Iraila oso hilabete berezia da.
Irailean lanean hasten
gara irakasleok, opor luuuuzzzeeeeeee horiek amaituta.
Irailean hasten dira kioskoetan
faszikuluetan saltzen dituzten kolekzio amaigabe horiek. Norbaitek erosten al
ditu oraindik, eta zeinek amaitzen ditu?.
Irailean egunak mozten
hasten direla somatzen hasten gara, eta jertsea janzteko beharra izaten dugu
maiz.
Irailean lo egiteko manta
bat jartzea beharrezko izaten da, edo zen, orain aldaketa klimatikoarekin batek
daki eta.
Irailean itsasoan
bederatzi egun jarraian bainatzen bazara, negu guztian ez duzu katarrorik
harrapatuko. Beno, hori aitzakia bat besterik ez da hondartzara bainatzera
joaten jarraitzeko.
Irailean hurrengo
ikasturterako zure helburuak markatzen dituzu eta hainbat ikastarotan
apuntatzen zara, izan kirola, izan kultura, dena zure gorputza eta adimena
lantzeko.
Irailean Donostiako
estropadak izaten dira. Garai batean gustura joaten nintzen ikustera, tarteka
parranda egitera. Egun oroitzapen txarrak dakarzkit eta enteratu gabe pasatzea
nahiago, horretarako telebista piztea ekiditea beste erremediorik ez daukat.
Irailean Zinemaldia izaten
da. Garai batean ilarak egiten nituen sarrerak erosteko, zineman sartzeko, baina
beti lortzen nuen nahi nituen pelikulentzako tiketak. Ilusio handiz bizitzen
nituen egun haiek. Gaur egun apenas filma bat ikusten badut, ez baitut inoiz
lortzen nahi ditudan filmentzako sarrerak. Eventitisak nazkatuta nauka
eta garai bateko ilusioa galdua dut.
Irailean gudari eguna
izaten da. Gaur egun ez du garai batean zuen indarra, baina niri irailak hogeitazazpia
txikitatik iltzatuta geratu zaidan egun horietako bat da, nahiz eta inongo
ekitalditan parte ez hartu.
Irailean udazkenean
sartzen gara, nire urtaro gustukoena ezbairik gabe, agian ni garai horretan
jaio nintzelako.
Batzuontzat irailean
hasten dira urteak, denbora ikasturtetan kontatzen dugulako ez urte naturaletan.
Iraila udaran izandako
desordena eta desordu guztiak zuzentzeko garaia izaten da. Errutinak
berreskuratzeko hilabetea, orekatua izaten hasteko unea.
Iraila hilabete ona da
garbiketa egiteko, norberaren garbiketaz ari naiz, toxinak kanporatzekoaz. Nik
siropearena egiteko ohitura izan dut eta ondo joan izan zait.
Aurtengo iraila niretzat
oraindik bereziagoa izango da, ez bainaiz lanera joango. Bihar oso arraro
sentituko naiz, ez baitut iratzargailurik jarri beharko. Ez naiz urduri
sentituko lankide berriak ezagutuko ditudalako. Ez dut antsietaterik izango
tokatu zaidan ordutegian pentsatzen.
Batzuek diote hurrengo irailean kristoneko zartakoa hartuko dudala, baina hori
urtebete barru izango da. Bitartean goza dezadan bizitzaz.
Irail on guztioi!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina