Gaur urteko egunik luzeena omen planetaren alde honetan. Lurrak eguzkiarekiko duen posizioarengatik eguzkiaren argi izpiak denbora luzeagoz iristen dira gurera, urteko egunik luzeenak sortuz. Egunsentia 06:27an izan dugu eta 21:51ean jarriko da.
Maite ditut egun luze horiek, karkabatik zoazela eguzkiak itsutzen zaituen iluntzeko azken ordu horiek magikoak iruditzen zaizkit. Eta horrekin batera ospakizuna, sua, aurreko txar guztia erretzeko eta ahazteko unea, sasoi berriari gogoz eta gogor ekitekoa.
Ez naiz oso tradizio zalea, baina gure kulturak dituen ospakizun eta ohitura batzuk maite ditut. Gure herrian San Joanak deitzen diegu, elizak dena kutsatu duelako gure gizartean, baina udako solstizioaren jaiak dei genitzake, deitu beharko genituzke. Estra ofizialki gaur hasiko dira herrian, baina ofizialki astelehenean, eta ni ere suaren inguruan bilduko naiz hainbat lagunekin, antzinako ohiturari jarraiki, bizirik gaudela ospatzera, sutan txarra erretzera, desio berriak eskatzera, barre egitera, kantatzera.
Beti aldarrikatu dut San Joan eguna, solstizioarekin lotuta dagoelako, Euskal Herri osoan jai ofiziala beharko lukeela, herri eta auzo guztietan egiten baitira suak hilaren hogeitahiruan. Baina horrelako aldarrikapenek gaur egun ez dute inolako indarrik. A ze tontakeria, Euskal Herriko jai ofiziala, hor edukita Pilarika eta Konstituzioa, gure herriaren zapalkuntzaren adierazle mugaz alde honetan.
Baina ez dut negatibo jarri nahi, egun
hauek alaitasunerako eta itxaropenerako egokiagoak baitira. Beraz irten kalera,
jaso naturaren epela, dantzatu, kantatu, maitatu, ahaztu eta bota minak sutara,
errautsetatik zu berri bat irten dadin.
Gora udako solstizioa!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina