Atzo egun txarra izan nuen, bihotzeko mina, eta Zetaz aritu nintzen apur bat, barruak eskatzen zidalako, berari inoiz esango ez dizkiodanak kanporatzeko beharra neukalako. Z izan da azken urtean nire gogoan izan dudan pertsona, onerako zein txarrerako, zergatik ez esan. Ilusio bat, amets bat, sentimendu erreala baina era berean egoera fiktizio bat.
Gaur txupinazo ondorengo poteoan S
ikusi dut. Gutxitan ikusten dut. Gure artekoa agur soil bat izaten da. Jada ez nau
urduri jartzen berarekin gurutzatzeak, baina pozten naiz ikusteaz, gure artean lotura
ikusezin bat dagoela iruditzen zaidalako.
Beti esan izan dut oso pertsona maitabera naizela. Akaso horregatik beti izan ditut arazoak, edo gabeziak, esan nahi duzun moduan, maitasun kontuetan, arrazionaltasunetik ihes egiten duen moduan maitemindu izan naizelako. Baina kuriosoa da, nire bizitzako amodioetan pentsatzen hasten banaiz, beti izan dira inoiz gertatu ez diren erlazio ezinezkoak, affair batera gehienez heldu diren harreman puntualak. Ez ditut nire maitemin horietan nire harreman errealak kontabilizatzen, akaso gaixotzeraino eraman nautenak inoiz izango ez ziren horiek izan direlako.
Nire lehen amodio handia san fermin batzuetan ezagutu nuen, txosnetan. Inoiz ez zaizkit ahaztuko G-ren begi urdin haiek, ikusi eta haren begiradari iltzatuta geratu nintzen asteburu guztirako. Hamazazpi urte besterik ez nuen. Bi urte gutxienez iraun zidan harenganako gogoa. Urte betera ikusi nuen berriro, handik aurrera sekula ez, ez dugu inoiz gehiago kointziditu, ez manifa batean, ez kontzertu batean, inon ez, halere, ez ditut inoiz ahaztuko haren begiak, ezta berak errepikatzen zuen esaldia ere.
Hamarkada bat beranduago T etorriko zen. T-kin txoratuta egon nintzen denbora luzez, baina behin baino gehiagotan elkartu ginen arren, beste batzuk aukeratu zituen bikoterako. T burutik kentzea gauza nekeza izan zen. Egun naturaltasunez hitz egin dezaket berarekin, bestelako egoeretan harremana izateko parada izan dugulako ziurrenik, eta ikusten dudanean, gezurra iruditzen zait hain zoratuta egon izanaz berarekin, orain ez baitut inolako erakarpenik sentitzen.
Beste hamarkada baten ostean S heldu
zen nire gogora. Bolada txarra igarotzen ari nintzen garai hartan, eta uste dut
ez nuela berarekin oso jokabide egokia izan. Lotsaren eta erridikuluaren artean
mugitu nintzen, nire buruari kalte handia eginez. Beti sentitu izan dut,
oraindik ere, S-rekin berriketaldi bat pendiente dudala. Horregatik, akaso, elkar
ikusten dugunean gure arteko begirada desberdina da. Niri hala iruditzen
zait behintzat.
Eta azken garaian atzo aipatu nuen Z, oraindik ere nire gogoan dagoena, burutik kentzen saiatzen ari naizen arren.
Guztiak ere fletxazoak izan dira, behin ikusi eta txundituta uzten zaituztenak, ez fisikoki, edo ez horregatik soilik, erakutsi jarrerengatik baizik. Eta lauak izan ditut amodio handi, haiekin harreman bat izatera inoiz heldu ez naizen arren. Ez harreman iraunkor bat, nolabaiteko kontaktua izan dudan arren. Amodio platonikoak akaso, erreal izatera heldu ez zirenak, nire gogoan betirako geldituko direnak, bihotzaren zati bat bete didatenak, fletxazoak.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina