boterea etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
boterea etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2025/06/28

EKAINAK 28 (LGTBIQ+…)

Aitortu beharra daukat azken egun hauetan asko kostatzen ari zaidala idaztea, zer idatzi erabakitzea, paperaren aurrean jartzea.
Azken astea fisikoki tortura bat izan denez (etxetik kanpo bazkaldu eta afaldu, alkohola eten gabe, berdura gutxi, ura gutxiago, kirolaz zer esan…) nire burmuinean eragina izan duela iruditzen zait, ideiak lehortuz, eduki dezakedan imajinazio apurra desagerraraziz. Sormena zero eta obsesioak betiko moduan (jajaja), konbinazio txarra ganorazko zerbaiti heltzeko.
Baina gertatu dira gauzak herrian hona ekartzeko modukoak, arrazakeriarekin loturiko oldartzeak, sorgin ehiza bat, ustez balio egokietan hezitako gazteen aldetik. Hirurogei baten kontra eta halakoak, lotsagarria, baina bereziki beldurgarria.
Beldurgarria da zein mezuren eta ideien gainean eraikitzen ari den gure gizartea, zein balio hartzen ari diren indarra, zein ideologiak zabaltzen ari diren gure artean. Aurreko astelehenean bazen giro arraroa herrian ni oso ondo enteratu ez nintzen arren, baina egunak aurrera joan ahala haien berri izan dugu eta, egia esateko, herriaren erantzuna bikaina izan dela esan beharra daukat, bai txosna batzordearen aldetik, baita beste erakunde eta eragileengandik ere.

Uatsap taldeak omen daude amen-omenak zabaltzen dituztenak, kedadak jatorri konkretua duten pertsonen aurka aritzeko eta nik ez dakit zein astakeria gehiago. Zer da hau? Zertan bihurtzen ari gara bake garaiko euskaldunak?

Baliatu nahi dut gaurko eguna, ekainak 28a, LGTBIQ+ eguna, askatasuna, berdintasuna eta justizia aldarrikatzeko. Herri izateko errespetua behar dugu, gure aldamenekoarekiko, edozein dela bere kolorea, bere jatorria, bere sexua, bere generoa, bere orientazio sexuala, bere erlijioa… Desberdinekin aritu behar dugu jendarte justu bat eraikitzeko, epairik gabe, aurreiritzirik gabe. Pertsonak dira euren akats edo delituen erantzule, ez kolektibo osoak. Hori ez badugu ulertzen jai daukagu, eta denon parte hartzea eta erantzuna ezinbestekoa da razzia horiekin amaitzeko.

Txalo bat Hernaniko herriarentzat ekintza horien kontra lehen egunetik agertu delako. Gora pertsona askeak, gora herri libreak eta gora elkarbizitza.

 

2025/05/16

MAIATZAK 16 (Gaza)

Atzo bete zen Nakbaren 77. Urteurrena. Nakba hitzak arabieraz hondamendia esan nahi du eta 1948an gertatu zen palestinar exodoa izendatzeko erabiltzen den terminoa da.
1948ko Arabiar-israeldar gerran zehar 700.000 palestinar baino gehiagok bere etxetik egotziak izan edo ihes egin zuten. Orduez geroztik, urtero, maiatzaren 15ean palestinarrek, Israelgo Estatuaren sorreraren egun berean, "Nakba eguna" ospatzen dute exodo hau gogorarazteko.

Atzo Gazan bonbardeoek jarraitzen zuten, 74 hildako kontabilizatu ziren eta han geratzen den populazioa gosez hiltzeko tinka larrian dago, Israelek laguntza guztiak blokeatuta baititu, erasoan jarraitzeaz gain.

Ez dakit nora hel daitekeen gizakia egoera honetara iritsi eta ezer egin gabe geratzeko, esan nahi da estatu boteretsuek, beste kasuren batean, basakeria honekin aspaldi amaituko zutekeela. Baina parean duten estatuak botere handiegia ei du mundu mailan egin duten banaketa horretan. Ez dakit, ni bederen indargabe sentitzen naiz krudelkeria horren aurrean, hori ez baita gerra bat, hori herri oso baten suntsiketa besterik ez baita, genozidio bat.

Eta ezin dut nire txoko honetatik ezer egin, baina duela urte pare bat idatzitako poema bat ekarri nahi nuke gogora, gutxienez, haiekin akordatzen naizela aldarrikatzeko.

 

Gaza

Zure aurpegia irudikatu dut

ilunpetan nengoela

irribarre bat atera didazu

nire aldarte goibelean

 

Imajinatu ditut zure eskuak, hotzak

nire bularren gainean

dar-dar batek zeharkatu dit

gorputz osoa goitik behera

 

Zure mingain hezeak bilatu du

nirea gau ilunean

eztiki dantzan hasi dira

elkar topatu direnean

 

Eztanda bat gertatu da

gure gorputzek bat egitean

esnatu ta ez zen amets goxo bat

lehergailuak ziren gure buruen gainean 

2025/04/22

APIRILAK 22 (conclave)


Atzo, kasualitatez edo probidentziaren eraginez, Arantzazuko kriptan dagoen San agustinen esaldi bat ekarri nuen nire eguneroko honetara. Gero jakin nuen Francisco aita santua hil egin zela.

Azken garaian ikusi ditudan pelikula baten gomendioarekin natorkizue gaurkoan, Conclave. Orain hori tokatzen baitzaio eliza katolikoari, euren buru berri bat aukeratzea. Baina zein da benetan eliza horren buru, ze interes politiko eta ekonomikok mugitzen dituzte hariak?

Ikus ezazue filma, benetan interesgarria baita. Oraindik zinema aretoetan topa dezakezue, Donostiakoetan bederen.

Ondo ekin asteari!




2025/04/17

APIRILAK 17 (garai likidoak)

Hitz egin al dizuet Argiaren Beranduegi podcastaz inoiz? Agian jada aipatu dut, hamabostean behin izaten da. Nik atzerapenarekin entzuten dut beti, telegramen duten kanaletik sartzen naiz. Santa Barbarako buelta baliatzen dut lau zoro horiei entzuteko, barrez lehertzen naiz sarri, irreberenteak dira askotan, euskaraz lotsagabe esan beharko nuke, baina beste zentzu bat ematen diola iruditzen zait.
Honetaz eta hartaz aritzen dira, askotan batetik bestera saltoka, baina gaiak harilkatuz, dibertigarria zait. Ba gaur haien azkena entzun dut eta bertan garai likidoak terminoa erabili du esatarietako batek. Entzunda nuen lehenago ere, baina izan dezakeen zentzuaz ez nuen gaurdaino pentsatu. Politikaz ari zen, zehazkiago Euskal Herriko politikaz eta garai likidoak bizitzen ari garela esatera etorri da.

Horrekin geratu naiz, zer esan nahi duen, berarekin ados ote nagoen, solidoen eta likidoen arteko desberdintasunekin pentsatzen jarri naiz eta fisika ikasi izanak ematen didan abantaila baliatu nahi izan dut hausnarketa sakon bat egiteko.
Eta ez dakit hausnarketa sakonik egin dudan, baina egia da bi solido nahasten ditugunean elementu desberdinak bereizi egiten direla, bi likido nahasten direnean, aldiz, antzeko dentsitatea baldin badute haiek bereizterik ez dagoela begi bistaz, eta bai, uste dut, egun, hartzen diren hainbat erabakietan zaila dela bereiztea bata bestearengandik, zurea uste duzuna kontrarioarengandik.

Garaiak aldatu dira, tenperatura epeldu da eta solido batzuk guztiz urtu ez arren esan dezagun bigundu egin direla, euren kontrarioen ezaugarrietara gehiago hurbilduz.
Bai garai likidoak bizi ditugu eta solido gogorrenek tinko eutsi behar diotelakoan nago, jendarte osoa zaporerik gabeko nahasketa urtsu bat bihur ez dadin.

Aste santu on!

 

2025/03/22

MARTXOAK 22 (koldarrak)

Lagun batek bere dibortzioaren berri eman dit. Jota dago, oraindik shockean, gertatu dena ulertu nahian. Agian ez dago gauza handirik ulertzeko, baina batzuk aspaldi ikasia  dugu gizonak dena katramilatzen zein iaioak diren, euren gezurrekin eta azalpen ezarekin geure mina eta ezin ulertua areagotu besterik ez baitute egiten. Dena eurak hobeto sentitzeko, aurpegira gauzak argi ez adierazteko, gu erabili eta bota daitekeen objektua bagina bezala  tratatuz. Dena koldarkeriagatik. Koldar hutsak dira.

Azalpenik gabe kasik ia hogei urteko harreman bat eteteko gai dira, eta azalpen eza hori amaitu orduko badute beste inor aldamenean. Bitartean, emakumeok soldata terapiatan uzten dugu gure minak eta zauriak arintze aldera, sendatzea epe luzerako kontua izaten baita gehienetan.

Eta zer esan diezaiokezu hori gertatzen zaion pertsona bati? Mina arindu diezaiokeen ezer ez. Zuk balio duzu, ez zara zu, horrelako esaldiak ondo daude, baina denbora behar da halako min batetik irteteko. Eta dena hezi gaituen gizarte patriarkalaren ondorio zuzena da. Ez ditut gizonak justifikatuko, inondik inora, bakoitza bere portaeren erantzule zuzena da, baina egia da, gizarte honetan intrintsekoki badagoela emakumeak bigarren mailako izakiak kontsideratzeko joera bat, gurekin nahi dena egin daitekeela pentsatzeko jaidura bat, eta ondorioz, merkantzia bezala tratatzen gaituzte, sentituko eta pairatuko ez bagenu bezala.

Jota utzi nau, berak horrela egotea ez duelako merezi, gainera, nik bizi izandako antzeko egoerak gogora etorri zaizkit, eta eskemak errepikatu egiten direla ikusi dut. Nahikoa da. Berriz ere egia eta gezurra. Mesedez, izan zaitezte zintzoak bai zeuen buruekin baita gurekin ere. Burua ezkerrekotzat jotzen duzuen horiek hasi zaitezte ezkerreko portaerak agertzen. Ez ditugu hitzak behar ekintzak baizik, egunerokoan, eta lehena da aldamenean dauzkazuen emakumeei izan ama, emaztea, neska-laguna, lankidea, laguna, maitalea, alaba, amona, merezi duten errespetuz eta begirunez tratatzea. Ez da besterik behar.

Ah eta bukatzeko, hasi zaitezte terapiara zeuek ere joaten, arazo handi bat daukazue eta.


2025/03/12

MARTXOAK 12 (beste ni bat?)

Kaixo aspaldiko, bai, hemen naiz berriro bueltan, formatu honetan esan nahi dut, idazteari egun batean ere ez baitiot utzi, telegrameko lagunek, esaterako, izan dute nire berri nolabait.
Horrenbeste gauza esateko dut eta, era berean, bat ere ez, bizitakoak, izandako sentipenak, hitzez adierazezinak balira bezala, niretzat gorde beharreko zerbait bailitzan.

Hilabete luze joan da, eta oraintxe bertan atzo balitz bezala iruditzen zait, nahiz eta atzo hori oso urrun egiten zaidan, urrun denboralki, urrun fisikoki. Begitantzen zait pertsona berri bat naizela, nahiz eta barruan min eta sentipen berdinak izan, baina haiei begiratzeko modua aldatu dela dirudi, edo hori pentsatu nahi dut. Hilabete zaharragoa naiz, hilabeteko esperientzia horren ondoren jakintsuagoa naiz, bizitzari aurre egiteko moduan aurrera pausu bat eman dudala esango nuke, aberatsagoa naizela, beti bezain hauskor izaten jarraitzen dudan arren, baina beste modu batez. Hau egin badut edozer egin dezaket, hori da nire buruak dioena, eta horrek energiaz, gogoz betetzen nau aurrera jotzeko.

Uste dut pausatu egin behar naizela une batez, hausnartu, nondik natorren eta nora joan nahi dudan erabaki, ez utzi bizitzari pasatzen, baizik eta nik erabaki zer pasatzea nahi dudan, ez dakit ulertzen didazuen, ez dakit berdina gertatzen zaizuen. Ez dut nire etorkizun hurbila patuaren menpe utzi nahi, etorriko da etorri behar duena horrekin bizi nahi, nire bizitzaren gidari izan nahi dut, La Modaren kantuak dioen moduan gero eta garbiago daukat Ni naizela orain lemazain nire bizian, eta horrek indar handia ematen dit.

Eta zein da zuen bizitzan lemazaina?

 

 

2025/01/04

Urtarrilak 4 (badatoz erregeak)

Bai badakit oraindik bi egun falta direla, baina atzo jada telebistan agertu ziren, euskal hainbat hiriburutan zein egunetan egongo diren azalduz. Bitxia izan zen, teleberrin ikusi nituen eguerdian eta, Olentzerok ez bezala (aipatu gabe neukan orain gaztelaniaz egiten duela etb2rentzat, ume guztiek ederki ikus eta entzun dezaten), ekialdetik etorritako errege magoek euskara egiten baitzuten. Agian baten batek informatiboetako arduradunei errieta egin die tamainako zentzugabekeria egiteagatik aurretik, auskalo.

Beno, ba erregeak direla eta, kontua da erregina bati buruzko seriea eransten ari naizela, Mediciko Catalinari buruzkoa hain zuzen ere, The Serpent Queen, asko gustatzen ari zaidana bide batez.
Badakit fikzioa dela, baina egiatik zerbait izango du noski, eta izugarria iruditzen zait gizakiok, boterearen izenean, edota bizirauteko, egiteko prest gauden guztia.
Ba seriean pertsonaia horren bizitza kontatzen da, berea eta bere ingurukoena. Haluzinagarria da zein maltzurkeria arnasten den alde guztietatik kasik. Inbidiak, zeloak, traizioak, konplotak, horretan oinarritu baitzen Europako boterea urte askotan. Hala ere, gizartearen parte handi batek, ez agian Euskal Herrian baina bai beste herrialde askotan, jarraitzen du monarkia bezalako instituzioa defendatzen.

Ta halakoak ikusita, burura hainbat galdera datozkit ezinbestean. Pertsonek berezkoa dugu sen maltzur hori, ala heziketak, inguruneak, jendarteak bultzatzen gaitu beste batzuen kontra bortizki egitera? Noiz ikasi genuen beste pertsona baten bizitzak ez duela baliorik? Noiz ikasi genuen emakumeak gutxiago zirela eta haiekin nahi dena egin daitekeela? Nondik atera genituen halako uste ustelak? Zergatik hogeita batgarren mendean jarraitu behar dugu emakumeen aurkako bortizkeria salatzen?  Zergatik bukatu behar du gazte batek labankadez josita hilotz parranda baten ostean? Noiz galdu zuen burua gizakiak?

Lasai, ez naiz dramatika jarriko, jakin badakit jende gehiena ona dela, baina beste hori ere existitzen da, ta denon ardura da halako portaerak neutralizatzea eta baztertzea. Horra erregeei eskatzeko desio bat.
Eta zuek zer zarete Olentzerokoak ala Errege Magoetakoak?

Asteburu on!

2024/10/28

URRIAK 28 (turistez eta bestelako bidaiariez)

Gizakiak beti bidaiatu du historian zehar. Animalia den aldetik, bizirauteko migratu du, babesteko eta bizitzeko leku egokia bilatuz. Gizartea garatzen joan ahala, migrazioaren norabideak eta arrazoiak aldatzen joan dira.

Aurreko mendeetan, Europatik Ameriketara migratu zutenek, gerretatik eta gosetik ihes eginez egin zuten. Gaur egun Europako mendebaldetik ez dugu migratzen, normalean. Beste herrialdeetatik migratzen dute Europara.
Gurera Ertameriketatik eta Afrikatik etortzen dira gehien, baita ekialdeko Europatik ere, bizitza hobe baten bila.
Etortzen diren horiek, ez dira turistak. Gehienak ilegalak dira, ez dute paperik, ez dute baimenik, baina nolabait heldu dira eta hemen daude. - pairatzen dituzten periploen inguruko aipamenik ez dut egingo gaur.

Ezer gabe heltzen dira hona, euren herrialdeetako pobreziatik eta egoeretatik ihesi. Bizitzeko eskubidea daukate, guk bezala, eta gure betebeharra da, edozein biztanleri bezala, oinarrizko beharrak asetzen laguntzea. Haietako asko adin txikikoak dira eta kale gorrian bizi dira. Imajina ezazue zuen seme-alabetako bat beste herrialde batean ezer gabe kale gorrian bizitzen. Ba horixe da hemen gertatzen ari dena hainbat gazterekin. Instituzio publikoetatik arazoari irtenbide bat eman beharko litzaioke. Egin genitzake aterpe publikoak, sozialak, horrelako kasuei epe laburreko irtenbide bat emateko, baina helburua, pertsona horiek gure gizartean eskubide osoko herritar gisa integratzea izan beharko luke. 
Horren ordez, dirua makroproiektuetan inbertitzen dugu. Esku pribatuetara joango diren mozkinak finantziatzen ditugu eta haietarako baimena ematen dugu, gure garapen ekonomikoaren izenean. Baina guztia amarru bat da, aberatsenak gehiago aberasten jarraitzeko.
Eta hori guztia, egun, turismoaren izenean egiten dugu.

Turistak, migranteak bezala, bidaiariak dira, baina legalak, teorian gurean dirua uztera datozenak, geure ekonomiak aurrera egin dezan. Neu ere turista izaten naiz sarri beste herrialde batzuetan. Garai batean soilik aberatsek egiten zuten turismoa, plazeragatik bidaiatu alegia. Zorionez, hori demokratizatu egin da, eta gaur egun milioika pertsonek bisitatzen dituzte beste lurraldeak, egunero, euren denbora librean. Niretzat gauza zilegia da. Mundua denona da, eta zergatik ez gara joango beste lurralde eta kulturak ezagutzera aukera izanez gero?  Baina non dago muga?

Atzo bi manifestazio izan ziren Donostian, biak, nolabait, bidaiekin loturikoak.
Lehena turistifikazioaren aurka. Ezin baita gerta turismoaren erruz herritarrak euren herrian bizitzeko aukera galtzea, etxebizitzak kanpotarrentzako egoitzak bilakatzen ari direlako. Neurriak ezinbestekoak dira herritarrok eta kanpotarrak elkarbizi gaitezen, eta, horretarako, hotel, etxebizitza-turistiko, ostatu kopuruak mugatu behar dira, eta alokairuen prezioei mugak ezarri, beste neurri askoren artean.

Bigarren manifestazioa bigarren mailako bidaiariekin lotuta zihoan, Donostiako udalak debekatu baitzuen Egia auzoko afari solidarioen banaketa egitea. Afari horiei esker, kale gorrian dauden hainbat pertsonek otordu bero bat daukate, gutxienez, egunero. Baina faxistak kexu dira, hiriko segurtasun-faltaren kausa direla argudiatuz.

Eta horrela doa mundua, kanpotar gehiago nahi ditugu gurean ekonomiaren izenean, baina bizitza duin baten bila eta lanera datozenei zailtasunak jarri eta baztertu egiten ditugu. Beno, hori da bizi garen sistema kapitalista honek bultzatzen duena. Permitituko al dugu, ala kalera irtengo gara gure izenean ez aldarrikatzera?

2024/10/12

URRIAK 12 (mecagüen el quinto centenario)

Hori izan zen hainbat taldek 1992an erabili zuten lema, espainolek kontinente amerikarrean egindako sarraskia salatzeko. Han ez baitzen inolako aurkikuntzarik egon, genozidio bat baizik, bertako biztanleria masakratu baitzuten jainkoaren izenean, amen.

Gauza da ez dakidala zer daukagun gizakiok, edo zer daukaten gizaki batzuk, edo zer daukaten gizon batzuk, baliteke emakumeek ere izatea, baina maskulinitatearekin lotutako kontzeptu edo ezaugarri bat iruditzen zait konkistarena, kolonialismoarena, inperialismoarena.
Zergatik behar hori? Zergatik besteak menpean hartzekoa, zapaltzekoa? Benetan genetan doan zerbait da, ala gure gabeziak tapatuz indarra eta boterea demostratzeko modu bat besterik ez da?
Zer da, animalia predatzaileak garela finean, eta gure eremua ondo markatu eta babestu behar dugula, eta ahal dela handitu? Eta orduan, zertarako daukagu arrazoitzeko ahalmena, baldin eta gure burmuinak horretarako gaitasuna badauka?
Zerk egiten gaitu sabanan bizi diren felidoengandik desberdinak, gure espezie berekoen bizitza duintasunaren aurka egiten badugu?

Izan gaitezen serioak eta dei diezaiegun gauzei behar bezala.
Duela bostehun eta hogeita hamabi urte kontinente bateko jatorrizko biztanlegoa aurkitu ez, suntsitu egin zuten.
Gaurko egunean torturarekin lotuta egon den erakunde batek Gasteizko kaleetan egun hori ospatzea normaltasun osoarekin irain bat da edozein demokratarentzat.
Une honetan munduko beste leku batean, Palestinan alegia,  gertatzen ari den genozidioaren aurrean munduko beste gobernuek ezer ez egitea, utzikeria eta astakeria bat da.

Beraz, zer daukagu gaur ospatzeko? Nik bizitza ez bada beste ezer ez. Eta zuek? 

2024/09/25

IRAILAK 25 (kontuz, ezjakintasuna ausartegia da)

Stockholm-n nengoela freetour horietako bat egin nuen, hirian apur bat kokatzeko. Horrelakoetan gai desberdinei buruz hitz egiten dizu gidariak. Neska espainola zen, turismo ikasitakoa, herrialde hartan jada zazpi urte zeramatzana. Nik ez dakit esan beharrekoa norbaitek prestatzen dien, hala ere, gauza batzuk, edozein irakaslek bezala, momentuan erantzun behar dituzte euren jakintzaren arabera.

Gauza da Suedian erabiltzen dituzten energia iturriei buruz hasi zela, ez dakit norbaitek galdetuta edo bere gidoiaren parte zelako. Eta orduan oroitzen ez dudan datu bat eman zuen, ez dakit energiaren zein ehuneko iturri berriztagarrietatik eskuratzen zutela alegia. Horraino dena ondo, nire ezjakintasunetik dena irensteko moduan nintzen. Gauza da berriztagarrien barruan energia nuklearra sartu zuela. Sutan jarri nintzen. Halere, jende asko ginen, batzuk sasijakintsu itxura handia zuten, eta ez neukan han polemikatan sartzeko inolako intentziorik. Baina gauzak diren bezala esan behar dira.

Energia nuklearrari batzuk energia garbia edo esaten diote, ez duelako negutegi efektua sortzen duten gasik isurtzen atmosferara. Hau da, erreakzio nuklearretan erreakzio nuklearrak daude, fisioa alegia, nukleo astunen apurketa non energia handia askatzen den, eta hori erabiltzen da turbinak mugitzeko eta elektrizitatea sortzeko. Beraz ez dago konbustiorik, ez da CO2 sortzen, eta beraz, ez du berotze globalean eragiten. Baina hori gauza bat da, eta bestea, oso desberdina, berriztagarria dela esatea. Prozesu nuklearretan material erradioaktibo bat beharrezkoa da, eta hori, petrolioa bezala, munduko toki jakin batzuetan dago eta ez da agortezina. Hori guztia jada frogatuta dauden desastre nuklearretan sartu gabe, zeren esango didazue zer duten garbiez erradiazio isuriek.

Edozein modutan, egun hartan konturatu nintzen, beste behin ere, boterearen mezuak oso arriskutsuak direla, eta kritikarako jarrera ez badaukagu edozein astakeria sinistu dezakegula eta, gainera, sutsuki defendatu, haserrera heldu arte.

Beraz, manten dezagun izpiritu kritikoa bizirik, eta gauza bat irmoki saldu aurretik informa gaitezen ondo, bestela isilik egon, ezjakintasuna oso ausarta eta arriskutsua baita.