2026/05/12

MAIATZAK 12 (uda berria)

Urtea aurrera doa, konturatzerako ikasturtea amaituta egongo da. Tokitan geratuko zait uda amaieran lanera bueltak ematen zidan bertigoa, tokitan zu bertan ikusteko itxaropena, tokitan zurekin nonbait topatzeko ilusioa.
Urtea pasa da, urtebete zaharragoa naiz, baina nire gorputzeko itxura besterik ez dela aldatu begitantzen zait. Aldaketarik ez, denak horretan darrai, ez bada mundua apur bat okerrago dagoela duela urtebete baino, edo hala ikusarazi digute.

Mundua kontrolatzeko nahia han eta hemen, psikopata batzuk euren gisara guztia kontrolatuz, gizonak emakumeak erasotzen eta erailtzen, gu baino gehiago bailiran, eta bitartean ni neure betiko harrikadekin, minekin eta hutsuneekin borrokan, izugarri zorigaiztoko edo inor baino zoriontsuago, nondik begiratu ere.

Eta gaur literatura sariketa baten berri heldu zait, eta otu zait ez nukeen denbora zerbait idazten inbertitu beharko zugan pentsatzean baino, ez dakizun arren horrek denbora asko ematen baitit bakarrik nagoen uneetan.

Eta azken boladan asko pentsatzen dut munduan ergel, babo, kaiku, tontolapiko asko dagoela, dena nire talaiatik begiratuta; haiengandik zenbat eta urrutiago egon hobeto dagoela bat, baina noski, horrela jarrita, hain begirada zorrotzarekin, bakarrik gera zaitezke, besteen ergelkeria zeinekin komentatu ezinik. Hori ere ez da txukuna.

Eta, amaitzeko, azken egunetan ikusi ditut duela berrogeita hamar urteko irudiak edo garai haietan oinarritutako filmak. Dena gizonak, gizonak agintzen, gizonak torturatzen, gizonak emakumeen gainetik jartzen, gizonak beste batzuk akabatzen animaliak bailiran, finean gizonak gizonkeriak egiten. Eta hori bera gertatzen ari da orain ekialdean, mendebaldean eta ikusten ez ditugun hainbat herrialdeetan, mundu guztian ez bada.

Bai udaberrian gaude, baina ez uda berri batean, munduak antzera jarraitzen baitu deja vu eternal batean bezala.

 

2026/04/27

APIRILAK 27 (idazteaz)

Sabatikoa amaitu nuenetik gutxi izan dira idazten jarri naizen egunak. Lagun batek esan zidan noizean behin jarraitu behar nuela, baina egia esan egunerokoak irentsi nau, asko kostatzen zait tarte lasai bat hartzea pantailaren aurrean, edo orri zuriaren aurrean esertzeko, eta denbora daukadanean burua beste zerbaitera bideratzen dut, nekatua egoten naizelako mentalki, lanak eragiten didan desgaste neuronalak eraginda edo.

Eta hori guztia esanda, aitortu beharra daukat faltan botatzen dudala idaztea, jartzea kostatu arren on egiten didala, oraintxe bertan puztuta sentitzen bainaiz. Puztuta ez soilik fisikoki -nire haragian frogatzen ari naiz menopausiak emakumeon metabolismoa moteldu egiten duela, gantzak gerrialdean pilatzen direla, inflamazioa eguneroko kontua dela, inoiz izan gabeko zelulitisa zure izterrez jabetzen dela…- puztuta nire burmuinean egosten diren ideia, iritzi, sentsazio, uste, kritika, aurreiritzi, maitasun, gorroto eta sentimendu anitzen eraginez. Eta horiek guztiak, orain psikologikoez ari naiz, erauzteko behar izugarria daukat, edozein momentutan eztanda egiteko berebiziko beldurra baitatorkit tarteka. Oraintxe halaxe sentitzen naiz, itota kasik, edozein unetan ahotik behazuna botatzen hasteko puntu-puntuan, gainezka barruan pilatuta ditudan sentsazio eta sentimenduengatik.
Eta esango didazue erraza dudala, eseri eta idatzi besterik ez dudala behar, baina kontua ez da hain sinplea. Goizeko sei ta erdietan martxan jartzen naizenetik etxera heltzen naizen arte, denbora guztian buruarekin eta pantailaren aurrean aritzen bainaiz lanean, eta etxerakoan daukadan gogo bakarra da burua itzaltzea, off egitea, neuronak lokartzea. Halere, nire neuronak anarkista  samarrak dira, eta nahi duten uneetan nahi duten kontuetan jartzen dute arreta, eta hantura areagotu besterik ez da egiten. Lehertzear dagoen puxika baten antzera sentitzen hasten naiz eta orduan, nire minak, nire beldurrak, nire beharrak eta nire desioak geratzen dira agerian, etxera heltzerakoan eguneko kaka guztia zeini kontatu ez dudala nabarmentzen zaidanean.

Iaz ez nuen halakorik sentitu, ez orain sentitzen ari naizen moduan bederen, egunak ez zirelako hain gogorrak, hain estresagarriak. Denbora nire buruari eskaintzen nion, eta ez zitzaizkidan horrenbesteko kontu pilatzen nire buru txiki honetan. Eta beraz bai, idatzi beharra daukat, nitaz, zutaz, nire hutsuneez, nire beharrez, nire ilusioez, nire ametsez. Nire buruari gogor egin behar diot paper zuriaren aurrean esertzeko, tarte batez bada ere, nire obsesioak ahazteko, gogoa askatzeko, etxean ez dudan kideari ordez orriari kontatzeko kezkatzen nauena, haserretzen nauena, pozten nauena, dosi txikitan kanporatzen ez badut edozein unetan lehertu egingo bainaiz, eta orduan, agian, beranduegi izango da.

Aste on irakurle agurgarria, aste on paper zuria, aste on zeta maitea! 

2026/04/14

APIRILAK 14 (futbolaz)

Gaur lankide bati komentatzen nion zein aspergarria zaidan futbolaren zera hori. Ingurune honetan mundu guztia dabil larunbateko Espainiako Errege Koparen finalak aztoratuta, eta gehiago edo gutxiago guztioi eragiten digu.

Halere, esan dezadan, Athleticek finala jokatu zuenean baino zarata gutxiago somatzen dudala mediotan oraingoz, baina motorrak berotzen hasiak dira. Lehengoan Donostiako Udaletxean jarri duten dekorazioa ikusi nuen eta amorru edo nazka edo halako zerbaiten puntu bat sentitu nuen, eta badakit ulergarria dela hiriak bere taldea animatzea. Kontua ez da Errealeko talde maskulinoarekin zer egiten duten, kontua da beste genero edota kirol guztiekin egiten ez den guztia. Horrek sortzen dit ezinegona.
Bai, futbolak millioiak mugitzen ditu, esango didazue, baina hori, neurri batean, egiten diren kirol eta kultura-politiken ondorioa besterik ez da.

Beste gai bat kezkatzen nauena da, gurasoek beraiek euren seme-alabei zein eredu ematen dieten euren hooliganismoa agerian uzten dutenean. Oroitzen ditut Athleticeko finalaren egunean Sevillan egindako jaian, zein irudi tamalgarri ikusi ziren telebistan, aita batzuk guztiz mozkorrak, eguerditik, ume txikiekin tartean, oihuka… Hor garatzen da seme-alaben benetako heziketa.

Aitortu beharra daukat nerabetan Errealeko bazkide izan nintzela hiru urtez, ez futbola gustuko nuelako, ez dut apenas kontrolatzen, jokalariak eta Atotxa zaharreko giroa gustuko nuelako baizik. Gaur egun ez zait interesatzen, ez futbola, gutxiago oraindik futbolaren inguruan aspalditik eraikita dagoen irudi elitista hori, oparotasunarena, emakumeak kosifikatzen dituena (goi-mailako futbolisten bikoteez ari naiz). Tristea iruditzen zait gure gazteek horiek izatea heldutarako eredu, zerbait oso gaizki egiten ari garenaren seinale besterik ez dela deritzot.
Hezkuntzan gabiltzanok egunero ikusten dugu zein aisialdi mota bilatzen duten gure mutilek, baloia kenduz gero beti arazoak, eta euren artean jarrera oldarkorrak eta matxistak oso nabarmenak dira.

Arrazoi horiengatik futbola gorroto dudala esan dezaket, beno gorrotoa baino indiferentzia da eragiten didana.

Halere, nire lankideak  bota didan bezala, ziurrenik larunbatean egongo naiz telebistari begira, tarteka besterik ez bada, futbola gorrotatu arren nahi dudalako Errealak irabaztea, Aitor Zabaletarengatik besterik ez bada.

Zorte on, ondo pasa Sevillara zoaztenak eta ez ahaztu, bizitzak aurrera darrai, futbolarekin edo gabe.   

2026/04/10

APIRILAK 10 (berrabiarazten)

Esan dezagun pribilegiatu bat naizela, oporretan egon naizela eta, handik etorrita, oporren oporrak, edo atsedena, edo esan nahi duzun bezala hartzen ari naizela; nire buruarekin eta nire gorputzarekin, nire niarekin alegia, birkonektatzeko eta birraurkitzeko egunak hartu ditudala.

Garbiketa egiten ari naiz, barrukoa, fisikoa eta kimikoa, -bihotzekoa ere nahiko nuke-, toxinak botatzen, min ematen didana gogotik erauzten saiatzen, jendartearekiko enpatia areagotzen ahalegintzen, baina aizue ezin!

Oporretan izan arren lan batzuk egitea egokitzen zait egun hauetan, eta orduan konturatu naiz jendearen berekoikeriaz, ezer berririk ez esan dezadan bide batez. Pertsona batzuk ez dira ohartzen eskubideez gain, betebeharrak ere badituztela - aldamenekoari sor diezaiokedan kaltea edo eragozpena niri bost-.
Bost minutuko lana egiteko bi egunez ibili behar izan dut dantzan, pertsona baten arduragabekeriagatik, mezu faltagatik, komunikazio ezagatik. Haluzinatu egiten dut lankide batzuen jarreraz, nola zerbait esan eta kasu zipitzik egiten ez duten, beraiekin ez balihoa bezala, eskubideen taulari soilik begiratzen diotela. Eta amorratu egiten naiz, eta nire zen egoera pikutara doa instant batean, ahotik apoak eta sugeak irteten hasten zaizkidalarik.

Haserre nago nire ingurukoekin, egoera familiar baten aurrean hartzen ari diren jokabideagatik, hor ere berekoikeria eta enpatia falta nagusi; eta haserre nago zurekin, beno nire buruarekin, zu ahazteko ahaleginetan huts egiten dudalako etengabe, eta gutxien espero dudanean hor agertzen zarelako, nahiz eta azken boladan, apurka-apurka zure presentzia desagertzen ari den.

Berrabiarazteko ahaleginean nabil, baina dena kontran datorkidala iruditzen zait, eta nahigabe izugarria jabetzen ari da nitaz, nire hormonak dantza kaotiko batean gozatzen duten bitartean. Noizko niretzako gozamena?
Berrabiarazi nahi dut ni berri bat sortzeko eta zu berri batekin elkartzeko. Ea zein den hurrengo zapuztailea.  

Ondo amaitu pazko astea.

2026/04/04

ZERTARAKO?


Zertarako itxoin

Ez bada zure ahotsa entzuteko

Zertarako itxoin

ez bada zure eskua laztantzeko

Zertarako itxoin

Ez bada zure ezpainak dastatzeko

Zertarako itxoin

Ez bada zu besarkatzeko


Begiak itxi ditut

Eta itxaroten geratu naiz

Zertarako?

2026/03/16

MARTXOAK 16 (beharrak)

Hilabete pasatxo da ez naizela hemendik igaro. Idatzi dut, zerbait, poemaren bat, esaldiren bat, baina ez naiz nire barrua hustutzera paratu, zentzurik onenean, ez dut astirik hartu azken garaietan nire bizitzan, nire inguruan, munduan gertatzen ari denaz hausnarketarik egiteko tarterik hartu. Eta bai, gauzak gertatu dira, gertatzen ari dira, gertatuko dira, munduko oinarriak dardarka jartzen dituztenak, baita nire barne-oreka kolokan jartzen dituztenak ere.

Azken garaitan, kanpora begira jartzen naizenean, harridura, sumindura eta haserrea dira nagusi nire baitan, eta haiekin batera izugarrizko inpotentzia. Munduan gertatzen ari dena, lehen ere gertatzen zena, baina orain agerian eta inolako inpunitaterik gabe egiten dutena ikusteak asaldatu egiten nau. Nire egunerokoan berdina egiten jarraitzen dudan arren, politikoki gero eta arrazoi gehiago sentitzen ditut borrokarako, sistemari aurre egiteko, beti izan ditudan ideietan sakontzeko.

Pertsonalean esan dezagun nire gogoa itzalita dagoela nolabait. Lanean murgildurik, ez diot gogoari aukera gehiegirik eskaintzen bere sentimenduetan arakatzeko, horren inguruko hausnarketa egiteko, erabakiak hartzeko. Baina onartu beharra daukat dolu batean daramadala ikasturtea, ametsetatik askatzeko premia izugarriaz, indar ikusezin batek galarazten didana.
Eta hor nabil, noraezean bezala, nahi eta ezin batek harrapatuta, ametsetan ametsetatik ihesi. Hori besterik ez baita izan azken garaian harrapatu nauen sentimendua, nire gogorako sortu dudan ametsa. Eta nazkatu naiz, nola errepikatzen naizen, bestelako beharrak baititut.
Beharra daukat sentitzeko zerbait erreala, sentitzeko beste baten azala, sentitzeko beste baten desioa eta beharra.
Beharra daukat gozatzeko, nire niari uzteko, konplexuak galtzeko, daukadan maitasuna emateko. Beharra daukat norbait faltan botatzeko, norbaiten ahotsa entzuteko, norbaiten ferekak jasotzeko.
Beharra daukat kaletik irribarretsu joateko, besarkatu eta besarkatua izateko, zaindu eta zaindua izateko, maitatu eta maitatua izateko.

Ez dut uste gehiegi eskatzen dudanik, ala agian bai. Baina behar horiek guztiak itzalita dauzkat denbora zugan pentsatzen ematen dudan bitartean, amets ezinezko batean.

2026/03/14

POEMA BAT IDATZI

 

Poema bat hautatu beste bat idazteko

hara irakasleak eskatutakoa

Eta hor dabil

ikasitako kantuen artean arakatzen

hori baita poesiaz dakien apurra

Liburutegira jo dezake, akaso

miatu poesia sailean

Behar du euskaraz, pentsatu du

izan dadila modernoa

poeta anderea ahal dela;

balio diezaiola barrua hustutzeko

nor den azaltzeko

nondik datorren gogoratzeko

Eta hautatu du Blas de Oteroren emigrantea

jatorria beharrezko baitu

bere burua definitzeko

Etxarteren espazioaren logikak eman dio

mundu honetan duen posizio politikoa

Irastortzaren frenatzeaz irakurriz

joandakoek utzi diotena

ekarri du gogora

Eta hala bildu ditu poemarako gaiak

Orain hitz egokiak aukeratu 

eta haiek jostea 

besterik ez du falta


2026/02/24

DEI BAT

Batzuetan etxean biltzen naiz

mundutik ihes egiteko

errealitatea borratzeko

ikusezina bihurtzeko.

Eta orduan dei bat jasotzen dut

eta gogorarazten didate 

ez naizela bakarrik

eta sentiarazten didate

badudala itzalik. 

Orduan 

ezkutalekutik irteteko gogoa pizten zait,

mundura bueltatzekoa

errealitateari aurre egitekoa

hemen nagoela esatekoa. 

Eta horrela jarraitzen du nire bizitzak

erratikoki

alde batetik bestera 

etengabe

balantza batean lez

balantze batean lez

gora eta behera

etengabe gozatzen; 

sufritzen aldi berean, 

barrezka eta negarrez

pozarren eta haserre; 

beti kontran

baina aldi berean alde.


Batzuetan

hilda nagoela pentsatzen dudanean

bizirik nagoela gogorarazten didan

DEI bat jasotzen dut.

 

2026/02/17

KANARIAR UHARTEAK

Akordatzen ama Kanarietara egin nuen lehen bidaia zurekin izan zela? Lanzarotera joan ginen elkarrekin, aita hil eta urte betera esango nuke, baina ez nago ziur. 

Zu gehiagotan izanda zinen, aita bertan zendu baitzen, ez dakit Gran Canarian edo Tenerifen izan zen, urte asko igaro dira eta nik memoria laburra daukat xehetasunetarako.

Urte batzuk beranduago La Palmara joan ginen, gabon zaharra pasatzera, akordatzen?  Zuk txunta-txunta egin nahi zenuen hoteleko orkestraren erritmoan; ni ez nengoen horretarako prest, horretan, beste gauza askotan bezala, hain gara desberdinak!

Baina hondartzarako zaletasuna bai kutsatu zenidala, eta hemen nago, zure urtebetetze egunean Tenerifen, eguzki eta atseden bila, monteyplayako eten bat egitera etorrita. 

Eta zurekin akordatu naiz hoteleko emakume helduak (zaharrak esan beharko nuke, ni neu nahiko heldua banaiz eta) gurutzatzean, orkestren erritmoan dantzatzen duten atzerriko jubilatuak ikustean. Zu ere hala ibiliko zinen, txunta-txunta, lagunduko zizun norbait alboan izanez gero.

Nik txunta-txunta ez, baino paseo ederrak eta eguzki-saio batzuk egingo ditut zure eta nire omenez, bueltan, itzaletan egon ote naizen galdetuko didan inor izango ez dudan arren. 

Muxu bat Tenerifetik ama!

2026/02/12

OTSAILAK 12 (ostegun gizen)

 

Errepidean noala

auto pilaketak gurutze-bidean

albora begiratu

eta hara bazar txinatarra;

guztiak harantz doaz,

azken orduko mozorroa

eskuratzeko ahaleginean.

Bertan izango dira,

ziurrenik,

Txinako ekonomiak

pobretuko gaituela diotenak,

inolako lotsarik gabe,

finean, gaur ostegun gizen baita

ez garen hori azaleratzeko eguna

edo, akaso, nahi eta ezin dugun hori izatekoa?

Inauteri on!

 

 

2026/02/08

LENGOEGUNAKGOGOAN


Kafe usaina, irratiaren doinua,
ekonomikaren epeltasun goria;
bakterioak akabatzeko esnea irakin,
horretarako dagoen lapiko gorrian,
eta borborka hasi, 
eta esnegainak gainezka egin,
ay la leche! 
Hori genuen eguneroko errituala,
institutura bidea hartu aurretik,
nerabe ginen garaitan.

Mariano Ferrer aspaldi zendu zen ordea,
esnea tetrabriketan dator orain,
behiarena, edo auskalo zerena;
gurasoek ez dute esnerik irakiten,
gazteek ez dute gosaltzen,
Eroskira doaz atsedenaldian,
plastikoan bilduriko 
opil prozesatuen bila,
eta sakelekoek eskainitako 
musika entzuten dute, 
haririk gabeko entzungailuetan.

Jada ez da debaterik, 
ez leku komunik,
ez gosari konpartiturik, 
ez eta esne errerik.
Egun beste zerbait da, 
okerragoa? Ez
Hobea? Ezta ere
desberdina soilik.

Eta Uztapideren Lengoegunakgogoan aitzaki
memoria ariketa egin dut, 
bizitzari erresilientzia aplikatzeko,
malenkoniatsu jarri aurretik
oroiminak aurrera egitea 
oztopa ez diezadan,
eta topa dezadan geroagatik,
igarotako edozein garai
ez delako beti hobea izan.

2026/01/27

KRISTALEZKO BEGIAK


Ederrak zirela zioten

handiak

marroixkatik itsasoaren tonalitatera hurbiltzen 

tarteka

eguzkia bizi denean

bereziki


Biziak

misterioz beteak 

handiak zioten

bere handitasunak

ez die nahiko dohain eman, ordea

heldutasunean bere lana

ongi betetzeko


Eta orain

kristalezko lupa batzuz mozorrotzen ditu

maskorrezko bilgarri batez

apaindutako lupak

ispiluak isla interesgarria

buelta diezaion

ederra ei zen hura

halaxe jarrai dezan

2026/01/05

URTARRILAK 5 (errege bezpera)

Bukatu da nire abentura italiarra. Oraindik goiz guztia daukat disfrutatzeko, baina hain da eguraldia eskasa, ezen hoteleko saloian nagoela liburua eskutan orduak pasatzen uzten, Erroma guztia jada ezaguna bailitzan, ikustekorik ez banu bezala. Imajinatzen dut, beno jakin badakit, gauza asko, toki asko, eliza asko, museo asko, taberna eta jatetxe asko... geratu zaizkidala dastatu gabe, hurrengo baten bueltatzeko aitzakia, beste sasoi batean agian, baina egun zaila da ze giro izango den jakiten, euriteak, ekaitzak, lehorteak, hotz glaziarrak egun batetik bestera ager baiaitezke, ia konturatu gabe, herrialdeen inbasioen antzera, bapatean hortxe. Eta mundu guztia beha beha geratzen da, inpotentzia handiarekin, gutxi batzuk mundua kontrolatzen dutela ulertu bai, baina onartu ezinik. Zer izango da hurrengoa? Zer egin dezakegu justizia sozialean sinesten dugunok? Ba al dago irtenbiderik gero eta jasangaitzagoa bihurtzen ari den mundu honetarako? Bertol Brechti egotzitako baina Martin Niemölleren poema hau etorri zait gogora:


Lehenbizi komunisten bila etorri ziren, eta ez nuen ezer esan,
ez bainintzen komunista.
Ondoren juduen bila etorri ziren, eta ez nuen ezer esan,
ez bainintzen judu.
Ondoren sindikalisten bila etorri ziren, eta ez nuen ezer esan,
ez bainintzen sindikalista.
Ondoren katolikoen bila etorri ziren, eta ez nuen ezer esan,
ez bainintzen katoliko.
Azkenik nire bila etorri ziren, eta jada ez zegoen nire alde mintzatzeko inor."

Ea gaur eta bihar artean erroskorik jateko aukera daukazun, baina ez inoiz ahaztu goiko hitzak. Astelehen on!