Kontraesanez beteriko pertsona naiz, jende gehiena bezala. Ideologikoki kontu batzuk oso argi eduki ditzaket, praktikan zer egiten dudan beste hariko ezpala da. Edozein kasutan, argi daukat nik konpromiso bat daukadala nire buruarekin, nire niarekin, nire ideiekin, nire herriarekin.
Gaztetan herriko zineklubean aritu
nintzen, geroago zinegotzi.
Irakaskuntzan aritu naiz nire bizitza
laboral osoan, lehenik ikastoletan, orain hezkuntza publikoan. Bai batan eta
bai bestean nire konpromisoa, nire prestutasuna agertu izan dut euskal
hezkuntzaren alde, hau da, euskaraz irakatsiz eta erreferentzia kulturaltzat
Euskal Herria (bere osotasunean) hartuz. Horrez gain, sistema mantendu eta
hobetze aldera ardurako lanpostuak hartu izan ditut, oso erraza delako sistema
kritikatzea hura hobetzearen alde ezer egin gabe.
Eta urte sabatikoa amaitzera doala
berriz ere nire konpromisoa betetzeko prest agertu naiz, eta horretan saiatuko
naiz datozen urteetan gauzak ondo bidean.
Ez da protagonismo edo aginte kontua,
ardura kontu bat baizik. Gauzak hobetzen saiatzeko ezinbestekoa da denon
inplikazioa. Erraza da hezkuntza publikoa
defendatzea eta dena kritikatzea, soilik zure klaseak ematera mugatzen zaren
bitartean, ingurura begiratu gabe, inoiz bestelako ardurarik hartu gabe.
Euskal Herritar sentitzen garenok, naziotasunari dagokionez, EAEn daukagun defizit curricularra izugarria da, eta hori ere, zoritxarrez, guk aldarrikatu eta hobetu beharreko gaia da. Emakume gisa, nire tokia aldarrikatzea ere ezinbestekoa iruditzen zait, eta ezinbestekoa ere, gure gazteei hizkuntzaren, ikasketen, arduren eta konpromisoen garrantzia transmititzea. Horregatik eta beste hainbat konturengatik datorren ikasturtean konpromisoa erakutsi eta ardura hartuko dut.
Bidean oztopoak bainoago laguntzaileak besterik ez topatzea espero dut.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina