Beno, ez nuke hau amaiera bat izaterik nahi, gero arte bat baizik, baina egia da urtebeteko erronka honi bukaera heldu zaiola. Nire helburua egunero idazten jarraitzea den arren, intimoki bederen, eta lantzean behin zerbait publikatzea, ez nuke ez eperik ez datarik ezarri nahi, ez baitut nire burua behartu nahi. Libreago sentitu nahi dut eginkizun horretarako, jakin badakidan arren, idazketa oso prozesu diziplinatua behar duela, zure hitzei forma egokia aurkitzeko, zure manerak lantzeko, zure ideiei bide emateko.
Urtea azkar igaro da, badirudi atzo
zela gaixorik nengoela zutaz behar bezala ez agurtzeak eragin zidan
ondoezarengatik, baina hemen naiz, urtebete zaharrago, ez dakit zenbat zimur
gehiago, bost herrialde aberatsago, eta zurekiko antzeko sentimenduak gogoan.
Kudeatu dut egunerokoa, kudeatu dut bakardadea, kudeatu dut maitasuna eta
maitasun eza, eta esan bezala egunero idatzi dut, egunero hartu dut
hausnartzeko tartea, buruari bueltak ematea gauza arrotza bailitzaidan.
Balorazioa positiboa izan da, ezin bestela izan, momentu onak txarrei gailendu baitzaizkie ezbairik gabe. Eta orain errealitatera bueltatzea tokatzen da, lanera, egunerokora, iratzargailua jartzekoa, kirol gutxiago egitekoa, denbora libreari beste etekin bat ateratzekoa. Horrela baita bizitza, denak baitu hasiera eta amaiera bat, zerbait bukatzen da beste zerbaiti bidea egiteko. Espero dudan gauza bakarra da datorrena orain artekoaren parekoa izatea gutxienez.
Opor onak igaro ditzazuela irakasle, lagun eta irakurle anonimoak. Ni bihar lanera buelta neure burua errealitatean kokatzen hasteko.
Uda on eta laster arte!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina