Gustuko dut euriaren zarata, gustuko ditut trumoiak eta tximistak. Etxean haiek entzun eta sentitzeak halako ongizate bat sortarazten dit, eta orduan zurekin akordatzen naiz, une gozo hori etxearen babesean zurekin partekatzea desiratuz.
Gaur sargori zen, arratsaldean bereziki. Zinemara joan naiz, pelikula triste eta era berean goxo bat ikusi eta, aretotik irtetean, euria goitik behera ari zuen bortizki. Trenera abiatu eta etxerako bidea lehorrean egin dut, baina afaltzen ari nintzela, tupustean, ekaitza berpiztu da. Leihoak zabaldu ditut, korrontea sortarazi dut, nire gorputz epelak haize freskoa senti dezan, etxean jasanezina bihurtzen ari den tenperatura apur bat jaitsi dadin. Eta hemen naiz, doinu errepikakor horren konpasean, ordenagailu aurrean, nire azken hitzak izkiriatuz. Beno, ez dira azkenak izango, oraindik hilabeteko konpromisoa betetzeko asmoa daukat, tartean herriko jaiak izan arren. Baina jada ez ditut hogei urte, ez dut uste garai bateko bi egun jarraiko parrandak egingo ditudanik. Gorputzak, agian, jarraituko lidake, gogoak ez dut uste.
Egia esanda aspaldi ez dudala gaupasa
bat egin. Azkena iazko San Ferminetan izan zen eta zazpietarako furgonetan
nengoen, ziurrenik tabernak itxi zituztelako, baina hala zen. Alkohol tasa batetik
aurrera galtzeko joera ez dudala galdu ziur naiz, baina ez dut nahi, ez dit
onik egiten, ez dut behar, ez zait interesatzen, zurekin egoteko ez bada
bederen.
Baina ekaitzaz ari nintzen, gustuko ditudala, gogoa baretzen didatela, naturaren espresatzeko modua direlako agian, pilatu duen gehiegizko beroa, gehiegizko pisua, gehiegizko elektrizitatea galtzeko modua, deskargatzeko modua, denak bere onera bueltatu behar baitu, orekara, nik hainbatetan faltan dudan egoera horretara.
Eta hemen, zerua orekatzen den bitartean, nire orekaren bila jarraituko dut, azken boladan asko kostatzen ari zaidan arren.
Amets ederrak izan!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina