Kasik urtebeteko betebehar hau pisutsu
suertatzen ari zait eta atzo, lehenengo aldiz urte guztian, idatzi gabe pasa
nuen.
Eguna entretenitua igaro nuen. Goizean
bizikleta ta hondartza, arratsaldean tenisa. Kasik sei ordu pantailaren
aurrean. Jokalariak ez dakit, baina nik akituta amaitu nuen bost seteko partida
harekin.
Eta, ondoren, galbana sartu zitzaidan paperaren aurrean jartzeko, eta ohean neutzala, gaur atzoko datarekin idatziko nituen hitzen inguruan hausnartzen aritu nintzen.
Diotenez, hori ere idazteko prozesuaren barne sartzen da, beraz, atzo ere idatzi nuela esan dezaket, atzoko hitzak gaur transkribatu ditudan arren.
Bai, eta bi egun daramatzat barrura
begira dela, alferkerian dela, apur bat utzita bezala, amaiera heltzen ari
deneko sentsazioarekin, oporrak amaitzen zaizkizunean bezala, erdi triste, erdi
depre; halako sentipenak dauzkat, kexatzeko moduan egongo banintz bezala.
Eta kontziente naiz pribilegiatu bat
naizela, edonork ezin dezakeela urtebete nik pasa dudan moduan igaro, baina horrek
ez dit kentzen nire baitan sortzen zaidan ezinegon hau.
Eta urte osoa igaro dut ere zugan pentsatzen, nire gogoan existitzen zaren Zetan, batzuetan erreal, besteetan nire iruditerian sortu dudan izaki platonikoa. Urtea eta bizitza, zergatik ez esan, batzuetan ederragoa eta besteetan tristeagoa egin didazu, eta askotan nire burutik erauzten saiatu natzaizun arren, ezinezkoa egin zait guztiz ahaztea. Agian horretan datza eskorpioi garenon pasioa, edo setakeria hobe esan.
Ta alferkeria aipatu dut, azken egun hauetan,
aspaldiko partez, alferrago sentitzen naizelako, edo tristeago, edo dena lotuta
doa. Baina ez dut utzikeriatan jausi nahi, eta buruari gogor egingo diot, orain
arteko jarrera erakusten jarraitzeko.
Astelehena da, kirolarekin hasi dut eguna,
eta espero bide horretatik jarraitzea.
Animo astearekin!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina