Hitzok idazten ditudan bitartean
manifestazioa izaten ari da Donostian eta Europako beste hainbat hiritan
turistifikazioaren kontra. Joatekoa nintzen, baina berandu jaiki naiz eta atzotik
etengabe jausten ari den zirimiriak atzeraka bota nau mugitzen hasteko. Atzo
goitik behera blai heldu bainintzen etxera Anoetatik, pistako ditxosozko sarrerak
nahi eta non lortu eta estalperik ez duen estadio batean. Gaur ez nuen berriz
ere euripean goiza igaro nahi.
-Zirimiri tonto bat besterik ez da,
berehala atertuko du- bai zera, sei ordu zirimiriaren azpian, dena ematen hori
bai.
Eta turistifikazioaren aurkako manifa
aipatu dut. Gaia konplikatua izan daiteke, nondik begiratzen den, denok baikara
turistak uneren batean, ni aurten hilabete batzuetan izan naizen moduan.
Ni ez naiz turismoaren aurkakoa,
turistifikazioaren aurkakoa baizik. Hau da, iruditzen zait, pertsona bezala
denok daukagula eskubidea beste herrialde batzuk, beste kultura batzuk
ezagutzeko, guretik irteteko, deskonektatzeko, beste errealitateak ikusteko. Horrek
ez du esan nahi herrialde horiek gu hartzeko moldatu behar direnik, hau da,
lehenik bertakoen eskubideak, bizi-baldintzak daude, kanpotarrak izan beharko
dugu hartara moldatu behar garenak, ez alderantziz. Ezin ditugu gure kaskoak,
gure alde zaharrak parke tematiko bihurtu, turistei bideratutako espazioetan
transformatu, bertakoen bizimodua erabat baldintzatuz eta gure kultura desitxuratuz
eta desagertaraziz.
Duela ez asko arratsaldeko zazpietan
kolak ikusi nituen oraindik zabaltzeke zegoen Donostiako taberna batean
pintxoak jateko, kalea ia blokeatuta zutelarik. Ez ziren errazionamendu
garaietan janaria lortzeko egin ilarak, ez, pintxo batzuk jatekoa baizik.
Bukatzeko beldur ote ziren? Flipatu egin nuen.
Bi kale haratago Basque Cheese Cake
erosteko beste ilara batekin egin nuen topo. Ene, nola saltzen dugun Basque
hitza, ez euskal, ingelesez baizik, kalean
gero eta euskara gutxiago entzuten dugun bitartean.
Gai polemikoa bai. Beti izan gara
anfitrioi onak, adeitsuak kanpotarrekin, baina lehenik bertakoen etxebizitza-eskubidea,
lan-eskubidea, garraio-eskubidea, kultur-eskubideak, osasun eta atseden-eskubideak
bermatu behar dira. Hori gabe ez baitago herririk, ez baikara ezer, eta horretan
agintari politikoek ezarri behar dituzte arau eta neurri egokiak: bertakoa
zaindu, kanpotarrak baldintza onenetan jaso ahal izateko. Inoiz ez alderantziz,
eta Goiak eta enparauek kontrakoa egiten dute, DVn nahi dutena salduko duten
arren.
Eta gehiegi luzatzen ari naizen
honetan, ez dut aipatu gabe utzi nahi gaurko egunarekin, mila bederatziehun eta
laurogeita lauean, nire lagun baten etxean Galindo eta konpainiak egindako
sarraskia. Bi etakide hilda gertatu ziren. Oroitzen ditut etxebizitza osoko
bizilagunak kalean oheko arroparekin, “terroristen” aurka soilik aritu zirela
justifikatzeko edo?
Ekaineko egun eguzkitsu horietako bat
zen, etxean zegoen zalapartarekin esnatu nintzen. Amari galdetu nion ea zer zen
zarata hura, ea etxafuegoak ziren. Tiroak dira esan zidan. Jantzi eta kalera
irten ginen, auzokide askoren moduan, baina guardia zibilak kaleak ondo moztuta
zeuzkan, eta ez zuten Garinetik haratago pasatzen uzten. Gau hartan, askotan
bezala, poliziak ezarri zuen terrorea eta biolentzia herrian, baina bertsio
hori ematea ez da inoiz politikoki zuzena izan. Ba hala da, eta nik ozen esango
dut hemen eta behar den toki eta aldi guztietan, nik bizi izan nuelako, nire
azalean, nire lagunen azalean, hildakoen gorpuzkietan.
Ez dezagun gure historia beste batzuk
konta dezaten utz. Ez ditzagun Patria, La Infiltrada, eta tankerako
kultur-proposamenek saltzen dizkiguten bertsio manikeoak onar.
Egun hartakoa benetan amets gaiztoa
izan zen, ez dezagun sekula ahaz.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina