Bihar izango da urtebete egunero idazten hasi nintzena. Niretzat idazteaz gain, ordenagailu bat eskura izan dudan guztietan publiko egin ditut nire idatziak, sare sozialak erabiliaz; joxeparen kaiera nire bloga, telegram kanala eta hasieran ere facebook. Azken hori ez erabiltzea erabaki nuen estatu batuetako hauteskundeen ondoren. Badakit facebooken banuela hainbat irakurle jarraipena egiten zidana, ez dakit gero beste formatuetan jarraitu ote nauten ala ez.
Ez dut zuengatik idatzi, niregatik baizik, baina zuengan zerbait eragiteko asmoz ia gehienetan, zela pentsaraztea, zela barre egin araztea edo tarte gozo bat igarotzea besterik gabe. Esker mila zuentzat guztiontzat.
Eta ezin eskertza hau amaitu J aipatu
gabe. Ez zara oraino azaldu eta garaia baduzula otu zait. Badakit tarteka hor
egon zarela, bestetan aldiz guztiz desagertu zara. Hori ulertzea nahiko nuke.
Zertan oinarritzen duzun ni jarraitzea ala ez, zergatik sentitu zaitudan
batzuetan hain hurbil eta besteetan hain urrun. Zer darabilzu buruan? Zer eragin
dizut, zerbait eragin badizut? Zergatik ez zara aurrez aurre azaldu? Ni naiz,
ala zu izan zara, nik zu gogoan izan zaitzadan, eragiten aritu dena itzalean
etengabe? Noizko aurrez aurreko bat, kafe bat, birra bat edo nahi duzuna honetaz
guztiaz hitz egiteko? Prest al zeundeke?
Edozein kasutan zuri ere eskerrak eman
behar dizkizut, modu batera ala bestera nire inspirazio iturri izan zarelako, nire
gogoan agertzen zinen bakoitzean nire idazketa prozesuaren parte bihurtzen zinelako,
batzuetan onerako, besteetan ni hondamendira eramanez. Milesker J eragin
dizkidazun sentimendu guztiengatik, emozioa, alaitasuna, tristura, itxaropena,
desengainua, maitasuna, gorrotoa, haserrea, bakea, ondoeza. Zu gabe
sentimendurik gabeko haragi zati bat nintzateke eta nik beste zerbait eskatzen
diot bizitza honi. Milesker bihotzez eta errai guztietatik, eta ea inoiz berriz
ere elkartzeko parada dugun.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina