Egun batzuetan gauzak ez dira nahi duzun moduan ateratzen.
Herenegun hondartzara
autoz joateko asmoa neukan eta madarikatuak ez zuen arrankatu.
Atzo kotxerik ez eta bizikletaz joatea erabaki nuen. Ekaitzak harrapatu ninduen bueltan, ez nintzen gehiegi busti, baina zorte txarra behar da gero.
Gaur hondartzara doan bederatziak eta laurdeneko busa hartzera joan eta, jai eguna zela eta, laurden gutxi arte ez zegoen busik.
Jai eguna, San
Inazio, Jesusen konpainiaren sortzailea, odoltzale hiltzaile bat, gure
herrialdeko patroia, terrorismoaz etengabe hitz egiten duten horiek mezetara
errezatzera joateko eguna. Gai horrek luzerako eman dezake, eta ez da hori gaur
hona ekarri nauena.
Beraz, ordu erdiz
zain egon baino, Loiolan barrena doan bederatziak eta laurdenetako busa hartzea
erabaki dut.
Eta konturatu gabe, hiru ordu laurden luzez, nire haurtzarora bidai bat egin dut, bidai ia-ia amnesikoa, noiz eta saninazio egunean, auzo horretako jaia den egunean. Zeren ez dizuet esan, baina nire ama Loiolakoa zen, eta txikitan, igandero eta saninazio egunean, Loiolara joaten ginen eguerdi pasa aiton-amonak bisitatzera autobus gorrian.
Beti gorrotatu izan dut autobus gorria, orain BU 12 deitzen den hori.
Hasteko, geldialdi
gehiegi dauzka. Denbora gehiago pasatzen du geldirik mugitzen baino. Guk lehen
geltokian hartzen genuen busa eta eserita joaten ginen. Baina ibilbidea aurrera
joan ahala, autobusa betetzen zen heinean, giroa kargatzen joaten zen. Zaila zait
deskribatzea, baina autobus hartan igotzen ziren gizon eta emakumeak
larritasuneraino perfumaturik zihoazen. Perfume sarkor eta gogaikarriak ziren,
sudur-hobietan pegaturik geratzen diren horietakoak, buruko mina eragiten
dizutenak, berez nahikoa luzea zen bidaia eternala bihurtzen zutenak. Perfume
MaƱu deitzen genion anai-arrebok, gure amonaren ahizparen usaina gogoan.
Loiolara heldu, eta zer egiten genuen ez dut oso ondo oroitzen. Anaiek bai edukiko dituztela detaile guztiak, haiek nik jaso ez dudan memoria guztia eskuratu baitute, patuak gauza asko eman baitizkit, baina memoria ez da horietako bat izan.
Beraz, atzera buelta bat izan dut, autobus gorrian saninazio egunean. Jada ez da geratzen antzinako lurrinen arrastorik. Aire girotua topera zegoen jarrita, eta busera igo diren pertsonen tipologia ere zeharo aldatu da. Baina, geldialdi kopurua ez da aldatu, esango nuke bikoiztu egin dela, eta orduan jabetu naiz zergatik gorroto dudan sekula hartzen ez dudan autobus hori.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina