Badakit nire buruari askatasuna eman diodala nahi dudanean idazteko, baina urduri sentitzen naiz, barruan dudan korapiloa askatu beharra, eta idaztea horretarako terapia ezin hobea zait. Ez dut idatziko korapiloa eragin didan egoeraz, hori niretzat gorde nahi dut, nire gogoeten ondorioa besterik ez baita. Beste zerbaitez arituko naiz.
Gaur mezu zoragarri bat jaso dut irakurle batengandik, emozionatu naiz kasik. Soilik horrelakoak irakurtzeko merezi izan du esfortzuak, plazeretik idatzi arren esfortzu bat ere suposatu didalako. Milesker benetan.
Mezuan, besteak beste, maitasunaz edo
maitasun faltaz asko hitz egiten nuela zioen, ederra dela maitatua izatea eta
bikotean bizitzea, baina trukean askatasuna ere galtzen dela, eta nigan askatasun
handia somatu duela. Eta horrek zer pentsatua eragin dit, indarra eman dit bizitzari
sarritan faltan dudan positibotasunetik begiratzeko. Eta beti diogunez,
bizitzan dena ezin da eduki, beti nahi dugu ez daukagun hori, eta nik beste
batzuk dutena desiratzen dudan modu berean, beste batzuk nik dudana nahiko
lukete. Espezialistak gara gero mortalok besteena desiratu eta gurea
infrabaloratzeko, atsekabe konstante batean egoteko.
Gaur MLri esker nire askatasuna
aldarrikatu nahi dut. Munduan nahi dudana izateko askatasuna, inor kaltetu gabe
noski, nahi dudana egitekoa, errespetutik eta berdintasunetik besteei begiratzekoa.
Besteak libre maite nahi ditudan modu berean nik ere libre izan nahi baitut,
bidean asko sufritu arren.
Gora maitasuna eta gora askatasuna!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina