nortaz idazten ari diren badakite, eta voyeur moduan sentitzen dute euren irakurketa, laguna zelatatzen ariko balira bezala, bere intimitatea urratzen. Egoera horretan oso deseroso sentitzen dira.

Nik beste modu batera ikusten dut. Nire ustez bizipen pertsonal zehatz batek unibertsalak diren ideiak, sentipenak eta bizipenak azalarazteko balio du, eta nik irakurketak horrela egiten ditut. Idazten den guztia ez da erreala, fikziotik asko dauka eta irakurleak bere interpretazioarekin gehiago transformatzen du, gehiago fikzionatu, bere eremura ekarri.

Eta zuk irakurle, zer pentsatzen duzu honetaz guztiaz? Ni biluzik ikusten nauzu, ala hausnarketarako tarteren bat eskaintzen ari natzaizu?
Erantzuna bigarrengoa balitz, nire helburua betetzen ariko nintzateke,  eta hori bada autoestimua hobetzeko manera.

Igande on!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina